Kataluniako Parlamentuak burujabetza adierazpen historikoa onartu du
Kataluniako parlamentuak burujabetza adierazpena onartu du, eta beraz, adierazi du erabakitzeko eskubidea duela. 85 boto alde, 41 aurka eta 2 abstentzio. CiUk, ERCk eta ICVk adierazpenari baiezkoa eman diote. CUPek “baiezko kritikoa” eman dio aldeko boto batekin eta bi abstentziorekin. PSCk azkenean ezezkoa bozkatu du, baina bost diputatuk ez bozkatzea erabaki dute. PPk eta Ciutadansek ere ezezkoa bozkatu dute.
PSC erabat zatituta dago erabakitze eskubidea desadostasun iturri dutela, eta ikusi beharko da ea azkenean denek gauza bera bozkatzen duten ere. Saioa hasi aurretik hedabide digitalek zabaldu dute azkenean aurka bozkatuko zutela.
CUP aldediko kideek, esan bezala, baiezko kritikoa eman diote, bere garaian EAEko Legebiltzarrean Sozialista Abertzaleak taldeak (Ezker Abertzaleak, alegia) Ibarretxe Planarekin egin zuen jokaldia simulatuz. CUP a la Batasuna titulatu dute Nacio Digitalen. Herrialde Katalanei aipamenik egin ez izana eta Kataluniako jendarteari beharrean Legebiltzarrari protagonismo osoa ematea dira beren desadostasun nagusiak.
Matematikak matematika, baiezkoaren aldeko alderdiek gehiengoa osatzen dute, eta espero zen bezala, testua onartu egin dute. Beraz, Legebiltzarra izango da Katalunian abiaturiko prozesua gidatuko duen erakunde nagusia eta herritarrek kontsulta bidez beren erabakitzeko eskubidea baliatuko dutela ziurtatzeko organoa izango da.
Hausturak CiU eta PSCn?
Analista batzuek idatzi dute gaur CiUren eta PSCren barne hausturen lehen eguna izan litekeela. PSC ia hautsita iritsiko omen da saiora. Atzo lau orduko bilera egin omen zuten posizioak hurbiltzeko, baina ez zuten lortu.
CiUko kide den Uniók ere ikusi beharko zer egiten duen azkenean. Nacio Digitalen Unióko hamairu diputatuek orain hitz egin dezatela edo isil daitezela betirako izeneko artikulua eskaini diete. Azken asteetan prozesu hau nola hala katramilatzen saiatu dira.
Munduari zuzendutako adierazpena herritarren itzulpenei esker
Vilawebek burujabetza adierazpena ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzeko deia egin die irakurleei, eta irakur daitekeenez, 40 hizkuntzatara itzuliko dute behin saioa amaitutakoan.
Twitterren gaiari buruz diotena
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks