Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Azatzak 30: Ahotsak

2012-01-23  //  Azatzak  //  Iruzkin bat

30 azatz dagoeneko. Eta zenbaki borobiletan beti saiatu naiz azatz berezi samarrak egiten. Eta oraingoan ere hori egin nahi izan dut.

Ahotsak proiektu berezia da. Helburua Euskal Herriko herri hizkerak jasotzea da. Baina hori baino gehiago da. Herri-kulturan Euskal Herrian gauza asko egin dira, horietatik asko oso jasoak. Ahotsak-ek, ordea, dibulgazio nahia du hasiera-hasieratik. Eta hori igarri egiten da: bideo laburrak eskegitzen dituzte, interneten eta doan, eta lizentzia librearekin.

Une honetan 215 herri, 3788 hizlari, 5314 zinta, 35198 pasarte eta 9476 bideo daude. Kopuru potoloak denon eskura. Eta haziz jarraituko duen proiektua. Herri-kulturaren bidean.

Empowerment edo boteretzea

2012-01-19  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Imanol Minerri aspaldi aditu nion aintzat hartu behar genituela sexu askapeneko
mugimenduen irakaspenak. Eta horien artean bereziki empowerment delakoa (euskaraz ahalduntze edo jabetze moduan itzulita, baina ez naute asetzen). Asierrek erantzunean aipatutako boteretzeak, ordea bai, asetzen nau.

Zer da empowerment ba? Bakoitzaren gaitasunetan konfiantza lortzeko prozesua da jabetze edo ahalduntzea. Gurera etorrita, eta Imanolen berbak erabilita, (euskal) hiztunak duen hizkuntza esperientzia digeritu, arrazionalizatu, jabetzea litzateke. Eta esperientzia hori aldatzeko autoantolatu: hiztuna askatu, autodeterminatu, hiztuna ahaldundu / jabetu. Gay, lesbiana eta emakumeen mugimenduek euren buruak antolatu dituzte. Jasandako jazarpenaz jabetu dira eta antolatu dira. Bakoitzaren autoafirmaziotik abiatuta. Begirada hiztunarengan jarri behar dugu, hiztun autozentratuak sortu, euren gaitasunetan sinistuko dutenak. Euskaraz bizitzeaz harro daudenak.

Eta horretarako, Imanolen berbak erabilita, armatu behar gara, baina ez teknologia militarrekin, inteligentzia emozionala, internet eta gisako beste teknologiekin baizik.

Txillardegi: agur eta ohore

2012-01-16  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Zapatuan hil zitzaigun Txillardegi. Soziolinguistikan murgiltzeko bitamina ezinbestekoak eman zizkidaten tx-ko gaitzizena duten bik: Txillardegik eta Txepetxek.

Baina nik baino hobeto beste hainbatek adierazi dute adierazi beharrekoa. Hona hemen nire aukeraketatxoa:

– Haiengatik gaude hemen: Xabier Mendiguren.

– Argiarena.

– Euskaltzainik osoena: Iñaki Petxarroman.

– Txillardegi 1961an: Euskaraz ostia blogean.

– Txillardegiren azken elkarrizketa Berrian.

– Ahotsak-eko kideek egindako elkarrizketa.

– Somewhere in the mountains: Patxi Larrion.

Eguneraketa: Klusterrekoek Txillardegiren inguruan idatzitakoa. Zinez merezi du. Agur Txillardegi.

Baina onena: berak idatzitakoa irakurtzea: Bat aldizkarian idatzitakoak, adibidez. Mamia eta grazia.

Agur eta ohore!

Azatzak 29: dantzan

2012-01-12  //  Azatzak  //  Iruzkin bat

29 azatz dagoeneko. Hasieran zerrenda luzea egin nuen eta hortik tiraka ibili naiz orain arte. Eta hasieratik zerrenda horretan zegoen dantzan.com. Baina … azatza heldu denerako webgunea itxita (hobe esanda, eguneratu barik) dago. Baina erabaki dut aurrera jarraitzea, oraindik orain webguneak egindako bidea eredugarria izan delako (eta espero dezagun hemendik aurrera ere eredugarria izaten jarrai dezan).

Eguneratuta: urriaren 1etik aurrera, berriro martxan. Zorionak!

10 urtez dantzan jarri gaituzte, sarean dantzan jarri gero plazetan dantza egiteko. Tradizioa eta gauza berriei irekia, transmisioa eta abangoardia. Dantzari buruz dantzan. Eta hori guztia euskara hutsez. Eta
ez hori bakarrik. Dantzaren munduan euskaraz zer eta hegemoniko, oso arlo gutxitan pasatzen dena. Bidea erakutsi dute. Bidea egiten jarraitu dezaten.

Hegemonia

2012-01-09  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Aspaldi aipatu nuen Allartean bloga Garaigoikoan. Aspaldi neukan haren pista galduta. Eta egun hauetan aurkitu dut berriro. Blog interesgarria da Allartean, hizkuntza normalizazioaren ikuspuntutik. Eta eduki landuak ditu. Horietako batzuk ekarriko ditut hona hurrengo asteetan.

Momentuz, lehena hegemoniari buruzkoa. Nik ere bere garaian aipatu nuen gaia, baina Allarteanen askoz landuago agertzen da.

Bastardas irakasleak subsidiarietate-printzipioaz hitz egiten du; hau da, hizkuntza lokal batean egin daitekeen guztia ez dadila egin hizkuntza globalago batean. Ideia honi bigarren zutabe bat gehitzen dio: hizkuntza lokalei funtzio esklusiboak eta eraginkorrak (funcions exclusives) ematea (hemen). Beste era batera esanda: (a) hiztunek hizkuntza lokala ahalik eta egoera gehienetan erabiltzeko aukera izan behar dute, (b) hizkuntza lokala, hainbat egoeratan, beharrezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere izan behar da.

Mikel Zalbidek “euskaldunak euskaldunekin euskal-giro sendoan bizi diren lekuak” aipatzen ditu eta arnasgune deitzen die (hemen, adibidez). Oinarrian Fishman-en ideia hartzen du: “physical breathing space, demographically concentrated space where Xish (gurean euskara) can be on its own turf, predominant and unharassed”.

Jon Sarasuak, ordea, hegemonia hitza defendatu izan du: lurralde hegemoniko bati buruko debatea ukatu gabe, gune hegemonikoak sortzeko eta zabaltzeko beharra ikusten du: euskaraz bizitzeko eta sortzeko balio diguten gune hegemonikoak sortzeko
eta zabaltzeko beharra ikusten du, eta auto-eraketa aldarrikatzen du horretarako; batez ere hiru arlotan: hezkuntzan, hedabideetan eta kulturgintzan (hemen).

Txepetxek botere linguistikoaren birbanaketa aldarrikatzen zuen: botere politikoak botere linguistikoari erantzutea, alegia.

Azatzak 28: entzun musikazuzenean

2012-01-03  //  Azatzak  //  Iruzkinik ez

Lankide batek (aupa Mikeldi!) proposatu dit 28. azatza. Badakizue, nahi izanez gero, ez dago arazorik azatzak proposatzeko.

Musikaren inguruko hiru ekimen dira Mikeldik proposatutakoak:

– Entzun.com: euskara hutsezko lehen musika-aldizkaria izan zen. Urteak aurrera joan ahala, euren burua birziklatu behar izan dute. Baina gaur-gaurkoz musikari buruzko euskara hutsezko webgunea dute eta abenduan disko-liburua plazaratzen dute urtero-urtero. Webgunea gainera orain
dela gutxi berritu dute eta maiztasun handiz berritzen dute.

– Musikazuzenean: ekimen hau berriagoa da. Euskal Herrian egiten diren kontzertuen berri eman gura du webguneak. Hori bai, euskara hutsez. Baina ez du bakarrik kontzertuen berri eman gura. Kontzertuetan zer gertatu den, egindako argazkiak, bideoak eta abar plazaratzen ditu, eguneratzen ditu. Eta, gainera, edonork har dezake parte bertan.

– Bidehuts: autogestioa oinarri, diskoak talde batzuen artean egin, grabatu, banatu eta saldu egiten dute. Diskoak egiteko plataforma da bidehuts. Bide berriak aztertu eta probatu behar dira garai hauetan diskogintzan eta bidehutsekoek asmatu dutelakoan nago.

Ez dugu nahi

2011-12-28  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Intsumisioaren inguruko liburua egin du Edurne Elizondok. Liburu horretan behin eta
berriro aipatzen da desobedientzia gaur egun ere hainbat arlotan erabilgarria eta baliagarria dela: ekologian, independentziaren alde, bazterketaren kontra, …

Baten batek ere euskara aipatzen du. Egia esateko ez dute zehazten euskararen kontuan zelan erabili desobedientzia. Baina hori interpretatzeko lizentzia hartu dut nik.

Egunerokoan euskaldunok hainbat esparru daukagu desobeditzeko. Lehen berba euskaraz egiten dugunean, fakturak eta abar euskaraz eskatzen ditugunean, ordenagailuak euskaraz konfiguratzen ditugunean, … Milaka adibide txiki daude: eta denak dira garrantzitsu. Gugandik hasi behar duelako euskaraz bizi gura dut leloak. Gainera, desobedientzia hori egunero gauzatzeko ikastaroak eta teknikak izan badira.

Desobeditu, beraz.

Azatzak 27: Azpeitiko kultur mahaia

2011-12-22  //  Azatzak  //  Iruzkinik ez

Azpeitiko kultur mahaia dugu azatzetan 27.a. Mahai hau 2006an sortu zen, Azpeitian. Hiru helburu jarri zizkion bere buruari: San Agustin kulturgunea sortzea, kultur egutegi bateratua egitea eta kultur hedabideak sortzea.

Sanagustin kulturgunea 2011ko uztailean jarri zen martxan. Lapikue webguneak ere martxa polita darama eta kultur egutegi bateratua aspalditxotik da errealitate Azpeitian. Eta hori guztia auzolana erabilita eta euskaraz.

Herriko kultur talde guztien artean hausnartu, adostu, planifikatu eta egin. Eta bitartean herri aginteekin elkarlana bilatu eta aurkitu. Eredua beste herrientzat, duda barik.

Sozioliguistika berripapera: 34. alea

2011-12-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

34. zenbakia / 2011ko abendua

Word
dokumentua
/Pdf
formatua

SOZIOLINGUISTIKA
KLUSTERRA

“NERABEAK, INTERNETEKO SARE SOZIALAK ETA EUSKARA” PROIEKTUAREN EMAITZAK ZABALDU DIRA.

Soziolinguistika Klusterra eta Kultur Kabia-Topagunea
elkarlanean aritu gara nerabeak, sare sozialak eta euskara gaien
inguruan. Kultur Kabiak nerabeei zuzendutako hainbat aisialdi programa
kudeatzen ditu. Programa hauetako bakoitzak bere ezaugarri
bereizgarriak baditu ere, denetan erabiltzen dira interneteko sare
sozialak nerabeen arteko
harremanak eta nerabeek programaren arduradunekin dituztenak
ahalbidetzeko. Interneteko sare sozialena fenomeno berria izanik eta
adin-tarte jakin batzuetan duten arrakasta kontuan harturik,
interesgarri ikusten da tresna hauei ematen zaien erabilera hobeto
ezagutzea. Izan ere, aurrera begira euskara sustatzeko baliabide
eraginkorra izan litezke, egoki erabiliz gero.

Hau guztia kontuan izanik, hurbilpen gisa balio dezakeen esperientzia bat burutu da ondorengo bi helburuekin:

  • Batetik, aisialdi programetan sare sozialen bidez nerabeen euskararen erabileran eragitea
  • Eta beste alde batetik, hizkuntza-portaeratan sare sozialen bidez eragiteko esku hartzeen baliagarritasuna aztertzea

Egitasmoaren ezaugarriak, emandako urratsak eta lortutako emaitzak bilduta daude helbide honetan: http://www.soziolinguistika.org/nerabeaksaresozialak

Beste erreferentzia batzuk:

Zuzeu

Berria

Deia (Juanra Madariagaren iritzi-artikulua)

Etb1 (Arratsaldero programan, 2:18tik aurrera)

ERALAN LAN-TOPAKETAK BURUTU DIRA HUHEZIN

Soziolinguistika Klusterraren EraLan proiektuaren
testuinguruan, lan-topaketak burutu ziren Eskoriatzako HUHEZIn
abenduaren 1 eta 2an. Lehen egunean EraLan proiektuak 2012-2013an
jorratu nahi dituen ikerketa-ildoen inguruko ekarpenak egin zituzten
hainbat hizlarik:

  • Maite Artola (Euskadi Irratia): “Kazetariaren begirada kritikoa: lider sozialen hizkuntza portaerak aztergai”
  • Mari Luz Esteban (EHUko Antropologia Saila): “Jabekuntzaz feminismotik hausnartzen”
  • Julen Arexolaleiba (MU Huhezi): “Euskalgintza: adostasunen sakontasunaz gogoeta egiteko gonbita”
  • Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohia: “Nire lekukotza”

Bigarren eguna, proiektuak emandakoaren gainean hausnartu eta aurrera begirako ildoak zehazteko baliatu zuten EraLanen biltzen diren eragileek.

Informazio gehiago:

http://www.soziolinguistika.org/eu/node/5334

KUTXA ETA HABEK HIZARMEN BANA SINATU DUTE SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAREKIN.

Kutxa Fundazioko ordezkari Carlos Ruizek eta Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Jaime Altunak 2011rako lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren bidez, Kutxak Euskal Soziolinguistika Jardunaldia, EraLan proiektua eta hizkuntza ekologiari buruzko 2011ko EHUko udako ikastaroa diruz babesteko konpromisoa hartu du.

HABErekin, berriz, abenduaren 16an sinatu zuen lankidetza hitzarmena Klusterrak. Hitzarmen horri esker HABE Liburutegia
Soziolinguistika Klusterraren bibliografia eta dokumentazio
hornitzaile izango da euskara, soziolinguistika eta eleaniztasunaren
esparru zientifikoetan. Klusterrak, HABE Liburutegiko funtsaren
berri emango du bere sarean. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza
Politikarako Sailburuorde Lourdes Auzmendi eta Soziolinguistika
Klusterreko kudeatzaile Ibon Usarraldek sinatu zuten hitzarmena.

Informazio gehiago, Lourdes Auzmendiren blogean.

http://www.soziolinguistika.org/eu/node/5345

http://www.soziolinguistika.org/eu/node/5304

KLUSTERRA JAGON ETA ESKOLA HIZTUN BILA JARDUNALDIETAN

Pasa den azaroaren 11n Euskaltzaindiaren XVI. Jagon jardunaldiak burutu ziren Gasteizko Artium museoan. Hainbat aurkezpen eta mahai-ingururen bidez, Arabatik Arabara euskaraz izenburupean
euskarak lurralde honetan izandako bilakaera, gaurko egoera eta
aurrera begirako egitasmoen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko
parada izan zuten
bertaratutakoek.Euskaltzaindiaren webgunean
daude eskuragarri saio guztien edukiak. Aurrerago, Euskera
aldizkariaren ale monografiko bat jardunaldietan jorratutakoari
eskainiko zaio.

Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altuna Arabako kaleetan ematen den euskararen erabileraz mintzatu zen. Horretarako oinarri gisa Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketaren
emaitzak erabili zituen. Alde batetik, orain arteko neurketetan ikusi
izan den bilakaeraren errepasoa egin zuen; baina horrez gain,
primizia gisa 2011n egindako neurketa berriaren zenbait datu aurreratu
zituen.

Beste alde batetik, aurtengo Eskola Hiztun Bila jardunaldiak azaroaren 14 eta 15ean izan ziren Gasteizko Europa Jauregian. Hainbat aztergairen inguruko saio eta aurkezpenak izan ziren bi egunetan zehar. Hauen artean, Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolak, ARRUE ikerketaren 7 urteko ibilbidean ateratako zenbait ondorio aurkeztu zituen, eskola-giroko
hizkuntza-erabileraren inguruko hausnarketan baliagarri izateko helburuarekin. Saioan erabilitako aurkezpena eskuragarri dago hemen.

15 urte betetzen dira aurten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren barruko Euskara Zerbitzuak Ulibarri programa
martxan jarri zuela. Programa horren bidez, euskararen normalizazioa
bultzatu nahi da hezkuntza komunitatean eta une honetan 400 ikastetxe
inguru dira programan parte hartzen ari direnak.Ikasturte
bakoitzaren hasieran bi eguneko Jardunaldia burutu ohi dute, Eskola Hiztun Bila
izenburupean.

SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA HAMAIKA TELEBISTAN

Hamaika Telebistako Hamaika.Bit
programak teknologia berrien inguruko gaiak lantzen ditu. Azaroaren
amaierako saioan, Soziolinguistika Klusterraren inguruko erreportaia
egin zuten. Alde batetik www.soziolinguistika.org
webgunea berritu izanak ekarritako aldaketei buruz jardun zuten.
Klusterrak bere lanaren berri emateko webgunea eta interneteko sare
sozialak nola erabiltzen dituen azaltzen da erreportaian. Eta beste
alde batetik, 2011 urtean zehar Bilbon Nerabeak, Interneteko Sare Sozialak eta Euskararen inguruan egindako proiektuaren xehetasunen gaineko interesa ere azaldu zuten.

Azpiko loturako bideoan, 13. minututik aurrera ikus daiteke erreportaia.

http://www.hamaikabilbo.tv/saio.php?nid=3996&edumota=14639

http://www.soziolinguistika.org/eu/node/5330

EKIMENAK

“HAUR
HEZKUNTZAREN GARRANTZIA EUSKARAREN JABEKUNTZAN ETA GARAPENEAN”
JARDUNALDIA EGIN ZEN DONOSTIAKO MIRAMARREN, KONTSEILUAK ANTOLATUTA

Abenduaren 16an, Donostiako Miramar Jauregian
burutu zen, Kontseiluak hezkuntza eta hizkuntza-normalkuntzari begira
antolatzen duen seigarren jardunaldia. Bi gai horiek lotzen dituzten
hainbat saiok osatu zuten egitaraua.

Informazio gehiago:

Kontseilua

Hazitegi-MU

EUSKARAZKO HEDABIDE EZ
PUBLIKOAK BERRIRO BATU DIRA, AURREKONTU PUBLIKOETAN SEKTOREAK BEHAR ETA
MEREZI DUEN ISLA IZAN DEZALA ESKATZEKO.

Hurrengo urteko aurrekontuetan iragarritako murrizketen aurrean
larriturik, bederatzi hilabeteren ostean berriro batu dira 80 hedabide
baino gehiago aldarrikapenean. Egoeraren irakurketa eta aurrera begirako
eskaerak biltzen dituen gutuna argitaratu zuten.

Informazio gehiago:

Berria

HITANOA ONLINE IKASTEKO AUKERA IZANGO DA URTARRILETIK AURRERA

Maramara* taldeak hitano ikastaroa antolatu du, online, 2012 urte hasierarako. Urtarrilaren 9an ekingo zaio eta 14 asteko iraupena izango du 40 orduko ikastaroak. Online ikastaroa Hitanoa. Mintza hadi lagun!
ikasliburuan oinarrituta dago, eta liburuko ariketak eta berariaz
sortutako beste batzuk txertatu dituzte. Izan ere, izena ematen
dutenek aipatutako liburua jasoko dute opari. Ordenagailuz egiteko
ariketez gain, tutorearekin mintza-saioak ere egingo dira Skype bidez.

Gainera, ikastaro hau jada egina duenarentzat, Skype bidezko mintzapraktika saioak ere eskainiko dira; ordubeteko 10 saio, hain zuzen ere. Abenduaren 31 arte eman daiteke izena, Hitanoa izeneko webgunean. Webgune horretan, ikastaroei buruzko informazio gehiago ere eskura daiteke. Gainera, ariketen adibide batzuk ere entzun daitezke.

Informazio gehiago:

Berria

Erabili.com

ALBISTEAK

ANTON ABBADIA SARIA BAGERA ELKARTEAREN MINTZALAGUNA EKIMENARENTZAT

Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen
erabilera ardatz hartuta, hizkuntza-nomalizazioa sustatzeko ekimen
eredugarritzat duelako eman dio saria Mintzalaguna
egitasmoari. Sari-banaketa abenduaren 16an burutu zen eta, besteak
beste, Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Zigor Etxeburua euskara
zuzendari nagusiak parte hartu zuten.

Anton Abbadia sariak, 1996an sortutakoak, euskararen
normalizazioaren alde nabarmendutako pertsona eta elkarteen jarduna
saritu nahi du.

Mintzalaguna 1993an sortu zen, euskara ikasleei
euskaraz egiteko aukera egiteko asmoz: euskara ikasten ari ziren
herritarrak eta euskaldunak astean behin elkartzen ziren kalean, toki
publikoaren batean, euskaraz hitz egiteko. Geroztik, bide beretik
jarraitu du Bagera elkarteak, eta horri esker, ehunka herritarrek
euskaraz egiteko ohitura hartu dute. Donostian ez ezik, Euskal Herri
osoan.

Informazio gehiago :

Irutxuloko Hitza

Gipuzkoa Euskara

BIKAIN ZIURTAGIRIAK BANATU ZITUEN EUSKO JAURLARITZAK

Azaroaren 30ean egin zen 2011ko Bikain Ziurtagiriak emateko ekitaldi publikoa, Bilboko Guggenheim Museoan

19 enpresa eta erakundek beste horrenbeste Bikain ziurtagiri jaso
zituzten, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren, Lurdes
Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordearen, eta Nuria López de
Gereñu, CONFEBASKeko idazkari nagusiaren eskuetatik.
Aurten ebaluazioetan parte hartu duten 86 ebaluatzaileak ere aitortuak izan ziren, egindako lanagatik.
Guztira uneotan 93 erakundek dute Bikain ziurtagiria.

Informazio gehiago:

Bikain (argazki eta bideoak)

Erabili.com

Gipuzkoa Euskara

EUSKARAREN KONTSEILUA EUROPAKO KONTSEILUKO AHOLKU BATZORDEAREKIN BILDU DA.

Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoaren
Batzordearekin bildu da Kontseiluko idazkari nagusia Madrilen. Paul
Bilbaok gogor salatu du Espainiako Estatuaren jarrera Adituekin egindako
bileran: “Lotsagarria da orain arte egindakoa, eta bazen garaia gure
ahotsa ere presente izan zezaten Adituek”. Bilbaok adierazi duenez,
Adituak berak jarri dira euskaldun, katalan eta galegoekin
harremanetan haien iritzia jasotzeko, Estatuak ez duelako orain arte
borondaterik izan hizkuntza gutxituen iritzia izan zezaten.

Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak Euskaldunon Egunkariaren aurkako auzia ere jarri du mahai gainean; izan ere, lehen ebaluazioan Adituek kezka agertu zuten Egunkariaren
itxieraren inguruan eta Estatuak entzungor egin zien kezkei:
“Horretan ere ikusi ahal izan dugu Estatuak ez duela aurpegia eman
nahi izan, eta ez da gai izan Egunkariaren aferarekin zer gertatu zen azaltzeko”. Hala ere, Bilbaok gogorarazi nahi izan du auzi bat oraindik
epaitegietan dagoela.

Kontseiluko, CIEMEN erakundeko eta A MESAko
ordezkariek positiboki baloratu dute bilera eta eskerrak eman
dizkiete Adituei haien ahotsa helarazteko aukera eskaintzeagatik:
“Suposatu nahi dugu Adituek prestatu behar duten txostenean gure
kezkak eta eskaerak jasoko dituztela, eta ondorioz, Estatuak beste
modu batez erantzun beharko duela hurrengo
ebaluazioan”, ondorioztatu du Paul Bilbaok.

Informazio gehiago:
Erabili.com

IRITZIAK
  • Euskara Nafarroan: Euskararen normalizazioa, herritarren esku- Oskar Zapata, Paula Kasares, Sagrario Aleman (Larrun aldizkaria)
  • Espainiara al datoz etorkinak?- Petra Elser (Gipuzkoako Hitza)
  • Euskara (berriz) etxekotzea gurasoen esku- Paula Kasares (GipuzkoaEuskara)
  • Euskararen trenen talka- Iñaki Martinez de Luna (Argia)
  • Hizkuntza-hautua eta 1982ko Euskararen Legea- Pako Sudupe (Berria)
  • Bakoitzari berea- Iñaki Lasa
  • Etxean nagusi- Roberto Manjon

Irakurgaiak: Babeli gorazarre

2011-12-19  //  Irakurgaiak  //  3 iruzkin

Aspalditxoan nire blogeko irakurle batek iradoki zidan Babeli gorazarre liburua leitzeko. Liburu potoloa da eta kostatu zait liburuari oratzea. Baina azkenean egin dut eta gustura geratu.

Harritu egin nau liburuak. Mardula espero nuen, baina ez nuen uste han
esaten zirenekin horren ados egongo nintzenik. Den-dena ez dut begi onez ikusten,
jakina, baina tira.

Erabilera
erdigunera eraman behar dela esaten digu behin eta berriro Patxik,
erabilera erdigunera. Aspalditik aldarrikatzen ari garena. Legeen mugez
eta abarrez ere mintzo zaigu, legea eta gizartearen arteko erlazioez,
euskaldunen izateko gogoaz, bizitzeko gogoaz. Transmisioaz, hizkuntza
politikaz eta abarrez. Esan bezala, mardula bezain mamitsua baita
liburua.

Liburuak
merezi du, merezi duenez. Baina akaso mardulegia da, nire ustez.
Diskurtso indartsua eta ondo eramana darabil, baina batzuetan sasietan
galdu egiten da. Gainera, espainiarrek esaten dutenari (hizkuntza komuna
eta abar) erreferentzia lar egiten dizkio. Jaramon gutxiago
egin behar zaie hauei. Nire ustez.

Utopia
eta errealitatea, diglosia iraunkorra, funtzioen banaketa, … aipatzen
ditu. Baina askotan hauek entzun ostean, galdera bat datorkit burura:
badira diglosia aldarrikatzen dutenak (Baztarrika, Zalbide batez ere),
esparruak ere definitzen dituztenak (Fishmanen auzo-gertuko
komunitatea), baina horietara iristeko bideak aipatu gutxi aipatzen
dituzte. Edo, hobeto esanda, orain gutxira arte ardura kargu
garrantzitsuak izan badituzte ere, kargu horietatik diglosia horretara
iristeko zer bide jarri dituzten martxan?

Baina aho zapore gozoa utzi dit liburuak. Besterik espero banuen ere.

94 / 140«Aurrekoa10203093949596100110120Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA