Slump doktorearen zaintiratua
Hasiera » Jon Tornerren bloga - Slump doktorearen zaintiratua

Bibiana Steinhaus, emakumezko lehen arbitroa Bundesligan: “Mugarri” ala gizonezkoen “osagarri”?

2017-05-25  //  Futbola, Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Bibiana Steinhaus officiates at the league match between MSV Duisburg and FSV Zwickau last Saturday in Duisburg. Photograph: Joachim Sielski/Bongarts/Getty Images

Bibiana Steinhaus arbitroak Alemaniako bigarren mailako partidak epaitu ditu azken 10 urteotan. Argazkia: Joachim Sielski/Bongarts/Getty Images

Datorren denboraldian Bundesligako –Alemaniako gizonezkoen lehen mailako– futbol partidak arbitratuko ditu Bibiana Steinhausek. Lehenengo emakumea izanik, Angela Merkel kantziler izendatu zuten unearekin (2005ean) alderatu dute gertaera hau hainbat hedabidek. Futbola bezalako esparru maskulinoan, lehen mailan emakumezko arbitroa aritzea “mugarritzat” jo dute Alemanian, bide bera hartu nahi duten neskentzat erreferentzia bilakatu den heinean, Kate Connolly kazetariak The Guardian egunkarian nabarmendu duen moduan.

Arbitro honi buruzko informazioa bilatzen ari ginela, titular deigarria topatu dugu, gaztelaniaz, El Español agerkarian: “La novia de Howard Webb con la que se encaró Guardiola, primera árbitra de la Bundesliga” (Howard Webben neska-laguna, [Pep] Guardiolari aurre egin ziona, Bundesligako lehen emakumezko arbitroa). Arbitroaren izenik ez (nahiz eta goialdean azaltzen den), eta bi gizonezkori zuzeneko erreferentzia. Berdintasunerantz urrats handiak ematen ari gara, bai horixe…

bibiana2

Espainiako futbol Liga irabazi duten neskek 54 euroko gainsaria jasoko dute buruko; mutilek 300.000 euro

2017-05-24  //  Futbola  //  Iruzkinik ez

Atlético taldeko jokalariak, Liga irabazi izana ospatzen / Atlético

Atlético taldeko jokalariak, Liga irabazi izana ospatzen / Atlético

Emakumezkoen Iberdrola Liga irabazteagatik 1.352,28 euroko gainsaria jasoko du Madrilgo Atlético futbol taldeak, Espainiako Federazioak hitzartua duenez. Horrek esan nahi du, dirua banatzea erabakiz gero, klubeko jokalari bakoitzak 54 euro jasoko dituela. Gizonezkoen Santander Liga irabazteagatik, Real Madrileko jokalari bakoitzak 300.000 euro jasoko ditu, horren bikoitza baino gehiago Txapeldunen Liga irabaztea lortzen badu, Alfredo Varona kazetariak Público egunkarian emandako datuen arabera.

Emakume eta gizonen arteko aldea izugarri handia den arren, urratsak ematen ari direla nabarmendu du kazetariak.  Horren adibide da, esaterako, gizonezkoen taldeko futbolariek txaloka hartzen zituztela ikustea, Vicente Calderón estadioan jokatu beharreko partidaren atarian, orain gutxi arte “ezinezkoa” zirudiena. Edo nesken azken partidan, euren futbol zelaiko harmailak 3.300 ikuslek lepo betetzea.

Gaiari buruz gehiago:

#EqualPlayEqualPay, gizonezko futbolarien baldintza eta soldata bera aldarri

AEBetako emakumezko futbolarien haserrea, soldata-diskriminazioagatik

Zenbat diru behar da Everest igotzeko?

2017-05-23  //  Mendia  //  Iruzkinik ez

Eskalatzaile gehienek 40.000 euro inguru ordainduko dute 2017an, Alan Arnette mendizale eta kronistak bere blogean jasotako datuen arabera. Nepaletik ala Tibetetik igo, eta “erosotasun”/”segurtasun” maila apal ala handiagoarekin egin, ordaindu beharreko kopurua desberdina izango den arren, gutxi gora-beherako batez bestekoa zifra horretan kokatu du Arnettek, sektorean lan egiten duen hainbat enpresak emandako datuetan oinarrituta, How much does it cost to climb mount Everest? (Zein kostu du Everest igotzeak?) artikulu mamitsuan irakurri daitekeenez.

Sherpak

Sherpa batek 4.500 euro inguru irabazi dezake espedizio bakoitzagatik, kontratua eta balizko eskupekoa barne / National Geographic

Everest igotzeko hainbat bide dago, espedizio osoa (antolaketa, prestakuntza…) norberak bere gain hartzetik (oso gutxik hartzen du hautu hori), 100.000 euroko espedizio komertzial batean parte hartzeraino. Gastuak hiru atal nagusitan banatzen dira: bidaia, baimenak + aseguruak eta azpiegitura/hornikuntza.

“Eskalatzaile beteranoek diote duela 15 urte 4.500 euro ordainduta igo zitekeela Everest”, dio Arnettek: “Dena den, prezio horretan ez ziren sartzen ez laguntza gehigarria, ez oxigenoa, ez soka edota eskailera finkoei ekarpenak, ez aurreikuspen meteorologikoak… Post honek ziurtzat ematen du jende gehienak modu nahikoa erosoan igo nahi duela, eta ez duela sei astez egunero arroza jan nahi”.

Hona, laburtuta, atalez ataleko gastuak, igoera Nepaletik egingo den kasuetan:

 

1. Bidaia + Oinarrizko kanpalekura (EBC) igoera

  • Hegaldia Kathmandura: 1.350 eta 6.250 euro artean, hegaldi-klasearen, ibilbidearen eta ekipajearen arabera.
  • Hotela eta jana Kathmandun: 269-630 €
  • Kathmandutik Luklara bidaia (hiri horretatik hasten dituzte espedizioak mendizale ia denek): 300 € joan-etorria.
  • Nepal Visa: 90 €
  • Txertoak: 180 €
  • EBCra igoera (jakak): Jak bakoitza/eguneko 36 € (lau jak lau egunetarako: 574 €); jak bakoitzak 55 kiloko zama.
  • EBCra igoera (zamaketariak): Zamaketari bakoitza/eguneko 18 € (hiru zamaketari sei egunetarako 324 €); zamaketari bakoitzak 27 kiloko zama.
  • EBCra igoera (ostatuak): Mendizale bakoitzak/eguneko 18-90 € (zazpi egun: 125-630 €); gauak kanpin dendetan igaroz gero, merkeagoa izango da.
  • Parkeko tarifak: 90 € / taldeko
eta zamaketariak, oinarrizko kanpalekura bidean

Jak bat eta zamaketari bi, oinarrizko kanpalekura bidean / Alan Arnette

2. Baimen eta aseguruak

  • Everest igotzeko baimena: 9.800 €
  • Nepaleko agentzia, baimen kontuak antolatuko dituena: 2.250 € / taldeko
  • Bitartekaritza-lanak (espedizioa kontrolatuko duen operatibo polizial/militarra): 2.700 € / taldeko
  • EBCko mediku-laguntza (Everest ER): 90 €
  • Zabor-tasa: 3.500 € / taldeko (litekeena da diru hori itzultzea)
  • Khumbu glaziarreko ibilbidea egokituko duten (eskailera, soka eta abarrekin) Icefall Doctors izeneko sherpak: 2.250 € talde osoak, edo 540 € mendizale bakoitzak.
  • Soka finkoak (glaziarraz gaindiko laguntza): 135 €
  • Eguraldi-iragarpenak: 0-890 €
  • Enkante-zeremonia: 270 €
  • Ebakuazio-asegurua: 62-450 €
  • Soilik mediku-asegurua: 448 €
  • Erreskate-asegurua (arrazoia edozein izanik ere), mediku-aseguruarekin eta bidaia bertan behera uzteko bermearekin: 2.700 € (TravelEX)
  • Helikoptero pribatuan ebakuazioa (Everest hegoaldetik): 4.500-18.000€
  • Aseguru-zifrak gutxi gora-beherakoak dira; eskalatzailearen adinaren, bidaiaren iraupenaren eta beste faktore batzuen menpe daude.
Khumbu glaziarren gora /

Khumbu glaziarrean, Icefall Doctors izenekoek jarritako eskailera gainean / Alan Arnette

3. Azpiegitura/hornidura

  • Mediku-kita: 450-900 € + Gamow Bag delakoak 1.790 €
  • Ekipamendua (oinetakoak, berokiak, lo-zakuak…): 6.200 €
  • Satelite bidezko telefonoa: 900-2.700 €, erabileraren arabera.
  • Karpak (logela, sukaldea, bainugela, biltokia): 2.700 € hiru lagunentzat.
  • Sukaldaria eta haren laguntzailea(k): 4.500 € sukaldari eta laguntzaile bakoitzeko, sei asterako.
  • Jan-edanak eta erregaia: 700 € laguneko, sei asterako.
  • Oxigeno botilak: 490 € botilako; 2.470 € bost botilak (horri gehitu behar zaizkio goi-kanpalekuetara garraiatzeko gastuak)
  • Oxigeno maskara: 400 €
  • Oxigeno erregulatzailea: 400 €
  • Sherpak (tontorrera igoko direnak): 4.500 € (+ 1.790 € bakoitzaren oxigenoa).
Everesteko Oinarrizko Kanpalekua (EBC) / Depositphotos.com

Everesteko Oinarrizko Kanpalekua (EBC) / Depositphotos.com

 

Espedizio komertziala (“Guztia barne”)

Duela gutxi arte, Mendebaldeko agentzia baten zerbitzuak kontratatuz gero, 35.000 eta 60.000 euro artean ordainduta igo zitekeen Everest, “guztia barne” modalitatean.

Hori aldatzen ari da, ordea. Azken urteotan, tokian-tokiko agentziek geroz eta bezero gehiago erakartzen dituzte, prezio merkeagoek bultzatuta. Nepaleko enpresek, adibidez, gastuak bi bidetatik murrizten dituztela nabarmendu du Arnettek. Batetik, Mendebaldeko gidaren figura kenduta (haren lekuan esperientzia handiko sherpak aritzen dira), 9.000 eta 22.000 euro artean aurrezten dute. Bestetik, batzuetan bederen, merkatuaz azpiko soldatak ordaintzen dizkiete sukaldari, sherpa eta zamaketariei. Gauzak horrela, badira Everest igotzeko aukera 26.000 bat eurotan eskaintzen duten agentziak.

Prezio horretatik gora, nahi bezainbeste eskaintza topa daiteke. Badira, esaterako, 75.000 eurotik gorakoak; eta nazioartean sona handia duen alpinista esperientziadun baten zerbitzuak kontratatuz gero, prezioa 100.000 eurotik gorakoa izan daiteke.

—————————————–

Informazio askoz ere gehiago

How much does it cost to climb mount Everest? (Zein kostu du Everest igotzeak?) artikuluan informazio piloa jaso du Arnettek, galdera-erantzun moduan: Ibilbide estandarra hartu behar al dut derrigor? Bakarrik igo al naiteke? Gutxieneko zein diru kopuru ordainduta igo dezaket Everest? Nola lor dezaket diru hori guztia? Ze desberdintasun dago Everest igotzeko 27.000 edo 60.000 dolar ordaintzearen artean? Zenbat lagunek igo dute Everest? Mendi bereziki arriskutsua al da? Nondik igoko naiz, ipar ala hego aldetik? Oxigeno gehigarria erabili behar al dut? Ba al dut aukerarik tontorreraino heltzeko? Zergatik Everest?

Merezi du irakurtzea.

Emakumezkoen txirrindularitza: Oztopoak oztopo, bizirik dirauten Bira eta Durangoren 10 gako

2017-05-15  //  Txirrindularitza  //  Iruzkinik ez

Asteazkenetik (hilak 17) igandera (21) bitartean egingo da 30. Emakumeen Bira, gure egutegiko lasterketarik garrantzitsuena; eta asteartean (16), bestalde, Durango-Durango saria. Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteak antolatu du lehena, eta Duranguesa elkarteak bigarrena. Zorionez, elkarteon esfortzuari esker, lasterketa biak bizirik daude oraindik…

Aurtengo edizioen nondik-norakoak ezagutzeko hamar gako jaso ditugu ondorengo lerroetan, Bira ardatz hartuta:

Oinaaa

Emakumeen Bira Iurretatik abiatu eta Errenterian amaituko da aurten. Ohi baino kilometro gehiago egingo ditu lasterketak Gipuzkoan.

1. Nazioarteko lasterketarik zaharrena: Emakumeen Bira da, hainbat etapak osatzen duten lasterketen artean, nazioarteko zaharrena. 30. edizioa maiatzaren 17an abiatuko da Iurretan (ohi bezala) eta 21ean amaituko da Errenterian. Etapa bakoitzaren informazioa (perfilak, ordutegia…): Emakumeenbira.eus eta Gabiria Kopa blogean.

2. World Tour egutegitik kanpo: Zoritxarrez, 2016an UCI World Tour egutegitik at geratu zen. Horrek ekarri zuen iazko edizioa ekainean ez baizik eta apirilean egitea, parte-hartze ona bermatu eta Euskal Herriko Itzuliaren logistika mediatikoari (ETB) zukua ateratzeko. Aurten, ordea, apirileko asteburu horretan 2003tik lehiatzen ez zen Amstel Gold Race klasiko ezaguna programatu zuen UCIk, eta horrek Bira behartu du atzera berriz ere data aldatzera. Kontua da, ofizialki, martxoan jakinarazi diola UCIk Birari lasterketa maiatzera pasako zutela, eta ondorioz, goi-mailako talde ugarik ez dutela Euskal Herrira etortzerik izango, euren egutegia jada itxirik zutelako. Zorionez, lasterketak bizirik dirau oraindik.

Aldaketa horien guztien albo-kalteak Durango-Durango lasterketa ari da sufritzen, parte-hartze ona bermatu eta jarraipen mediatiko txukuna izan nahi baditu, hobe datorkiolako Biraren atarian egitea.

3. Parte-hartzea, nahi baino apalagoa: Esan bezala, data-aldaketaren ondorioz, goi-mailako hainbat taldek uko egin behar izan diote Bira lehiatzeari. Tartean dira, esaterako: Wiggle High5 (2016ko edizioa irabazi eta urte horretan bertan erretiroa hartu zuen Emma Johansson suediarraren taldea), WM3 Energie (2015eko edizioa irabazi zuen Kasia Niewiadoma poloniarrarena) eta Boels-Dolmans (Ardenetako hiru klasikoak irabazi dituen Anna van der Breggen herbereetarrarena). Gurean izango dira, hori bai, Orica (Van Vleuten, Spratt, Garfoot…), Cervelo-Bigla (Moolman-Pasio, Ludwig…) edota Ale Cipollini (Ane Santesteban, Bastianelli…)

Annemiek van Vleuten da garaipena lortzeko hautagai sendoenetako bat / Cyclingnews.com

Annemiek van Vleuten da garaipena lortzeko hautagai sendoenetako bat / Cyclingnews.com

Durangoko klasikoaren parte-hartzea, funtsean, Birarena da, Cerveloren hutsunea salbu (Zikloland).

4. Sei euskal txirrindulari izango dira lehian: Ane Santesteban (Ale Cipollini), Lourdes Oyarbide (Bizkaia-Durango), Lierni Lekuona (Bizkaia-Durango), Ane Iriarte (Espainia), Miriam Gardachal (Espainia) eta Eider Merino (Lointek). Santesteban eta Merino dira 10-15 lehenengoen artean sailkatzeko hautagai sendoenak. Ikusi beharko da, ordea, Ale Cipolliniko ziklistari erabat osatu ote zaizkion martxoaren 17an auto batek jo eta lurrera bota ostean sufritu zituen zauriak.

5. Etxeko ziklistei omenaldia: Errenteriarra da Santesteban, baita Lierni Lekuona ere [Lezon sortua da Lekuona]. Hein batean, horregatik amaituko da Bira bertan, “bi ziklista horiek omentzeko”, lasterketaren zuzendari Agustin Ruizek azaldu duen bezala (El Correo).

Ane Santesteban, bizikleta gainean berriro 🙂

Esto es mas que una foto en competición, es la superacion de los malos momentos y sobre todo a mis miedos

A post shared by Ane Santesteban (@ane_santesteban) on May 2, 2017 at 5:45am PDT

6. Errenteriako bi artistak, Lander Urkiak eta Mikel Ugartemendiak, Bira euren herrian amaituko dela-eta, aparteko garaikur bana sortu dute. Urkiarena gertaera esanguratsuena egin edo jasan duen txirrindulariak jasoko du. Ugartemendiak egindako egurrezko eskultura, bestalde, azken sailkatuak jasoko du. Kontua da ziklista ohia dela Ugartemendia, eta Espainiako Itzulian parte hartu zuenean azkena geratu zela.

7. Zuzenean jarraitzeko: Twitterrez (@EEmakumeenBira / #bira) edota Facebook bidez (@wwtemakumeenbira). ETBk aurrez grabaturik emango ditu lehendabiziko lau etapak, eta zuzenean bosgarrena. Lasterketari buruzko informazio gehiago Gida Ofizialean (pdf) aurkituko duzue.

8. Tropela.eus webguneko kiniela egiteko garaiz zabiltzate oraindik. Hamar txirrindulari besterik ez dira hautatu behar, fin ibiltzea komeni da beraz. Kiniela egin duten erabiltzaileentzat Annemiek Van Vleuten da aurtengo edizioa irabazteko faborito nagusia.

9. Gabiria Kopako hitzordu nagusia izango da Bira, emakumezkoetan bederen. Lehenago ere aipatua dugu blog honetan “Euskal Herriko lasterketa profesionaletako txirrindulari onena” saritzen duen egitasmo berezi hau. Emakumezkoen kategorian Lointek taldeko Alba Teruel da gaur gaurkoz nagusi. Gizonezkoetan, aldiz, Alejandro Valverde dago buru.

10. “Emakumezkoen txirrindularitza aintzat hartu”. Biraren eta txirrindularitza ardatz duen Zikloland webgunearen arteko akordioa medio, Iurretako Emakumeen Bira Z.K.E. elkarteak iritzi artikulu bat plazaratuko du hilero Interneten, emakumezkoen txirrindularitzaz gehienetan. Tomarse en serio el ciclismo femenino (Emakumezkoen txirrindularitza aintzat hartu) artikuluan, esaterako, elkarteko zuzendari Agustin Ruizek dio lasterketak agian beste modu batean planteatu beharko liratekeela: “Nahikoa egiten dute antolatzaileek emakumezkoen lasterketak aurrera ateratzeko, baina, agian, beste modu batean planteatu beharko genituzke. Akatsa iruditzen zait kadeteen tropel bat elite mailako beste batekin nahastea. (…) Erritmoari, materialari, bizikletaren domeinuari, garapenari eta abarrei dagokienez desberdintasunak hain dira handiak, emaitzak desbirtuatzeaz gain, erorketa gehientsuenen arrazoiak direla. Aldiz, ez zait gaizki iruditzen lasterketa batzuetan, distantzia propioak izanik ere, kadete eta juniorrek batera lehiatzea; edota beste proba batzuetan junior mailakoak orpoz-orpo aritzea 23 urtez azpikoekin edota elite mailakoekin, euren garapen egoki bati begira betiere.

Saskibaloi torneoa iragartzeko bideo sexista: “Hura jarraitzeko gogoa izango duzu”

2017-05-10  //  Gizartea, Saskibaloia  //  Iruzkinik ez

“Te van a dar ganas de seguirla” (Hura jarraitzeko gogoa izango duzu), dio Argentinako Saskibaloi Ligaren txioak. Bideo bat du txertaturik mezuak, estreinakoz aurten jokatzen ari den emakumezkoen txapelketa iragartzea helburu duena. Bideoa ikusita, ordea, bada argi geratzen ez den gauza bat, I.P. bezala sinatzen duen Play Ground agerkariko kolaboratzaileak dioen bezala: “Zer jarraitzeko –noren atzetik joateko– gogoa izango dut? Bideoan agertzen den neska? Hark daramatzan oinetako edo arropa marka? Bere dietista?”.

Te van a dar ganas de seguirla #LaLigaFemenina pic.twitter.com/RBAXlpvQ8x

— La Liga Femenina (@LFBArgentina) 2017(e)ko maiatzak 7

Gisa honetako kanpainekin, emakumezkoen kirolak ez du areriorik behar, dio artikuluaren goiburuak, eta beherago: “Bideoan apenas ikusten da saskibaloia. Modeloak (hainbesteko lana al zen benetako jokalaria kontratatzea?) saskibaloian jokatu ez beste guztia egiten du. Eserita dagoela ari da baloiarekin, hura hartzen du bikoitzak egiteko zorian balego bezala, bideoaren amaieran baloiari purpurina dario…”.

“Modeloaren irudiak hura ‘jarraitzeko’ gonbidapen batekin uztartzearen arduragabekeriaz beste batean hitz egingo dugu”, dio kazetariak.

Ados, bideoa muturreko kasu bat da, horrelakoak ez dira hain ohikoak, gurean ez behintzat, baina horrelako kasuek erakusten dute emakumezkoen kirola ezagutu, ulertu eta sustatzeko modu edo bideak aldatzea ezinbestekoa dela. Eta zer esanik ez emakumezkoek oro har kirolean duten paperari dagokionez. Bai, txirrindularitza lasterketa batzuetan kendu dituzte azafatak, baina Godó tenis torneoko azafata batek bere janzkera zela-eta agertutako haserreak erakusten du bide luzea dagoela oraindik egiteke. Zorionez, horrelakoen inguruan geroz eta gehiago eztabaidatzen da, zalantzan jarri eta, zenbaitetan, egoera aldatzeko urratsak eman. Ez beti, baina.

Egun eguzkitsua dirudi argazkikoak, baina Godó torneoko azafatek

Egun eguzkitsua dirudi argazkikoak, baina Godó torneoa jokatu zenean tenperatura baxuak izan ziren, eta hala ere azafatak gisa horretan janztera behartu zituzten.

Sinbologia nazia, Ku Klux Klanen maskarak… eta UEFA (oraindik) isilik

2017-04-27  //  Futbola, Ukraina  //  Iruzkinik ez

Apirilak 21, futbol partida Ukrainan: Dynamo Kiev vs Shakhtar Donetsk. “%100 zuri” zioen harmailetan paratutako kartel handi batek. Haren atzean zeuden Kieveko ultrek, maskarak eta buzo zuriak jantzita, nazien svastika eta beste zenbait ikur erakutsi zituzten. Bazen Ku Klux Klanen txano ezaguna jantzi zuenik ere. Antza, haien asmoa zen UEFAko ordezkariei ongi-etorria ematea, joan zirenak 2018ko Txapeldunen Liga hartuko duen estadioaren ingurukoak ezagutzera, RT agerkariak nabarmendu duen moduan. Eta, hain justu, ikusitakoaz ez du oraindik adierazpenik egin UEFAk, ezta neurririk hartu ere.

Kieveko ultren irudiek beldurra bat ematen dute, egia esan:

Lehenago ere Kieveko zaleek antzekoak eginak dituzte. 2013an, esaterako, gisa honetan agertu ziren Donetsk-eko autobusaren aurrealdean ateratako argazkian:

Ukrainian #football fans dress up as KKK members in front of bus for Shakhtar, club with many black players: pic.twitter.com/jk7hcYaWjO

— James Ellingworth (@jellingworth) 2013(e)ko azaroak 5

 

Iñigo Cabacas oroitu dute San Mamesen

2017-04-05  //  Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Apirilaren 9an bost urte beteko dira Iñigo Cabacas basauriarra hil zela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jo ostean. Hura gogoratu eta “justizia” eskatzeko, Iñigo Cabacas Herri Harmailak 10.000 karteltxo banatu ditu asteartean Athleticek San Mamesen jokatu duen partida ikustera joan diren zaleen artean.

28. minutuan erakutsi dituzte, Cabacasek 28 urte baitzituen zendu zenean.

Zein polita den guztiok batera justizia eskatzen dugunean. Zein polita litzateke justizia. #Cabacas @bzarrabeitia @herrikolore @ICHHarmaila pic.twitter.com/xzS2HczQlV

— Opio Errebeldea (@OpioErrebeldea) 2017(e)ko apirilak 4

San Mames recuerda a Iñigo Cabacas #justiciaparainigocabacas pic.twitter.com/pY8mIecZ5A

— Ultragram (@Ultragram) 2017(e)ko apirilak 4

A pesar intento boicot d Ertzaintza,algunos empleados y directivos dl Club la petición justicia se ha oído y visto.
Eskerrik asko San Mamés! pic.twitter.com/cpfVyNeHzM

— I.C Herri Harmaila (@ICHHarmaila) 2017(e)ko apirilak 4

Haur kategoriako nesken talde batek “historia” egin du, mutilen Liga irabazita

2017-04-03  //  Futbola  //  Iruzkinik ez

Lleidako (Herrialde Katalanak) AEM taldeak

Lleidako AEM taldeko jokalariak, pozarren, mutilen Liga irabazi izana ospatzen / AEM

Lleidako (Herrialde Katalanak) AEM taldeak, 12 eta 14 urte arteko neskek osatua, irabazi du mutilen 2. Mailako Liga. Duela hiru urte osatu zuten taldea, neskek futbolean jokatzen jarraitzeko aukera izan zezaten, mutilen aurka lehiatu behar baldin bazuten ere. Hasieran partida gehienak galtzen zituzten, baina Ligan hirugarren sailkatu ziren hurrengo urtean, eta irabazi egin dute aurten, txapelketa amaitzeko lau jardunaldi falta direnean, gainera. Jokatutako 22 partidetatik bakarra galdu dute; gol gehien sartu dituen taldea da, eta gutxien jaso dituena.

“Kimuen mailan [10-11 urte] neskek eta mutilek nahasturik joka dezakete, baina Haur-kategoriara igarotzean ibilbidea eten egiten da; ezin dezakete lehiatzen jarraitu, horregatik osatu genuen nesken taldea”, azaldu du AEM taldeko entrenatzaile Dani Rodrigok, El País egunkariak plazaratutako artikuluan. “Bagenekien mutilen aurka jokatzeak lehiakorrago bihurtuko zituela eta, gainera, jokalari oso onek egin dute bat belaunaldi berean”.

Haiena da neskek osatutako talde bakarra Katalunian. “Neskek futbolean jokatzen dute gustuko dutelako, eta irabazi egiten dute gainera”, dio Rodrigok. “Baina ez dakite tabu asko hausten ari direnik. Orain badakigu nesken talde batek irabazi diezaiokeela mutilek osaturiko bati”. Hala esan zien entrenatzaileak jokalariei, asteburuko partida irabazi eta gero: “Gauza oso handia lortu duzue, uste duzuena baino handiagoa. Igoko diren nesken belaunaldi berrientzat zuek izango zarete eredu”.

Entrenatzailea jakitun da jokalarien fisikoa handicap bat izan daitekeela, bereziki urtebete gazteagoak diren nesken kasuan, baina taldeak teknikoki eta taktikoki lan handia egiten duela dio: “Horri esker, trabatzen zaizkigun partidak baloi geldian irabazi ditzakegu, pasa den larunbatean gertatu zen bezala”.

Azafatarik ez, aspaldikoz Iruñean, zuzendaritza berria… Euskal Herriko Itzuliaren 10 gako

2017-03-30  //  Txirrindularitza  //  Iruzkinik ez

Nairo

Nairo Quintana eta Itzulia jada lau bider irabazi duen Alberto Contador, iazko edizioan / Eltiodelmazo.com

Euskal Herriko 57. Itzulia datorren astelehenean (apirilak 3) abiatuko da Iruñetik, eta larunbatean (8) amaituko da Eibarren. Aurtengo edizioaren nondik-norakoak ezagutzeko hamar gako jaso ditugu ondorengo lerroetan:

1. 1973tik ez zen lasterketa Iruñera iristen. Nafarroan izana da aurreko urteetan, baina hiriburuan ez. Aldaketa politikoak izan du zeresanik horretan. Ibilbideari dagokionez, esan Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuko dituela. 42 urte dira Donostiara heltzen ez zela (Klasikoak betetzen du hein batean hutsune hori). Antolatzaileen asmoa da etorkizunean Iparraldera ere salto egitea, baina arazo batzuk dakartza horrek. “Frantziako legedia da, eta han Tourra da nagusi. Teknikoki zaila da, eta ekonomikoki ere ahalegin handia eskatzen du”. Itzuliko zuzendari Julian Erasoren hitzak dira, Berriako kazetari Imanol Magrok egindako elkarrizketa mamitsutik jasoak.

2. Azafatarik ez da egongo podiumean. Australiako Tour Down Under lasterketak abiatu eta besteren artean Kataluniako Voltak jarraitu duen bideari helduta, azafatarik ez da egongo podiumean. Antolakuntzaren erabakiarekin ados agertu dira Udal guztiak. Bakarren batek pentsa dezakeen arren “ergelkeria” [irakurri 1. paragrafoa] dela (artikuluaren egileak nire hitzak zuzendu ditu) horrelako urratsek gure babesa besterik ezin dezakete jaso. Alde horretatik, zorionak antolatzaileei.

Oina

Kataluniako Voltan, etapa bakoitza amaitu den udalerriko arduradunek erabaki dute azafaten ordez podiumera nor igo. Reus hirian buruhandi pareak eman zituen sariak/ Ciclismo2005

3. Zuzendaritza berria, lan-talde erdiak dimisioa eman eta gero. Eibartarrek antolatzen zuten Euskal Bizikleta batetik, Donostiako bulegoetatik bideratzen zen Euskal Herriko Itzulia bestetik. Lasterketa bi ziren, 2009an elkartu egin ziren arte. Eibartarren taldean dagoen Erasok dioenez: “Pixka bat ETBk, Jaurlaritzak eta Diario Vascok behartuta elkartu ziren bi lasterketak, eta OCETA Euskal Txirrindularitza Antolakuntzak osatu. Ura eta olioa bateratzea izan zen, eta, nahiz eta harreman ona ez izan, aurrera egin genuen. Estatutuen arabera, haiek [Itzuliko arduradunek, Diario Vasco Kirol Antolakuntzek] presidentea eta idazkaria zuten, eta guk [Euskal Bizikletak], presidenteordea eta diruzaina. 2009tik hona, horrela ibili gara, lau donostiar eta lau eibartar”.

Hala azaldu du gertatutakoa: “Jaime Ugartek eta Jose Mari Ezeizak zuzendaritza utzi zutenean egin zen lehen trantsizioa [2014an], eta estatutuak arrapaladan egin ziren. (…) Urtarrilaren 5ean bilera egin, eta Jose Luis Arrietak [aurreko zuzendariak] esan zuen kargua utziko zuela. Hilabete lehenago beste bilera bat egin genuen, eta ez zigun ezer aipatu. Bagenekien errelebo bila zebiltzala, baina arazoa zuten. Bien bitartean Diario Vasco Kirol Antolakuntzak desagertu egin zelako, Diario Vascok utzi egin zuen elkartea, eta orduan ez zegoen lekukoa hartzeko elkarterik. Eta zerbait prestatuz gero, aho batez onartu behar zen. Eta ez zutenez ezer lortu, bada urtarrilaren 5a iritsi zen, eta dimisioa eman zuen (…) Bai zera, gu haserretu? Are gehiago, azken urtean inoizko girorik onena izan neguen gure artean. Nik uste dut Arrieta osasunez justuago ibili dela azken urteetan, eta haren erabaki pertsonal bat izan dela”.

oina

Ion Izagirre ormaiztegiarra Itzulia irabazteko faboritoen artean dago.

4. Hamaika txirrindulari euskaldun izango dira irteeran: Ion Izagirre, Mikel Nieve, Pello Bilbao, Gorka Izagirre, Igor Anton, Alex Aranburu, Victor de la Parte, Omar Fraile, Markel Irizar, Jonathan Lastra eta Haimar Zubeldia. Taldeei dagokienez, bi dira euskaldunak: egoitza nagusiak Nafarroan dituzten Movistar eta Caja Rural, UCI ProTeam maila gorenekoa lehena, Profesional Kontinentala bigarrena. Zentzu horretan, Euskaltel-Euskadik utzitako hutsunea ezin beterik gabiltza oraindik. Euskadi-Murias taldeak Itzulia bezalako World Tourreko lasterketa batean parte hartzeko, beharrezkoa du Kontinental mailatik Kontinental Profesionalera pasatzea. Babes ekonomiko handiagoa ezinbestekoa da horretarako.

5. Alberto Contador bere bosgarren garaipenaren lehian izango da. Aurtengo edizioan gailenduz gero, Itzuli gehien irabazitako txirrindularia bilakatu da, Jose Antonio Linaresekin duen berdinketa hautsita.

6. 1.100.000 euroko aurrekontua du Itzuliak. Saritan 90.000 euro banatuko dira. Besteren artean Itzuliaren irabazleak 12.000 euro jasoko ditu, eta etapa bakoitzarenak 4.000 euro. Sabadell Guipuzcoano da babesle nagusia. Gainerakoak dira: EITB, El Diario Vasco, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

7. Errefuxiatuekin elkartasuna. Aurtengo edizioak kutsu solidarioa izango du. Errefuxiatuei laguntza eskaintzea helburu duen Zaporeak egitasmoak  elikagaien bilketa eta material salmenta antolatuko ditu etapa guztietako helmuga inguruan.

8. Zuzenean jarraitzeko: EITBko telebista-irrati-webgunea, Twitterrez (@ehitzulia / #itzulia #ehitzulia) edota Facebook bidez (@ehitzulia). Informazio praktiko guztia (organigrama, ibilbidea, sariak eta abar) Gida Ofizialean (pdf) kontsulta dezakezue.

9. Tropela.eus webguneko kiniela egiteko garaiz zabiltzate oraindik. Arriskatu nahi duenak, badaki, Alberto Contador edo Sergio Luis Henao hartzea besterik ez du. Uneotan kolonbiarra Valverde du markatua artikulu honen egileak, pedal kolpe oso traketsarekin dabilena portzierto aurtengo Tropela-denboraldian.

10. Gabiria Kopako hitzordu nagusia izango da Itzulia, gizonezkoetan bederen. Lehenago ere aipatua dugu blog honetan “Euskal Herriko lasterketa profesionaletako txirrindulari onena” saritzen duen egitasmo berezi hau. Emakumezkoen kategorian Belén López Morales da gaur gaurkoz nagusi. Gizonezkoetan, larunbatean egingo da lehenbiziko proba: Lizarrako Sari Nagusia.

10+1. Graham Watson argazkilari britainiarra ez da Itzulian izango, erretiroa hartu berri du-eta. Ondare izugarri aberatsa laga digu Watsonek, horren erakusgarri, bere webgunean paratu dituen 1.000 argazkiak, azken 40 urteotan ateratakoak: 40 years of cycling galerian dituzue ikusgai. On egin!

10+2. Markel Irizar, 12 urte eta gero, berriro itzulian.

#Itzulia-k itzulera bat ere badakar: @Markelirizar-ek 12 urte zeramatzan @ehitzulia korritu gabe: Euskaltel-Euskadin zegoen, 25 urte zituen.

— Gabiria Kopa (@gabiriakopa) 3 de abril de 2017

Indarkeria futbolean: Zelaian gertatzen dena zelaian geratzen al da?

2017-03-28  //  Futbola, Gizartea  //  Iruzkinik ez

Gogoan izango dituzue duela astebete baino zertxobait gehiago Mallorcako futbol zelai batean gertatutakoa, 12-13 urteko jokalarien gurasoak elkar joka hasi zirenekoa. Bada, borrokan parte hartu zuen 42 urteko aita batek Antena 3 telebista kateko Espejo Público saioan hitz egin du: “Ez naiz egindakoaz damu. Berriro egingo nuke”, adierazi du. Bere semeak –ikusleen artean zegoenak– ere parte hartu zuen borrokan. “Semeak, ni ukitzen banaute… Horrela hezi dugu. Kristoren potroak dauzka”. Gizonak azaldu du emakume bat jotzen ari zirelako hasi zela bera ere borrokan: “Borrokan sartzeaz nola damutuko naiz ba, emakume bat eta ume bat jotzen ari baldin baziren?”. Eta, amaitzeko, abisua: “Nire hiruzpalau lagunek sekulako gogoa dute hara joan eta…”.

Katalunian

Katalunian, gazteen mailako futbol partidan, jokalarien eta ikusleen artean liskarrak izan dira asteburuan / RTVA

Asteleheneko saioan elkarrizketatu dute aita hori. Bezperan, irudi hauek ikusi genituen sare sozialetan. Katalunian gertatu da, gazteen mailako mutilen futbol partida batean. Arbitroak kanporatu egin zuen jokalari bat; aldageletara zihoanean builaka ari zitzaizkion zaletuei oldartu zitzaien, eta jokalari eta ikusleen artean liskarra hasi zen.

Nire arrakastarako oztopo zara

“Gizonezkoak elkar ostiatzen, umeak tartean eta emakumeak bakea jarri nahian. Eszenak gizartearen koadro hiperrealista baten antz handiegia du, futboleko borroka bat dela esateko; baina futbol zelai batean gertatu da”, dio Playground aldizkariko kazetari Ignacio Patok, Mallorcako borrokaren harira. “Agian, ostia horiek, borroka geratzeko erreguak, ez dira gizartearen ezaugarri bat gehiago baino. Oldarkorra. Lehiakorra. Matxista”.

“Umetan futbolean jokatzeko izena ematen duzu; izugarri ondo pasatzen duzu beste umeekin (…) Institutura joango zara gero. Futbolean jokatzen jarraitzen duzu, baina ez duzu hain ongi pasatzen. Entrenatzaileak esaten dizu bizitza honetan guztia esfortzuarekin lortzen dela; eta zuk, zeure pikortekin, jendea ezagutzeko gogoz, galdetzen diozu zeure buruari ez al duzun nahikoa esfortzu egiten selektibitatera nota ona eramateko. Nahiz eta oraindik ez duzun meritokrazia hitza ezagutzen, errealitateaz jabetzen zara. Hegalean korrika zoazela beste taldeko aita bati entzuten diozu: ‘Gogor sartu horri, ez zaitez neskatila (jatorrizkoan nenaza) izan!'”.

“Oztopoa baitzara bere semaren arrakastarako. Baloiaz ari garenean, bakarra dagoelako. Biharko egunean, lan-elkarrizketan, lanpostu bakarra dagoelako. Deskubritzen duzu bizitzan ez dagoela berdinketa askorik (…) Batzuetan, gurasoak elkar joka hasten dira. Kode beraren menpe eta espazio berean ari diren pertsona helduak dira. Borroka egiten dute batari galtzea eta parekoari irabaztea ahalbidetu diezaiokeen erabakiagatik. Curriculuma bidaltzea bezala”.

“Edo irain arrazistak. Guztiok baitakigu soilik futbolean gertatzen direla halakoak”, dio ironiaz kazetariak. “Edo matxistak, edo homofoboak, guztiok baitakigu gure gizartea ez dela halakoa”.

“Futbolean ez da gizartetik at dagoen linboan jokatzen. Bi ateen inguruan gertatzen den guztiak egunerokoan ditugun harremanen kopia da, inposatzen dizkiguten eta bultzatzen ditugunena”.

Arrazoia baino, aitzakia

Ziurrenik hala da, futbolean gertatzen direnak gizartearen isla besterik ez dira. Baina, testuaren egileak dioen bezala, futbolean gertatzen dira, gizonezkoen partidetan, gizonezkoen artean ia beti. Ados, futbola ez da indarkeriarako arrazoia, indarkeria erabiltzeko aitzakia baizik. Baina, horrelako kasuak futbolean hain sarri gertatzeak ematen du zer pentsatua…

Duela bi asteko Athletic-Real Madril futbol partidaren ondorengoek ere eman digute zer pentsatu. Norgehiagoka beroa izan zen, irain eta kolpe dezentekoa. Amaitzean, talde bietako jokalariek adierazpen berdintsuak egin zituzten: “Zelaian gertatutakoa zelaian geratzen da. Futbola da hau”. Ez dut aingerutxo azkar-usteko baten rola jokatu nahi (galtzaile txarra bainaiz ni ere), baina halako baieztapenak labainkor samarrak direla iruditzen zait, gezurra baita zelaian gertatutakoa zelaian geratzen dela, kontuan hartuta zenbat jendek (umeak asko) ikusten dituen irudiok, bai zuzenean, bai telebista bidez. Goi-mailako futbolariak eredu dira askorentzat, eta halako mezuak zabaltzea… Futbola dela? Ados. Baina horrela beharko luke? Ez dakit ba.

19 / 55«Aurrekoa1018192021304050Hurrengoa»

Jon Torner

Goiburua irakurtzean barre egingo duzue nire belaunaldiaren biktima zaretenok. Komikiak eta kirola esaldi berean uztartzeko modurik onena iruditu zait. Arale hiperaktiboaren sortzailea batetik, eta kirolariak aulkira eramaten dituen lesioa bestetik. Funtziona dezake.

Azken bidalketak

  • FIFA eta UEFAren epelkeria, futbol zelaietako beroa
  • Zorroztasun historikoaren izenean: dragoiak bai, bikingo beltzaranak ez
  • Jaiak, gazteen kezka-iturrien erakustoki
  • Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia
  • Apurtutako eserlekua eta “txiste” homofobo bat

Iruzkin berriak

  • Jon Torner(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • tornulari(e)k Manspreading zer den, irudi bakarrean bidalketan
  • Mikel(e)k Eurokopa eta Tourra, Bilbok behar duelako auskalo nongo mapan kokatu bidalketan
  • IKER(e)k Euskal selekzioaren ofizialtasuna: Noraino helduko gara konfrontazio ezaren bidetik? bidalketan
  • carmita(e)k Haurren futbol partida batean, gurasoak kolpeka (a ze artaburu puskak!) bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko urria
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko abuztua
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko apirila

Kategoriak

  • AEB
  • Antzerkia
  • Argentina
  • Arrauna
  • Artea
  • Athletic Club
  • Atletismoa
  • Automobilismoa
  • Azpiegiturak
  • Beisbola
  • Bideo-jokoak
  • Boxeoa
  • Brasil
  • Brasilgo Munduko Kopa 2014
  • Chiapas
  • Dopina
  • Eibar
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuen krisi globala
  • Errugbia
  • Errugbia
  • Errusia
  • Eskozia
  • Euskal selekzioak
  • Euskara
  • Feminismoa
  • Frantzia
  • Futbola
  • Galizia
  • Generoa
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Herri kirolak
  • Herri kirolak
  • Herrialde Katalanak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntzak
  • Hungaria
  • Igeriketa
  • Internet
  • Islandia
  • Israel
  • Italia
  • Joko Olinpikoak
  • Kirol psikologia
  • Kirola
  • Kirola eta politika
  • Kolonbia
  • Komiki kritikak
  • Komikiak
  • Kulturgintza
  • Literatura
  • Maroko
  • Matxismoa
  • Mendia
  • Mexiko
  • Mugikortasuna
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Osasuna
  • Palestina
  • Pilota
  • Politika
  • Reala
  • Sahara
  • Sailkatu gabea
  • Saskibaloia
  • Sokatira
  • Teknologia berriak
  • Telebista
  • Txile
  • Txirrindularitza
  • Ukraina
  • Umorea
  • Uncategorized
  • Ustelkeria
  • Zientzia eta teknologia
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA