Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Aipugintza

2025-11-03  //  Aipuak, Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Aipugintza

“Euskara, estatus ofiziala izan barik eta kultur kapital mugatua izanagatik, bilakatu zen mezu antikapitalista eta emantzipatorioak jendeari helerazteko bide. Kontsentsuzko demokraziaren markoak agerian utzi zituenez desberdintasun sistemiko eta sakonak, euskara bihurtu zen erresistentziazko hizkuntza neoliberalismoaren narratiba nagusietatik kanpora. Hau ez da gertatu kontsentsuzko hizkuntza ezin delako euskarara itzuli, ez. Bere gatazka kolektiboko historia eta balio sinbolikoekin hizkuntza minorizatu bat ez delako ondo ezkontzen merkatu askearen eta indibidualismoaren marko neoliberalarekin”.

Nicholas Smith

“Jabetze-eskolak behar ditugu, eta horiek beteko dituzten gazte eroak”.

Haritz Azurmendi

“Euskarari gauza asko falta zaizkio (estatu bat, hiztunak, estrategia bat, hiri batzuk). Lasai, hau ez da purrustada bat. Izan ere, gabeziak aukera ere izan daitezke. Dena egiteko dagoenean, gauzak desberdin egiteko aukera daukagu. Hau da, euskarak mundu berri bat eraman dezake bihotzean. Gaur eta hemen, euskara da azpiratuon esperantza bakarra”.

Irati Agirreazkuenaga

“Zenbat milimetro gara estalagmita baten bizitzan? Baina estalagmita batean ur tanta guztiak dira beharrezko, dira nahitaezko, dira ezinbesteko. Hizkuntza komunitate batean hiztunak berdin”.

Txerra Rodriguez

“Batetik, «homogeneizazio faltsua» deitu duguna sortu da. Eskolak lortutako emaitzen bidetik euskal gazteria «euskalduna» bailitzan proiektatu da. Ikasgeletan belaunaldi berriak «euskaldundu» diren diskurtsoa entzun dugu maiz. Baina horretan arakatzean, era guztietako arrakalak agertzen dira, jatorria, klasea edota generoa horietako batzuk izanik”.

Jone Miren Hernandez eta Ainara Santamaria

“Gure berben errepertorio ohikoak gizakiok marraztu nahi izan ditugun bereizketak jasotzen ditu, lexikoa hiztun-komunitate baten kultur arima da, belaunaldi askotan zehar ondutakoa”.

Miren Ibarbehere

“Hiztun” osoak

2025-10-27  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

“Hiztun” osoak

Txepetxek hiztun komunitatearen erdigunean kokatzen zituen hiztun osoak (AB eta BA deitutakoak), funtzio informal eta formal desberdinak euskaraz egoki egiteko gai direnak. Ordutik ia 40 urte pasa dira eta gaur egun gutxi aipatzen da hiztun osoaren kontzeptua (ikastolek bai erabiltzen dute kontzeptua).

Gutxi aipatzen bada ere, praktikan bai erabiltzen da kontzeptua. Azken finean, horren atzean dagoena lau gaitasunetan trebe den pertsona baita: ulertu, berba egin, irakurri eta idatzi (bide batez, zergatik erabiltzen da hiztun oso, baldin eta idaztea eta irakurtzea ere barnebiltzen badu?). Esate baterako, euskaltegietan hori da lantzen dena, lau gaitasun horietan trebatzea. Noski, horrek kanpoan uzten ditu ikasle batzuk, nire ustez, eta zailtzen du, hein batean, euskalduntzea bera. Izan ere, Derion, adibidez, lau gaitasun horien arabera zenbat dira gaztelaniazko “hiztun” osoak? Atalasea jartzen den arabera: idatzi ondo gutxik edo oso gutxik, irakurri ere guztiak ez, eta abar.

Uste dut zentzu horretan agian gauzak sinplifikatu beharko genituzkeela eta dikotomiak desagerrarazi (nahikoa euskaldun al naiz? nahikoa gizon al naiz? nahikoa erdaldun al naiz? nahikoa ez-bitar al naiz?). Eta elitismoak suntsitu. Baina, tira, hau ere agian da beste proposamen ergel bat.

Gramatika ikasgaia

2025-10-20  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

Gramatika ikasgaia

Poema soziolinguistiko bat, Berta Piñan Asturiaseko idazleak idatzia eta Gerardo Markuletak euskaratuta.

 

Nola esaten da woloferaz “muga”hitza, “aberri”

hitza? Eta soninkeraz, nola esaten diozue babesgabeziari?

Berbereraz esan nahi baduzue, adibidez, “nik etxe bat izan nuen

Rabateko aldiri batean”, ordena horretan ematen duzue esaldia?

Nola jokatzen dira banbareraz ipar aldera daramaten aditzak;

zein adjektibo dagozkio “itsaso” hitzari, “heriotza” hitzari?

Alde egin behar baduzue, “agur” hitza sustantiboa da?

Nola ahoskatzen da diakhankeraz “deserri” hitza? Ezpainak

bildu beharra dago? Min ematen dute? Zein izenorde darabilzue

hondartzan zain dagoenarentzat, ezer gabe itzultzen denarentzat?

Harantz, etxe alderantz, seinalatzen duzunean, zein adberbio

aukeratzen duzue? Nola esaten da zuen, gure hizkuntzan,

“etorkizun” hitza?

 

 

Burua deskolonizatzen: Ngugi wa Thiongo

2025-10-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Burua deskolonizatzen: Ngugi wa Thiongo

Orain dela gutxi irakurri nuen Urtzi Urrutikoetxeak Ngugi wa Thiongo idazle handiari buruz egindako erreportajea Gaur 8 aldizkarian. Horrek bultzatuta, berriro irakurri dut Ngugiren “Descolonizando a mente” liburua, bere portugesezko bertsioan (eskerrik asko Sechuri opariagatik). Gomendagarriak dira ere bere literatur lanak, bere saiakerak eta bere memoriak (euskaraturik dagoen “Gerra garaiko ametsak” zoragarria, kasurako). Ikusi dut blogean ez dudala inoiz berbarik egin Ngugiri buruz eta hori dela eta, liburu ezagun horren inguruko ohar batzuk partekatu nahi ditut (2025eko irakurralditik, aurretik gauza batzuk azpimarratuta nituen, baina ez diet kasurik egin):

Baga: Kenian (eta munduko beste leku askotan) gure “eraztuna” ere erabiltzen zuten. Han eraztuna baino, botoia zen, baina funtzionamendua bera zen: inork berba egiten bazuen kikuyueraz botoia hartzen zuen eta egunean zehar ikaslez ikasle pasatzen zen. Guztiek jasotzen zuten zigorra, baina azkenak zigor berezia jasotzen zuen. Eta hurrengo klase egunean berdin, auto-gorrotoa ereiten.

Biga: Kenian (gurean ere, galdetu bestela euskal sortzaile askori) zalantzan jartzen zen (da) artean bertako hizkuntzak erabiltzea (izan kikuyuera, izan swahili, izan euskara). Beste herri batzuetan zalantzan jartzen ez dena, jakina.

Higa: afrikar literaturan (edo literatura neokolonialean) afrikar Txomin del Regato figura oso erabilia da. 8 abizen edo Vaya semanitan bezala, bide batez.

Laga: Ngugiren literatur tresna ingelesa zen hasieran eta gero pasatu zen kikuyuera hizkuntza erabiltzera. Baina arazo batekin egin zuen topo: bere hizkuntzaren estandarizazioa egin zutenak (ebangelizatzaileak) ez ziren hiztun trebeak eta ñabardura asko kanpo geratu ziren. Horrek erakusten du estandarizazio bezalako erabakiek ere zerikusia dutela politika eta kolonianismoarekin (hemen zein Galizian).

Boga: ahozko literatura, artearen kolektibotasuna, antzerki herrikoia, parte hartzea, … Horrek guztiak aipatzen ditu, teorizatzen ditu eta gurean Antton Luku eta Ander Lipusen teorizazioekin bat egiten du hein handi batean, baita bertsolaritzarekin ere. Edo Taupak egin berri duen jardunaldiarekin.

Sega: tradizioak ez du Ngugirengan kutsu esentzialistarik, moldagarria da bere ustez, etengabe berritzen eta eguneratzen da, ahozko literaturari (oraturari) dagokion eran.

Zai: forma eta edukia, edukia eta forma (bide batez, zer interesgarri Danele Sarriugarteren eta Ibai Atutxaren podcast hau). “Edukia da, azken finean, formaren epaile. Hortaz, ezinbestekoa da edukia eta forma ondo ezkontzea”. Hau irakurri, eta Koldo Almandozek elkarrizketa zoragarri honetan esaten duenarekin lotura egin du nire buruak. Erabilitako hizkuntzaren sinesgarritasunaren gaineko kezka ere agertzen da liburuan hainbatetan (Jone, batzuetan filmean ikusi-entzun dugun bezala).

Zoi: aipu bat, nik euskaratua. “Hizkuntzak izaera bikoitza du: batetik, komunikatzeko tresna da eta, bestetik, giza-kulturaren garraitzailea da. Hizkuntza, kultura gisa, herri baten esperientzia kolektiboaren historia oroitzeko tresna da. Hizkuntza kulturaren historiaren produktu da eta, era berean, kultura bera islatzen du”.

Bele: hizkuntzarena ezin da borroka isolatua izan, ez. Horren inguruan hauxe dio Ngugik: “Hizkuntzaren auzia ezin da ekonomia edo politikatik kanpo ebatzi, ezin da gura dugun gizartetik kanpo ebatzi. Hizkuntzarentzat bide berriak bilatzea guztiz lotuta dago emantzipazio borrokekin”. Beste berba batzuekin esanda, gurutzatzen diren borrokekin bat dator hizkuntzaren aldeko borroka; beste berba batzuekin esanda, intersekzionalitatea.

Harma: azken aipua, intersekzionalitatea berriro ere ardatz (berba hori eta haren ingurukoak liburuan zuzen aipatzen ez badira ere). “Gure hizkuntzak berreskuratzeak bat egiten du gu biziberritzearekin, gu izatearekin, baina munduan askapena eskatzen duten milaka hizkuntza iraultzaileekin lotuta. Azken finean, gizateriaren benetako hizkuntza berraurkitzeko balio du: borrokaren hizkuntza”.

Hizkuntza autodeterminazioa

2025-10-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hizkuntza autodeterminazioa

Genero autodeterminazioa da norberak erabakitzea zer den bat, edo emakumezkoa, edo gizonezkoa, edo ez bata ez bestea. Genero autodeterminazioa da izenordain maskulino, femenino edo neutroak erabiltzea zeure buruarekin. Nork bere larrua asmatzea, azken finean (eta, ahal dela, narratiba ofizialetik kanpora, emakume edo gizon izatearen narratiba horietatik aparte). Baina, horrez gain, norberaren erabakia ofizialtzeko lege aukera ere bada genero autodeterminazioa. Hau da, disforia gainditzeko bide praktikoa (desadostasuna edo etena, nortasun ofizialarekiko eramanezina, Iñaki Segurolaren definizio txit gorenean). Zelan irakurtzen gaituzten, zelan interpretatzen gaituzten horretan eragina du, jakina, baina hortik harago doa autodeterminazioa.

Hortaz, genero autodeterminazioa bakoitza bere larrua asmatzeaz ari da, bai, baina hori aurrera eramateko baldintza sozial, kultural eta politikoez ere ari da. Uste dut analogia bat egin dezakegula eta hizkuntzara ekarri. Hortaz, nork bere identitate linguistikoa eraikitzea litzateke, zelanbait, hizkuntza autodeterminazioa. Baina, horrez gain, bakoitzak duen identitate linguistiko hori gauzatu ahal izateko aukera legal, kultural eta sozialak ere ekarri beharko lituzke.

Hau da, ni euskararekin identifikatzen naiz, baina gero ezin dut gauzatu autodeterminazio hori hainbeste eta hainbeste esparrutan. Beraz, identitatea dut, baina ez identitate hori adierazteko modurik. Uste dut agian, akaso, beharbada, apika, hizkuntza autodeterminazioaren bidez azaldu genezakeela gure egoera eta, hortaz, ulertarazi hori gauzatzeko beharrezkoak diren baldintza sozial, kultural eta politikoak eraiki behar ditugula, gure hizkuntza autodeterminazioa benetakoa izan dadin. Edo, agian, beste tontakeria bat idatzi dut, nik zer dakit.

Mitoaroa 11 galdera

2025-09-29  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Mitoaroa 11 galdera

Azken asteotan, agian ez da beste gairik zenbait forotan. Mitoaroa. Bai, eta Pello Reparaz. Eta bere egoa, eta euskarak behar duena, eta mitologia, eta kaskoak, eta San Mames beteko duela behin edo birritan, bere marka-irudia, eta abar.

Gustatu ala ez, ausarta denik ezin uka. Gustatu ala ez, kalitatezkoa denik ezin uka. Gustatu ala ez, esperimentala denik ezin uka. Gustatu ala ez, zeharo profesionala eta detaile guztiak zainduta egin denik ezin uka. Gustatu ala ez, kapitalismoaren trikimailu guztiak ondo maneiatzen dituenik ezin uka. Gustatu ala ez, ezin uka 40.000 pertsona batu zituenik asteburu batean euskaraz eta euskaldunontzat pentsatua (hizkuntza jakin barik, ez zegoen Mitoaroaren bigarren atala ulertzerik, ondoan izan nituen bi andreak horren erakusgarri).

Mitoaroa II. Nire ustez, Mitoaroaren kontu honekin, oinarri-oinarrian galdera batzuk daude (ez dut erantzunik eta agian ez dago erantzunik).

Baga: tradizioa erabiltzen du Zetak-ek edo tradizioa berritzeko lanean ari da? Zer da tradizioa erabiltzea? Zer da berritzea? Zer ekarpen egiten dio honek tradizioari? (Azken urteotan, Galizian “tradizioa” berritzen artista asko dabil, Tanxugueiras eta Fillas de Casandra, Mondra eta Baiuca, eta abar, baita beste herri batzuetan ere: mundu mailako joera da?).

Biga: tradizioa berritzen ibili diren euskal artista askoren ibilbidearekin (Oskorri, Kepa Junkera, Tapia eta Leturia, Oreka Tx, Juan Mari Beltran, Mikel Laboa, Gabriel Aresti, Gozategi, Kukai dantza taldea, Oteiza, Xabier Amuriza, Gose, Huntza, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Duguna dantza taldea, Kalakan, …) zelan ezkontzen da Zetak-en espektakulu hau? (Zergatik zerrenda horretan ez dago ia andrazkorik?). Mitoaroa zer dugu, folklore ala folklorizazioa? Zer da sinbolikoa bizitzeko ala biziberritzeko ahalegina? Ala merkantilizazio hutsa da?

Higa: kanpo-osagaiek (mitologia, akelarrea, inkisizioa, herri inauteriak, …) zer ekarpen egiten diote Mitoaroaren narratibari? Estetika hutsa dira ala beste zerbait dute atzetik?

Laga: kolektibotasuna eta norbanakotasunaren arteko dialektikan non kokatzen da Mitoaroa? Ikuskizunaren ostean, kolektibotasuna zelanbait piztuko da? (Adibidez, gogoratzen naiz Berri Txarrak-en agurrean Bihar denok ensaiora esaldi horretaz: ikuskizun horiek balio dezakete horretarako ala aurpegi garbitze hutsa da?).

Boga: handinahikeria dago honen guztiaren atzean? Erabili daiteke hori euskararen aldeko aldarriei oihartzun handiagoa emateko? Handira jotzeak erreparorik gabe zergatik sortzen dizkigu horren erreakzio biszeralak? Zergatik bilakatzen da (gizarte-)arazo urtean 25 bat aldiz futbolagatik betetzen den San Mames bitan betetzea, Itzea Urkizuk dioen modura?

Sega: zer legamia, zer hazi, zer lorratza utziko du Mitoaroa honek gure kultur panoraman? Edo, beste era batera galdetuta: Mitoaroak mesede edo kalte egingo dio euskarazko kultur zirkuituari?

Zai: euskal “harrotasuna” edo autoestimua edo atxikimendua elikatzeko balio du honek? Erdal erreferentzien zurrunbiloen erdian uhartea dugu Mitoaroa? Eusko labeldun “hegemonia” eraikitzeko balio dezake? Jendea bero jartzen al da euskararekin hegemonia lor daitekeela ikusita? Haur eta nerabeei zer ekarpen egiten die kontzertu honek?

Zoi: zer ekarpen egiten die honek euskarazko beste produktu txikiagoei? Eta herrietako jarduera komunitarioei? Zergatik sortzen du proiektu honek horrenbesteko lilura?

Bele: azken urteotan, Lanartea lan aparta egiten ari da (fruiturik eman ez duen arren, baina horiek ere etorriko dira) euskal sortzaileen baldintza materialak duintzeko. Mitoaroa (eta beste apustu erraldoi hauek) bide horretan aurrerapausoa da ala atzerapausoa da?

Harma: zelan eraikitzen dugu ikusletik arizale izatera pasatuko den kulturgintza bat? Zelan lortu horizontaltasuna eta parte hartzea? Zelan sortu kulturgile herrikoiak?

Aberriaren inpaseak

2025-09-22  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

Aberriaren inpaseak

Askotan liburu bati eskatu ahal zaion gauzarik onena da pentsaraztea. Eta horixe izan da, hain zuzen ere, Joseba Zulaika antropologoaren “Aberriaren inpaseak” eragin didana. Eta horren erakusgarri liburutik erauzitako hainbat aipu, amu moduan-edo:

Euskara inpasean dagoela esatean, deserosoa izan arren espazio honetan bizitzea, derrigor atzerakada bat dela esan nahi al dugu? Edo ohartarazten digu aurreko analisiak eta ametsak ez zeudela errealitatean behar hainbat oinarrituak?

Agian aldatu ez dena euskaldunon autosabotaia eta agoniazko zaletasuna da.

Geure buruak konbentzitzen baditugu partidua goleadaz galtzen ari garela, zein gazte eta etorkin erakarriko ditugu kanzerrak harrapatuta dagoen euskararen kausa galdura? Azken helburua baldin bada euskararen inguruan komunitate justu eta aurrerakoia eraikitzea, honen benetako etsaia desio politikoaren hondoa jotzea da.

Ramon Saizarbitoriaz ari dela, honako hau dio egileak:

Arrazoi dute, dio, euskarak balio sinbolikoa galtzea bere garapenaren ondorio besterik ez dela diotenak, baina, ezin da ahaztu, halere, egoera kritiko batean gaudela, aurretikoa baino hobea, askoz hobea ere bai, baina garapenaren arriskuen aurrean jartzen gaituena, oraindik ere azpigarapenaren kalte guztiak gainditu gabe gaudela, alegia.

Galizia eta dekolonialismoa

2025-09-15  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Galizia eta dekolonialismoa

Galizia eta dekolonialismoa izeneko liburua irakurri dut aurten. Zeharo liburu interesgarria da eta apunte batzuk (eta apunteei lotutako ideiak ere bai) konpartitu nahi ditut zuekin:

Baga: liburua ikerketa baten berri dakar eta ikerketa zein liburua arte fundazio batek (Luis Seoane izenekoa) sustatu ditu. Honela definitzen ditu arte fundazio hori liburuak berak: esperimentazio gune, kuirtopiak eraikitzeko gune. Gurean ba al da horrelakorik bultzatzen duen arte fundaziorik?

Biga: zapalkuntzak parekatzea ere ez da zilegi. Egia da euskaldun, katalan edo galiziar batek erabili dezakeela kolonialismo berba, baina ez palestinar, ijito edo beltz baten pareko zapalkuntza duela esateko.

Higa: zelan baldintzatzen gaitu gure produkzio teorikoaren oinarri bibliografiko nagusia espainolezkoa izateak?

Laga: existitzen al da euskal pentsamendu dekoloniala? Bai? Inork emango al dizkit adibideak? (Axier Lopezen Gure heroiak liburua, Araka ditzagun gure bazterrak, Moroak gara behelaino artean liburua, horiek dira niri boteprontoan bururatzen zaizkidanak).

Boga: burujabe ez diren nazioek kolonitate bikoitza bizi dute: nazio hegemonikoaren aurrean zapalduak dira, baina, era berean, euren mugen barruko minoria etniko edo arrazializatuak zapaltzen dituzte.

Sega: badira dekolonitatearen barruan kokatzen diren subjektu arrazializatu batzuk, zeintzuek mugimendu zuri bezala tratatzen dituzten nazio askapeneko mugimenduak. Eta, gainera, ukatzen diete mugimendu horiei antzeko terminoak erabiltzea (kolonitatea, kasu). Badira askapen mugimenduko kide batzuk, oso argiak direnak euren zapalkuntzak bistaratzen, baina itsuak direnak euren herrietan gertatzen diren zapalkuntza etniko eta arrazializatuen aurrean. Batzuk zein besteak kaltegarriak dira eta ez-dekolonialak. Eta jokoa egiten diete benetako zapaltzaileei.

Zai: atzerapen bakoitzaren ostean, identitatea da mantentzen den apurra. Identitatea iraganari begira egon behar da, baina, batez ere, etorkizunari begira. Izan ere, hori da komunitate biziek egiten dutena: behin eta berriro, euren buruak imajinatzea.

Zoi: posible al da istorio alternatiboak asmatzea? Errealitatearen ehunean ebakiak egiteko balioko dute istorio alternatibo horiek?

Bele: zapalduen olinpiadek politika identitaristen tranpa elikatzen dute, ea nor den zapalduena, eta besteei zapalkuntzak ukatuz. Horrela, etsai beraren kontra borrokatu beharrean, nor gehiagoka aritzen gara.

Arma: noizko tankera honetako ikerketa (eta liburu) bat Euskal Herrian?

Eta berba egiten dugunean beldurtzen gaitu … Audre Lorde

2025-09-08  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

Eta berba egiten dugunean beldurtzen gaitu … Audre Lorde

Eta berba egiten dugunean beldurtzen gaitu

gure hitzak ez entzuteak

edo ondo etorriak ez izateak,

baina isilik gaudenean

beldurra izaten jarraitzen dugu.

Beraz, hobe da berba egitea

eta gogoratzea

inork ez zuela espero gu bizirik egotea.

Audre Lorde

Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk

2025-09-02  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk

“Oinarrizkoa da ulertzea ongizate militantea gure borroken arrakasta bezain garrantzitsua dela, eta kontzeptu horrek ez lukeela oxymoron bat izan behar, baizik eta erakunde orok jorratu beharreko errealitate ukigarria. Horrek esan nahi du norbera eta besteak zaintzea berez erresistentzia-ekintza dela onartzea”.

Nikolas Blain

“Praktikan, euskararen normalizazioak eta instituzionalizazioak aurrera egin ahala, kalearen tokia eskolak bereganatu du eta horrek hizkuntzaren gaineko iruditegi zein ideologia berriak bultzatu ditu. Gazte kulturengandik urrunduta, euskarak aro berri bati ekin  zion: punk mugimendua eta Do It Yourself atzean utzi eta planifikaziora egin zuen jauzi. Honekin batera euskararen eta euskal kulturaren garapenean protagonismo handia zuen  gunea –kalea– galdu da”.

Jone Miren Hernandez eta Ainara Santamaria

“Zetak-ek Nafarroa Arena bi aldiz leporaino betetzea ona da euskararentzat, baina horietako zenbat joaten dira euren herrian antolatzen diren kontzertuetara? Oasiaren kultura da nagusi. Gauza bera gertatzen da Korrikarekin, Herri Urratsekin… Oasiak sortzen ditugu, urte osoko desertuei ez heltzeko. Baina oasiaren kulturak ere iraungipen data dauka. Basamortuari heldu ezean, laster ez da jenderik egongo oasietarako ere”.

Odei Barroso

“Zergatik egin euskaraz? Zerk laguntzen du euskaraz egiten eta euskaraz bizitzen? Zer oztopo edo zailtasun daude? Zer egin euskaldunok eta euskarak irauteko? … Beti antzeko galderak eta antzeko erantzunak, bakarka edo taldean erantzutekoak, komunitate euskaldunari irauteko eta aurrera jarraitzeko arrazoiak eta indarra eman dizkiotenak”.

Imanol Azkue

“Sustraiak ez dira hazten ari den zuhaitz batentzat pisutsu. Kontrara, sustrai horiek (edo tradizioa deitu) dira bide berriak esploratzeko abiapuntu”.

Paula Carballeira

“Transmisioa garrantzitsua da, baina talde berriak bere lekua egin behar du. Belaunaldi bakoitzak bere ekarpenekin utzi behar du arrastoa”.

Intza Casamajou

« Aurreko artikuluak

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Poesia gudu zelai modura
  • Etxeko leihoak unibertsora
  • Agentzia eta egitura
  • Harien isla
  • Galderak eta galderak

Iruzkin berriak

  • Agentzia eta egitura - Garaigoikoa(e)k Pribilegioak bidalketan
  • Julián Fernández Goikoetxea(e)k Harien isla bidalketan
  • Harien isla - Garaigoikoa(e)k Gorreri bisuala bidalketan
  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko otsaila
  • 2026(e)ko urtarrila
  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA