Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Hots guztiak

2024-10-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hots guztiak

Noemi Villaverde antropologoa da eta idazlea; bi liburu gogoangarri idatzi ditu gaztelaniaz: “Una antropologa en la luna” eta “La naturaleza que somos”. Horrez gain, zeharo gomendagarria den bloga ere elikatzen du: Una antropologa en la luna. Bi liburu horietan (eta, orokorrean, bere blogean) tesi bat elikatzen du egileak, aipurik aipu: biziraupenaren oinarria aniztasuna da naturan eta, beraz, gizakion biziraupenaren oinarria kultura denez, ba aniztasuna behar da biziraupena bermatu ahal izateko. 

Horrekin gogoratu nintzen aurrekoan, non eta Arguedasen. Euskararen hots diferente batzuk batu zitzaizkigu han: Erriberako azentuarekin egindako euskara, Iruñerriko euskararen hotsa, Bizkai aldeko dikziodun euskerie, euskaldun berri arabarren euskara, gipuzkeraren soinua eta lapurtar batzuen eskuara. Euskararen hots guztiak (edo gehienak behin behin). 

Lehenxeago hau irakurri nuen Alaitz Melgar Agirreren “Josefa, neskame” liburu (hau ere) zeharo gomendagarrian: “Nik ez dut inoiz Barakaldoko batekin euskaraz hitz egingo”. Hori Bermeoko batek esan zuen. Eta Arguedasen arineketan, karraderan, korrika edo lasterrean ari ginen egun berean, hauxe irakurri nion Jon Urzelairi:  “Ez zenituzkete sinetsiko ikusi ditudanak: Iparraldean kontzertua ematen ari direla publikoari gazteleraz mintzo zaion talde euskaraz ongi alfabetatua edo zenbait espresio gazteleraz txertatzen dituen kantaria, zeina egunerokoan euskara teknikari gisa aritua den. Zer eta inkonformismoaren izenean, gainera. Halakoak ez dira musika urbanoen bueltan gertatzen soilik, inolaz ere, baina bai, agian, modu ikusgarrienean”.

Gauzak horrela, Jon Urzelairen artikulu beraren akabuarekin amaituko dut nik ere: “Fikzioa ere beharrezkoa baita euskaraz normal aritzea fikzioa den artean”. 

A casa do amo

2024-09-19  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

A casa do amo

Maria Reimondezek “A casa do amo” izeneko liburua idatzi berri du. Azpititulua honako hau du: galizierazko literaturaren diskurtso kolonial eta arrazistaren azterketa. Horixe egiten baitu liburuan zehar (hasierako azterketa baino ez den arren, asko sakondu daitekeen arren). Liburu deserosoa da (seguruenik han hemen baino gehiago).

Hala ere, Mariak berak azken kapituluan ekintzarako deia egiten du. Berak dioen legez, “ezin ditugu gure etxeak eraikitzen jarraitu euren azpitik zapalkuntza errekak pasatzen direla kontuan hartu barik. Etxea lekuz aldatzeko sasoia da”. Hori dela eta, zuriak garenok berba hartu behar dugu eta berreraikitze dinamikak martxan jarri behar ditugu, pertsonalak zein kolektiboak.

Azken finean, liburuaren xedea ez da egile edo testu arrazistak seinalatzea; xedea da irakurtzen dugun begirada aldatzea beste ahots batzuk entzuteko. Hau da, bere berbetan esateko, “deszentratu” behar dugu, zuriok “deszentratu” behar dugu eta prozesu hori etengabea da. Eta murru kolonialetik kanpora bizitzeko apustua egin behar dugu. Eta berak dio galizieradunek horretarako “gonzo” funtzioa bere dezaketela (gonzoren itzulpena kuntzea litzateke edo banda, hau da, leiho bat ireki ahal izateko behar duen pieza hori, espainolez bisagra eta frantsesez charniere).

Liburuan bertan, Maria Reimondezek kritikatzen du Galiziako egoerari erreferentzia egiteko kolonial berba erabiltzea. Niri ere berba horrek askotan egiten dit kirrinka, batez ere, beste herri batzuen egoera geurea baino “latzagoa” delako. Baina berak darabilen argudio bat zeharo interesgarriak iruditzen zait: berba hori sortu zen komunitate eta herri batzuek pertsona zurien partetik jasan zuten zapalketa aditzera emateko. Gurea beste egoera bat da (herri minorizatua edo dena delakoa) eta beste terminologia bat erabiltzea logikoa deritzot, lorratzak ezberdintzeko.

Liburu zeharo gomendagarria, beraz. Eta bere sasoian sare sozialetan adierazi nuen bezala, ea inor animatzen den euskarazko literatura, musikagintza edo bertsolaritzari buruzko azterketa hau egiten. Behar dugulako. Bai. 

Performatzea (udan)

2024-09-17  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Performatzea (udan)

Udan, antza, pertsona batzuek euskaldunak direla performatzen dute. Performatze hori, batez ere, opor lekuetan gertatzen da, geure herritik urrun eta eguneroko testuingurutik kanpora. Hori diote han eta hemen sortutako hiri leiendek (seguruenik, hein batean arrazoi izango dute). 

Performatu berba erabili dut (bai izenburuan zein lehen lerrokadan), berbakera unibertsitarioari jarraituta. Kasu honetan, antzeztu berbaren sinonimoa litzateke. Egia da antzeztu eta errepikatzearen ondorioz, performatzearen ondorioz, inkontzienteki, automatikoki barneratzen ditugula portaerak (euskarari dagokionez eta beste hainbeste konturi dagokienez, generoa adibidez).

Portaera horiek, baina, eguneroko testuingurutik kanpo performatzen dira eta horrek zailtasunak dakartza egunerokoan horiei modu jarraian ekiteko. Hala ere, posible dela erakusten du eta pauso bakar batera uzten du portaera aldaketa.

Izan ere, praktikak definitzen gaitu autodefinizioak baino. Ni euskaltzale, anarkista, feminista edo dena delakoa naizela esan dezakete, esan diezaioket neure buruari. Baina jendeak bakarrik horrela irakurri gaitu, baldin eta praktikaren bidez horrelakoak garela erakusten badugu. Eguneroko adibideak garrantzia gehiago duelako teorizazio sakonak baino.

Hasiko al gara egunerokoan (ere) euskaldunak garela performatzen? Hasiko al gara hizkuntza ohiturak antzezten?

Txikilinux

2024-09-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Txikilinux

Orain dela ez asko, intersekzioei buruzko artikulua argitaratu nuen, Arrazolako Amillena jatetxea aipatuz. Orduan hauxe esaten nuen: “Askotan iruditu zait intersekzionalitatea zapalkuntzetarako bakarrik erabili dela. Eta ez nago horren kontra, inondik ere. Baina, agian, akaso, beharbada, apika, eraikuntzarako ere erabili beharko genuke kontzeptua eta eraikuntzan ere adi eta tentuz zaindu beharreko milaka detaile eta erabakietarako beharrezkoa litzateke”.

Azken Hik Hasi aldizkarian (289. zenbakian) Txikilinuxi buruzko artikulua egin dute, Burujabetza digitalaren bila izenburupean. Eta ekimen horrek ere, nire ustez, hainbat elkargunetan egiten du topo: Bilboko eta Ipar Euskal Herriko bi ikastolen arteko harremanean (beraz, mugaz gaindiko harremanetan), ekonomia zirkularra, burujabetza teknologia, software librea, … 

Hartuko ditut artikulutik entresaka batzuk:

Haurrei erakutsi nahi diegu ekosistema digital alternatiboak daudela, Euskal Herrian eginak, euskaraz, libreak, pribatutasunean lan egiteko aukera ematen dutenak eta gure tresnen bizitza luzatzen dutenak.

Elkartenetek berreskuratutako hamar ordenagailu eskuratu zituzten, eta ikasleen egitekoa horiek saltzea eta horren bidez etekin ekonomikoa ateratzea zen. Gure ikasleak bi egunez joan ziren Bilbora Harrobia ikastola eta hango errealitatea ezagutzera eta, ondoren, Harrobiako ikasleak etorri ziren Baionara beste bi egunez. Lizeoa ezagutu zuten, eta hemengo errealitatera hurbildu ziren.

Burujabetza digitala dugu xede, bai eta digitalizazioaren erabilera arduratsua eta kritikoa ere. Digitalizazioa ez da neutroa, eta gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakutsi nahi dugu. Irakasleok eta ikasleok tresna pila bat dugu gaur egun software librearekin lan egiteko, baina ez dago irizpide kritikorik. Mundua digitala baldin bada, zer-nolako mundu digitala nahi dugun erabaki beharko dugu. Izan gaitezen gure ideien jabe.

Elkartenet, Ilargikoop, Txikilinux, euskara eta software librea. Urte askotarako!

Aipamenka

2024-07-08  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipamenka

“Handik eta hemendik jasotzen ditugun berbak haragiztatu behar ditugu, bertakotu, bere ingurunearekin harremanetan jarri, kontzeptuen mailegutza ekintza politiko kokatua baita”.

Amaia Alvarez eta June Fernandez

“Ez ginen esprintean aritzeko jaio, epe luzeko errelebotako maratoi segida bat da hizkuntzaren biziberritzearena”.

Iker Martinez de Lagos

“Europari eta munduari hika hasteko garaia dugu”.

Miren Dobaran

“Gizakiok, gizaki moduan egiten duguna, gorputz lana da bereziki: emakume edo gizon izan eta bilakatzea gorputz lana da, baina baita ere irakasle, informatikari, idazle, zerbitzari, mediku edo suhiltzailea izan eta bilakatzea. Pentsatzekoa da hiztuna izateak eta bilakatzeak antzeko (gorputz) lana eskatzen duela. Gorputzari ezin zaio ezer suposatu praktikan gauzatzen den arte. Hiztuna, horrela, zerbait abstraktu izatetik denbora eta espazio batean zehazten eta egiten den zerbait izatera pasako litzateke. Aurreiritziek edo aldez aurretik ezarritako kategoriek ez lukete baliorik izango eta hiztunak izaera kokatua eta praktika edukiko luke”.

Jaime Altuna eta Jone Miren Hernandez

“Pilak baliatzen direlarik, husten dira; aldiz, hizkuntza baliatzen delarik da kargatzen”.

Mattin Irigoien

“Inoizko bertsolaririk onenak. Inoizko irudigilerik onenak. Inoizko kantaririk onenak. Inoizko idazlerik onenak. Inoizko kazetaririk onenak. Inoizko komikilaririk onenak. Inoizko antzezlerik onenak. Baina beren lana egiteko eta zabaltzeko gero eta arazo gehiagorekin, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik biziz, artista-jardunaren berezitasunak kontuan hartzen ez dituzten zerga-arauak betez… Euskal artista larre motzean bizi da eta halaxe segitu behar omen du, bokazio duena egiteko graziaren truke. Euskal artistak ere duin bizitzeko eskubidea izango du baina, ala?”

Amagoia Gurrutxaga

“Euskalgintza gizagintza da. Euskaraz ari garen aldiro, justizia egiten ari gara.

Erakargarritasuna herri gogo emantzipatzaile batekin lotzean dago.

Borroka emantzipatzaileak, Euskal Herrian, euskaratik egin behar dira”.

GUKA Bilbo

40 argudio gazteen (eta ez hain gazteen) artean euskara (edo katalana) gehiago erabiltzeko

2024-07-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

40 argudio gazteen (eta ez hain gazteen) artean euskara (edo katalana) gehiago erabiltzeko

Marina Massaguer Comes egon zen apirilean Iruñean, Gero eta aldeko gehiago jardunaldian (oso interesgarria da hizkuntzei buruzko mitoen eta sinesmenen inguruko bere bideo hau). Bertan, besteak beste, gazte katalanen artean katalana gehiago erabiltzeko argudio sorta erakutsi zigun. Argudio sorta hori, berak eta Xavier Vila-k eta Avel·lí Flors-Mas-ek egin zuten honako liburu honetan: Les dinàmiques del català entre els joves: reptes, principis i arguments per a l’acció. Nik argudio sorta euskaratu dut, guretzat ere baliogarria delakoan edo, behintzat, hemen argudioetako batzuek guretzat ere balio dutelako:

Integrazioa, errotzea eta kohesio soziala:

  1. Euskara bizi zaren lekuaren hizkuntza delako.
  2. Parte hartze soziala errazten duelako, bai erakundeen inguruan zein tokiko harremanen sareetan.
  3. Euskaraz hitz egiteak lotura handiagoak sortzen dituelako hitz egiten duen jendearekin: lagunak, ezagunak, senideak, bezeroak, … Errazagoa da norbaitekin oheratzea, bere hizkuntza ezagutzen baduzu.
  4. Sarbide zuzena irekitzen dizulako agian galtzen ari zaren eskaintza kultural batera: musika, telesailak, antzerkia, liburuak, jaiak, …
  5. Euskara ikastea eta erabiltzea gurean integratzeko borondatea agertzen duelako.
  6. Jende guztiarekin euskaraz ari bazara, ez duzulako jendearen arteko ezberdintasunik egiten.
  7. Hizkuntzak abiapuntuak baino, helmugak direlako eta, hortaz, euskaraz berba egin zenezake milaka azenturekin.

Ikasteko erraztasuna:

  1. Gurean jende askok dakielako euskaraz eta jende gehiagok ulertzen duelako.
  2. Beste hizkuntza batzuk ezagutzeak laguntzen dizulako euskara ikasten.
  3. Hizkuntza bat ikasteko bide normalena praktikatzea delako.
  4. Ikasteko baliabide asko dituzulako: euskaltegiak, hizkuntza eskolak, online ikastaroak, barnetegiak, …
  5. Praktikatzeko espazioak ere badirelako: berbalagunak, elkarteak, taberna eta jatetxeak, denda eta ostatuak, …

Interes instrumentala:

Euskara baliabide baliotsua delako gurea bezalako gizarte lehiakorrean: ikasteko (D eredua ikastetxe, institutu eta unibertsitatean), lan egiteko (administrazio publikoetan zein kanpo euskara jakitea eskatzen dute) eta gizartean parte hartzeko (erakundeak, elkartegintza ehuna edo komunikabideetan).

Aniztasun global eta justizia linguistikoarekin konpromiso etikoa:

  1. Aniztasun globala mantentzeko modu bakarra tokian tokiko hizkuntzak mantentzea delako.
  2. Euskarak bizi izan duelako eta bizi duelako errepresio eta gutxiagotze prozesuak eta justua delako euren hiztunentzat ondorio horiei aurre egitea.
  3. Datuek frogatzen dutelako euskara eta gaztelaniaren artean posiziorik ahulena euskara duelako.
  4. Euskara bere lurraldean bizirik irauteko beharrezkoa delako bere erabilera sustatzea eta horrek dakar funtzio eta espazio propioak izan beharra.
  5. Euskara sustatzeak ez duelako esan nahi beste hizkuntza batzuei uko egitea, euskara sustatzeak multilinguismoaren kudeaketa jasangarria esan nahi duelako.
  6. Euskal Herrian, euskara sustatzen ez bada, ezin delako hitz egin elebitasun edo eleaniztasun justuaz.

Norbanakoaren erantzukizuna:

  1. Gure praktika linguistikoek eragin zuzen eta ikusgarriak dituztelako euskararen egoera globalean.
  2. Guztiok, gure lehen hizkuntza edozein dela, hizkuntza minorizatuak babestearen erantzuleak garelako.
  3. Globalizazioaren testuinguruan tokiko hizkuntza bat hitz egitea homogeneizazio kulturalaren kontrako erresistentzia ekintza delako.
  4. Epe luzean euskara bizirauteko beharrezkoa delako egunerokoan jende gehiagok erabiltzea.
  5. Ulertzen duen jende guztiarekin erabiltzeak laguntzen dielako oraindik erabiltzen ez dutenei.
  6. Denok garelako portaera linguistikoaren adibide gure inguruko jendearentzat.

Ahalduntzea eta norberarekiko asebetetasuna:

  1. Hizkuntza bat hitz egiteak abantaila asko dakarrelako eta desabantailarik ez.
  2. Euskarak balio duelako Euskal Herrian bizimodua egiteko, osotasnik eta mugarik gabe.
  3. Bizi zaren lekuko estimatzen baduzu eta aniztasunean sinisten baduzu, ondo sentituko zarelako euskara mantentzen baduzu.
  4. Kontzienteki eta jakitun aukeratzen duzulako.
  5. Bizitzeko aukeratu duzun lurraldeko hizkuntza hitz egitea egokitze eta kosmopolitismo seinalea delako.
  6. Seguruenik, ez duzulako nahiko euskara ikasteko kapaza ez izatearekin identifikatua izatea.
  7. Zenbat eta hizkuntza gehiago erabili, orduan eta errazagoa delako hizkuntza berriak ikastea.
  8. Hizkuntza bat hitz egiteak ez dakarrelako beste hizkuntza batzuei uko egitea, hizkuntza bat hitz egiteak dakarrelako beste hizkuntza batera txertatzea.
  9. Hizkuntza bat ikasteak eta hitz egiteak ez dakarrelako zu zarenari uko egitea, hizkuntza bat hitz egiteak dakarrelako aukerak zabaltzea.
  10. Egoera bakoitzean erabili nahi duzun hizkuntza aukeratzeko eskubidea duzulako eta hori bakarrik egin dezakezu bat baino gehiago erabiltzen badakizu.
  11. Zure konfort linguistikoko egoeratik ateratzeak esperientzia berrietara eta erronka berrietara irekitzea dakarrelako.
  12. Euskara ondo egiten ez baduzu baina praktikatzen baduzu, gero eta hobeto egiten duzula ikusiko duzulako eta, azkenean, erronka bat gainditu izanaren sentsazioa izango duzulako.
  13. Euskara egiten baduzu baina oraindik ez baduzu nahikoa segurtasun, baliabideak eta gaitasunak dituzulako zure potentzial linguistikoa garatzeko.
  14. Euskaraz erosoago sentitzen bazara, euskara egiteko libre zarelako.
  15. Euskaraz dauden produktu eta zerbitzuekin gozatzeko eskubidea duzulako eta zure kontsumitzaile eskubideak egikaritzeko eskubidea duzulako.

Mugaz gaindi

2024-06-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Mugaz gaindi

Ez dakit nori irakurri nion muga zeharkatu beharko genukeela euskaldunok, behin eta berriro, behin eta berriro, alde batetik bestera. Eta bat nator (mugatik urrun samar bizi arren).

Eta, gainera, uste dut muga hori gainditzeak on egiten digula hainbat esparrutan, baita euskararen biziberritzearen esparruan ere. Mugaz gaindiko proiektu eta abarretan euskarak hizkuntza komuna izateko aukera handia duelako. Eta hala da sarritan.

Adibidez, AEKn edo EHKOlektiboan, Arrosa sarean edo Euskaltzaindian, ikastoletan edo Bera eta Urruñako herriko etxeen arteko lankidetzan, Axut eta Artedramaren arteko harremanetan edo Antzuola eta Aiherra arteko senidetzean, euskal sagardoaren sor-marka, Iparra-Hegoa jardunaldietan edo Elkar argitaletxe edo liburudendan, Berrian edo UEUn, Eusko Ikaskuntzan edo Doinuele elkartean, Lab sindikatuan edo Korrikan, Udalbiltzan (adibidez, Lurgida gidaliburuan) edo Baztan eta Baigorri arteko harremanetan, Antxeta irratian edo Labore Txingudi eta Hendaiakoop-en arteko harremanetan, EHZn edo beste hainbatetan.

Izan ere, muga gainditzeak euskararen erabilera maximizatzera eraman gaitzake, hau da, euskaraz egin daitekeen guztia euskaraz egitera.

Identitatea

2024-06-11  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Identitatea

Gai hauen inguruan behin baino gehiagotan egin dut berba blogean. Esate baterako, Judith Butler eta soziolinguistikaren arteko artikulu honetan, edo Eduardo Apodakaren beste honetan, edo urgentziaz Sustraiak aipatu nituen honetan. Jarraitzen dut diskurtsoa erabat osatu barik, zalantzaz josita, baina Onintza Legorburu lankideari esker, gaurkoan gai horren inguruko lau aipu, neure iritzitik oso urrun ez daudenak (edo):

(Judith Butlerrek) ekitearen garrantziaz hitz egiten du, nola ekiteak edo praktikak berak osatzen gaituen subjektu gisara; identitatea erritual moduan marraztuz.

+

Modu honetan, hiztuna protagonista bilakatzen da, gizarte aktorea edo ekintzaile bihurtzen baita. Komunitate bateko partaide izateaz gain, errealitatearen sortzaile gisa -hizkuntzaren jabe den neurrian- ere agertzen zaigu. Ekimen eta egitearen poderioz bere oinatza uzten du testuinguruan, baina hori ere bueltan etorriko zaio, aritze horrek bere identitatearen sorkuntzan, eraikuntzan eta berreraikuntzan ondorioak izango dituelako. Horra hor, identitate performatiboaren gakoa: gizabanakoaren inplikazio aktiboa (ekitean/egitean sortzen duelako bere identitatea, alegia, hura performatzen duen neurrian. Jone Miren Hernandez.

+

Habitusak, hortaz, praktikak sortuko ditu, praktika indibidual zein kolektiboak. Erreprodukzio soziala azaltzeko oso baliagarria den kontzeptua da; are gehiago, ordena sozialaren mantentzea eta desberdinkeria sozialen mantentze historikoa ere azaltzeko balio liezaguke. Hala ere, kontzeptu honi sarri asko zurruntasuna egotzi izan zaio; ez soilik habitusaren kontzeptuari, praktikaren teoriak, oro har, aldaketarako tarte gutxi uzten duela aipatu izan da. Onintza Legorburu.

+

Praktiken sedimentazio bati esker sortzen baita subjektua (Bourdieu), eta gure kasuan hiztuna.

Banala

2024-06-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Banala

Iruñean entzun nuen lehendabiziko aldiz kosmopolitismo banala kontzeptua (nazionalismo banala behin baino gehiagotan entzunda neukan). Azaleko kosmopolitismoa da hau, nazioarteko kontsumoa eta mugaz gaindiko harremanak sustatzen dituena. Baina, sakon-sakonean, zeharo kolonialista da, ingelesez baino ez du berba egiten eta munduko populazioaren zati txiki-txiki bati baino ez dio eragiten (mendebaldeko jendarteko kide batzuei, batez ere).

Handik gutxira, Joseba Sarrionandiari Galizian egin dioten elkarrizketa bat entzun nuen. Hark ere egurra ematen zion kontzeptu horri, nahiz eta beste berba batzuekin adierazi. Maialen Lujanbioren aipu bat irakurri nuen gero ixa sare sozialean, Aldatu gidoia manifaren harira. Honako hau esaten du Maialen Lujanbiok: “Mundua ez dela EHn bukatzen esango didate. Ireki egin behar dela mundura. Ados. Zabal gaitezen Kanadara, Madagaskarra, Indiara, mundura. Ekar ditzagun elkarrizketatuak mundutik. Ez baitago gauza itxiagorik munduari Espainia deitzea baino”.

Azkenik, Mattin Irigoienen elkarrizketa irakurri eta bera ere honetaz mintzo, multikulturalismoa deituta: “Hegemonia duen hizkuntzak dibertsitate bat onartzen du, bere peko den ber. Hori ez dugu aski arraberritzeko edo irauteko”.

Diskurtsoa aldatzen da, eguneratzen da, baina finean, betikoa da. Aniztasunaren kontrako aldarria eskaparatezko aniztasun baten banderapean. Uniformizazioa praktikatu baina betaurrekoen koloreak aldatuta. Banala, banalizatua.

Pribilegioak

2024-05-27  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Pribilegioak

Antza denez, hizkuntzen gaineko begirada neoliberala nagusi da hizkuntza hegemonikoetan bizi direnen artean. Haren arabera, hizkuntzak komunikazio tresnak baino ez dira, merkatu “librean” lehiatzen diren artefaktuak. Ikustea besterik ez dago azken urteotan berrindartu diren diskurtso dikotomiko bezain faltsuak: zer gura duzu mediku ona ala mediku euskalduna?

Begirada neoliberal horretan, jakina, askatasun neoliberala da nagusi: hau da, nik askatasuna dut, baina ez dut inolako ardurarik. Hau da, joan naiteke egunero ogia erostera nire autoan, nire askatasuna erabiliz, baina gero niri ez eskatu ezelako ardurarik ekintza horrek dakarren ondorioari buruz.

Gurera ere heldu da diskurtso hori. Batetik, Euskaraldiak berak indartu du hein batean diskurtso hori. Norberak ardura hartzeko ariketa dugu Euskaraldia eta, hein handi batean, ariketa horrek erantzuten dio norbanakoon gaitasunak aktibatzeari. Baina sektore batzuetan Euskaraldia basque-washing ariketa bihurtu da eta, gainera, batzuei norbanakoen gainean erantzukizun osoa trasladatzeko bidea eman die. Jakina, basque-washing-a ez da bakarrik Euskaraldiarena, beste hainbat eta hainbat alorretan ikus daiteke (Ibilaldian, edo Korrikan, adibidez, azken Korrikan gure inguruan niri belarriek ia eztanda egin zidaten Aena ere euskararen alde entzun nuenean!!).

Bestetik, hor dugu audientzia eta kontsumoen gainean eraiki diren diskurtso batzuk. Horren arabera, euskaldunok ez dugu behar beste kontsumitzen eta horrek esplikatzen du hein handi batean dagoen eskaintza eskasa. Egia da honek sorgin gurpil baten forma hartzen duela, baina, era berean, horrek ez du bat egiten bestelako kontsumo batzuekin (eta ez du bat egiten han eta hemen egin diren ikerketa batzuekin, ahozko erabilerarenak kasu).

Hirugarrenik, diskurtso neoliberal horren beste erpin bat dakar pribilegioen kontuak (Ezer ez eta festa podcastean esaten duten bezala, eskubideak pribilegio bihurtzen ditu hizkera mertzenarioak, hizkera lizunduak). Antza, euskaldunok pribilegiatuak gara, diskriminatzaileak ere. Diskurtso hau hauspotzen ari dira euskaltzale ei diren batzuk ere. Eta, horretarako, klase sozialen inguruko azterketak erabiltzen dituzte eta, horren ondorioz, lanpostu batzuetarako euskara eskakizuna jaistea proposatzen dute. Diskurtso hau arriskutsua da gero, nire ustez, arrazoi bategatik: ematen du (eta ez da horrela inondik ere) euskaldunon komunitateak indarra eta ahalmena duela berak nahi dituen politikak eta estrategiak garatzeko hizkuntzaren garapenerako. Baina ez da horrela eta, hortaz, diskurtso hori hauspotzeak nire ustez kalte baino ez digu egiten. Anarik dioen modura, atzera eta atzora geu eramateko ahalegina da. Orain dela gutxi, Paulo Iztuetak honako hau zioen Hik Hasi aldizkarian: “Begiak ireki behar ditugu eta historia ulertu behar dugu: hemen asimilazio prozesu bat egon da, eta, horren ondorioz, ezin dugu guk nahi dugun mundua eraiki”.

Uste dut begirada neoliberala bazter utzi behar dugula eta hizkuntzen dinamikak (batez ere, hizkuntza ez-hegemonikoak tartean badaude) zeharo konplikatuak, multifaktorialak eta abar direla aintzat hartu, edozein diskurtso edo gogoetari ekin aurretik. Baina gai honetan ere nik zalantzak ditut (eta zalantzak ebazteko modu bakarra iruditzen zait ekimen eta gogoeta kolektiboa izan daitekeela, adibidez, Nafarroan Topaguneak landu duen tankera honetakoa). Era berean, Barbarizatuak eta zibilizatuak liburuan Ibai Atutxak darabilen diskurtsoa ere kontuan hartuko beharko genuke.

4 / 140«Aurrekoa3456102030Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA