1977ko martxoaren 8an
Baratz artean koskortu ginen, Ibarrako eta Tolosako lur bazterrak urratu baten gisan banatzen zituen errepideari begira. Egun nostalgikoetan, aurrez aurre genuen baserria datorkit akordura, eta hango aitona, atari zabalean eserita, sega magalean, perkusiozko musika-tresna balitz bezala jo eta jo.
Gogoan dut haren iloba eta gure lagun-min Jose Luisek galtza bete lan izaten zuela eskolako itzulia egin ostean, eta erreguka aritzen gintzaizkiola ahuntza larrera eraman ez zezan, barazkiak beste norbaitek bildu zitzan, bere ardura edozein zelarik ere bertan behera utz zezan, behingoz gurekin jolastera etor zedin. Gogoan dut hango pareten artean irakatsi zidatela euliak eskuz harrapatzen, eta lehendabizikoa ehizatuta, sekulako hozkia eman zidala nire esku-ahurrean hil ala biziko borrokan sentitu izanak. Gogoan dut hango amona Joxepak zintzurra lehertu arte egiten ziola errieta ni baino gaztexeago den anaiari, isilka ukuiluan sartu eta behiak zirikatzen aritzen zelako, marruak nabarmen egin arte; eta niri ere demandan aritzen zitzaizkidala segidan, hura ez geldiarazteagatik, kasu eman beharrean, begiratu besterik egiten ez nuelako…
… Begira aritu nintzen egun hartan ere. Bazkaldu orduko, bizkarrik gabeko aulkia sukaldeko leihora hurbildu, bertara igo eta errepideari jarri nion arreta, eguerdiro bezala, osaba noiz ikusiko. Sinpatia-keinua baino gehiago, hitzordu sekretua zen osabarekin nuena: nik banekien tarte horretan pasatuko zela, eta hark bazekien zain izango ninduela, bi besoak eta kokotsa leiho-hegian jarrita, agurtzeko pronto. Paretik ikusiko nuen bere Renault 4-L horian amonarenetik etortzen. Hark, etxepeko bide-gurutzean geldialditxoa egin eta eskua altxatuko zidan, edo limurtu egingo ninduen mihia aterata, albo banatara erreparatu eta lantokirako bidea hartu aurretik. Berdin erantzungo nion nik. Beharbada, herabeago. Beharbada, hunkituago. Eta protagonismoaren gloria dastatuta urrunduko nintzen sukaldeko leihotik, eguneko martxari segitzeko.
Baina ez zen pasa. Kale egin zuen, oharrik utzi gabe, abisurik eman gabe, eta lurrikara aurrez sumatzen duen aberearen antzera itzuli nintzen ikastolara, egun hotz hari zerion drama-usaina usnatuta.
Zakur xaxatuak bezala egin zigun haginka ilunabarrak. Aitak, lanean gauez aritzen zen guztietan egin ohi zuen bezala, ohean luzatu zuen arratsaldea. Paper-fabrikara eramaten zituen mahoizko praka-jakak dagoeneko jantzita heldu zen siestatik mahaira, muturbeltz, gure orro eta zaratek loa galarazi ziotelako kexu, hurrengoan kale gorrira bidaliko gintuela esaka, bederatziak jotzeko zirela. Hiru astetik behin egokitzen zitzaion lan-txandaren makurraz madarikatu zuen telebista pizten ari zen bitartean. Bakarren batek purrustada egin zion amari, afaltzeko arroza jarri zigulako. Anaia bikiak sesioan ari ziren, betikoa zirikan, bestea aulki azpian gordeta, txikiena ogi muturra eskuan, negarrez… Eta denak isildu ginen bat-batean, denak mututu, harritu, uzkurtu, osabaren eguerdiko absentzia albistegiko berri nagusi bilakatu zenean:
Dos miembros de ETA muertos y un tercero herido en un enfrentamiento con la Guardia Civil. Los terroristas han sido identificados como Sebastian Goicoechea Mariezcurrena…
Sustoaren sustoaz gorputz adarrak tenkatu zitzaizkion amari. Sukaldera bueltan zeramatzan plater zikinak denbora seko geldotu izan balitz bezala ikusi genituen erortzen, harrizko lurraren kontra birrintzen, kristal zatiak gela osoan barreiatzen, garrasi lazgarrien konpasean…
… de 29 años de edad, natural de Ibarra y miembro legal de ETA, rama político militar. El segundo, Nicolas Mendizabal Barandiaran “El zarra”, de 30 años de edad, natural de Zaldivia y miembro también de la rama político militar de ETA…
Gogoan dut herioak osaba eraman zuen egunean bizitza galdu zuela amonak. Eta nik, haurtzaroa.
1977ko martxoko astearte buruzuri hartan.
2012ko martxoko ostegun buruzuri honetan ere ez ditugu ahaztu nahi.