Donostiako tragedia 10 puntutan azalduta
Atzo Iñaki Egañaren Donostia 1813 liburuaren sarrera orokor bat egin nuen, eta blogerako artikulua luzeegi zihoala ikusita, hurrengo baterako utzi nuen Donostian gertatu zena ulertzeko azalpen eskematiko bat idaztea. Agian ez dira historia ulertzeko 10 punturik garrantzitsuenak, baina badira ni harritu nauten hamar gauza, eta susmoa dudana, jendeak ez dakizkienak. Esan gabe doa, gehiago jakin nahi duenari, liburua irakurtzeko gomendatzen diodala.
1- Pixka bat kokatzeko, esan, 1790. hamarkadaren amaierarako, 36ko gudan bezala, “probintzia traidorea” izendatu zutela Gipuzkoa Espainian, okupatzaile frantziarrari erresistentzia handirik ez jartzearren. Bertako agintariei “espainiartasun falta” aurpegiratu zieten eta Donostiako Michelena alkatea eta beste zenbait kide atxilotu egin zituzten 1796an horregatik. Iruñeko kartzelan sartu zituzten eta gerra-kontseilua egin zieten. Gutxigatik libratu ziren heriotza zigorretik.
2- Jada 1813ra etorrita, bi hilabetez setiatu zuten Donostia portuges eta britainiarrek. Barnean tropa frantziarrak zeuden. Frantziarrek ongi defendatu omen zuten euren posizioa, eta murruetara heldu nahian portuges asko eta asko hil omen zituzten tiroka. Azkenean espainiarren aliatu ziren portuges eta britainiarrek hirira sartzea lortu zutenean, frantziarrek posizioak utzi eta Urgull mendian gora egin zuten ihes. Beso zabalik hartu zituzten herritar gehienek kanpotik zetozenak “askatzaileak” bailiran, baina hauei tiro eginez erantzun zuten soldaduek, orduko dokumentuetan kontatu denez. Hainbat lekukok kontatu zuten tropa portuges eta ingelesek esan zutela Espainiako Castañosen aginduak zituztela, “denak hil eta topatzen zuten guztia suntsitzeko”. Garaiko egunkarietan ere islatzen da halakorik. Wellington eta Alava generala dira, aurretik aipatu Castañosekin batera, gertatutakoaren arduradunak. Inoiz ez du inork barkamenik eskatu orduan egindako astakeriengatik, ezta kalte-ordainik eman ere.
3- Adin guztietako emakumeak bortxatu zituzten animaliak bezala iritsi ziren soldaduek. Aurka egiten saiatu zen edonor tiroz hil zuten, beraz, nahi zutena egin zuten ondorengo egunetan. Donostiarrei beren diru guztia lapurtu zieten, eta liburuan jasotzen denez, batzuk torturatuta hil zituzten ez zietelako sinesten eman zieten dirua benetan zuten guztia zela. Abuztuaren 31ko gauean emakumeen garrasiak bakarrik entzuten omen ziren hirian, bortxatzen ari ziren emakumeen garrasiak. Beste guztia, isiltasuna.
4- Hiriari su eman zioten eta oso etxe gutxi salbatu ziren, 600dik 35. Gehienek dena galdu zuten, eta etxeetan oso modu miserablean bizi izan ziren pilatuta. Zutik zeuden etxeetan (egungo abuztuaren 31 kalea), militarrak sartu zituzten dena galdu zutenekin batera bizitzera, oraindik mingarriago eginez egoera, bortxatzaileak bortxatuekin batera biziaraziz.
5- Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak porrot egin zuten ekonomikoki. Dena galdu zuten, eta ordura arteko idatzi guztiak erre ziren egun haietan. Hiria suntsitu zuten espainiarrekin bat eginda zeuden portuges eta ingelesek, eta hala ere, Donostiako Udalari “Guda zerga” ordainarazten zion Espainiako Estatuak bere militarrak mantentzeko. Udalak, noski ez zuen ordaintzen, ez baitzuen dirurik, eta hurrengo urteetan zorra erreklamatu zioten, hau kitatu arte. Bitartean, jendea gosez eta gaixotasunez hil zen Donostian.
6- Donostiarrak erabat lur jota geratu ziren zigorgabetasun osoz egin zieten guztia ikusita, eta Espainiako estatuko parte izan arren, Madrildik begi onez ikusten zutela ikusita, bakardade eta injustizia sentsazioak hartu zituen donostiarrak. Hainbat urte beranduago, egun haiek bizitu zituzten ia 80 pertsonaren testigantzak bildu zituen udalak, behintzat idatzita gera zedin han gertatu zena eta etorkizunean norbaitek salatuko zuelakoan. Liburuan udalak jasotako lehen lekukoaren testigantza dago transkribatuta eta benetan ikaragarria da. Xehetasun bat ekartzeko, lekukoak dio San Geronimo kalean barrika bati hankak eta besoak lotuta, adin txikiko neska bat zegoela lotuta, bortxatu izanaren zantzuekin eta tripak irekita. Egun haien krudeltasunaren adibide bat.
7- Gernika bonbardatu zutenean, hiriari su errepublikazalek eman ziotela esan zuten bezala, Donostiari su frantziarrek eman ziotela adierazi zuten Wellington eta konpainiak. Donostiako triskantzari buruz ez zuten sekula askorik hitz egin.
8- Negu hori oso gogorra izan zen. Etxerik gabe, gaizki elikatuta eta higiene falta nabarmenarekin, malaria gaitzak eragin izugarria izan zuen eta 1813 eta 1814ko udaberria bitartean jende asko hil zen
9- Ez dago zifra zehatzik zenbat jende hil zen abuztuaren 31tik aurrerako tragedia honetan. Gutxienez 1.200 aipatzen dira, eta Udalak 1.600 ere esan zuen handik hilabete batzuetara.
10- Horrenbeste heriotza eragin zituen setioaren 50. urteurrena ospakizun gisa antolatu zuten garaiko agintariek, Donostia frantziarren eskuetatik askatu izan balute bezala. Mendeurrena ere antzera joan zen 1913an, eta frankismo betean ospatu zen 150. urteurrena ere espainiartasunaren gorespena izan zen 1963an. Oraindik ez da ekitaldi ofizialik egin bertan gertatua duintasunez kontatzea xede izan duenik. Datorren urtean izango dugu aukera berri bat, eta ikusiko dugu ea Udaleko alderdiek zer jarrera hartzen duten. Badirudi, historiaren irakurketaren talka izango dugula, bestela, ikusi El Diario Vascon Álvaro Aragónek argitaratu duten artikulu hau, besteak beste, Egañari “aficionado” deitzen diona, edo Irutxuloko Hitzan Josu Tellabidek ateratako hau.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Donostia 1813, sarraskia gogoan beste urte batez | Lander Arbelaitz - […] espainiarren aliatu ziren armada ingeles eta portugesek. Donostiako suteak estalitako tragedia eta Donostiako tragedia 10 puntutan azalduta idatzi genuen…
- Abuztuak 31: Historia ofiziala salatuz sarraskia gogoan Donostian. Argia | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013 - […] portugesek. Orain pare bat urte blog honetan idatzitako Donostiako suteak estalitako tragedia eta Donostiako tragedia 10 puntutan azalduta artikuluetan…
Alvaro aragonen artikulua irakurri eta gero ete guztiz ados nago Egañak pseudohistoria liburua idatzi duela.
Julia Navarro “La sangre de los inocentes” liburuaren irakurketa guztiz gomendatzen det “pseudohistoria” kontzeptu hori, artikulu honen irakurleak ondo ulertu dezan. Gainera Alvaroren artikuluan ez du “aficionado” hitza erabiltzen. Alvarok Doktoratu bat izateak ere bere artikulua pisu intelektual sakonagoa duela guztiz nabaritzen da.