Twitter euskaraz izango dugu, eta orain zer?
Joan den ostegunean Twitter euskaraz izango dugula jakinarazi ziguten. Berri onak dira, dudarik ez; halere, ez pentsa mundua aldatuko zaigunik, ezta erabaki honek euskara salbatuko duenik ere.
Hala ere, era eskematiko batean, hamar gogoeta zuekin partekatu nahi nituzke:
1- Edozein tresna edo menu euskaraz izatea baino garrantzitsuagoa da tresna horren erabiltzaileak euskaraz aritzea bertan.
2- Twitter bezalako mundu mailako enpresa batek gure kanpainengatik bere ateak euskarari irekitzea garaipen lorpen bat da (erabat ados). Egun 28 hizkuntzatan dago sare soziala, eta gainontzeko seiak gehitzen dizkiotenean, katalana eta euskara izango dira estaturik ez duten hizkuntza bakarrak, eta horietan guztietan, euskara txikiena Sustatuk gogoratu duenez. Bada zerbait.
3- Garrantzitsua da, tresna hauek batez ere gazteok erabiltzen ditugulako, eta gazte-gaztetatik halako tresnak euskaraz izateak eragin bat duelako bakoitzak hizkuntza bati buruz duen pertzeptzioan. Nire ustez, orain indar egin behar genuke jada itzulita dauzkagun tresnak euskaraz erabil ditzaten euskaldun osoek, eta baita ulertu behintzat egiten dutenek. Euskaraz bizi garenon zirkuloa handitu behar dugu.
4- Ez digute sarea ireki “hizkuntza minorizatuaren” diskurtsoa erabili dugulako, ez gure hizkuntza salbatzeagatik ere; beraientzat merkatua gara, interesa erakutsi dugu eta erabiltzaile deseroso bihur gintezkeelako egin dute. Ezer gutxi lor daiteke mehatxuekin, baita pena ematea helburu duten mezuekin ere. Proposamenak dauka indarra, baita merkatuaren zati bat galtzeko beldurrak ere.
5- Lehen aldiz tuiteatzen hasten den jende berri guzti hori, inguruak bultzatuta, euskaraz tuiteatzen hastea bultzatu behar dugu. Unibertsitatean bi pertsonak elkar ezagutzen dutenean lehen hitza euskaraz egiten badute, probabilitate haundiz bizi osoan zehar euskaraz egingo duten bezala. Bakoitzak egin dezake hor ahal duena inguruan eragiteko.
6- Hizkuntzaren alde oso jende ona ari da lanean bai kalean eta baita sarean ere. Badirudielako Twitterreko kanpainagatik batzuk aipatzen gaituztela, aitortu behar zaie beren lana Wikipedia, Librezale edo Azpitituluak.com bezalako ekimenei, horiek etengabe eta oso modu eraginkorrean ari baitira lanean, software librearen esparruan. Dabide Martinezek twitterreko albistea zabaldu zenean esan zuen bezala, ongi legoke indar metaketa hau eta kontzientziazio hau software librearen itzulpenak eta erabilera bultzatzeko ere bideratzea. Horretan lagundu nahi duenak jo dezala aurretik aipatu ditugun erreferentzia horietara eta ziur beso zabalik hartuko dutela.
7- Twitter mundu mailako tresnarik garrantzitsuenetakoa da Google, Facebook, Youtube, WordPress eta abarrekin batera. Euskaraz dauzkagu, eta ziur nago hurren datozenak pixkana euskarari leku egitea geroz eta gutxiago kostako zaigula. Dena den, euskaldunok borrokatzera kondenatuta gaude, eta jendea erre gabe, halako kanpainak egiten jarraitu behar genuke.
8- Sareak gero eta aukera gehiago ematen ditu kanpaina kolektiboak bultza eta indarrak biltzeko. #twittereuskaraz-ekin erabili genuen Act.ly aukera bat da, baina arazo teknikoak izan zituen eta ez zuten konpondu nahi izan. Hala ere, Change.org da egun esparru honetan webgune garrantzitsuena. Nahi dugunerako erabil dezakegu. Facebookeko orriekin berdin.
9- Vicent Partalek zioen bezala: “Hizkuntza bat ez da normalizatzen soilik barrura begiratuta, kanpora ere egin behar da”. 10 minutuko hitzaldi hau oso inspiragarria da, Sareko Argiaren 10. urteurrenean Donostian eman zuena.
10- Azkenik, behin Twitterreko olatuak lehen horma botatzea lortu dugunean, hau ezin da hemen amaitu eta hurrengo helburuak finkatu behar genituzke. Boteprontoan zenbait: Mac euskaraz (ordenagailuak, iphoneak, bestelako makinak euskaraz izateak efektu bisual handia lekarke, gailuon arrakasta kontutan hartuta), edo teknologia mundutik pixkat aldenduz, hegaldi konpainiak berak jar genitzake begipuntuan, hala nola EasyJet edo RyanAir. Hiru hauek aipatzen ditut, ikusi dudalako katalanek lortu dituztela, eta beraz, une batean gai hau jorratu eta men egitea erabaki zutela. Beste inork beste batzuk buruan badauzka, idatz ditzala iruzkinetan, edo bestela, zuzenean has ditzala kanpainak. Datorren astean ea denbora hartzen dudan eta batenbat abiatu. Gainera, ez dugu zertan kanpainak banaka egiten joan, egin ditzakegu ongi idatzita eta argumentatuta badaude, bat baino gehiago. Animo beraz!
PD: Azken aldian oso lanpetuta ibili naiz eta ez dut bloga askotan eguneratu. Ea hemendik aurrera gehiagotan egiten dudan…
PD2: Gaiari lotutako gogotea eta iritzi gehiago badauzkazue, bota lasai iruzkinetan, eta hitz egingo dugu!
5 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Euskal Herriko Trending Topic zerrenda | zuzeu.com - [...] euskara eta teknologiaren arteko harremanaren arreta guneari berriz lotu zitzaion Arbelaitz “Eta orain zer?” artikulua publikatu zuenean. Albistearen harira,…
- » Euskal Herriko Trending Topic zerrenda Harriak errekan - [...] euskara eta teknologiaren arteko harremanaren arreta guneari berriz lotu zitzaion Arbelaitz “Eta orain zer?” artikulua publikatu zuenean. Albistearen harira,…
Mundiala!! Poza ematen du horrelako gauzak irakurtzeak! Ea guk ere gure “independentzia birtuala” lortzen dugun .eus domeinuarekin!!
Ni Android merkatuan sartuko nintzateke. iPhone, iPod… oso bisualak izanik ere, nik uste, merkatu haundiagoa dela/edo izango dela google konpainia atzean duen sistema eragile hau.
Nork ez du gaur egun HTC, Samsung, Nokia, Google Nexus… bezalako mugikor bat??
Animo eta altzaporru!
Ah! eta ahaztu egin zait esatea!! Dagoeneko WhatsApp ere itzultzen ari gara!! http://translate.whatsapp.com/
Eman egurra %3 bat bakarrik falta da eta!
Apple.n horiek ondo daude (ez naiz batere zale, baina ez da kontua), baina uste dut Android azkarrago egin daitekela, Sony.k bait badauka euskaratuta bere mugikorrentzako, beraz eurek egindako lana jarraitzea/osatzea/bukatzea/mantentzea “besterik” ez da. Eta gainera Android, momentuz, software librearekin eginda dago, eta euskaraketa komunitatearena litzateke (edo hala pentsatu nahi dut).
Baten batek Sony.rekin harreman onik? 😉
Ea nor animatzen den Asterisk euskaratzera (ez interfazea, ez bait du, baizik eta entzuteko mezuak eta abar), ez da lan asko, bainan bitarteko batzuk behar dira, ahots polit bat eta trebetasun teknikoa fitxategiak sortzeko.
TomTom-eko ahotsak bezala, Amatiño Hawaiin entzutea, flipantea.
Aupa hirukote. Eskertzekoak dira zuen iruzkinak. Badirudi Androida euskaraz izatea garrantzitsua litzatekeela, eta agian hortik jo behar genukeela, Twitterren ere antzekoak esan izan dira azken hilabeteotan, eta Twitter euskaratzeko kanpaina martxan jarri genuenean, ere oroitzen ditut, beraz, badirudi babesa edukiko lukeela.
Dena den, pentsatzen ari naiz agian ideia ona izan daitekeela bai Android eta bai iPhone (Mac) euskaraz izateko kanpaina bateratu bat abiatzea, non bietako batek pausoa emango balu, bestea nolabait behartua senti litekeen pauso bera ematera, ez atzean geratzeko… Ez dakit zer irudituko zaizuen, webgune ezberdinak begiratzen ari naiz plataforma ezberdinetan behintzat egokiena suerta dakigukeena aukeratzeko… Ea aste honetan martxan jartzen dugun zeozer 😉
PD: Alberdi, nik ez daukat TomTomik, egitan Amatiño entzuten da Hawaiin?! Kar kar! Asterisk-ena ere plantea liteke, animatzen bazara, guk babestuko zaitugu!