Kantuak itzuli eta sareratzen hasiko bagina zer?
El Paíseko artikulu batetik Youtubeko kanal kriminal batera heldu nintzen. Honela zioen kazetariak:
El juez les acusa (…) de llevar a la práctica un “proyecto orgánico” (…) mediante la actividad de la página web apurtu.org y de Kronika Nafarroa. Ambas iniciativas, junto a los canales de Youtube Harremanak y Apurtu Telebista tendrían como finalidad “la creación de una estructura de propaganda en Internet”.
Youtubeko bi kanal ez ditu epaile batek egunero aipatzen, eta horregatik, zeozer potoloa behar zuen bertan! Propaganda!
Hauxe topa daiteke bertako bideoen artean: Sakabanaketaren aurkako bideo batzuk, manifestazioen bideo-kronikak, salaketak, prentsaurrekoak, desobedientzia ekintzak… Bideorik ikusiena bietako batean, Ken Zazpiren Zapalduen Olerkia abestiarekin egindako muntaia da, gazteleraz norbaitek intentzio osoz azpititulatua. Aipatu ditudan guztiak, azken finean, EFE, El Mundo, El País eta Marcaren itzaletik youtuben ihes egiten duten mezuak dira.
Horregatik eman nahi izan diote kolpea webguneari (eta kolpeak Mikel Llamasi), bideo batzuk egunkarietako ehunka artikuluk baino eragin handiagoa izan dezaketelako jendearengan, gazteengan batez ere. Abesti baten hitzek, onak badira, zer esanik ez.
Hortik, galdera: Eta zer egin lezakete Madril eta Paristik euskaldunok, adibidez, gustatzen zaizkigun gure kantuak sarera igo eta itzulita eskainiko bagenitu, mundu osoak gure hitzak, guk idatzi nahi izan ditugun gisan irakurtzeko moduan jarriko bagenitu? Ezer gutxi.
Dotsub.com webgunea ezaguna izango duzue blog honen irakurle batzuek, beste batzuek ez. Bertara bideoak igotzeaz gain, edozein bideo edozein hizkuntzatara itzultzeko aukera eskaintzen da oso modu errazean. Erantzun gisa, bi bideo igo eta itzuli ditut bertan, norbaitek kanpoko lagunen bati bidali nahi izanez gero, hor edukitzeko.
Batetik, Ken Zazpiren Zapalduen olerkia, gustatzen zaidalako eta hau zelako apurtu.org webgunean itzuli eta horrenbesteko arrakasta izan zuena. Bide batez salatu, arduraduna atxilo dutela oraindik.
Bestetik, Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori, asko gustatzeaz gain, nire ustez oso era berezian islatzen duelako euskaldunon egunerokotasunak askotan sor dezakeen neke edo karga hori.
Inor animatzen bada bideo hauek beste hizkuntza batzuetara itzultzen, utz dezala iruzkina mesedez! Oso erraza da, webgunean erregistratu eta bideoen ondoan dagoen translate sakatzea besterik ez da, eta lerroz lerro momentuan joan itzultzen.
Oraindik bertan ez den bideoren bat hona igo nahi izanez gero, berriz, KeepVid.com webgunea gomendatzen dut, bideoa dagoeneko sarean badago eta ez badakizu nola jaitsi. Youtuben badago adibidez, hautatu gustuko duzun bideoa, lotura kopiatu, hor itsatsi eta gero kalitate ezberdinen aukeran, eskuin botoiarekin ‘Gorde lotura honela’ sakatuta gorde. Gero DotSubera igo. Musikazblai.com webgunean kantuen hitz askoz gain, kantuen itzulpen ugari daude, eta horko lana aprobetxa lezake nahi duenak bideoa hornitzeko.
Denborak uzten badit, pixkanaka beste kantu batzuk igotzen ere joango naiz.
Kantu batek bihotz bat baino gehiago ireki dezakelako, nahiz eta itzulita egon.
Eta teknologia berriek, berriz, urteetan kanpora itxita izan ditugun ateak ireki.
PD: Espero dut Ken Zazpikoei eta Ruper Ordorikari ez diola axolako bere bideoak itzuli eta horra igotzea. Kontrakoa balitz, abisatu lasai!
PD2: Pixkanaka bideo batzuk itzultzen noa, eta kanal honetan topa ditzakezue nahi izanez gero.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks