Benito Lertxundi, Lekittarraren “fitxaketa” berria
Benito Lertxundi kantari oriotarrak kontzertua eskainiko du larunbatean Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan (22:00etan), Isuntza Arraun Taldea laguntzeko ekitaldiaren baitan.
“Arraun taldeak, amateurrak diren beste kirol elkarte asko bezala, urteak daramatzagu dirua lortzeko bide berriak bilatzen”, azaldu du klubeko lehendakari Santi Zumaranek. “Diru-laguntzetatik bizi izan ginen garai haiek pasa dira, eta orain, babesleei eta zapatuko ekitaldien modukoei esker lortzen dugu bizirautea”.
“Isuntza kirol talde bat da, baina kultura munduarekin lotura izan nahi dugu”, dio. “Aurten triptiko batzuk egin nahi genituela eta, Miren Agur Meaberi eta Amets Arzallusi laguntza eskatu genien. Erraztasunak besterik ez genituen jaso haien eskutik ere. Ideia asko ditugu buruan, eta apurka-apurka guztiak martxan jartzea espero dugu. Arrauna ez dugu ulertzen banderak irabazteko kirol bat bezala bakarrik. Guretzat zerbait gehiago da”.
Trainerua herriko gazteekin osatzea helburu
“Herriko gazteekin osatu nahi dugu trainerua, baina horrek bere kostua du”, Zumaranen hitzetan. “Diru asko mugitzen duten klubekin lehiatu nahi badugu ez da harritzekoa galtzea, baina gure proiektuan sinesten dugu”.
ARC1 ligan ari da aurten ‘Lekittarra’ trainerua. Uneotan lehen mailara heltzea zail samarra dirudi, baina ez da ahaztu behar lau bandera irabazi dituela jada denboraldi honetan, eta estropada bakarra faltan hirugarren postuan dagoela (igoera play-offa bi traineruk jokatuko dute).
Kontzerturako sarrerak
Aurrez: 18 euro.
Bertan (leihatilak 20:00etan irekiko dira): 20 euro.
Suposatzen dut diru gehiago dutenen aurka galtzea ez dela harritzekoa dioenean ez dela aurtengo denboraldiaz eta euren aurretik doazen bi taldeez (Zumaia eta Getaria) ariko. Hirurak ere txalogarri dabiltza filosofiaz eta diru gutxirekin ibiltzean halako emaitzako lortuz, baina hiruetatik ez da Lekittarra diru gutxien mugitzen duena.