Burujabetza adierazpena aurrera ateratzeko bidean dira Katalunian
Katalunian bi urte barru egin nahi duten kontsultarantz pausoak ematen jarraitzen dute erakundeetatik. Gaur goizean aurkeztu dute parlamentuan burujabetza adierazpena CiUk eta ERCk (ikus PDFan osorik). Bertan jasotzen da “Katalunia subjektu politiko eta juridiko subiranoa” dela. Joan den ostegunean prentsara filtratu zen burujabetza adierazpenaren zirriborroa, eta PSC, ICV eta CUPen kritikei jaramon eginez, estatu propioari buruzko aipamenak kendu dituzte, adostasuna lortzen laguntze aldera.
Kataluniak bere burua sujetu subirano gisa definitu izana nabarmendu zuten Espainiako hedabideek ostegunean. Katalunian, adostasunerako pausoak ematen ari direla azpimarratzen dute medioek, Vilaweb edo NacióDigital-en artikuluek erakusten duten gisan.
Gauzak hala, erabakitzeko eskubideari indar gehiago ematea deliberatu dute, eta ez independentziari eta estatu propioaren eraikuntzari. Gaur goizean parlament-ean testu berri bat erregistratu arren, alderdiek beren emendakinak egin ahal izango dizkiote proposamen nagusiari. Hala, datorren urtarrilaren 23a data garrantzitsua izango da, egun hartan bozkatuko baitute adierazpena.
ERCko buru Oriol Junquerasek adierazi du kontsulta egin egingo dutela, Espainiako estatuak edo Konstituzio Auzitegiak galarazi arren.
Zer eskatzen dute desadostasunak adierazi dituzten alderdiek?
ICVk kontsulta zuzenean independentziarekin lotzea gaizki ikusten du.
CUPek dio Herrialde Katalanak kontutan hartu behar dituela testuak eta erakundeetatik erabakitzeko eskubidea errespetatua izan dadin, desobedientzia zibila praktikatzea planteatzen du.
PSCk nahi du bi urte atzeratzea prozesua, bitartean Espainiako gobernuarekin negoziatzeko nola egin kontsulta. Kontsulta egitea estatu propioa erakitzearekin lotzea kritikatu dute.
Aldi berean, CiUren partaide den Unió alderdia bide subiranista hau nola oztopatu asmatu ezinik dabilela dirudi, eta Kataluniako prozesu berri honen aurka adierazpenak egiten ari dira behin eta berriz. Azkena: asteburuan, alderdiko buru Josep Antoni Duran i Lleidak bere blogean adierazi du burujabetza adierazpenaren testuaren erredakzioa eta negoziazioa zerotik hastea komeni dela, PSC gehitzea lor dezaten. CiU eta ERCko bozeramaileek ezetz adierazi diote.
Zer da burujabetza adierazpena?
Vilaweben artikulu txukuna argitaratu dute gai honen inguruan plantea daitezkeen galderak erantzun asmoz. Artikuluko pasarteak berreskuratuz, hona irakurlearen interesekoak izan daitezkeen ideiak.
Burujabetza adierazpena normalki giza talde batek egiten du, nazio batek, munduari adierazteko une horretatik aurrera subjektu burujabe jotzen duela bere burua, hau da, bere herriaren burujabetza baino gorago legokeen inoren burujabetzarik ez duela onartzen. Hau ez da independentzia aldarrikapen bat, baina askotan aurreko pausoa izaten da. Halere, posible da burujabe jotzea zeure burua eta independentzia sekula ez aldarrikatzea. Baina eginez gero, burujabetza adierazpena izaten da independentzia aldarrikapenaren oinarria, eta gatazka nazioarteko erakunde juridikoetara iritsiz gero, burujabetza adierazpenak balio handia du.
Dena den, burujabetza adierazpenik gabe ere independentziaren alde bozka lezake herri batek. Independentzia bozkatzea, izan ere, burujabetza modu praktikoan demostratzea bailitzateke.
Izan ARGIAko bazkide: Astekariko harpidedun edo webgunearen laguntzaile.
Ez dakit ez ote garen optimistegiak prozesu katalanarekin. Ez dakit, hain da nahasgarria dena, batzuetan badirudi hau oso serio dihoala; beste batzuetan -eta egun horietariko bat dut gaur- farol erraldoi bat dirudi denak. Orain badirudi galdeketak ez duela zertan “balio juridikorik izan behar”, PPC ari da finantziazio hobeaz hitz egiten… eta, bueno, gero Duran i Lleida dago.
Uste dut badirela independentziaren alde bozka dezaketen hiru pertsona klase: lehena, betidanik konbikzioz independentista dena; bigarrena, egoerak nazkatuta mugimendu independentista besarkatu eta atzerabueltarik ez duena; hirugarrena, egoera ekonomikoa apur bat hobeto edo/eta Espainiako Gobernuak zesio minimo (baina minimo-minimo, eh) bat egin orduko konbikzioaz des-independistatuko dena. Hirugarren talde honek zenbat indar duen ez dakit.
Ez dakit, agian ziur izango da Katalunia independientea 2015ean. Eta agian ni de palo.