Twitter aplikazioa euskaratu du Blackberryk
Blackberry telefonoen erabiltzaileek Twitter euskaraz konfigura dezakete, aplikazioaren azken bertsioa jaisten badute. Hasiera batean, albistea sare sozialetako enpresa erraldoiaren mugimenduen lehen adierazle zela irudi zezakeen arren, gaur jakin dugu ez dela hala.
Iñigo Rubertek, alias @mendiolatik, goiko mezu honekin piztu zuen sua. Zenbait pantailazo ere erakutsi zituen erabiltzaileak, sare sozial hau euskaratzeko kanpainari atxikimendua erakutsi dioten zenbait erabitzaileren emoziorako, eta bestelako sakelakoak ditugunon inbidiarako.
Twitterren erantzun ofizial baten esperoan geratu ginen gauean, baina ez da halakorik iritsi. Hala ere, gaur goizean Katalunyako kanpainaren bultzatzaile nagusi den Albert Cuestak azaldu digunez, ez da Twitter enpresak hartutako erabakia izan, RIMena baizik. RIM Blackberry telefonoak egiten dituen enpresa da.
Jarraitu egin beharko da kapainan, nolabait Internetekin lotutako enpresarik handienetakoa den hau ere anima dadin bere zerbitzuak euskaraz ematen. Halere, bide berri bat ireki dela ere uler liteke. Twitterrek berak baino, aplikazioak egiten dituztenek euskaratzen badute zerbitzua, funtzioa bera litzateke. Eta hau gertatuko balitz, azkenean seguru Twitterrek ere itzuli beharko duela, nahi edo ez nahi, bere zerbitzuak euskarara.
Bitartean, eta askotan akatsak ematen baditu ere, atxikimenduak jasotzen jarraitzen du #twittereuskaraz kanpainak. Laster 2.000ra iritsiko gara, eta hori hauteskundeetan ezin izan genuela sinadurarik bildu!
Eta batenbatek esan dezake: Aze pelmada darabilten hauek Twitter euskaratzeko kontuarekin! Horrenbesterako al da ba? Hemen itsatsiko dut, lehen kanpaina hasi genuenean ekarri genuen Vicent Partalen aipu bat, nik uste, nahiko ongi laburbiltzen dituena kanpainaren asmoak.
Behin zure hizkuntza proiektu sendo batean sartuz gero, hurrena datorrenak, aurrekoa zein hizkuntzatara itzuli duten begiratuko du, eta naturaltasun osoz sartuko du zurea. Horregatik, kontua oso sinplea da: Edo zerrendan zaude, edo ez zaude. Horregatik, ahal den ahalegin guztia egin behar da bertan egoteko.
Horri gehituko nioke, sare sozial honetan gabiltzan euskaldun guztiok batzen gaituen aldarrikapena bihurtu dela hau, eta honelako gauzak direla elkarren artean konfiantza sortu eta komunitatea egiten dutenak. Eta azken finean, komunitate batek gauza asko egin ditzake, norbanako askok beren kasa egin ezin ditzaketenak.
RuBert, ez Rupert 😉
Aiba! Barkatu Rubert! Konpondu det…