Donostiako bederatzi auziperatuen inguruan “herri harresia” antolatzeko lanean ari dira
Kartzela zigorra daukaten Donostiako bederatzi auziperatuei babesa adierazteko “herri harresia” eraiki nahi dute. Astearte eguerdian egin dute prentsaurrekoa, epaia ez dutela onartzen adierazi dute, eta amaieran zigorrak zekartzaten sententziak publikoki hautsi dituzte. Ondorengo bideoan ikus daiteke hori, baita bertaratutakoek emandako babes mezuak ere.
Edozein unetan atxilo ditzaketela jakitun, Askegunea antolatu dute Boulevardean. Egunero muntatu eta jasoko dute, eta goizeko 9:00etatik 20:30etara egongo da. Han egongo dira auziperatuak, eta bertara joan eta etxera itzultzeko herritarren zutabeak antolatu dituzte, beti lagunduta egon daitezen. Hala itzuli ziren bart etxera, euren egoera euskaraz eta gaztelaniaz azaltzen duten paskinak gurutzatzen diren herritar guztiei emanez. Ion Telleriak grabatutako bideo honetan ikus daiteke zutabe bat Alde Zaharreko auziperatu baten etxera iritsi den unea.
Zutabe horietan parte hartzeko laguntza eskatu dute, eta bertaratzen direnei, eskura telefono mugikorra eduki dezatela eskatu diete, zer gerta ere bideoan edo argazkitan gorde dezaten gero sarera igotzeko. Donostiarrei Askegunean ager daitezen ere dei egin diete, eta orduak betetzeko, programa antolatzen ari dira datozen egunetarako. Dagoeneko, mus txapelketa, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta abar lotu dituzte.
Orain zenbait hilabete gertatu zen “herri harresia” deitu izan zaionaren adibide esanguratsu bat, Euskal Herriko eta frantziar estatuko atentzioa nabarmen deitu zuena: Aurore Martin kasua. Ahoz aho zabaldu zen Martin atxilotzera joanak zirenaren albistea, eta hura babestera agertu zen herritar multzo bat. Beso eta hanketatik eutsita zeukatela –”pakete bat bezala”–, jendea hurbildu eta eskuetatik askatzea lortu zuten tentsio momentu handiak bizituta. Ondorengo egunetan gaia pil-pilean izan zen eta lehen bataila horren ostean, egunerokotasunean, herri harresia praktikan jartzen saiatu ziren. Azkenean atxilotu egin zuten Martin kontrol batean.
Antzeko herri-harresia antolatu nahi dute Donostiako gazteak babesteko.
Segiko kide izateagatik 6 urteko kartzela zigorra
Segi “talde terroristako” kide izatea leporatu eta seina urteko espetxe zigorra ezarri diete auziperatuta zeuden hamabost gazteetatik zortziri. Sententziak dioenez Segiko kide izan zirelako zigortu dituzte.
Zigortutako ondorengoak dira: Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi dira.
Absolbituak, bestalde, Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi dira.
Hala ere, Ekaitz Iberori kale borroka ekintza batean parte hartu izana leporatzen diote, eta atxilotze agindua du bere aurka. Ez dela entregatuko adierazi zuen orain aste batzuk. Irati Sarasua mintzatu zen berarekin eta bere testigantza irakur dezakezue Beste Ni blogean. Beste gauza askoren artean, komisaldegian torturatu egin zutela salatu du Iberok.
Delitu ekintzarik egin izana frogatu ez den arren berretsi du haien aurkako zigorra Auzitegi Gorenak.
Adierazpenak torturapean
Zortzi gazteak torturapeko deklarazioetan oinarrituta zigortu ditu Auzitegi Gorenak. Hirugarren pertsona batzuek torturatu bitartean poliziari egindako adierazpenetan daude oinarrituta, gerora auziperatuek epailearen aurrean salatu zutenez. Horrez gain, zapi, kamiseta eta CDak bezalako frogak aurkeztu dituzte Segiko kide direla frogatzeko.
Topatu.info-k egindako bideo honetan auziperatuen historia kontatzen da 9 minututan. Benetan gomendagarria da gaian interesatuta dagoenarentzat.
Mugimendua kalean eta sarean
Donostian Sortuko eta Ernai gazte antolakundeko kideek pankarta eta kartel ugari jarri dituzte auzoetan. Gazteen egoera azaltzeko, hainbat auzotako buzoietan paskinak sartu dituzte. Hainbat izan dira gazteoi babesa eman dieten herritar eta erakundeak, besteak beste, Donostiako Udala.
Sarean ere mugimendua dago gaiarekin, eta horren isla da Twitter #GazteBatGehiagoEz etiketarekin. Artikulu honen sarrera gisa erabilitako bideoa ere honen adibide ona da.
“gaztebatgehiagoez”(r)i buruzko Txioak//
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks