Haïku, 1975 : Irudiaren indarra hitzen aurrean aldarrikatuz
Haiku, jatorrian japonierazko olerki mota bat da, 5-7-5 silabako lerroetan antolatutako 17 silabek osatua. Renga izeneko olerkiak dira haiku-en oinarrian. Deskribapen objektiboa egiten dute haiku idazleek beren lanetan, baina irakurlearengan zirrarak eragitea izaten da deskribapen horren azken helburua. Sentsazioak transmititzen ditu haikuak, ez sentimenduak. Euskal literaturan adibidez, Joseba Sarrionandia eta Juan Kruz Igerabide (“Begi-niniaren poemak”) mota honetako olerkiekin aitzindariak ditugu, ortodoxoak izan ez arren.
Sarrera txiki hori, Andrés Daniel Sainz zuzendari Donostiarraren laburmetrai berria aipatzeko aitzakia besterik ez zen: Haïku, 1975 . Ia 4 hamarkada hil zen gizon bat, 2016 urtean azaltzen da bapatean. Zer egiten du hemen? nola iritsi da? zertara etorri da? Administrazioaren zerbitzu berezien eskutik egindako galdeketa bati esker, galdera horiek erantzuten saiatuko dira.
Sinopsiak hori dioen arren, ez pentsa zientzia fikzioak zuen pantaila bustiko duenik ala akzio sekuentziekin zirrara ikaragarria sentituko duzuenik, ez. Horretarako beste lan bat aukeratu beharko duzue. Baina berdin dio, hori ez baita ekoizpen honen helburua eta ez luke zertan traba bihurtu behar. Modu askoz ere iradokitzaileago bati esker, zirrara hori, beste kanal baten bitartez iritsiko zaigulako.
Ikusleak bitan banatuko dituen lan horietako baten aurrean gaude, orduan? bai eta hori positiboa iruditzen zait, ez negatiboa. Zer kontatu nahi den baino, nola kontatu den izan litekeelako laburmetraia honen gakoa eta hori modu zoragarrian burutu du Andres-ek. Filma gustuko izan ala ez, hasiberri baten lanean, hainbesterainoko zehaztasuna aurkitzea txalotzeko modukoa iruditzen zaidalako. Zinemak -teorian- eskaini beharko lituzkeen ñabardura eta xehetasun guzti horiek, azken zirrikituraino zainduak daudelako.
Gauza bat aitortu behar dizuet bestalde. Asko kosta zait iruzkin txiki hau idaztea. Bai, mota honetako lanak ezin direlako ohiko kritika baten moduan disekzionatu. Haiku-etan bezala, protagonista ez delako egilea eta sentimenduak ez direlako transmititzen; horretarako beste poesia mota dago. Kasu honetan, sentsazioak transmititzen direla uste dut. Protagonismoak alde batera utzi, eta zer sentitu behar dugun inortxok esan gabe: Sentitu, bat egin eta egilea desagertu egingo balitz bezala. Esan dezakedan bakarra beraz, ekoizpen hau ikusteko aukera baduzue, ahaztu generoa, eta besterik gabe, zuen barnean zer sentsazioa mota piztuko duen deskubritu. Lan bikain bat ikusiko duzuela pentsatu, besterik gabe. Irudi konkretu batzuk eskaintzen dizkigu, protagonistari (Aitor Beltran) egindako galdeketa horretan elkarrizketa mamitsu batekin tartekatzen den bitartean. Baina garrantzitsuena, esanahia ezkutu hori, pantailaren eta ikuslearen artean sortzen den elkarrizketa ikusezin moduko horretan geratzen da, Haïku, 1975, ez baititu ikuslearen galderak erantzungo. Ramon Agirre, Aitor Beltran eta Loinaz Jauregi-ren artean sortzen den eztabaida horren lekuko bilakatu, baina hitzek diotenaz haratago bidaiatu beharko duzue, hori zuen esku jakina. Kontraesana dirudien arren, hitzen hizkuntzak gizateria osoa monopolizatu duela izan liteke, beraien artean sortzen den guzti horren zukua.
Zinema maite duen pertsona batek eginiko lan berezia, burutsua, desberdina eta ausarta. Eta batez ere, ikuslea pertsona inteligentetzat hartzen duena, irudiaren indarra elkarrizketa hutsen aurrean aldarrikatuz.
Zorionak eta zorte on Andres eta lan-talde osoari!
Haïku, 1975
Urtea: 2016.
Iraupena: 29 min
Zuzendaritza eta gidoia: Andrés Daniel Sainz
Musika: Juan Mari Beltran
Argazki zuzendaritza: Alberto Gastesi
Aktoreak: Aitor Beltrán, Nagore Aranburu, Ramón Agirre, Javier Tolosa, Loinaz Jáuregui,José Luis Zumeta
Teaser-a
https://vimeo.com/166847932
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks