죽을래? Derrigorrez ikusi beharreko thriller korearrak
Artikuluarekin hasi baino lehen aitorpen bat; munduko edozein txokotako filmak ikustea gustoko dut, Irak, Danimarka, Mexiko ala Ingalaterra,edozein. Baina ez dakit zer gertatzen zaidan ekialdeko zinemarekin, nire garunak muga antzeko bat sortzen baitu hauen aurrean. Beraien kulturari loturik daudela badakit, baina gehienetan interpretazioak gehiegizkoak eta neurri gabekoak iruditzen zaizkit.
Bestalde ekialdeko zinemaren itsaso zabal horretan, bada oso gustuko dudan irla bat: thriller korearrak. Azken urteotan, Hego Korea izan da pelikularik interesgarrienak egin dituen herrialdeetako bat; bereziki, genero fantastikoan eta thrillerretan. Ezagunak dira biolentzia esplizituki agertzeko duten zaletasunagatik baina baita humore beltzarekin nahasteko duten ahalmenarekin. Askotan esan duzuen esaldi hau “sekulako nagitasuna sortzen dit Asiako filmak ikustea”, nik ere behin baino gehiagotan errepikatu dut, beraz sinistu iezadazue thriller korear hauek, desberdinak direla esaten dudanean. Gidoi borobilak, biolentzia esplizitua, teknikoki bikainak, humore beltza, gidoi-biraketa harrigarriak, interpretazio paregabeak (kontrapuntu gisa, film guztietan bada “pailazo” edo humore puntu bat jartzeko gaitasuna duen pertsonaien bat, beti).
Hori dela eta, barneratu zaitezte nirekin herrialde eta genero konkretu honen munduan, ziur nago harritu egingo zaretela:
Memories of Murder (Salinui chueok)
( 2003, Bong Joon-ho)
2003 urteko Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren saria eraman zuen. 1986 Hego Korea, neska gazte bat bortxatua eta hilik azaltzen da. Bi hilabete geroago “modus operandi” berdinarekin hildako gehiago azaltzen dira. Hortik aurrera hasiko da bi detektiberen istorio gogor, ilun eta astun hau. Thriler bikaina humore beltz ukitu zoragarriekin. Gidoia, interpretazioak, argazkia,musika…ezingo nioke “baina” bakar bat jarri film paregabe honi. Ezinbestekoa.
A bittersweet life (Dalkomhan insaeng)
( 2005, Kim Jee-woon)
Basatia eta zoragarria era berean. Izkina guztietatik zine beltza jariatzen duen film bikaina.
The Chaser (Chugyeogja)
( 2008, Na Hong-jin)
Tentsioz beteriko thriller gupidagabea. Istorio barruan murgilduak izan gaitezen, sekulako ahalmena duen gidoia. Aurre ikusi ezin daitekeen trama sendoa. Sabelera ukabilkada lehor eta mingarria. Oso gomendagarria.
The Yellow Sea (Hwanghae)
( 2010, Na Hong-jin)
Momentu batzutan luze xamarra izan arren thriller-sozial ahaltsu baten aurrean gaude. Atmosfera nahasi eta iluneko film paregabea.
A Dirty Carnival (Biyeolhan Geori)
(2006, Ha Yu)
Nahiko originala eta sinesgarria. Aktore guztiak bikain. Gidoia topikoz betea egon arren nahiko sendoa eta eraginkorra. Borroka sekuentzia ikusgarriak, gordinak eta urduritasun puntu batekin errodatuak.
I saw the devil (Akmareul boattda)
(2010, Kim Jee-woon)
Bortitza, gogorra , odoltsua eta gordina . Gogoangarria bi protagonisten arteko duelua. Erokeria, mendekua eta heriotzari buruzko film bikaina eta ezinbestekoa.
The Man from Nowhere (Ajeossi )
(2010, Lee Jeong-beom)
Muturrera eramandako pertsonaiei buruzko istorioa. Akzioz eta erritmoz beterikoa. Thriller zorabiagarria eta bikaina.
Mother (Madeo)
(2009, Bong Joon-ho)
Memories of murder filmaren ildo beretik doan lan bortitza eta izugarria. Genero nahasketa (komedia/thrilerra) bitxi batekin hainbat momentutan tokiz kanpo uzten gaituen pelikula. Zoragarria eta bitxia Hye-ja Kimen interpretazioa, azaltzen den bakoitzean pantaila xurgatzeko gaitasuna duena.
Breathless (Ddongpari)
( 2009, Yang Ik-june)
Familia barneko biolentziaren jatorria eta ondorioak jorratzen dituen film sendoa. Basatia baina hainbat film korearretan errepikatzen den bezala humore puntu bitxi batekin nahasia.
No Mercy (Yongseoneun Eupda)
( 2010, Kim Hyeong-joon)
Ezinbesteko thrilerra. Gidoi aldetik hainbat biraketa eta sorpresaz beterikoa. Ohikoa den bezala, maltzurra eta odoltsua. Teknikoki aparta.
The Vengeance trilogy
Sympathy for Lady Vengeance /Sympathy for Mr Vengeance/Oldboy
(Park Chan-wook 2002-2003-2005)
Park Chan-wook zuzendariak hainbat muga hautsi zituen hiru film hauekin, baita buruak ere (metaforikoki eta literalki). Oldboy, dudarik gabe beste bi filmen gainetik dagoena, gomendagarria halere hirurak ikustea.
Hasieran aipatu dudan bezala, film asko dauzkat oraindik zintzilik, beraz eskertuko nizueke beheko iruzkinean proposamen gehiago tartekatzen badituzue.
Nahiz eta azken urteetan gainbeheran egon Hong Kong-eko akziozko zinema gehiago gustatzen zait. Hori bai, Bong Joon-ho-ren pelikulak asko gustatzen zaizkit, batez ere, The Host.
THE HOST zoragarria! Guztiz ados!