Katalanak bazterrean utzita, Twitter beste bost hizkuntzatan prest da
Sutan jarri zuten Twitter atzo arratsean kataluniarrek. Haserre zeuden, Twitter enpresarekin gainera.
Suminaren arrazoia: enpresa amerikarrak bere blogean jakinarazi zuen bere zerbitzuak beste bost hizkuntzatan prest direla: Txinera sinplean, txinera tradizionalean, hindieran, filipineran eta malayeran.
Kataluniarrek orain ia bi urte sare sozial hau beren hizkuntzara itzuli nahi zutela eskatuz kanpaina abiatu zuten, eta urtebete pasatxoan 3.000tik gora atxikimendu lortuta –mezu bakoitza enpresako zuzendariari iritsi zitzaion–, Twitter katalanera itzuliko zutela hitz eman zuen Dick Costolo zuzendari komertzialak. Kontua horretan geratu zen, ordea, eta kataluniarrak zazpi hilabetez zai izan dira, hurrengo trenean igotzeko esperantzan.
Asiako bost hizkuntza berriak aurkezteaz gain, hurrengo itzulpenak zein izango diren adierazi zuen enpresak, eta bertan ez da katalanaren arrastorik: suediera, norvegiera, daniera, finlandiera, poloniera eta hungariera dira hautatuak.
Hau zen atzo gaueko titularra Vilaweben: Twitter anuncia traduccions a més llengües però continua ignorant el català.
Kanpainarekin jarraitzea erabaki dute kataluniarrek beraz, eta larunbaterako –hau da, bihar–, #twitterencatala etiketa masiboki erabiltzeko deia egin dute, 20:00tatik aurrera batez ere. Horrez gain, ia alde batera utzia zuten atxikimendu kanpaina sinadura berri asko jasotzen ari da.
Ikusi egin beharko da ea Twitterrek azkenean katalanak asetzen dituen. Hala balitz, atea guretzat ere nabarmen zabalduko litzateke. Euskarazko itzulpena eskatzeko kanpainak 1.800 atxikimendu lortu ditu azken zazpi hilabetetan (100.000 jarraitzailetik gora dituzten Xabi Alonsorena eta Patxi Lopezena barne). Umap webguneak erakusten duenez, 3.600 erabiltzailetik gora gara euskaraz gabiltzanak sare sozial honetan, eta beraz, geure langa ere zenbaki duin hau litzateke, katalanek baietza jasotzeko behar izan zutena baino altuagoa.
Horrez gain, euskaraz gabiltzan twitterlariak egunez egun gehiago gara, eta askok kontua kanpaina hasi ostean sortu dutenez, baliteke honen berri ez izatea. Gonbidapena luzatuta gera dadila azken hauentzat, eta informazio gehiago nahi duenak hona jo dezake.
Uffffffffffffffffffffffffffffffffff