Zer da ‘Escrache’-a eta nondik dator?
Escracheak presio soziala bideratu asmoz egiten diren seinalatze ekintzak dira. Azken astean Espainiako Estatuan Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH gaztelaniazko sigletan) protesta mota hori erabiltzeari ekin diolako egin zaigu ezagun askori, Hego Euskal Herrikooi behintzat.
Argentinan asmatu zuten H.I.J.O.S. elkarteko kideek 1995ean, diktadura militarrak desagerrarazitakoen, erbesteratuen, hildakoen eta preso politikoen senideek osatutako elkarteak. Jorge Rafael Videlaren diktadurako hainbat agintariren etxeetako ateetan manifestazioak egiten hasi ziren, lege berrien ondoren lortu zuten zigorgabetasuna salatu asmoz. Bizilagun guztiei beren ondoan nor bizi zen jakinarazten hasi ziren. Hamar urtez ehun bat ekintza egin zituzten, ondorengo lemarekin: “Ez badago justiziarik, herrialdea egingo dugu beren kartzela”.
Wikipediako Escrachearen euskarazko artikuluan honakoa irakur daiteke: “Normalki egoera zehatz baten erantzulea presionatzeko eta iritzi publikoak ezagutzeko erabiltzen da, baina batzuetan intimidazioa egiteko ere erabili izan da”.
Ondorengo bi bideoetan hainbat ekintzatako irudiak ikus daitezke.
Bigarren bideo hau berezi xamarra den arren, artxiboko irudiz betea dago.
Hego Amerikako hainbat herrialdetara zabalduta dago protesta modu hau gehienbat. Gauzak horrela, hemeroteketara joz, ikus daiteke antzekotasunak dituen ekintzaren bat-edo beste egin izan dela Euskal Herrian ere. 2002an mamuz jantzita joan ziren Azpeitian alkatearengana hainbat pertsona. Gaztetxearen gaia zen eztabaida iturria, eta azkenerako liskarrak izan zituzten. Gaia epaiketa eta zigorrekin amaitu zen.
2013ra etorrita, Espainiako Estatuan indar handia hartzen ari den etxegabetzeen aurkako mugimendu herritarra, praktika hau erabiltzen hasi da errudunak seinalatzeko. PPko diputatuei jarraitu eta beren etxeetan manifestazioak egiten hasi dira; bideo honekin ekin diote kanpainari. Kaleratzeen biktimen aurpegi, izen eta abizenak jarri nahi dizkiete, baita errudunei ere.
Mezua helarazi nahi diete etxe kaleratzeak gelditzearen aurka bozkatzen duten diputatuei: “Norbera izango da egiten dituen ekintzek dituzten ondorioen arduradun”.
PPko kideei batere graziarik egiten ez dien praktika da. Mugimenduaren aurka nola egin asmatu ezinik zebiltzan lehenago ere, etxegabetzeen aurkako Herri Ekimen Legegilea tramitatzea onartu behar izan baitzuten azken orduan. Orain, PAH ETArekin lotuz erantzun dute, egun gutxitan alderdiko hainbat agintarik egindako adierazpenak irakurtzea besterik ez dago. Ikusiko dugu ea horrek jendea mugimendu honetatik urruntzen duen ala haserrea areagotzen duen. Beste zeozer estaltzeko kanpaina ere izan liteke.
Escrache kanpaina hasi dutenetik, dozena bat PPko diputaturen etxe eta hoteletan egin dituzte ekintzak, hala nola, Alberto Ruiz Gallardón eta Iñaki Oiarzabal estutuz, ondorengo bideoan ikusten denez.
Euskaraz nola esan teknika honi?
Kazetariok ez dakigu oso ongi euskaraz nola deitu honi. Tobera proposatu dute Twitterren, Euskal Kultur Erakundearen artikulu honetan irakur daitekeenez, bere garaian Tobera-munstra deitzen zitzaion herri antzerki mota satirikoa oinarri hartuta. Ekitaldi hauetan gizarteak herritar baten portaera salatzen zuen. Bestetik erargi ere proposatu dute, baina beno, izango dugu aukerarik hitza zehazteko.
Informazio gehiago:
Escrachea ilegala da, biolentoa eta ez litzaidake gustatuko niri egitea. Ados. Eta zer? artikulu bikaina Zona Critica blogean Isaac Rosak idatzia.
Escrache eskubide gisa, eskubiderik ez dagoen lekuan Guillem Martinezen iritzi artikulua El Paísen.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Ez dakit zer irudituko zaizuen, baina nik ezkaratzekoa (ezkaratzeko protesta) deituko nioke protesta mota honi. Fonikoki antzekoa da, eta semantikoki ere zentzua badu: etxe atarietan egiten diren protestak, sukalderaino edo harrera-gelaraino segitzea. Ea zer iruditzen zaizuen!
Eskerrik asko azalpenagatik, Lander. Hala ere, hemen uzten dizut beste interpretazio bat: http://lasindias.com/escraches-mediaticos/