AskeGuneko gauaren kronika harresiaren bihotzetik
Donostian azken egunotan bizi izan duguna ez dugu denbora askoan ahaztuko; batez ere gaur gertatu dena. 800 bat pertsonak tinko eutsi diote elkarri militantzia politikoagatik atxilotze agindua zuten gazteen inguruan. Ertzaintza goizeko 6:00etan etorri denerako sirena hotsak esnatuak zituen herri harresiko kideak, eta kontuak kontu, sekula baino jende gehiago zegoen Boulevardean. Hiru ordu baino gehiagoren ondoren eraman dituzte atxilotuak, polizia operazio handi baten erdian.
Duintasun handiz eutsi diote gazteek, inongo biolentziarik erabili gabe, aldarrikapenetan oso tinko. Tentsio une handiak bizi izan dira, ondorengo bideoetan ikus daitekeenez. Ertzaintzak ere bere estrategia oso pentsatuta ekarri du eta banaka-banaka jendea atera du sei gazte zigortuengana heltzeko. Hauek izan dira sei atxilotuak: Mikel Arretxe, Oier Lorente, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Adur Fernandez. Imanol Vicente eta Naikari Otaegi ez dira egunotan AskeGunean izan, beren erabakiz.
Bideo dexente grabatu ditut, ondoren ikus ditzakezue, baina azkenekoa da ilustragarriena. Ertzaintzaren itxitura gainditu eta herri harresia barnetik ageri da, 20 minutuko bideoan. Hor ikus daitezke herri harresi honen azken 20 minutuak. Gazte zigortuak nola eraman dituzten ikus daiteke, baita bertan elkarri eutsita zeudenek bizi izan dituzten uneak ere. Benetan oso indartsua izan da han zeudenek transmititzen zuten mezua.
Ertzaintzarekin izandako bi kontu aipatu nahi nituzke. Lehena, harresiko jendea ateratzen hasi direnean, eta beraiek esandako lekutik pasa gabe nintzela, agente bat niregana etorri da, eskuan prentsa akreditazioa nuela, eta grabatzeko erabiltzen ari nintzen mugikorra lurrera bota didate kolpe batez. Ni neu ere lurrera bota naute eta oinarekin zapalduz zeukaten nire mugikorra berreskuratu ahal izan dut in extremis. Konturatu gabe bideoan grabatu da unea, ez naizela exageratzen ari ikus dezazuen. Azkenean, mugikorra eta prentsa akreditazioa eskuan, kioskora eraman gaituzte.
Honen ondoren, kioskoan sarrarazi gaituzte kazetari guztiak eta bertatik ateratzea debekatu. Esan didatenez hainbat argazkilarik negoziatu dute Ertzaintzarekin kazetarion posizioa, baina onartezina da halako kaiola batean sartu eta bertatik ateratzea debekatu izana. Gure betebeharra informatzea da, eta horretarako mugimendu askatasuna behar dugu. Oso urrun geunden nire ustez, bai behintzat mugikorrarekin bideoak grabatzeko.
Espainiako lege injustuak medio 6 urte kartzelan egingo dituztenengatik, herri harresian tinko eusten ari zirenengatik, une horretara iristeko hainbeste indar jarri duten guztiengatik eta bertan egon ez arren gaia jarraitu nahi zuten guzti horiengatik, kazetariok gertaera ahalik eta modurik profesionalenean irudikatzeko ardura genuela pentsatzen dut. Munduari hemen gertatu dena erakutsi behar genion, kanpoan ere oihartzuna izan baitu herri harresi honek. Azkenean, kioskotik korrika atera eta Ertzaintzaren despiste une batean harresian sartu naiz salto batean. Barkatu bere gainera erori naizen horri, minik egin badiot. Uste dut nabarituko duzuela aldea lehen bideoetan ikusten denaren eta azkeneko 20 minutukoaren artean. Eskerrak baita ere, elkar ezagutu gabe, nire telefonoaren bateria amaituta berea eman didan harresiko kideari (izena ez dut gogoratzen, barkatu). Honi esker grabatu dugu azken testigantza eta garrantzitsuena: bertan jendeak izan duen jarrera benetan eredugarria betirako grabatuta geratu da. Eskerrak!
Lotara joan aurretik, eskerrak Twitter bidez egin dizkidazuen iruzkinengatik. Estimatua dago.
Lehen bideoan, “Apala” Bulebarreko jendetzari azalpenak ematen.
Hirugarren gaua hastear.
2:45etan Aske Gunea
5:45etan sirena hotsa. Jendeak ziztu bizian harresia sortu du.
Ertzaintzen burua atxiloketak egiten hasiko zela adierazten eta harresia tinko aldarrikapenak egiten.
Eusko Gudariak abesten herri harresia
Ertzaintza harresia inguratuta eta jendea banaka-banaka ateratzen bidea egin nahian.
Harresia tinko eusten.
Ordubeteren ostean, harresia pixkanaka txikitzen.
Harresia barrutik, lehen bideoa.
Harresia barrutik, bigarren bideoa.
Herri harresiaren azken 20 minutuak, zigortuak atxilotu dituzten arte.
9 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- #Resist8 Euskal Udaberriak kaleak eta sareak irabazi ditu | zuzeu.com - [...] aritu dira etengabe. Nabarmentzekoa da Lander Arbelaitz Argiako kazetariak egindako lan eskerga (sarea astindu dute bere bideoek), baita Askeguneak…
- Las grandes murallas | Soñando despierta - [...] http://www.argia.eus/blogak/lander-arbelaitz/2013/04/19/askeguneko-kronika-harresiaren-bihotzetik/ [...]
- ¿Ya es primavera en Euskal Herria? - Pedradas - [...] el Boulevard donostiarra ha sido Lander Arbelaitz (aquí la crónica del último día en euskera: AskeGuneko gauaren kronika harresiaren…
- Rikardo Arregi versus Iñigo Iturrarte | Maltzagatik - [...] Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aipamen berezia jaso du Donostiako Aske Gunean egindako lanagatik. Andoaingo Udalaren saria da, Eusko Jaurlaritzaren…
Aupa Lander! Oso lan polita ari haiz egiten, komunikabide “ofizial” gehienek ahoa ixten baditek ere batzuk bederen horren berri ematen ari zarete. Asko balio dik honek, segi horrela!
Benetan haundia izan da Askeguneko herri harresia. Harrotasun bat izan da bertako adreilu bat izatea. Zorionak Landerri eta komunikazioan lan egin duten guztiei, merezi dute. Eta Landerri “ahaztu” zaio esatea, eta uste dut esan behar dela, ertzaintzaren artetik korrika pasa eta salto egin duenean harresira, erortzean eskuin besoa atera zaiola, eta gu kanpora ateratzeko esaten ari ginenean, berak ezetz, grabatu eta tuiteatzen jarraitu duela ondoko baten laguntzaz. Gero uste dut besoa sartu diotela. Horri esker grabatuta geratu da bizitu duguna. ESKERRIK ASKO!
eskerrik asko zure lanagatik, ala ez balitz ez genuen jarraipen hain ona izango!
Zorionak Lander
Eutsi goiari, dedios ¡¡¡
Ostras! nik super-saltoaren berri izan det, baño besoa atera zula enekin!
Askegunean euskal gazteriak eta, orohar, Euskal Herriak erakutsi dun duintasuna eredugarria izan da, bai; baño zuk kazetari bezela erakutsi dezuna ere eredugarria izan da, zalantzarik gabe!
Egitan esaten det eredugarri dala. Kazetaritzako karreran erabili beharko litzateken eredua. Medio handiak ixiltzen direnean, “be the media” filosofiarekin zenbat egin daitekeen! AskeGunearen komunikazioa orokorrean, eta zurea partikularrean, eta jendearen artean sortu den informazio sarea ere bai, noski.
Ba hori, esandakoa,
Zorionak egindako lan guztiagatik eta ESKERRIKASKO!
Eskerrak eman nahi dizkiet indibiduo bezela ekimena ahalik eta osatuena izateko saiakeran egon direnei. Norbanaren ahalmenen baturaz lortuko baikenuke inguratu eta egiten gaituen hau eraberritzen. Lander, eskerrik asko bihotzez izandakoagatik, eskerrak ere Kortxoenea gaztetxeko kideei haien lan nekagabeagatik, eta honen inguruan filosofia honekin gehitu duten orori.
pixkana-pixkana, banan-banan, harresi bat deuseztatu daiteken bezela, harresi gabeko izana sortu daitekelako, guztion laguntza eta soseguarekin. aupa dena la ostia!
Zorionak Lander, eta eskerrik asko bihotzez! Eta “Que soy periodista” oihukatzen zenuen bakoitzean labankada bat sartuko balidate bezala izan da, benetan! Izugarria zenbat bideo, txio, argazki sareratu duzuen, eta ETBri erakutsi zer den kazetaritza. Eskerrik asko bihotzez.
Animo Lander, “herri zaindari” ofizialek jarritako oztopo guzien gainetik bidegabekeria eta elkartasun keinu izugarri horien berri emateagatik!!!
Bejondeikela!
Kriston lana egin duzue AskeGunekoa zabaltzen, benetan ona. Zure haragian probatu duzu kontatzen ari zinena, bideoak ikusten bihotzeko taupadak azkartu zaizkit…. Bejondeidula segi horrela!