Bizikidetzarako pausoa ematea erabaki du Australiako Gobernuak
Australiako Gobernuaren izenean barkamena eskatuko die datorren otsailaren 13an Kevin Rudd lehen ministroak bertako indigenei aurreko urteetan “zibilizatu asmoz” indigenei umeak familiei kendu eta ‘zibilizaziora’ eramateagatik. Mundu osoko indigenek eta hauen alde lan egiten duten erakundeek pozik hartu dute berria, bizikidetza eta errespeturako pausu garrantzitsutzat jotzen baitzuten hau. Hainbeste sufrimendu sortu ostean, barkamena eskatzea erabaki du azkenean “gizon zuriak”
Hala ere, Bringing Them Home (Etxera Ekarriz) giza eskubideen alde lan egiten duen taldeak Australiako gobernuari eskaera egin zionetik pausoa ematera ausartu den arte hamar urte baino gehiago igaro dira. Christine King, Stolen Generations Alliance (Lapurtutako Belaunaldien Aliantza)ko kideak ezin omen zuen sinetsi ere barkamenerako data behingoagatik jarri dutela. Negarrez hitz egin zuen King andereak: “jende heldua sinetsita zegoen ez zutela egun hau inoiz biziko, oso hunkigarri eta garrantzitsua da guretzat”.
Oposizioaren eskaera baten karietara erabaki du Kevin Rudd lehen ministroak eskaria egitea eta australiar guztiak “harro sentitzeko unea” dela adierazi du, iraganean egindako akatsak onartzen ari direlako. Parlamentu berria otsailaren 12an osatuko dute, eta Welcom to Country (Ongi etorri herrialdera) aborigenen ongietorri tradizionala egingo dute. Hurrengo egunean, otsailaren 13an, Camberran burutuko duten legebiltzarreko saioan eskatuko die barkamena formalki lehen ministroak.
1998an Kanadako Gobernuak antzeko barkamen eskaera egin zien bertako jatorrizko biztanleei. Indigena eta inuit gazteak hartu eta gurasoengandik urruntzen zituzten betirako, eta politika hori zela eta barkamena eskatu zieten.
XVIII. mendearen amaieran Australian bizi ziren talde aboriginenen kopurua 350 eta 700 artekoa zela kalkulatu dute zientzialariek, baita beste horrenbeste hizkuntza ere. XXI. mendearen hasieran 200 besterik ez zirela geratzen ondorioztatu zuten, eta hogei inguru kenduta, denak galtzeko arriskuan daudela. Australiak dituen 21 milioi biztanletik, 450.000 dira aborigenak eta orokorrean askoz bizi baldintza txarragoetan bizi dira.
1606an europarrak iritsi zirenetik, sufrimendua besterik bizi izan ez duten talde hauetako kideek barkamena eskatzeaz gain, aborigenen eskubideak errespetatu eta bizikidetzan lan egiteko benetako konpromisoa eskatu diete gobernuari.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks