2015eko telesail eta miniserie onenak
Urteroko tradizioa jarraituz, hementxe nator, pantaila txikiak azken 12 hilabete hauetan eman duen onenarekin. Aurtengoa, oparoa, interesgarria eta desberdina iruditu zait. Beste behin, AEB-ko mugetatik kanpo, ekoizpen zoragarriak deskubritu ditut, kasu askotan hauen maila gaindituz. Umorea, drama, akzioa, suspensea eta batez ere, astekarian aipatu nuen bezala, baliteke -ikusi beharko dugu nola jarraitzen duen bigarren denboraldiak- telesailen historian sormen iraultza eragin duten talde esklusibo horren kide berria aurkitu izana. Azkeneko aste hauetan bestalde, lehen postu hori berreskuratzeko dueluan, arerio oso gogorrak azaldu direla ere esan behar dut.
Aitortu beharra daukat bestalde, kosta egin zaidala, zerrenda 30 tituluetara soilik murriztea, hainbat telesail on utzi behar izan baititut kanpoan, baina tira...
Hementxe, 2015eko 30 telesail onenak!
30- The Hundred Code
Suedia
Sortzailea: Jonathan Sjöberg
Aktoreak: Michael Nyqvist, Dominic Monaghan, Felice Jankell, Charlotta Jonsson
Atal kopurua: 12
Suedia eta AEB-en arteko ekoizpena. Tommy Conley polizia, urte baina gehiago darama, New York hiriko serie-hiltzaile baten atzetik. Denbora luze baten ostean, arrasto berri bat azaldu da, baina kasu honetan Suedian. Bertan, erretiroa hartzeko zorian dagoen Mikael Eklund poliziarekin elkarlanean aritu beharko du, hiltzailea harrapatzeko helburuarekin. Protagonistak Michael Nyqvist (Millenium) eta Dominic Monaghan (Lost telesaileko Charlie ahaztezina)
Lehen atalak, zirraragarriak eta oso entretenigarriak. Bi hizkuntza eta bi herrialde desberdinetan errodaturiko hainbat telesailetan gertatzen den bezala, pertsonaien arteko liskar kultural horiek, hasieratik azaltzen direlarik. Hainbat uneetan, beharrezko umore puntu bat emanez. Egotzi behar zaiona dena den, atalak pasa hala, irregulartasun apur bat sumatzen dela eta batez ere zehaztasun falta txiki bat. Nire gusturako, amaiera “irekiegia” emanez. Dena den, thriller interesgarria, erraz ikusten dena eta genero honen zaletu izanez gero, derrigorrez ikusi beharrekoa.
29- The Enfield Haunting
Ingalaterra
Sortzailea: Kristoffer Nyholm
Aktoreak: Timothy Spall, Matthew Macfadyen, Rosie Cavaliero, Fern Deacon, Juliet Stevenson,
Atal kopurua: 3
1977 urtean kokatua. Protagonista, Maurice Grosse, ikerketa paranormaletan ibiltzen den tipoa. Enfield (Londres) izeneko auzoan kokaturik dagoen etxe batek izugarri markatuko du. Bertan, inoiz bizi izan ez dituen gertaera paranormalak jasango baititu. Generozko istorio dotorea eta desberdina.
28- Black work
Ingalaterra
Sortzailea: Matt Charman
Aktoreak: Sheridan Smith, Honor Kneafsey, Matthew McNulty
Atal kopurua: 3
Denboraldiak: 1
Britainia Handitik datozkigun telesailak kalitatezkoak, motzak eta biziak direla frogatzen duen beste telesail baten aurrean gaude: Black Work. Istorio honen protagonista nagusia, Jo Gillespie (Sheridan Smith) dugu, kasu arriskutsu batean infiltraturik dagoen polizia batekin ezkondua. Hortik aurrera, engainuak eta gezurrak sartuko dira tartean. Arratsalde euritsu batean, oso-osorik ikusteko telesail aproposa.
27- The Book of Negroes
Kanada
Sortzailea: Clement Virgo
Aktoreak: Aunjanue Ellis, Cuba Gooding Jr., Louis Gossett Jr., Lyriq Bent, Ben Chaplin, Stephan James, Shailyn Pierre-Dixon, Tenika Davis, Greg Bryk, Jane Alexander, Allan Hawco, Nondumiso Tembe
Atal kopurua: 6
Denboraldiak: 1
Lawrence Hill-en liburu famatuaren egokitzapena. Aminata Diallo-ren istorioa kontatzen digun telesaila. Umea zela bahitu eta esklaboen salerosketa batean saltzen duten afrikar emakume bat. Askatasuna berreskuratzeko borroka horretan, South Carolina-tik, New York, Nova Scotia, Sierra Leona eta Ingalaterraraino eramango dute. Traba bakarra, hainbat uneetan telefilm usaina nabaritu diodala. Saihestezina bestalde, Roots telesail ezagunarekin konparaketa. Gogorra, baina merezi du ikusteak.
26- Humans
Ingalaterra
Sortzailea: Lewis Arnold, Samuel Donovan, China Moo-Young
Aktoreak: Gemma Chan, Jack Derges, Rebecca Front, Sophie Gooding, William Hurt,
Atal kopurua: 8
Denboraldiak: 2 (Bigarrena 2016 urtean estreinatuko da)
Äkta människor, telesail zoragarriaren remake-a. Jatorrizkoa -Suediarra- biribilagoa iruditzen zaidan arren, oso ongi moldatu dutela uste dut. Gizakiak eta Hubot deritzen robotak elkarrekin bizi diren orainaldi alternatiboan kokatzen gaitu Humans telesailak; halakoetan ohikoa den cyberpunk estetikatik urrun hori bai. Familia gehienek etxeko lanak egiten laguntzeko daukate robot horietako bat. Klase borroka, xenofobia, maitasuna, bakardadea edota zahartzaroa ageri dira zorrotz aztertuak. Isaac Asimov edo Philip K. Dick-en kontakizunetatik edaten duen istorio zirraragarri honek ziur harrapatuko zaitu. Akzioa, umorea eta zenbait momentutan beldurra eta suspensea beharrezko dosietan banatzen ditu.
25-The Man in the High Castle
AEB
Sortzailea: David Semel
Aktoreak: Luke Kleintank, Arnold Chun, Alexa Davalos, Bernhard Forcher, Joel de la Fuente
Atal kopurua: 10
Philip K. Dick-en liburu batean oinarrituriko distopia batean kokatzen gaitu. Alemaniarrek eta Japoniarrek irabazi dute II mundu gerratea, hori dela eta AEB hiru zatitan banatua dago.
Egia esan hasierako atalak astun xamarrak iruditu zitzaizkidan, asko kosta zitzaidan erabat mugiltzea, baina behin istorioan barneratua oso ekoizpen interesgarria iruditu zait. Trama bi pertsonaiekin hasten da, bakoitza kosta batean, Joe New York hirian eta Jualinna San Frantziskon. Propaganda bideo baten erruz, beraien bideak elkar gurutzatuko dira. Obra bitxi hori, gazteluko gizon misteriotsu batena da. Inork ez daki nor den eta zein den zehazki bere helburua. Hortik aurrera, interesgarriena nire ustez, erregimen totalitario eta zapaltzailea baten menpe geratu den bizitza hori nola dagoen islatua. Bitxikeria entretenigarri eta kalitatezko bat ikusi nahi duenarentzat.
24- Doctor Foster
Ingalaterra
Sortzailea: Tom Vaughan
Aktoreak: Suranne Jones, Bertie Carvel, Thusitha Jayasundera, Tom Taylor,
Atal kopurua: 5
Denboraldiak: 1
Ustezko desleialtasun batek, sentimendu eta gezurrez osaturiko ekaitz kontrolaezin bat sortaraziko du. Gemma Foster-ek (Suranne Jones-ek antzeztua) bereganatzen du, istorioaren protagonismo nagusia, nabarmentzeko moduko interpretazio batekin. Baina tartean, bigarren mailako pertsonaiek eragingo duten zurrunbiloa, are zoroagoa bilakatzen dute trama nagusia. Kasu honetan, trama lineal klasiko bat erabiliaz baina, saihestezina “The Affair“ telesaila burura etortzea.
Egia da bestalde, azken txanpan, trama, eta batez ere, genero aldetik, desbideratu egiten dela apur bat telesaila, hasieran kontatu nahi ziguten hori zertxobait bat husten delarik.
Baina orokorrean, eta lehen hiru ataletan batik bat, ekoizpen zirraragarri eta oso entretenigarri bat ikusteko aukera izango duzue.
23- Unforgotten
Ingalaterra
Sortzailea: Tom Vaughan
Aktoreak: Suranne Jones, Bertie Carvel, Thusitha Jayasundera, Tom Taylor,
Atal kopurua: 5
Denboraldiak: 1
Telesail poliziako honen trama nagusia, orain 39 urte hil zuten mutil baten gorpuzkiak aurkitzean hasten da. 1976 urtean gertaturiko hilketa horren egilea aurkitzeko, bi polizia protagonistak Cassie Stuart (Nicola Walker) eta Sunil Khan (Sanjeev Bhaskar), ikerketa konplexu bati ekingo diote. Erantzunen bila diharduten bitartean, biktimaren familia eta susmagarriak diren pertsonak, ondorioak jasango dituzte. Pertsonaien iragana ikusiko dugu, orainaldiarekin tartekatuz. Ekoizpen entretenigarria eta gutxirekin asko eskaintzen duena. Ingalaterran aurten estreinatu diren telesail mordoen artean, aipagarrienetarikoa.
22- Daredevil
AEB
Sortzailea: Drew Goddard
Aktoreak: Charlie Cox, Deborah Ann Woll, Elden Henson, Rosario Dawson, Vincent D’Onofrio
Atal kopurua: 13
Denboraldiak: 2 (Bigarrena 2016)
2003 urtean estreinatu zuten film oso kaxkarraren ostean, Netflix kateak Daredevil telesaila estreinatu du aurten. Istorioa New York hirian kokatua dago, Avengers gertakizunen ondoren. Protagonista nagusia, Matt Murdock dugu, txikitako istripu baten ostean itsu geratu den abokatu bat. Ezbehar honek bestalde, gainerako zentzumenak nabarmen garatzea eragin zuenez, gauetan Daredevil ezizenarekin, krimenaren aurkako borrokan dihardu.
Erritmo bizikoa eta atalak pasa hala mailaz nabarmen igotzen den telesaila. Borroka sekuentzia guztiak modu bikainean koreografiatuak ageri dira, biolentzia maila nahiko altuarekin. Baina onena, gidoi aldetik oso sendoa iruditu zaidala, apenas nabaritu diodan ahuleziarik. Interneten asko zabaldu den esaldi batekin laburbiltzen dute askok telesail hau.: “ Daredevil, Nolan-en Batman izan zitekeena da eta Arrow telesailari gustatuko litzaiokeena“. Niri gehiegizkoa iruditzen zait baina tira, neurri txiki batean ados nago. Marvel-en ikus-entzunezko munduaren barruan, superheroi ilun eta sendoentzat tartea dagoela frogatzen duen telesaila, baina baita maila goreneko bilauak egin daitezkeela, zoragarria Kingpin (Vincent D‘Onofrio).
21- The Last Kingdom
Ingalaterra
Sortzailea: Peter Hoar
Aktoreak: Alexander Dreymon, David Dawson, Emily Cox, Rune Temte, Matthew Macfadyen
Atal kopurua: 8
Denboraldiak: 1
Beste liga baxuago batean kokatzen dudan arren, eta agian Vikings telesailarekin konparatzea bidezkoagoa izango litzatekeen arren, Game of thrones-en itxaronaldi luze hori errazten laguntzeko ikusi beharreko telesaila. 872 urtea. Gaur egun Ingalaterra bezala ezagutzen ditugun erreinu guzti horiek, bikingoengatik inbadituak izan dira. Baina guztien artean, bada oraindik sendo mantetzen den erreinu bat, Wessex izenekoa. Testuinguru nahasi horren barruan, Uhtred bizi da. Bere gurasoak hil ostean, inbaditzaile horiekin hazi eta hezi den umea (aurrerago gizona)
Mendeku istorio bat, abenturazko generoaren ukituekin tartekatuz. Oso ekoizpen sendoa, espero duguna eskaintzen duelako azken finean, ez gehiago ezta gutxiago ere. Lehen atala izan liteke ziurrenik astunena, hortik aurrera oso erraz ikusten baita. Genero historiko-epikoen zaletuek, derrigorrez ikusi beharrekoa.
20- American crime
AEB
Sortzailea: John Ridley
Aktoreak: Felicity Huffman, Timothy Hutton, Penelope Ann Miller, Joe Nemmers, Jon Michael Davis
Atal kopurua: 11
Denboraldiak: 2 (Bigarrena 2016)
Hilketa baten ostean lau pertsona sartzen dituzte kartzelan. Hortik aurrera, epaiketa, gaizki-ulertuak, arrazakeria gaiak, tentsio eta tirabirak sartuko dira jokoan. Telesail biribila ez izan arren, oso entretenigarria eta batez ere hainbat galdera interesgarri planteatzen dituena, eredu familiarrari kritika ala arrazakeriari adibidez. Gizarte erretratu bat, dramatikoki oso potentea eta eraginkorra. Baina batez ere, tonu errealista interesgarri eta interpretazio bikain batzuei esker, egia arnastuko dugu minutu oro. Atal bakoitzean ezusteko biraketak gertatuko dira eta pertsonaia suntsitu horien korapiloak, geroz eta nahasiagoak egongo dira. Epaiketa aurrera joan hala, eboluzio eta eraldatze prozesu hori lehen pertsonan biziko dugularik. Epaiketak eta krimenak, gizarte kritika bati loturiko ekoizpen entretenigarri bat ikusi nahi izanez gero, hauxe da zuen telesaila.
19- Okkupert
Norbegia
Sortzaileak: Karianne Lund, Jo Nesbø
Aktoreak: Henrik Mestad, Eldar Skar, Ane Dahl Torp
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Jo Nesbø idazle ezagunaren ideia batean oinarrituriko telesaila. Klima aldaketaren ondorioz eta baliabide natural eskasak direla eta, Norbegiarrek petrolio eta gas gehiago ez produzitzea erabaki dute. Hori dela eta, Errusiak, Norbegia inbaditzen duen gertuko etorkizun batean kokatzen gaitu istorioak. Ekintza honekin, herrialde guztiko ustiapen osoaren kontrola eskuratu nahi dutelarik.
Lehenik eta behin esan behar dut, sarean lehen 5 atalen azpitituluak soilik daudenez, ezin izan dudala telesail osoa oraindik ikusi, beraz iritzi partziala izango da. Ideia oso erakargarri batean oinarrituriko telesail bikaina. Ikusi dudanarekin behintzat, ezinbesteko telesaila, erritmo bizikoa eta oso entretenigarria. Beste hainbat ekoizpen nordikoetan frogatu duten bezala, tramaren barnean modu zitalean barneratzen dutelarik beti gizarte kritika burutsu bat. Orain urte batzuk zientzia fikziozko gidoi bat izan zitekeena, geroz eta gertuago ikusten dugun errealitate bat islatzen du kasu honetan, klima aldaketaren arazoak izan ditzakeen ondorio larrietako bat.
18- Catastrophe
Ingalaterra
Sortzailea: Ben Taylor
Aktoreak: Sharon Horgan, Rob Delaney, Ashley Jensen, Jonathan Forbes, Daniel Lapaine, Marta Barrio
Denboraldiak: 2 (Momentu honetan bigarrena aireratzen)
Atal kopurua: 6 denboraldi bakoitzeko
Rob Delaney (Amerikarra) eta Sharon Horgan (Irlandarra). Bien arteko “erlazio-motz” baten eraginez, neska haurdun geratuko da. Ez dira apenas ezagutzen, baina erlazioa mantentzeko saiakera egingo dute. Premisa, ezin sinpleagoa. Baina hain zuzen ere, horregatik iruditzen zait telesail honen meritua, goraipatzeko modukoa dela. Txikitasun horretatik, telesail bikain bat lortzea oso zaila delako. Baina “Catastrophe”-k, hasieratik erakusten dizkigu karta guztiak, ez du inor engainatzeko intentziorik. Kontatu nahi digun ideiarekiko fideltasun osoa eskaintzen digu lehen minututik. Nabarmendu nahi dudana dena den, modu zoragarrian landuriko beste alderdi bat da: Pertsonaiak. Zein garrantzitua den gidoi ala istorio on baten barruan, tramarekin batera eskutik doazen pertsonaia landuak tartekatzea. Amazon studios-en ekoizpen honek, muturreraino eramaten du “teoria” hori eta bi protagonista maitagarri eraikitzea lortu dute. Lehen minututik maitatuko ditugun bi interpretazio/pertsonaia zoragarriei esker. Esan bezala , Sharon Horgan eta Rob Delaney (aktoreez gain, telesailaren gidoilariak ere badira). Interpretazio aldetik sekulako erakustaldia eskaintzen digute, baina batez ere, etengabe jariatzen duten naturaltasun horri esker, kimika harrigarria sortzea lortu dute bien artean. “Pack” banaezin bat osatuz, biak elkarrekin, zoragarri funtzionatzen dute. Urrezko globoetan izendapenik lortuz gero (baietz espero dut), kategoria berri bat sor dezatela eta biak batera aukeratzea. Ez ditzatela inoiz banandu mesedez!
Bestalde, elkarrizketa zoragarriak eta umore beltzez zipriztinduriko uneak biziaraziko dizkigute. Beti ere , hasiera batean arruntak diruditen egoera horiek abiapuntutzat hartuz. Umore distira horiek gainera, ez dira batere nekagarriak. Sorturiko naturaltasun horretatik loratzen direlako, inprobisaziotik jaioak izan balira bezala, ez daude indarrez sartuak. Hainbeste gorroto ditudan latazko barrerik gabe noski. Komedia lasaia, atsegina, baina jenio bizikoa eta lizuna era berean.
Ziztu bizian eta oso gustura ikusten den telesaila azken finean. 2015 urteko umorezko telesail onenetarikoa zalantza izpirik gabe. Bitxia gainera, urte berdinean bi denboraldiak estreinatu dituztela (momentu honetan bigarrena aireratzen ari dira).
17-Code of a Killer
Ingalaterra
Sortzailea: James Strong
Aktoreak: David Threlfall, John Simm, Anna Madeley, Lorcan Cranitch, Jaz Deol, Andrew Tiernan, Robert Glenister, Lydia Rose Bewley, Farzana Dua Elahe, Paul Copley, Ged Simmons, Shirley Dixon
Atal kopurua: 2
Benetako kasu batean oinarrituriko eta bi atalez osaturiko telesaila. 80. hamarkadan, ADN-frogari esker argitu zen historiako lehen hilketari buruzkoa. Bikaina eta gustu handiz errodaturikoa.Telesail osoan zehar, umore-punturik ez egoteak, une dramatikoak, karga eta tentsio handiz betetzen laguntzen dute. Hainbat uneetan Fincher-en Zodiac filma ekarri dit burura, xehetasunez eta detaile txikiz eraikitako lan paregabea delako. Ezinbestekoa.
16- Jonathan Strange & Mr Norrell
Ingalaterra
Sortzailea: Toby Haynes
Aktoreak: Sharon Horgan, Rob Delaney, Ashley Jensen, Jonathan Forbes, Daniel Lapaine, Marta Barrio
Atal kopurua: 7
Susanna Clarke idazlearen izen berdineko liburuan oinarrituriko telesaila. XIX mende hasieran, Ingalaterran, jada inork ez du magian sinesten , izenburuko bi protagonistak tartean sartzen diren arte. Lehen atal astun eta geldoaren ostean, gorantz -nabarmen- doan telesaila, gidoi dotore eta oso entretenigarri batekin. Interpretazio bikainez josia eta garai hartako anbientazio zoragarri eta landuarekin. Atal bakoitzak irauten duen ordu bete horren barruan, sorginkeria, profeziak giltzaperatzen dituzten elkarrizketak, suspensea, maitasuna, abentura eta jakina, historia apur bat ikusi ahal izango dugu.
15- Show me a hero
AEB
Sortzailea: David Simon
Aktoreak: Oscar Isaac, Carla Quevedo, Catherine Keener, Ilfenesh Hadera, Dominique Fishback, Alfred Molina
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
David Simon-en aurreko lanak, baina batez ere, duen berezko estilo hori gustuko izanez gero, ez galdu telesail hau. 2002 urtean The Wire zoragarriarekin egin bezala, pertsonaia bereziz eraikitako mosaiko bat delako, erritmo motelean prestaturikoa baina berezko estilo zoragarri horrekin. Ekoizpenak, mundu guztiari gustatzeko modukoak egin behar ez direla frogatu zuen, David Simon gidoigileak garai hartan, kultuzko telesailen etiketa sortuz. “Show me a hero”ekin antzeko zerbait lortu du, “oso motela da” esaldi jasanezina leku askotan irakurri dut, kasurik ez. %100 David Simon. Bikaina, baina ez mundu guztiatentzat eginikoa.
14- Jessica Jones
AEB
Sortzailea: David Petrarca
Aktoreak: Krysten Ritter, Mike Colter, David Tennant, Rachael Taylor, Carrie-Anne Moss
Atal kopurua: 13
Denboraldiak: 1
Marvel-en komikietan oinarrituriko telesaila. Protagonista, imajinatuko duzuen bezala, Jessica Jones. Super-botereei uko egin eta detektibe pribatu moduan, bizitza berri bati ekingo dion neska. Lehen aipaturiko Daredevil-ekin antzekotasun ugari ditu, baina hau sendoagoa iruditu zait, thriller moduan eraginkorragoa. Hitchcok-ek zioen bezala, “gaizkilea ona denean, filma geroz eta hobea izango da“ eta kasu honetan – Killgrave-gaizkilea bikaina iruditu zait, batez ere David Tennant aktore ezagunaren interpretazioari esker. Askok urteko telesaila dela diote. Ez nago ados. Asko gustatu zaidan arren, ekoizpen askoz ere hobeak ikusi ahal izan ditut aurten. Dena den, entretenigarria, iluna eta oso gomendagarria.
13- River
Ingalaterra
Sortzailea: Tim Fywell
Aktoreak: Stellan Skarsgård, Nicola Walker, Lesley Manville, Eddie Marsan
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
John River, polizia bikaina den arren, alde batera utzi behar diren kasuen hilketen biktimekin, erabat itsutua bizi den tipoa da. Lehen begiradan telesail prozedimental horietako dirudien arren, hau da, kasu nagusi baten korapiloak pixkanaka askatuz doazen horietakoa, ez da hala. Guzti hau bigarren plano batean geratzen baita. Garrantzitsuena John River poliziaren garun barruan gertatzen den eboluzio guzti hori da. Erokeriaren mugan kokatzen dena, era guztietako pertsonaiak irudikatuz. “Luther” telesail bikainarekin antzekotasunak ditu zentzu horretan, Idris Elba eta Stellan Skarsgård-en iluntasun hori baita ardatz nagusia. Guzti hori, zoragarri irudikatu dute pantaila txikian, belztura guzti hori atmosfera itogarri bati itsatsiz. Urteko telesail-ingeles onenetarikoa zalantzarik gabe, ezinbestekoa.
12- Sense8
AEB
Sortzaileak: Andy Wachowski, Lana Wachowski,
Aktoreak: Jamie Clayton, Naveen Andrews, Miguel Ángel Silvestre, Brian J. Smith, Terrence Mann, Daryl Hannah
Denboraldiak: 2 (Bigarrena 2017)
Atal kopurua: 12
Aurrerago aipatuko dudan “The Leftovers“ telesailarekin gertatzen den bezala, epel utziko ez zaituen lana. Ikusleak bi mutur ezberdinetan banatzeko gaitasuna duen istorio horietako bat eskaintzen digutelako, gorrotatu ala maitatu egingo duzue.Wachowski anaien ekoizpen berri honek, mundu osoko 8 ezezagun, bat-batean, mentalki – eta zerbait gehiago– konektaturik daudela ohartuko direla kontatzen digu. San frantzisko, Nairobi, Chicago, London, Berlin, Mumbai eta Seoul-en hain zuzen ere.
Kokaleku eta irudi ikusgarriekin soilik, izugarri gozatzen den telesaila. Baina horrez gain noski, askoz gehiago eskaini digu. Soinu banda ikaragarria, interpretazio bikainak eta gidoi harrapakorra. Baina batez ere emozioz eta sentimenduz josiriko sekuentzia ugari.
Alderdi txarrena, ezin dudala ulertu horrelako aberastasun kultura eskaini nahi duen telesail batetan, zergatik dagoen guztia ingelesez errodatua. Ezin du ulertu. Sekulako sinesgarritasuna kentzen baitio. Harrigarria, mundu osoko 8 hirietan kokaturik dagoen istorio batean (kontuan izanik gainera protagonistak bertakoak direla) ingelesa soilik entzutea. Argi dago interes komertzialak ageri direla tartean, lastima.
Hori saihestuz, izugarri gozatu duzuen telesaila. Sekuentzia konkretu batzuk, asteetan geratu zaizkit garunean itsatsiak. Eta batez ere, pertsonaiek bizi dituzten hainbat une lazgarri-pozgarri. Hori bai, lehen 4 atalek harrapatu ez bazaituzte, utzi alde batera, agian ez da zuretzat eginikoa eta.
11- Fortitude
Ingalaterra
Sortzaileak: Sam Miller, Hettie Macdonald
Aktoreak: Richard Dormer, Stanley Tucci, Michael Gambon, Sofie Gråbøl, Johnny Harris, Luke Treadaway, Christopher Eccleston
Denboraldiak: 2 (Bigarrena 2016)
Atal kopurua: 11
Atalak pasa hala izugarri harrapatzen duen istorio horietakoa. Orokorrean, telesailen gakoetako bat, gidoiaren barneko pertsonaia eta kokalekuak lantzerako garaian, ikuslearengan enpatia sortzea da, identifikatuak sentitzea alegia. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zait trama poliziakoaren azpian, fantasiazko munduen barruan edo beldurrezko pasarteen muinean, gizarte-gaiak lantzea. Modu sotilean herrialde konkretu horren erradiografia erakustea, alegia. Fortitude (Artikoan kokaturiko herrixka baten izena) telesailak, zoragarri egiten du hori, agertokia edo kokalekua bera, ezinbesteko pertsonaia bihurtuz.
Guztia gorpuzten duen istorioa aldiz, hilketa baten inguruko trama konplexu eta ilun bat da. Oso misteriotsua eta hainbat momentutan bitxia. Atmosfera hotz, ilun eta deseroso hori, sekretuz josiriko pertsonaia horien nortasunarekin zuzenean loturik dagoena.
10- Bloodline
AEB
Sortzaileak: Glenn Kessler, Todd A. Kessler
Aktoreak: Kyle Chandler, Ben Mendelsohn, Michelle Rose Domb, Brandon Larracuente, Nevy Rey, Sissy Spacek
Denboraldiak: 2 (Bigarrena 2016)
Atal kopurua: 13
Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arte. Horixe baita ‘Bloodline’, sentimenduz betetako lehergailu ezegonkorra.
Alde batetik, azpimarragarria da erritmoaren eta denboraren arteko jokoa, telesailetan ezinbestean ondo landu beharreko kontua, tentuz maneiatu beharrekoa. Kasu honetan, denborarekin lehen minututik maisutasunez jolasten du telesailak, eta ikuslea lehen ataletik erakartzea lortzen du. Nola? Lost aitzindariak egin bezala, trama nagusiaz gain, iraganeko eta etorkizuneko gertakariak dosi txikitan tartekatuta; telesaila nabarmen aberasten da. Antzematen da sortzaileen artean Glenn Kessler dagoela, kontutan hartzeko modukoa den Damages telesailean ere denboraren formula berdina erabili baitzuen. Bestetik, ondo idatzitako pertsonaiak eta horiek gorpuzten dituzten aktore apartak aipatu behar, puzzle baten moduan ahokatzen direnak. Eta, azkenik, guztia osotasunean lotzen laguntzen duten atmosfera, argazkia eta muntaia; alderdi estetikoa, alegia. Alde batetik, Floridako paradisuak eskatzen duen estetika idilikoa modu zoragarrian egikaritu du Jaime Reynoso argazki zuzendariak. Eta, bestetik, kontrapuntu gisa, familiako trama ilun horrekin zuzenean lotzen den mangladiaren estetika astun eta nahaskorra ere bikain gauzatu du. Suspentsez zipriztindutako familia drama liluragarri eta erakargarria da, azken finean. Su-motelean eginikoa, baina konturatu orduko guztiz harrapatuko zaituena.
9- Jordskott
Suedia
Sortzaileak: Henrik Björn
Aktoreak: Moa Gammel, Göran Ragnerstam, Richard Forsgren, Peter Andersson, Lia Boysen
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Mundu zabalean astero telesail berriren bat estreinatzen da, baina, gezurra badirudi ere, ez da hain erraza parekorik ez duen lan bereziren batekin topo egitea. Alde horretatik, sorpresa atsegina izan da ‘Jordskott’ telesail suediarra; harrituko zaitu.
Ariketa zaila izan daitekeen arren, telesailari buruz gehiegi kontatzeak berezko duen xarma zapuztu dezakeenez, saiatuko naiz soilik printza batzuk emanda ikus dezazuen konbentzitzen. Lehen atalaren hasierak Forbrydelsen (The Killing, 2007-2012) edo Broadchurch (2013-) bezalako telesailetan ikusi dugun ume desagertuaren inguruko drama poliziakoan pentsatzera garamatzan arren, atalaren amaierako genero aldaketak argi ikusaraziko digu ekoizpen desberdin eta harrigarri baten aurrean gaudela. Henrik Björn publizistak sortutako telesailaren gakoetako bat horixe da, telesail amerikarren inbidia pizteko modukoa den genero berri baten sorrera. Eko-telesaila bezala definitu dute hainbat webgunetan, atalak pasa hala osagai erreflesibo-ekologiko bat azaleratzen duelako; Hayao Miyazakiren filmetan sarritan ikusi dugun hausnarketaren atzerako zerbait, alegia. Eta ikuslea gogoetara daraman osagai horretaz gain, misterioa eta etengabeko beldur-giroa ere maisutasunez lantzen du; M. Night Shyamalanek hasierako filmetan oinarri izan zuen ideia: “Ikusten ez dugun hori imajinatzeak beldurtzen gaitu”. Gainera, efektu digitalik gabe lortzen du ikuslea urduri jartzea, soinuekin eta naturako elementuekin ezinhobeto jolastuta.
Sinbolismoz jositako telesaila da. Adibidez, etengabe ikusten ditugun Suediako kokaleku naturaletako zuhaitzak tramaren ezinbesteko elementu dira. Hasieratik bere jokoan sartzen bazara hezurretaraino harrapatzen zaituen telesaila da; misterio horiek guztiak argitzeko gogoak erabateko atxikimendua lortzen du. Ez pentsa, ordea, atalak pasa ahala guztia murtxikatuta emango digutenik. Ez dira batere larritzen erantzunak emateko garaian, galderak iradokitzaileak direlako, eta, batez ere, istorioak berez indar nahikoa duelako. Noir kriminalaren amarruak erabiliz engainatzen gaitu, baina Silverhöjd inguruetan bizi den komunitatea inguratzen duen mitologia oinarri hartuta gatazka klasiko bat du hari gidari.
Ez galdu, beraz, seriezaleen artean kultuzko bilakatuko den harribitxi nordikoa.
8- Better Call Saul
AEB
Sortzaileak: Vince Gilligan
Aktoreak: Bob Odenkirk, Michael McKean, Jonathan Banks, Rhea Seehorn, Patrick Fabian
Denboraldiak: Bi (Bigarrena 2016)
Atal kopurua: 10
Aurkezpenik behar al du telesail honek? Breaking bad telesail izugarriaren spin off-a, Saul Goodman abokatu xelebrea oinarri duena.
Telesail originalari erreferentzia bikainez josia, drama eta umore beltzaren nahasketa perfektuarekin, beti ere gidoi bikain baten babesarekin. Egia esan, hasieran, kosta egin zitzaidan guztiz sartzea, hainbat momentutan nire buruari behartzen bainion. Baina behin traman murgildurik, ezin ihesik egin. Jesse eta Walter faltan botatzen badituzue, partzialki ase dezakezue zuen tristura hori. Bikaina.
7- Deutschland 83
Alemania
Sortzaileak: Edward Berger, Samira Radsi
Aktoreak: Alexander Beyer, Sonja Gerhardt, Sylvester Groth, Jonas Nay, Ulrich Noethen
Atal kopurua: 8
2013 urteko Unsere Mütter, unsere Väter telesail bikainaren ostean, Alemaniatik berriro ere, “Deutschland 83“ zoragarria iritsi zaigu. 1983 urtean kokatua. Protagonista, Ekialdeko Alemanian bizi den 24 urteko Martin Rauch dugu. Stasi-koek, harresiaren beste aldera bidaliko dute, Ulrich Noethen jeneralari, espioitza lanak egitera.
80. hamarkadako estetika eta usaina, izkin guztietatik jariatzen du telesaila. Oso dinamikoa, akzioa, abentura eta espioitza bezalako generoak, umore ukituekin tartekatuz eta keinu nostalgikoekin bustiz. Honi lotua, interesgarria eta bitxia oso, protagonistak harresia zeharkatzean, biziko dituen talka kultural guzti horiek; lehen aldiz supermerkatura sartzean ala soinu bandari bikainari loturiko, garai hartako erreferentzia musikal guztiak adibidez. Hamarkada zoragarri horren hainbat HIT entzun ditzakegularik, Duran Duran, Eurythmics, New Order ala Nena-ren 99 Luft Ballon adibidez.
Aurtengo beste ezinbesteko telesaila azken finean. Betiko espioitza trama horietatik haratago, modu desberdinean kontaturiko istorioa.
6- Kampen om tungtvannet
Norbegia
Sortzailea: Per-Olav Sørensen
Aktoreak: Andreas Döhler, Robert Hunger-Bühler, Marc Benjamin Puch, Christoph Bach, Peri Baumeister, Espen Reboli Bjerke, Torstein Bjørklund
Atal kopurua: 6
Behin baina gehiagotan aipatu dudan , miniserie Norvegiarra. (The Heavy water war- Ur astunaren guda). Zuzendaria Per-Olav Sorensen eta gidoilarien artean izen ezagun bat: Adam Price, Borgen telesail zoragarriaren sortzaileetako bat besteak beste.
Istorioa kokatzeko, II. Mundu Gerrari buruzko atal konkretu batera egin behar dugu salto: “Ur astunaren bataila” deiturikoa. II Mundu Gerran, Norvegian gertaturiko gertaera historiko erabakigarriena. Rjukan kokaturiko Norsk Hydro enpresari eginiko sabotaje ekintzak, bertako ur astuna fabrikatzearen planak eragozteko. Eta zergatik zen hain garrantzitsua ur hau? Naziek arma nuklearrak garatzeko behar zutelako.
Telesailak lau ikuspuntu desberdinetatik erakusten digu gatazka; Lehenik eta behin, alemaniarren ikuspegia, energia atomikoari buruzko ikerkuntza zientifikoaren bitartez, Werner Heisenberg (Bai, Breaking bad telesaila pertsonaia erreal honetan inspiratu zen) buru dela. Bestetik aliatuena, bai Londreseko kuartel nagusian eta baita eskoziarrean basean, sabotaje planak burutzen dituzten bitartean. Hirugarrena, erasoak burutzeko ardura duen norvegiar taldea. Eta azkenik, ur astuna fabrikatzen duten enpresa eta bertako zuzendariak. Zalantzarik gabe, herrialde norkikoetatik, aurten iritsi zaiguen ekoizpen sendoena.
5- Narcos
AEB
Sortzaileak: Chris Brancato
Aktoreak: Wagner Moura, Pedro Pascal, Boyd Holbrook, Joanna Christie, Maurice Compte, Stephanie Sigman
Denboraldiak: Bi (Bigarrena 2016)
Atal kopurua: 10
Netflix plataforma digitalak ekoiztua. Lehen atalaren zuzendaria eta sortzaileen artean ageri dena, Jose Padhila brasildarra, Tropa de Elite film bikainen erantzulea.Kasu honetan, Pablo Escobar narkotrafikatzaile ezagunean zentratzen den ekoizpen aparta ekarri digu.
Ohar bat, adikzioa sortzen duen telesail horietako baten aurrean zaudete. Binge watching kontrolaezin baten menpe utziko zaituena. Artxibo irudiak tartekatzen ditu noizbehinka– Escobar-en benetako irudiak, hilketak ala polizien operazioak adibidez–. Honek tonu ia dokumentala ematen dio telesailari, egiazkoa bihurtuz, errealismo arnasten dugularik minutu oro. Ekoizpen gehienetan, gidoiarekin batera, garrantzitsuenak, protagonistak izaten diren arren, kasu honetan, garrantzitsuenak ez dira jokalariak, partida bera baizik eta hori maisutasunez kontaturik dago, ezin hobeto, zoragarri. Aspaldi ikusten ez nuen erritmo frenetiko batekin. Partida milimetriko bat da, xehetasun, datu eta protagonista ugariz josia. Scorsese-ren “Goodfellas“ film famatuaren ukituak ageri direlarik, Off ahotsaren erabilpenean ala plano mota batzuen lanketarekin esaterako.
Eta hain biribila izanik, zergatik ez dut zerrendan gorago kokatu? Bi arrazoi nagusiengatik– naiz eta ekoizpenaren osotasuna ez duen gehiegi kaltetzen– . Alde batetik protagonista, baina ez interpretazio txarra egiten duelako, guztiz kontrakoa, bikain dago, zoragarri. Kasting aldetik dator errore nabarmena nire ustez, aukeraturiko aktorea Brasildarra delako eta ez Kolonbiarra. Hainbat momentutan azpitituluei begiratu behar izan diet, ahotik jaurtitzen zituen hainbat hitz ez nituelako oso ongi ulertzen, nabari da aktoreak esfortzua egin duela pertsonaian murgiltzen, baina hainbat momentutan oso behartua ageri da.
Eta bestetik gaia, konplikatua eta sakona den arren, AEB “arazo“ honen barruan izan zuen inplikazio edo errua oso gainazaletik azaldu dutela. Erru guztia (ala ia guztia) Kolonbiar eta bertako narkotrafikatzaileek dutenaren mezua zabaltzen du azken finean telesailak. Egia da “onak eta txarrak“ kontzeptua ongi tratatzen duela, hau da, istorio bortitz honen barruan, onak ala txarrak nortzuk izan ziren ikuslearen esku uzten duela. Hainbat momentutan aipatu dudan dokumental itsurako estetika horri esker. Baina argi dago, Ipar Amerikak izan zuen erantzukizun nabarmen hori ez duela gehiegi salatzen.
Dena den, telesail oso entretenigarria eta ikaragarri harrapatzen duena. Teknikoki zoragarria eta aipaturiko akats horiek salbu, 2015eko 5 telesail onenen barruan kokatuko nukeena.
4- 1992
Italia
Sortzaileak: Alessandro Fabbri
Aktoreak: Stefano Accorsi, Guido Caprino, Miriam Leone, Domenico Diele, Tea Falco
Denboraldiak: Bat
Atal kopurua: 10
Duela 20 urte, sistema osoa hankaz gora jarri zuten ustelkeria kasuak azaldu ziren Italian. 1992an hainbat epailek osaturiko Esku Garbiak izeneko talde batek alderdi politiko nagusiak eta enpresa garrantzitsuak inplikatu zituzten eroskerien kontrako makro-prozesu batean. Mugimendu horri Tangentopoli deitu zitzaion (eroskerien hiria). Hala, 4.000 enpresari eta ehunka politikari epaitu zituzten Antonio di Pietro fiskalak gidatutako prozesuan.
Eskandalu guzti hori, pantaila txikira moldatu dute telesail bikain honetan. Beti ere, objektibotasun maila altua eskainiz. Ibilbide narratibo guzti hau, pertsonaien bitartez irudikatzea erabaki dute, eta hauxe nire ustez telesailaren euskarri sendoena. Benetako pertsonaiak eta fikziorako sorturikoak tartekatuz, Giuseppe Gagliardi zuzendariak oreka bikain bat lortu du, fikzioa eta esparru historikoaren nahasketa biribil bat sortuz.
Dokumentazio ariketa bikain bat bezala ere, ezin hobeto funtzionatzen du 1992 telesailak. Horren eredu, garai hartako erreferentzia politikoak eta telebistako eguneroko programazioaren isla. Ikusten dugun guzti hori sentitu egiten dugulako. Argi dago bestalde, telesail bat ezin dela anbientazio on batengatik soilik sustengatu, eta telesail hau ez litzateke hain ezinbestekoa izango, duen gidoi goren eta eraginkor horri esker izango ez balitza.
Hain biribila bada, zergatik ez dut sartu TOP 3–aren barruan? Osotasuna inondik inora zikintzen ez duten arren, alde batetik, denboraldi erdi/bukaeran erritmo aldetik beherantz egiten duelako apur bat eta bestetik emakumezko pertsonaia sendo bat falta zaiolako nire ustez.
Hori saihestuz, derrigorrez ikusi beharreko telesaila. Zalantzarik gabe, aurten mundu mailan, ikusi ahal izan dudan onenetarikoa.
3- The Leftovers II
AEB
Sortzaileak: Damon Lindelof , Tom Perrotta
Aktoreak: Justin Theroux, Amy Brenneman, Carrie Coon, Christopher Eccleston, Ann Dowd, Amanda Warren, Liv Tyler
Denboraldiak: 3 ( Lehen denboraldia Tom perrota-ren liburu batean oinarriturik dago. Lehen denboraldian, liburu horren eduki oso moldatu zutenez, bigarren denboraldiari beste ikuspuntu interesgarri eta bikain bat eskaini diote) Hirugarren denboraldia konfirmatua.
Atal kopurua: 10
Bat-batean munduko biztanleriaren %2a desagertu egiten da. Inork ez daki non dauden eta zer gertatu den. Telesail honen hasierako premisa hori sinplea dirudi bai, baina pixkanaka, pantaila txikiak azken urteetan eman duen ustekaberik handienaren aurrean gaudela frogatzen ari da. Hori bai, gauza bat argi izan, berdin dio desagerturiko pertsonak horiek non dauden, garrantzitsuena bertan gelditu direnak dira, gainerako %98 horiek alegia. Nola birmoldatuko dute bizitza, maite dituzten pertsonak ondoan izan gabe. Lehen denboraldiaren hasieran, gutxik uste zuten, hain urrun iritsiko zenik. Gutxinaka, harrokeriarik gabe eta zarata gutxi ateraz, guztiz harrapatu nauen telesaila bihurtuz.
Ikusleak bi mutur ezberdinetan banatzeko gaitasuna duen istorio horietako bat eskaintzen digute. Zein muturretan kokatuko ote zarete? Telesaila, gorroto ala maitatu? Hori bai, garrantzitsua, telesailean sinestea eta barruraino murgiltzea. Intentzioa, hasieratik gillotina eskuartean dugula ikustea bada, hobe ez gerturatzea. Bestalde, HBO-ren zigilu hori ikuste hutsarekin, gerturatzeko argudio nahiko indartsua dirudi, baina egin dituen ekoizpen mordoen artean, gutxi batzuk dute honen anbizio, ausardia eta originaltasuna. Istorio bitxi eta erakargarri batean bilakatuz, misterio eta suspensez gainezka. Interesgarria atal bakoitzetik atera daitezkeen eztabaidagai eta irakurketa guztiak. Hainbat uneetan Lost datorkit burura, misterio ulertezin batez inguratua dagoelako guztia. Ez da kasualitatea beraz, sortzaileen artean, Damon Lindelof aurkitzea, Lost telesailaren gidoilarietako bat. Nabarmentzekoa telesailaren sendotasuna, oso tinko mantenduz, ahultasun sintomarik erakutsi gabe. Bigarren denboraldi zoragarri bat eskainiz eta nire ustez, lehenengoa gaindituz. Aipaturiko elementu guzti horiekin gainera, mina, bakardadea eta desorientazioa bezalako gaiak, maisutasunez islatzen jakin izan dute.
Telesail honek eskaintzen dizkigun, pertsonaia horien aurkezpena eta garapena bikaina da, zoragarria. Aipaturiko min, bakardade eta desorientazio guzti hori ezin hobeto itsatsirik ageri direlarik pertsonaia bakoitzean. Horietako batzuk, transformazio brutal bat jasaten dutelarik. Aipagarria jakina, aktoreen lana.Guztien gainetik nabarmentzekoa, Nora Durst (Carrie Coon) aktore erraldoia dela frogatuz. Pertsonaia suntsitu baten bitartez une ahaztezinak utziz. Kevin Garvey (Justin Theroux). Atalak pasa hala indarra hartuz doan pertsonaia eta hainbat misterioren giltza bihurtzen ari dena. Beste ezinbesteko pertsonaia ,Christopher Eccleston aktore handiak antzeztua, Matt Jamison apaizarena. Biziko dituen hainbat uneetan, Lost telesailaren Desmond datorkit burura. Ikaragarria eta latza emaztearekin bizi duen istorio hori.
Aktoreen lan horretaz gain, bi euskarri nagusiei esker mantentzen da tinko istorioa. Alde batetik, Todd McMullen-en argazkia, bikaina, ikusgarria. Eta batez ere Max Richter konposatzaileak, soinu banda zoragarri bati esker, eskaintzen duen erakustaldi paregabea. Abesti zerrenda ezagunak ere ageri dira, ikusgai ditugun irudiekin tartekatuz sekuentzia brutalak sortuz. Beraz, badakizue, istorio desberdinak eta batez ere ausartak gustuko badituzue, zalantzarik ez izan eta murgildu.
2- Fargo II
AEB
Sortzailea: Noah Hawley
Aktoreak: Patrick Wilson, Kirsten Dunst, Ted Danson, Jean Smart, Jesse Plemons, Bokeem Woodbine, Jeffrey Donovan, Cristin Milioti, Brad Garrett
Atal kopurua: 8
Bigarren denboraldia izan arren, istorio berria eta True detective telesailaren kasuan bezala, lehengoarekiko erabat independentea. Lehenengoa, pertsonaia gutxiz osaturiko istorio intimistago bat ikusi ahal izan genuen, umore beltzez gainezka hori bai. Bigarrenean honetan aldiz, istorio epiko zoragarri bat. 70. hamarkada, 1979 konkretuki, trama horren beste protagonista zoragarri bat bihurtzen delarik. Guztien batuketak, maila goreneko telesail baten emaitza ematen duelarik. Zoragarria, sarkastikoa, freskoa, frenetikoa, burutsua, ikusgarria, maila gorenekoa. Derrigorrez ikusi beharrekoa.
Aurrekoan bezala, Coen anaien Fargo filmaren ideia nagusia moldatu nahi izan duten arren, istorioan baino , pertsonaietan eta batez ere esentzian oinarritu direla esango nuke. Liluragarria aurkitu daitezkeen erreferentzia eta keinu zinematografiko guztiak: The Big Lebowski, Fargo, Miller‘s Crossing eta Boardwalk empire telesaila. Baina baita, Tarantino-k lantzen dituen elkarrizketak, aukeratzen dituen abesti zoragarri horiekin antzekotasunak eta umore beltzez zipriztinduriko biolentziaren erabilpena. Eta jakina, Western generoaren ukitu nabarmenak.
Botere borroka, ezer gutxi espero dugun bigarren mailako pertsonaia horiek azaltzen direnean, ustekabeko aliantzak, hil aurreko samurtasun hori. Gidoi puruz osaturiko atalak azken finean. Guztia, zuzendaritza lan miragarri baten batutapean. Minutuero piezak estrategikoki mugitu eta era berean ahokatzen diren horietakoak. Tramak, etengabe ezusteko norabide bat hartzen duelarik. Xake partida perfektu bat balitz bezala, bando desberdinak pixkanaka mugitzen doazelarik. Pertsonaien erabaki eta ekintza guztiek, etorkizunean eragingo duten zurrunbilo hori azaltzen denean, ondorio harrigarriak loratuz.
Kosta egiten zait akats bakar bat aurkitzea: Interpretazio ahaztezinei loturiko pertsonaia zoragarriak. Musika, bitxia, erakargarria, ezinbestekoa. Argazkia eta planoen erabilpena, hitzik gabe uzteko modukoa; pantailan ikusgai duguna kontuan hartuz gero behintzat, lanketa prozesuan erabili dituzten Storyboard-ak , museo batean erakusteko modukoak izango direla ziur nago. Gozamen hutsa. 2015eko telesail onena izateko zorian egon den ekoizpena.
1- Mr Robot
AEB
Sortzailea: Sam Esmail
Aktoreak: Rami Malek, Christian Slater, Michael Gill, Gloria Reuben, Gabriel Hansen
Denboraldiak: Ez dute zehaztu zenbat izango diren, momentuz 1 eta bigarrena 2016 urtean.
Atal kopurua: 10
Zerrendari begirada botaz gero, mundu osoan, azken boladan, telesail bikain asko ikusten ari garela nabarmena da. Badira batzuk, ordea, bikainak izatetik haratago, sormen iraultza txikia eragin eta estreinatu bezain laster klasiko bihurtzen direnak. ‘Mr Robot’ talde esklusibo horretako kide berria izan daiteke, ezin dut besterik esan.
Lehen atala aireratu eta egun batzuetara iragarri zuten bigarren denboraldia egingo zutela. Adierazgarria. Zer zuen atal ‘pilotu’ horrek? Azken urteetan ikusitako lehen-atal zirraragarri, berritzaile, harrigarri eta ausartenetarikoa zela. Ezinezkoa da 50 minututan gehiago eskaintzea. Hortik aurrera, geruzaz beteriko hamar atalek zeharo txundituta utzi naute, aspalditik ikusten ez nuen sakontasun handiko lana aurkitu dudalako. Eta, batez ere, pertsonaia horien guztien akats, mania eta bertuteei esker, beraien garunean barna bidaia klaustrofobikoa egiteko aukera eman didalako.
Pertsonaia horien guztien artean konplexuena, noski, protagonista dugu, Elliot Alderson; jatorri egiptoarra duen Rami Malek aktoreak gorpuzten du. Jendearekin harremantzeko arazo nabarmenak dituen tipo bitxia da Elliot. Ziber-segurtasunaren arloan egiten du lan, baina lan orduetatik at, duen jakintza gaizkileei ‘mozorroa kentzen’ aritzen da, Fsociety izeneko elkarte ilunaren baitan. Tartean, hainbat vendetta pertsonal ere burutuko ditu. Eta mendekuen zerrendan lehen postuak badu izena: E-Corp. Google eta Apple elkartuko balira ere barregarri geratuko liratekeen megakorporazio gaizto horretan lan egindakoa da Ellioten aita.
Alde batetik, gaurkotasun handia duten gaiak lantzen ditu atalkako thriller psikologiko honek; gidoi ziztatzaile bikaina du. Eta bestetik, telesailetan oso gutxitan ikusitako estetika eta erreferentziaz jositako lengoaia zinematografiko aberatsa du. Adibidez, planoen aukeraketak, horien tratamenduak eta musikarekin batera sortzen duten sinfoniak Stanley Kubrick dakarkidate gogora.
Telesaileko antagonista Tyrell Wellick aurkezteko erak A Clockwork Orange (1971) filmeko Alex gogorarazi dakiguke, musika klasikoa eta irudi bortitzak nahasteko moduagatik. Horretaz gain, Martin Scorseseren Taxi Driver (1976) filmarekin ere baditu antzekotasunak, Ellioten erabakiek bistaratzen duten argazki ilunari lotuta. Azkenik, bada erreferentzia nagusi bat, itxura orokorrari eta, batez ere, zabaldu edo kritikatu nahi duen mezuari erreparatzen badiogu: David Fincherren Fight Club (1999). Are gehiago, protagonistak off-ahotsean botatzen dituen ‘sistema’-ren aurkako speech zoragarri eta suntsitzaileek ere Fincherren filmetik edaten dute.
Gure gizartean norbanakoon egunerokoak duen zentzuari kritika zorrotz eta sakona egiten dio. Eta, batez ere, multinazionalek diseinaturiko bizitza-motaren morroi nola bilakatu garen erakusten du. Kontsumismoaren aurrez aurre jartzen den telesaila da. Fight Club filmean bezala, demokrazia delakoa gobernu, banketxe eta enpresen alde ‘hackeatua’ izan dela salatzen du.
Bonus track:
The Jinx: The Life and Deaths of Robert Durst
AEB
Besteetatik banandu nahi izan dut, ez delako fikziozko telesail bat, dokumental zatikatu bat baizik. Baina urteko onena aipatuz gero, delitua izango litzateke The Jinx ez aipatzea. Argia aldizkariko alean, merezitako analisia eskaini nion, baina derrigorrez, berriro aipatu beharreko ekoizpena. Besteetatik banandu nahi izan dut, ez delako fikziozko telesail bat, dokumental bat baizik.
Tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko erakustaldi hipnotiko eta makabroa. Tentsioa eta erritmoa, jolas-parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen ditugun bitartean Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak. Horiez jositako telesail-dokumental paregabea. Beste hainbat dokumentaletan ikusi ohi dugun bezala –adibidez, Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills, Dear Zachary: a letter to a son about his father eta The Imposter; bide batez, ikusi ez badituzue, ez galdu hiru harribitxi izugarri hauek–, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga garbia.
2010 urtean, Andrew Jarecki zuzendariak All Good Things filma estreinatu zuenean, gutxik espero zuten Robert Dursten bizitzan oinarrituriko pelikula horrek izango zuen eragina, hizketa-gai dugun dokumental hau errodatzeko garaian. Momentu horretan jarri baitzen kontaktuan benetako protagonista zuzendariarekin, orain arte inoiz egin ez zuen elkarrizketa edukitzeko prest zegoela esanez.
Eta nor zen zehazki tipo hau? New Yorkeko familia ospetsu eta dirudun batetik datorren pertsonaia bitxi eta misteriotsua dugu Robert Durst. Gizon bat hil eta zatikatzeaz gain, bere emaztea eta lagun bat desagertzearen erantzule zuzena izatea leporatu zioten. HBO telebista kateak ekoiztutako eta sei zatitan banaturiko lan metodiko honetan, bere bizitzaren errepaso zehatzean murgiltzeko aukera izango dugu. Polizia, epaile, abokatu, testigu eta familiakoen froga eta elkarrizketak tartekatzen diren bitartean, polemikoak diren momentu jakin horien berregiteak ikusteko aukera izango dugu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks