Argazki kamerekin bideoa graba daitekeenetik…
Argazki kamera konpakto eta telefono mugikorrek bideoa grabatzeko duten aukera ez da berria. Horren adibide Youtube bezalako orriak hornitzen dituzten milioika bideoak. Bada berrikuntza ordea Reflex kamera digitalei Full-HD edo definizio altuan grabatzeko aukera gehitu izana; hortik ateratzen ari diren emaitzek bai, horiek txundituta naukate. Argazki makina profesionaletarako egindako optikak baliatuz, bideoa grabatzeko aukera duten gailuen emaitzak txundigarriak dira. Irakurtzen jarraitu aurretik, ikusi Canon 7D batekin grabatutako beheko bideoa, merezi du.
Ez naiz xehetasun teknikoetan sartuko. Nikonek bere D90 kamerarekin hasitako bide honek etorkizunean izango dituen ondorio batzuk aipatu nahi nituzke.Lehena. Orain bizpahiru urte izandako multimedia kazetariaren boom edo sukarrak bideora erakarri ez zituen argazkilaritzako profesional asko hurbilduko dira orain. Bere garaian mesfidantzaz hartu zituzten argazkilari askok erredakzioetatik bideo-kamerak hartzera animatzen zituzten mezuak (“Lan gehiago egin berdin kobratuz? Bai zera!”). Dena den, bideoa indarra hartzen joan da eta etxeko argazki agentziak ere ari dira euren argazkilariei grabazio/edizio ikastaroak eskaintzen. Inork ez du atzean geratu nahi. Orain gainera, argazkiaren profesionalek goitik-behera dominatzen duten makinak ia edozein bideo-kamerak baino hobeto grabatzea plus handia da. Geroz eta argazkilari gehiago ikusiko ditugu beren kamerekin bideoa grabatzen.
[Aurretik ikusitako bideoa, orain aipatuaren adibide garbia da, The Guardian egunkariko Dan Chung argazkilariak egina baita. Bere lan gehiago ere ikus ditzakezue, batzuk benetan merezi dute.]
Bigarrena: Kamera hauei zerbait falta bazaie, hori auto enfokatze sistema bat eta audio kontrolerako aukerak dira. Nire ustez, urtebetean horrantz egingo dute. Bitartean, jendeak imaginazioa erabiltzen du argazki kamera hauek bideo kamerak balira bezala erabiltzeko.
Hirugarrena: Pentsazekoa dela bideo kameren merkatuak, beste krisi bat jasango duela laster. Egoeraren arabera, optikak hain erraz aldatzeko aukera dakarten makinen aurka, zail daukate. Ikusi egin behar ea hauek zein mugimendu egiten duten, prezioa merkatzea izan liteke bat.
ARGIAn ere egin dugu probarik sistema berriarekin. Filipe Bidartekin eginiko elkarrizketan Dani Blanco argazkilariak grabatu zituen irudiak bere kamerarekin, eta kalitatea begi bistakoa da.
Dena den, Blanco zuhur mintzatzen da kameren funtzio berri honen aurrean. Bere ustez, profesionalak argi eduki behar du uneoro argazkiak ala bideoa egiten ari den. “Duzun denborak baldintzatzen du dena. Lehendakariak norbaiti eskua nola ematen dion kubritu behar baduzu, ezin dituzu bi gauzak batera egin, bideoa ala argazkia aukeratu behar duzu”. Bestetik, argazkilaria etengabe mugitzen aritu daitekeen bezala, bideolariak enkoadrea zaindu behar du, eta hala dabilela, bere buruan argazki bertikal bat ikusten badu, uko egin beharko dio bideoaren mesedean”.
Azken ondorio bat garbia da: Canon, Nikon eta Pentax bezalako irudiaren industrian diharduten enpresek urteetan dakarten konpetentzia-borrokak, teknologiaren berrikuntzan azelerazioa eta prezioen beheratzea ekarriko du. Hortik, erabiltzaileok atera behar genuke irabazle, eta galtzaile, ziber zaborra jasotzen duten herrialdeetan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks