Ohoreari buruzko parabola
Gomendioak luzatzeko erabiltzen dut normalean blog hau, baina kasu honetan, Ander izeneko irakurle batek proposaturiko film bat ikusteko aukera izan dut. Japoniako zinema independente berriaren ziklo barruan dagoen, Bashin hain zuzen ere.
“Pelikula gogorra benetan. Ikusteak merezi du” esan zidan , eta halaxe izan da. 2004ko apirilean Irak-en terrorista islamiar batzuek, hiru aktibista japoniar bahitu zituzteneko benetako istorioan oinarritua. Kasu honetan, protagonista, Yuko dugu, Ekialde ertainean bahiturik egon ostean, aske utzi eta Japonera itzultzen den borondatezko lankide bat. Baina kalbario hori ez da askatasun horrekin batera amaituko. Etxera bueltatzen den momentuan, lagun eta bizilagunengatik guztiz baztertua sentitzen denean baizik.
Momentu horretatik aurrera bihurtzen da filma, ohoreari buruzko parabola harrigarri bat. Hortxe loratzen delako batez ere, Ekialde eta Mendebaldearen artean existitzen den amildegi sakon horren erakustaldia. Ander-ek esan bezala hortxe agertzen da gogortasun hori, azalean ikusten dugunaz haratago, azpigeruza interesgarri gehiago agertzean.
Protagonista horren sentimenduekin loturik, Kobayashi-k modu bikainean erabiltzen duen beste elementu bat kokalekua da. Yukoren etsipen sentimendu hori paisaia monotono eta lehor horiekin talka egin beharrean, eskutik doazelako film osoan zehar, irmoki loturik. 35mm proiektatu izanak gainera, izugarri laguntzen du tristura horretan murgiltzen.
Gerturatzea merezi duen lan gogor eta interesgarria. Arazo horri, zuzenean begietara begiratzen diolako. Masahiro Kobayashi-ren filmografia gertutik jarraituko dut hemendik aurrera.
Saila: Atzera begirako tematikoa: ‘Japoniako zinema independente berria 2000-2015′
BASHING
Urtea: 2005
Zuzendaria: Masahiro Kobayashi
Aktoreak: Fusako Urabe, Nene Ohtsuka, Takayuki Kato, Kikujiro Honda, Ryuzo Tanaka, Teruyuki Kagawa
Japonia
82 minutu.
Pozten naiz Bashing gustokoa izatea. Egia da mendebaldeko ikusle batentzat harrigarria izatea bahitua denak bere herrian jasatzen duen mesprezua, lotsa nazionalaren erantzule bezala. Gero, plano luzeek, hitz apurrek eta paisaiak bakartasun horren laguntzaile dira.
Aspaldi ikusi nuen filma da Allzine-ko lagunei esker.
Aurrekoan gomendatu bezala, aukera baduzu (ez da eereza izango), H Story ikusi (Irailak 23, 16:15). Seguruenik Zinemaldi osoan emango duten film onena. Eta gustoko baduzu, Nobuhiro Suwa-ren filmografia ikusten jarraitu, bere hurrengo lanak oso ederrak dira eta. Hori bai, kasu honetan, tamalez, ezingo da bere formatu originalean disfrutatu, 35mm-tan.