Aro berria Kurdistanen, armak ixilaraztea erabaki du PKK-k
Borroka armatua amaitutzat jo du PKK Kurdistango Langileen Alderdiak eta aro berri baten hasiera aldarrikatu du. Milioi bat lagun baino gehiago bildu dira iragarpena egiteko antolatu duten ekitaldian. Newroz, Kurdistango aberri eguna baliatu dute estaturik gabeko nazio horren historiaren norabidea aldatuko duen berria emateko. Abdullah Öcalan lider espetxeratuaren gutuna irakurri dute BDP alderdiko bi kidek. Gatazka armatutik gatazka politikora igarotzeko unea dela adierazi dute.
“Armak albo batera utzi eta ideiak hizketan jartzeko unea da. Gure indar armatuak [Turkiako] mugetatik ateratzeko unea. Gure bizitzetako hamarkadak sakrifikatu ditugu, baina pozik besterik ezin dugu egon, ez da alperrik izan. Kurduak existitzen ez ginela zioen paradigma goitik behera erori da eta nortasuna indartu dugu. Hau hasiera da, ez amaiera”.
Öcalanek adierazi du beren borroka ez zela jendearen aurka, errepresioaren eta injustizien aurka baizik. Egun politika egiteko moduan daudela dio. Gutxiengo etnikoen berdintasuna aldarrikatu du Öcalanen borroka berriaren hasiera da. Herri guztien artean berdintasuna lortzera dei egin du: kurduak, turkiarrak, arabiarrak, armeniarrak, turkomanoak, pertsiarrak…
PKK eta Turkiako gobernua negoziazio prozesu batean murgilduta daude. Joan den irailean milaka preso kurduk gose grebari ekin zioten hainbat baldintza eskatuz: hainbat hizkuntza eskubide eta Öcalanentzat espetxe baldintza hobeak. Egoera muturrera heltzen ari zenean, Öcalanek berak protesta amaitzkeo eskatu zuen, eta handik gutxira, Ankarak jakinarazi zuen elkarrizketa prozesu bat abiatu zutela inteligentzia zerbitzuek Öcalanekin.
Ordutik aurrera, bi aldeetan mugimenduak izan dira, eta adibidez, urtarrilean Öcalan bisitatzen utzi zieten BDP alderdiko bi ordezkaritzari, baita kurduera hizkuntza erabiltzea ere epaiketetan. Ondoren ordea, hiru ekintzaile kurdu hil zituzten Parisen operazio ilun batean eta egoera pixka bat nahaspilatu zen. Martxoaren 13an ordea, PKKk bahitua zituen zortzi turkiar askatu zituen, bake elkarrizketak bultza asmoz.
1984an PKKk armak hartzea erabaki zuenetik, 45.000 pertsona hil dira eta milaka preso kurdu dira egun kartzela turkiarretan.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks