Gaztelaniazko eta ingelesezko Wikipedietan ekarpenak egitea ez dago hain erraz
Wikipedia Internet osoko proiekturik harrigarrienetakoa iruditu izan zait betidanik, edonork ekarpenak egin ditzakeen makro hiztegi/proiektu ia utopikoa, ehunka hizkuntzatan dagoena gainera. Dagoeneko sortua ez balego eta norbaitek hori sortu nahi duela esango balit, ziurrenik ezinezkoa dela erantzungo nioke.
Nire ekarpentxoak egin izan ditut, gehienbat euskarazko bertsioan, baina baita gaztelaniazkoan eta ingelesezkoan ere, gehienbat Euskal Herriari buruz. Hala ere, nazkatuta nago azken bi hizkuntza handi hauetako zenbait administratzailek duten jarrera prepotentearekin, eta ea jendeak antzeko arazoak izan dituen, eta zer egin duten jakin nahi nuke.
Hauxe dio bideoak, laburbilduta:
Sakatu editatu botoia, gehitu edo aldatu zeozer eta sakatu gorde. Mundu osoari egin diozu ekarpena.
Polita da diotena, baina gauzak ez dira pintatzen dituzten bezala, ez behintzat hizkuntza handietako bertsioetan. Normala iruditzen zait kontrol bat eraman beharra, baina egiten diren aldaketa guztiak gainbegiratu behar badituzte horretarako izendatuta dauden begiraleek, irudipena daukat askotan bi aldiz pentsatu gabe jokatzen dutela. Hala, behin baino gehiagotan gertatu izan zait zerbait idazten denbora bat hartzea eta zaindari hauetako batek, ondoren ikusteko, ti-ta osorik ezabatu dutela.
Gaztelaniazkoetan desadostasun ideologikoak tarteko, eta ingelesezkoetan “hizkuntza pobrea”-ren argudio errazaren aitzakian, zenbaitetan egindakoa ezabatu izan didate.
Adibide bat jartzearren, Punk-rock ingelesezko artikulua hartuko dut. AEBetako punka, Erresuma Batukoa, Australiakoa (Australiakoa?!) eta abar nabarmentzen dituzte gainontzeko guztietatik… eta ondoren, Rest of the World zakuan Euskal Rock Erradikalari buruzko aipamena zuen parrafo bat ez zuten onartu “neurriz kanpokoa eta hizkuntza pobrea” argudiatuz. Onar dezaket beren irizpideetarako luze jotzea, baina nire haserrerako, ez zuten laburtu, hiru ordura ezabatu baizik. Gainera, euskarazko medioak iturri gisa erabili izana behin baino gehiagotan mespretxatu izan dute erabiltzaile anglofonoek, bakar-bakarrik eurek ulertzen ez dutelako.
Uste dut ez naizela Wikipediako moderatzaileekin haserren dagoen bakarra, bestela, irakurri hau: Wikipedia Española, Asi no gracias. Baina hala ere Wikipedia arma garrantzitsuegia da horrelako haserreengatik albo batera uzteko, eta ezabaketei buruz ateratako ondorio batzuk komentatu nahi nituzke, eta jendea artikulugintzara animatu, milioika erabiltzailek jotzen baitute Wikipediara informazio bila, eta bertan gure ikuskera islatuta uztea historia “ofiziala” idazteko modu bat da.
Lehenagotik sortuta ez dagoen artikulu bat sortzen baduzu gazteleraz, ziurrenik kutsu ideologikoa duten zenbait zuzenketa egingo dizkizute (pertsona baten artikulua bada eta hau euskalduna bada, espainiarra edo frantziarra dela jarriko dute berehala adibidez, batzuetan banderatxoa barne), baina artikulua mantendu egingo dute ongi idatzia badago. Hala ere, sortuta dagoen artikulu batean esaldi berriren bat gehitu eta gordetzen baduzu (eta idatzi duzunak euskalduntasun kutsua badu), ziurrenik ez dizute mantenduko. Horrez gain, behin eta berriz jende ezberdinari bidaltzen dioten mezu bera bidaliko dizute esanez uzteko aldaketak horrela egiteari, edo bestela bandalismoa egotziko dizutela, Wikipedian aldaketak egitea eragotziz.
Ondorioa:
Euskarazko Wikipedian askoz gusturago ibil daiteke euskal erabiltzailea. Noski, artikuluen kopurua baxuagoa da eta beste hizkuntzetan dauden zenbait gauza ez dira egongo, baina esango nuke administratzaileen jarrera askoz sanoagoa eta osasuntsuagoa dela. Badakite hizkuntza txikia dela gurea eta garrantzitsua dela gogoz parte hartzen duen erabiltzailea ez uxatzea. Horrez gain, zure denbora artikulu bat osatzen pasa ondoren, beste erabiltzaile batzuk hori oraindik gehiago osatzen joan direla ikusteak satisfakzio handia ematen du.
Hizkuntza txiki bateko kide izatearen beste abantaila bat.
PD: Ingelesezko Punk-Rock-aren orrian (artikulu nabarmendua da gainera), Euskal Herriari buruzko parrafoa ezabatu zuten, baina eskuineko zutabean, Regional Scenes-en Euskal Herria ezabatzea ahaztu zitzaien… Garaipen txiki bat!
PD2: Gaztelerazko Wikipedia, sinesgarritasun gutxien duena omen da ikerketa baten arabera.
Nahikoa lan Argian ez eta gaztelania, ingelesa eta euskarazko wikipedian ere lana egiten duk, Lander… Ez al haiz “workaholic” bilakatu urteotan? Anyway, post politta honakoa!
Nik uste dut artikuluan aipatzen duzuna, proiektuak hazterakoan sortzen den burokratizazioaren ondorio dela, ez besterik. “Etxekoago” diren proiektuetan, normala da gauzak hurbilagoak izatea eta kontsentsuaren bitartez lan egitea.
Proiektu handiagoetan, ordea, beharrezkoa da dena araututa egitea, bideragarritasuna bermatzeko. Normala da zuri gertatutakoaz nazkaturik egotea, baina, komentatu dituzun gauza asko ere euskarazko Wikipedian ere gertatzen dira eta seguru nago egongo dela pozik ez dagoena.