Garbine Ubeda Goikoetxea
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Gagarinek bai, ikusi zuen Jainkoa zeruan - zuzeu.eus(e)k Gagarinen etorria bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #24 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Marie Curie eta Gerla Handia bidalketan
- Marie Curie eta Gerla Handia | TeknoZientzia txokoa-Haurtzaro ikastola(e)k Marie Curie eta Gerla Handia bidalketan
- Garbiñe Ubeda(e)k Berlingo Harresiaren azken biktimak ez zuen soldaduska egin nahi bidalketan
- Fumut(e)k Berlingo Harresiaren azken biktimak ez zuen soldaduska egin nahi bidalketan
Artxiboak
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko martxoa
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2009(e)ko ekaina
Musikaren neutraltasunaz
Atalak: euskara, musika
Neuromarketinak nigan duen efektua neurtzen ari nintzen; beharrezko zitzaidanaren eta desio nuenaren arteko arrazoizko oreka bilatzen, erostarazteko teknika berri hauek atzaparrak ondo luzatuta izaten dituzten tenplu horietariko batean (Urbil merkataritza zentroan). Ordu bata eta erdiak aldera heldu nintzen –bazkaltzeko garaian, nahitara–, jende motroiloak saiheste aldera. Eta hipermerkatuko ate detektatzaileak pasatu besterik ez nituen egin, lehen apalategiko produktuei azaleko begiratua besterik ez nien eman, oztoporik jasangaitzenaz ohartu nintzenean: Alejandro Sanz marruka eta lantuka ari zitzaidan bozgorailuetatik. Hori oilo-ipurdia.
Etorri zetorkidanaz ohartuta –aski gora jarrita zegoen bolumena–, korridoreak zeharkatzen hasi nintzen ahalik eta lasterren, pasaeran ikusten nituen jaki eta osagarriak arrapaladan hartzen, saski gurpildun gorria tiraka nekarrela. Ospa egin nahi nuen handik.
Kutxa erregistratzailera heldu nintzenerako, sarritan konprobatutakoa, jakin banekiena, betikoa, baieztatu nuen berriro ere. Erosketa egitearekin batera, Espainiako pop salduena entzutera behartuko ninduela Eroskik. Gustatu ala ez, gaztelerazko hit-parade osoa belarriratuko zidatela. Ez zidatela segundo erdiko treguarik ere emango, ezta disimulatzeko ere. Ezta Beyonce-ren azken diskoaz torturatzeko ere.
Erosketa ordaindu eta ihes egingo nukeen, nire baitarako marmar apur bat egin eta hurrengora arte korrika urrundu, baina ikur hura ikusi nuen bat-batean, ziurtagiri sonatua, hipermerkatuko informazio-txabolatxotik pasatzean: “Bai euskarari”.
Agerkundea iruditu zitzaidan, egia esan. Haren inspirazioz otu zitzaizkidan galderak, nire oinak bezala, estropezu egiten hasi ziren, elkarrekin kateatzen: neurtu al liteke saltoki jakin batek hizkuntzarekiko duen konpromisoa bere akustika orokorra kontuan hartu gabe? Ateak zabaltzen dituztenetik hasi eta argiak itzaltzen dituzten arte, gutxienez hamabi orduz, bozgorailuak etengabe martxan izan ohi direla kontuan hartuta, zer hizkuntza, zer giro, zer paisaia, zer babes ari dira sustatzen beti eta salbuespenik gabe gaztelaniaz kantatutako abestiak –eta bolumen horretan– irradiatzen ari badira? Ingurumenarekiko errespetuz jokatzen ari al dira batere biodegradagarriak ez diren abesti likatsu horiek (eta besterik ez) promozionatzean? Ongi merezia al dute “Bai euskarari” ziurtagiria?
Tira, ba egun hartan gaiztotu egin nintzen derrepentean. Barkatu. Poltsak lurrean utzi, erakusmahaira hurbildu eta erreklamazio-orria eskatu nion etxeko uniformez jantzita zegoen andereari. Intoxikazioaz mintzatu nintzen oharrean. Kexatu egin nintzen dezibelio horietan sartu zidaten muskulubarneko dosiak agente patogenoak besterik ez zituelako. Eta demanda egin nien, urteotan egin ditudan bisitetan –eta ehunka izan dira– sekula euskarazko abesti bakar bat ere entzun ez dudalako, Olentzero egunekoa salbuespen.
Pare bat egunera, bezeroaren arretaz arduratzen den neska batek deitu zidan. Arrapataka aritu zitzaidan, urduri, azkarki. Lehen hitzetik arrazoia eman ostean, denen gustua asmatzea zaila dela eta, erosotasunez, zentro guztientzat sistema bat eta bera jartzea pentsatu zutela arrazoitu zidan. Eta dauden aukeren artean hauxe iruditu zitzaiela neutroena, esan nahi baita, gaztelerazko musika besterik eskaintzen ez duen hari musikal hau. Baina baietz, arrazoi nuela, eta esan beharreko tokian esango zuela…
Hilabetea joan da geroztik. Kexak kexa, arrazoiak arrazoi, Eroskiren akustika politikak beti bezain ‘neutro’ jarraitzen du.