Garbine Ubeda Goikoetxea
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Gagarinek bai, ikusi zuen Jainkoa zeruan - zuzeu.eus(e)k Gagarinen etorria bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #24 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Marie Curie eta Gerla Handia bidalketan
- Marie Curie eta Gerla Handia | TeknoZientzia txokoa-Haurtzaro ikastola(e)k Marie Curie eta Gerla Handia bidalketan
- Garbiñe Ubeda(e)k Berlingo Harresiaren azken biktimak ez zuen soldaduska egin nahi bidalketan
- Fumut(e)k Berlingo Harresiaren azken biktimak ez zuen soldaduska egin nahi bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko martxoa
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2009(e)ko ekaina
Plastikoaren madarikazioa
Atalak: kontsumoa
"Landare-jatorriko lehen botila" dio lotsagabeki etiketak.
Activiak eragindako kakalarriak oraindik ere estuturen bat edo beste ematen didan honetan, ezin alboratu dut Danone marka, ezta plastikoaren madarikazioa ere (ikus aurreko artikulua). Multinazional honek –eta bide batez, gainerakoek– merkaturatzen dizkiguten produktuen etiketak nahiz iragarkiak eguneroko literatura bilakatu zaizkit aspaldi honetan. Hona hemen, irakurketa horrek erakutsitako bizpahiru datu bitxi:
Frantzian produzitzen den Actimelek, Espainiako Activiak bezala, potoa aldatu du oraintsu, eta honek bai, honen Berrikuntza departamentuak oso kontuan izan du plastikozko botilatxoak dakarrena. Espantu zientifiko handirik gabe heldu da supermerkatuetara ontzi berria, Brasilgo azukre kanaberatik eratorritako polietilenoz fabrikatua, %95 landare-jatorrikoa, %100 birziklagarria. Azukre-kanabera horren produkzioak mereziko luke, beharbada, azterketa. Hurrengo baterako utziko dugu.
Danoneren ura den Volvic-ek ere badaezpadako komunikazio-kanpaina antolatu zuen “landare-jatorriko lehen botila” plazaratu zuenean. Bere balentriaz mundu osoa jabetu zedin, burrunba ikaragarria atera zuen hedabideetan; gainerako marketan ikusten ez den tapoi berdea ipini zion bere ur botilari; ezaugarri nagusi gisa, label ekologikoa irudikatu nahi lukeen ikurra inprimatu zion etiketan, eta baita QR kodea ere, besteak koilaragarritasunarena asmatu zuen tonuan, “landare-jatorriko lehen botila ez ezik, lehen botila interaktiboa” ere bazela harro haizatzeko. Lupa letra txikietara hurbiltzea aski, ordea, zorioneko botila horretan landare-jatorriko lehengaia –eta ondorioz saldu nahi zaigun berdetasuna, purutasuna, ekologia eta ahuntzaren gauerdiko eztula– %20 besterik ez dela konturatzeko.
Hauek denak ikasi berri nintzela, hipokondria areagotu besterik egin ez didan gutuna heldu zait e-postaz. Bi lerro gordinetan laburbilduko dut mamia: 1.- Plastikoak antimonioa askatzen du berotzen denean, eta bertan den urak, jakiak edo dena delakoak zurrupatzen du elementu hori. 2.- Minbiziak jotako bularretako ehunetan hondakin kimiko hori bera aurkitu da. Norberak atera ditzala ondorioak.
Dagoeneko alferrikakoak diren kalkuluetan murgilduta nago orain, jakin ezin dena ebatzi nahian: zenbat aldiz utzi ote dudan ur-botila autoan ahantzita, uda beteko egun sargorietan. Botila pozoitu horietatik zenbat bider edan ote duten nire alabek, eta zenbateko kantitatea, egarriak jota bertan eseri arazi ditudanean. Zenbateko tenperatura jasaten ote duten ur-botilek etxeetara heldu aurretik, biltegietan edo kamioietan edo saltokietako apaletan diren bitartean. Zein gradutik behera ematen duen bakea antimonioak. Zenbat aldiz ekidin ahal izan dudan plastikozko botila eta zer arraiogatik ez dudan egin. Mikrouhin labea antzarak ferratzera bidali nuen arte, zenbat aldiz berotu ote nituen jakiak plastikozko ontzietan, eskoletako kantinetan nola egiten ote duten…