Hasiera »
Kike Amonarrizen bloga - Algara, edo ez gara
Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Mihiluzeren ondarea (1): Programaren oinarriak
2013-05-23 // Hedabideak // Iruzkinik ez
MHLZ – 7. denboraldiko grabaketa bat
Mihiluze amaitu bada ere, zortzi denboraldi hauetan erabili ditugun jokoak, hor daude, denon erabilgarri. Urteotan, leku askotan erabili dira joko horiek, asko izan baitira Euskal Herrian zehar egin diren Mihiluze Lehiaketak: ikasturte amaierako jaialdietan, festetan, Euskaltegietan, gaztetxeetan… Horixe izan da Mihiluzek eman digun poz handienetako bat, gure proposamena gizartean nola zabaldu den ikustea.
Zabalpen horretan laguntzeko, 2009ko Uda Ikastaroetan Mihiluzeren inguruko Ikastaroa eman genuen lan-taldekook. Eta materiala edo aholkua eskatu izan diguten guztiei pozarren bidali izan dizkiegu oinarrizko power-point-a, sintonia edo probak lantzeko aholkuak eta materialak. Horregatik, interesgarria iruditu zait programan erabili dugun filosofia, jokoen nondik norakoak eta materiala sortzeko erabili ditugun prozedurak blog hau jarraitzen duzuenokin partekatzea. (gehiago…)
“Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak” Ikastaroa
2013-05-12 // Hedabideak, Soziolinguistika // 2 iruzkin
Euskal Herriko Unibertsitateak Miramar Jauregian antolatzen dituen XXXII. Uda Ikastaroen barruan, eta Ekainaren 18an eta 19an, “Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak” Ikastaroa antolatu dugu sektoreko zenbait eragileren artean.
Ikastaroak gaiaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. Izan ere, Euskalgintza eta euskarazko komunikabideak bidegurutze batean baitaude. Fase politiko-sozial berri batean gaude, Euskararen Legea onartu edo EITB sortu zirela 30 urte bete dira, krisi ekonomikoak gogor astintzen gaitu eta teknologia berriek eta globalizazioak gure bizimoduak errotik aldatu dituzte.
Euskalgintzan ere, barne-hausnarketa prozesu sakonak ari dira gertatzen. Horren adibide dira, herrietako komunikabideak Euskara Elkarteen egituretatik atera eta ‘Tokikom’ Elkartea sortu izana, ‘Hekimen’ Euskal Hedabideen Elkartearen sorrera, Euskara Elkarteen Topagunearen hausnarketa prozesua eta azken batzarrean aurkeztutako ondorioak, Kontseiluaren barruko hausnarketa prozesua edo EITBren funtzio eta etorkizunaren inguruan izandako eztabaidak.
Euskarazko komunikabideen esparrua oro har, eta euskarazkoena bereziki, eraldatzen eta egokitzen ari da testuinguru berri honetara. (gehiago…)
Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua
2013-04-24 // Nazioartea, Soziolinguistika // 10 iruzkin
Quebec erreferentzia garrantzitsua izan da eta da, euskararen aldeko lan eta ekimenetan ari garen guztiontzat. Gaur egun Euskal Herrian abian den hainbat esperientziak eta egitasmok Quebecen du jatorria: lan-munduan euskara sustatzeko egitasmoak, terminologia eta hiztegigintzako projektuak edo administrazioa euskalduntzeko plangintzak, batzuk aipatzearren.
Quebecen aplikatzen ari diren hizkuntza politikaren oinarrian dagoen legea, Frantses Hizkuntzaren Karta da, “101 Legea” bezala ezagutzen dena. Lege hau, 1977ko abuztuaren 26an onartu zen, liberalen oposizioarekin, eta geroztik, izan ditu aldaketa batzuk. 1984ean, esate baterako, Quebeceko Epaitegi Gorenak indargabetu egin zituen komertzioak frantses hutsez errotulatzera behartzen zituzten atalak.
14. Legearen aurkako protestak. ‘Mobilizing ideas’ web gunetik hartutako argazkia
Zenbait esparrutan frantsesa atzera egiten ari dela ikusita, ordea, neurri berriak hartzea proposatu zuen Parti Québécois-k joan den urteko hauteskunde kanpainan eta hortik sortu da, joan den abenduan Legebiltzarrean aurkeztu zen “Loi 14” deitzen den proposamena. PQ-k irabazi zituen hauteskundeak, baina, minorian ari da gobernatzen (125etik 54 diputatu) eta sostengu gehiago behar ditu legea aurrera ateratzekotan. Anglofonoek, alofonoek eta frankofono federalistek sostengatzen duten Alderdi Liberalak (50 diputatu) jada adierazi du aurka bozkatuko duela, frantsesa Quebeceko hizkuntza komuna izatearen alde badago ere, planteatzen diren neurriak gehiegizkoak iruditzen zaizkiolako. Halaxe adierazi du bere web orrian aste honetan. Legearen etorkizuna beraz, Coalition Avenir Quebec kontserbadorearen eskuetan dago bere 19 diputatuekin, Quebec Solidaire alderdi abertzale ezkertiarraren 2 diputatuak ez baitira aski. (gehiago…)
8000 lagun katalanaren aldeko “Potonejada”n Perpinyàn
2013-04-15 // Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkinik ez
potonejada.wordpress.com-etik hartua
Euskal Herrian, izerdi bidez erakutsi ohi dugu askotan euskararekiko atxikimendua: Kilometroetan edo Ibilaldietan, Oinez, urratsez Urrats edo Korrika… Iparraldeko katalanek, aldiz, era original batean erakutsi zuten joan den larunbatean Perpinyàn beren hizkuntzaren aldeko maitasuna: elkarri musu emanez.
“2 d’Abril” kolektiboak urtero oroitarazi eta salatzen du 1700. urteko apirilaren 2an, Luis XIV. Erregeak, Espainiar monarkiak Frantziari emandako lurraldeetan katalanaren erabilpena debekatu izana. Debeku hori arautzen zuen ediktua ez da inoiz indargabetu, eta beraz, oraindik ere indarrean dago. Egun honen bidez, katalanaren egoera eta frantziar gobernuaren hizkuntza politika salatu nahi izan ditu erakunde antolatzaileak..
Joan den asteburuko Potonejada, ”Un clam d’amor per la lengua catalana” lelopean ospatu zen. Leloari jarraiki, pot emateak edo musuketak, katalanarekiko maitasun-aldarri bihurtu zituzten herritarrek. Halaxe diote katalanaren ofizialtasunaren aldeko ekintza hau sustatzeko erabili duten bideoan: (gehiago…)
Hiru umore ttantta asteburua zipriztintzeko
2013-04-12 // Txisteak, Umorea // 2 iruzkin
ARDOZALEEN BILERA
Duela gutxi, Bilbon egin zen ardozaleen azoka batean, Aragoiko, Landetako, Gaztela-Mantxako eta Arabako Errioxako ardozale batzuek elkar ezagutu eta bertako jatetxe ezagun batera bazkaltzera joan ziren.
Mahaian eseri eta zerbitzariak zer edan behar zuten galdetu zienean, aragoiarrak honela eskatu zion:
– Niri atera Cariñena bat, mesedez.
Berahala, Landetakoak:
– Eni, otoi, Tursan bat.
Gaztelauaren ahotsa entzun zen ondoren:
– Nik Ribera de Duero bat nahi nuke…
Errioxarra isilik zegoela ikusita, denen begiradak harengana zuzendu ziren:
– Eta niri Heineken bat, mesedez!
Denek harriturik begiratu zioten, eta isiltasun lipar baten ondoren, errioxarrak:
– Inork ez badu ardorik edan behar, nik ere ez!
(ARGIAren 2362. alean argitaratua)
PAGOAK ETA HARITZAK (gehiago…)
Alsaziari buruzko oharrak, erreferendumaren aitzakian
2013-04-07 // Hezkuntza, Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Mulhouse/Mìlhüsa herri sarrerako panoa
Gaur Alsazian lurralde egitura erabakitzeko erreferenduma aitzakia egokia iruditu zait, iazko udan bertan igaro genuen oporretako astean zehar jasotako hainbat inpresio blogeratzeko. Leku ederra izan eta oso ardo eta jaki onak eskaintzeaz gain, interes berezia nuen bertatik bertara ezagutzeko alsaziar kulturaren egoera. Kasualitateak gainera, Milhüsa/Mulhouse herrira eraman gintuen! “Miluzera goaz” esaten nien lagunei. Herri sarrerako kartelean, Mulhouse frantsesez, Milhüsa alsazieraz letra txikiagoz, eta inongo panotan azaltzen ez zena alemanezko izena: Mülhausen.
Frantziar estatuko beste hizkuntza gutxituen aldean ezaugarri bereziak ditu alsazierak. Bretoierak adibidez, baditu bere egoera zailtzen duten faktoreak: hizkuntza zeltikoa da, frantsesetik arras desberdina, eta ez dago kanpotik lagunduko dion hizkuntza zeltiko indartsurik. Euskara eta katalana hexagonoan egoera zailean egon arren, mugimendu sozial indartsua dute atzean eta badute babesa beren hegoaldeetan. Alde horretatik, jakin-mina pizten zidan Alsazian zer gertatzen ote zen. Azken batean, bertako hizkera, alemanaren dialektoa delako; potentzia ekonomiko baten hizkuntzaren dialektoa, alegia. Eta krisia dela medio, gure artean bertan alemana gero eta gehiago ikasten bada, alsazierak zenbateko erabilera soziala zuen, edo alemanaren indarrak zer nolako eragina izan zezakeen ikusi nahi nuen. (gehiago…)
Dabid Anauten “Hizkuntzaren barrurako atea” liburuaz
2013-04-05 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Norbaitek esango baligu “hizkuntzari buruzko liburu bat” irakurri duela, zer pentsatuko genuke? Normalean, euskararen gramatikari edo euskalkiei buruzko liburu bat irakurri duela. Edo euskararen jatorriaren ingurukoa. Agian, buruak beste esparru batera eramango gintuzke eta euskararen egoeraren inguruko libururen bat irudikatuko genuke, hitz potoloekin esanda, soziolinguistikari buruzko bat, alegia.
Dabid Anautek, ordea, beste bide bat jorratu du, euskaraz nahikoa gutxi landu den alor bat. UEUren eskutik iaz kaleratutako liburuaren izenburuan dioen bezala, hizkuntzaren barrurako atea zabaldu du. Gizakiok sortutako tresna edo lanabes miragarri honen inguruko hainbat galdera erantzun nahi izan ditu, gaiaren inguruan hainbat zientziatan garatu diren eta jorratzen ari diren ideia eta proposamen nagusienak arakatuz eta erkatuz. Hona horietako batzuk: Noiz eta nola sortu ziren hizkuntzak? Hizkuntza dugun espezie bakarra al gara? Zein bilakaera izan dute hizkuntzek? Nola eskuratzen ditugu, eta nola osatzen? Galdera hauek eta gehiago, bost atal nagusitan banatu ditu. (gehiago…)
Iñaki Epelde, gizon klasea!
2013-03-23 // Kultura // Iruzkinik ez
Iñaki hilerrian lagunartean agurtu ondoren, halaxe atera zitzaion bere adiskide eta bidelagun Koldobika Jauregiri barru-barrutik. “Iñaki! Gizon-klasea izan duk!”. Ez dut uste Iñaki definitzeko hitz egokiagorik aurki daitekeenik: gizon klasea!
Tolosaldeko Hitzatik hartutako argazkia
Lerro hauek idazten ari naizen “Galtzaundi” aldizkaria bera izan daiteke klase hori erakusten hasteko abiapuntu egokia. Euskara-taldea sortu zenean, nori eskatuko genion bada logotipoa marraztea? Iñakiri! Bagenekielako proiektuarekin bat egiten zuela, ziur geundelako inork baino hobeto eramango zituela irudietara han egosten ari ziren ilusioak eta asmoak, eta gainera, prest azalduko zela. Eta hau, Iñakiren nortasunaren sakona, herrigintzarekiko beti erakutsi zuen konpromisoa, bere eskuzabaltasuna eta artista gisa zuen maila gizatiarra eta estetikoa erakusten dizkigun adibide bat besterik ez da. (gehiago…)
“Arrain freskoa” eta beste 4 txiste
2013-03-19 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
ARRAIN “FRESKOA”
Lan kontuak zirela medio, gure lagun batek Madrila joan behar izan zuen joan den abenduan. Eguneko eginbeharrak amaitu ondoren, Plaza Mayor inguruko jatetxe batera sartu zen afaltzera. Entsalada hasteko eta legatza bigarren platera. Baina arraina jaten hasi eta hura ez omen zegoen ahora sartzerik! Kiratsa! Zerbitzaria inguratu zitzaionean hala esan omen zion:
– Hau baino arrain freskoagoak jan izan ditut!
Eta zerbitzariak erantzun:
– Ez hemen!
(ARGIAren 2357. alean argitaratua) (gehiago…)
Elkarri eta ahora eman
2013-03-18 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
(2013-03-15ean BERRIAn argitaratutako artikulua 18. KORRIKA dela eta)
Korrikaren lehen kilometroak egin genituen atzo Tolosaldean, Kilometroak korrika batean prestatzen ari garen urte berean, hain zuzen ere. Eman euskara elkarri dio Korrikak eta Ahora! Kilometroek. Helburu bera bietan: euskararen erabilpena sustatzea.
Azken hamarkadetan euskarak Tolosaldean, eta bereziki erdaldunagoa zen Tolosan, aurrerapen nabarmena egin badu ere, erabilpenari begira lan handia dugu oraindik ere egiteko.
Euskal Herriko oso eskualde gutxik dituzte gureak bezalako baldintza soziolinguistikoak erabileran jauzi kualitatiboak emateko, elkarri emateko: irakaskuntzan D eredua besterik ez dago, Tolosa bera Ueman sartu berria da, udaletako alkate, zinegotzi eta langile ia guztiak euskaldunak dira, herritarren gehiengoak euskaraz daki edo ulertzen du… (gehiago…)