Hizkuntza, boterea eta nerabezaroa (1)
Hizkuntza, boterea eta nerabezaroa. Hiru osagai horiekin koktel latza ondo du Miguel Rodriguez Carnotak. Ikerketa aparta eta dibulgazioa are apartagoa (galiziarrak dibulgazioan onak dira gero). Eta hori guztia ura aztertzen, igeri egiten dugun ura aztertzen. Izan ere, horrenbeste ikusten dugunez, ez dugu ikusten ur hori. Eta, horretarako, ur horietan murgiltzen diren eta galizieraren erabilera normala duten (institututik irtendakoan gehienak) 10 gazteren bizi-ibilbidea aztertu du.
Ikerketa bi galdera hauek gidatu dute:
- Zer gertatzen da galizieraren erabilera normala eskolaren testuinguru erdaldunean egin gura duten nerabeen esperientzia bitalean? Badirudi testuinguru benetan aurkakoa dela.
- Galiziako hizkuntza gatazkaren atzeko planoan, zein da hezkuntza guneak betetzen duen papera ikasleen artean ideologiak transmititzen, jarrerak sustatzen eta hizkuntza praktikak sorrarazten? Edo, beste modu batera esanda, institutuak lagundu edo oztopatzen die bertan ikasten dutenei, hala nahi badute, galizieraz berba egiten?
Eta hauxe ikerketako elkarrizketetan atera diren gai nagusienak, hauxe da egoera, eremu erdalduneko institutu batean:
- Institutura galizieraz berba egiten sartzen diren nerabe apurrek espainieraz egiten dute sartu eta hilabete gutxira.
- Gazte horien deskripzioaren arabera, arrazoi nagusiena da bere ikaskideek adierazten duten kontrako erantzuna. Lehen kolpera, erantzun hauetako batzuk eskola-jazarpenaren barruan koka daitezke.
- Eskolara sartutakoan hizkuntza aldatu duten, baina euren etxean mantentzen duten nerabe galizieradun hauek barne desoreka eta larritasuna bizi dute, gehienetan isilean jasaten dutena.
- Badira espainoletik galizierara mudatzen duten nerabeak. Normalean, prozesu honek inguruaren arbuioa ekarriko die.
- Badira galizierara mudatu gura duten nerabeak, baina ez dira ausartzen, egin zutenei gertatu zaiena ikusi ostean.
- Galiziera sustatzen duten irakasleen ondoan badira horren kontra jokatzen dutenak. Testigantzetan eraso gutxi agertu dira, baina erabakigarriak izan direnak. Jendaurrean gertatu dira, euren lan jardunaren barruan eta erasotutakoaren ikaskideen aurrean.
- Elkarrizketatutako gazteek parte hartu dute euren nerabezaroan espazio seguru batzuetan, zirkulu txikiak non galizieraz eroso eta aske aritu diren.
Honen aurrean, bi kontu bakarrik gaurkoz (jarraipena izango du, lasai). Batetik, zer gertatuko litzateke hau berau gurean ikertuko balitz? Hau da, zer gertatzen da Gasteiz, Derio, Zornotza edo Irungo institutuetan? Eta, bestetik, muda linguistikoa horrelako egoeran egin duten gazteen oso fan naiz, oso. Biba haiek!
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks