Analisia: Donostiako atxiloketak atzeratzea herri harresia indartzeko aukera
Inkognita handia da Madrilek Donostiako gazte zigortuen gaia zenbat luzatuko duen. Honek, normala denez, ezinegona sortzen du Donostiako Boulevardean. Dena den, injustiziako egoera hau osatzen duten elementuek potentzial handia dute elkarrekin. Oraingoz auziperatuen defentsan antolatu direnek indarra transmititu dute hainbat zirkulotan. Aske Gunearen ideia eta zigortuak babesteko hartutako neurriek, etxeetaino ehunka pertsona bila eta bueltan joatea bereziki, herri harresia eraikitzeko lehen harri indartsuak dira. Aurrera pauso bat emateko ordea, babes zabalagoa lortzea ezinbesteko izango du mugimendu honek, eta horretarako aldarrikapenak, mezuak eta ekintzak ongi kudeatu beharko ditu.
Baliteke Madrildik gaia azkar itxi eta mugimendu hau errotik moztea. Hori horrela gertatzen bada, sortzen ari den mugimendua trinkotzea lortu gabe desegin liteke.
Estatuak gaia luzatzea da beste aukera. Fruiturik jasotzen ari ez dela ikusten duen jendea eguneroko konpromisoak mantentzeaz nekatzea bilatuz. Oarsoaldeko gazteekin antzeko zerbait gertatu zen, eta bi hilabete ezkutuan egin ostean, azkenean atxiloketak probokatu zituzten beren buruak Maria Cristina Hotelari kateatuta. Ausartuko nintzateke esatera hau dela Aske Gunean biltzen ari den jendeari beldurrik handiena ematen dion egoera: gauza luzatzea. Irakurketa bat da hori, buelta baduena. Mugimendua indartzeko lan egitea egunez egun, denbora bera aldeko faktore bilakatzea.
Aske Gunea-ren inguruan herritarrak antolatzen ari dira, eta lan ongi eginez gero, orain arte problematika horretara hurbildu ez den jendea erakartzea lortzeko aukeran da. Euskal gazteria azken urteetan jasaten ari den atxiloketa prozesu etengabe hau geratzeko modu bakarra Estatuari faktura ordainaraztea dela analista ugarik diote. Horretarako egoerak asko aldatu behar du gaur gaurkoz. Aldarrikapena soziologikoki ezker abertzale zabal horretan biltzen den herritar multzotik ateratzea ezinbestekoa du, bestela argi ikus daiteke Estatuari atxiloketak egitea erraz sueratzen zaiola. Asumi ditzake “betiko leloa” duten manifestazio, prosteta eta Euskal Herriko herri eta hirietan pankartak. Segiko kide izateagatik sei urte kartzelara joango diren zortzi gazteren gaiak ordea, batzuk torturatuak eta froga faltsuekin muntatuak, badu nahikoa osagai kanpoan ere atxikimenduak lortzeko komunikatzen asmatuz gero. Mario Zubiagak independentziari buruzko azken Larrunean zioen moduan, “irainaren erabilera egokiagoa egin behar dugu (…) Euskal Herria Espainiarekiko iraindua irudikatzea lortu behar da”. Ikusi beharko da baita ere, gazte hauek Segikoak izate horrek zenbateraino oztopatzen duen jende berria hurbiltzea, batez ere iraganean erakunde honekiko kritiko izan direnak.
Hori lortzeko baina, lehen egunetan ikusi dugunari buruz gogoeta orokor bat beharrezkoa da. Komunikazioa plan egituratu bat. Garrantzia dute erabiltzen diren irudi, hitz eta argumentuek. Egia gordina da, Donostiako herritarren gehiengo haundi batek ez dakiela Boulevardean gertatzen ari den ezer ere. Horri erantzun bat ematen asmatu behar dute atxiloketak zaildu nahi dituztenek. Irudimen kolektiboa eta estrategia positiboa behar dira besteak beste mugimendu askori begiratuta ikusten denez. Orain arteko inertzietatik aterako diren ekintzak eta diskurtsoa landu beharko ditu Aske Guneak egunerokotik bista altxatu eta epe ertaineko zerbait planteatzen badu.
Azken bi urteotako adibideei begiratuz gero, gertaera zehatzak baliatu zituzten hainbat herrialdetako masak antolatu nahi zituztenek. Gazte hauek –eta beste asko– beren ideia politikoengatik eta egungo egoeran atxilotu nahi izatea bere burua lozorro kolektibotik atera nahi duen herritar multzo anitz horren akuilu izan liteke, baldin eta masa horrek halako zerbaiten beharra ikusten badu.
Eta hor sartzen da denboraren kontua. Zenbat eta denbora gehiago izan, lana ongi eginez gero, geroz eta jende gehiagorengana hel daiteke zabaldu nahi den mezua. Auzoz auzo, herriz herri, mezu humanoa herritarrei eskura helaraziz. Pankarta eta pintaketez harago plantemantu serio bat nola egin pentsatu beharko du Aske Gunean biltzen den jendeak. Gaiari zenbaterainoko tono politikoa eman behar zaio? Gazte zigortuen figura humanoa indartu behar al du?
Denbora behar du Donostiako auziperatuen ingurutik abiatutako talde honek ohiko zirkuloetatik kanpo babesa lortzeko, indar guztiak horretan jartzeko, behe-behetik hasita. Donostia mailako elkarteetatik, auzoetan eskura informazioa ematetik, nazioarteko harremanak baliatzeraino. Zortzi donostiar hauek plantoa egin diote espainiar justiziari, jende askok zilegitasuna ematen dion jarrerarekin. Poliziari hauek atxilotzea kostatzen bazaio eta atxilotzean ohikoa baino jende gehiago haserretzen bada, ziur Madrilen deserosotasunen bat edo beste sortuko duela.
Boulevardean ereindako Aske Guneari herri harresiaren ideian aurrera egitea tokatzen zaio, ahalik eta sendoen gainera.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks