Gagarinen etorria
Ez naiz epopeia zalea sekula izan. Aitor dut, hala ere, Iuri Gagarinen balentria salbuespenekotzat jo izan dudala beti, hura protagonista izan zuen gertakariaz sortutako epika euforiko eta nobeleskoak arreta piztu izan didala gaia aipatu izan den aldiko. Eta miretsi ere egin dudala, Valentina Vladimirovna Terexkova lehen emakume astronauta miretsi nuen bezala.
Beharbada, adin zailean harrapatu ninduelako. Haren berri jakin nuenean unibertsoaz, munduaren jatorriaz, espazioaz eta denboraz ezin konta ahala galdera egiten nizkiolako neure buruari. Beharbada, eta aipatu berri dudanaren haritik, Nikita Krutxev Sobiet Batasuneko agintari gorenaren hitzak harro bezain ausartak egin zitzaizkidalako: “Espazioan izan da Gagarin, eta han ez omen da Jainkorik inondik ageri”. Beharbada espazioa konkistatzeko lehen urratsek Tolosan, nire orduko bizitokian, arrastoa utzi zutelako (bertako etxe-bloke garaienei ez zitzaien Sputnik edo espuni ezizena debalde jarri). Beharbada, bere jatorri umilak inspiratzen ninduelako. Edota bere heriotza goiztiar guztiz mundanoak –hegazkin istripuz hil zen espaziora atera eta zazpi urte geroago– kontraste gogorregia egiten ziolako bere heroi irudiari.
Ulises modernoaren historiak ilargira bidaia zizelkatu du herri oroimenean, Gerra Hotzaren bultzadaz aurrea hartutako odiseari gailenduta, eta bereziki Neil Armstrong amerikarraren esaldi zozo eta aurrez estudiatua zedarri bilakatu: “Urrats txikia gizakiarentzat, baina urrats handia gizadiarentzat”.
Gagarin hunkituak, orbitan zela, inork sekula ikusi gabea begiztatzen zuela, artean bizirik itzuliko zenik ere ez zekiela, bat-batean eta bihotzez esandakoa gogora ekartzeko eguna da gaurkoa: “Hau da edertasuna! Mundutarrok, zain dezagun Lurra, ez dezagun suntsi”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks