#OfeliaResiste, espekulazioaren aurkako borroka Madrilen
Madrilen hiru familia bizi diren etxebizitza eraitsi nahi du Udalak, eta ehunka pertsona hau saihestear daude. Azken egunotan 24 orduz etxearen barnean eta kanpoaldean daude hau zaintzen, eraiste aginduak iraungitze data baitu: gaur, abuztuak 28, gaueko 23:59ean.
Espaloia zabaldu nahi dutela argudiatuta bota nahi dute Tetuan auzoko Ofelia Nieto kaleko eraikina. Bertan bilduta dagoen jendeak onartezintzat du 6 metro koadrogatik eraikin osoa bota nahi izatea, bertako hiru familia etxerik gabe utziz. Atzean interes espekulatzaileak daudela salatzen dute. Sarean mugimendu handia dabil azken egunotan #OfeliaResiste etiketapean.
Eraiste agindua heldu zenetik hedabide handiek ezkutuan mantentzen duten beste Madril hori esnatu da. Abuztuaren 14an desalojoa ekidin zuten. Ordutik, espaloi baten zabaltzea baino pelotazo urbanistikoaren usaina duen eraisketa geratu nahian dabiltza bizilagunak. Gertu daude.
Ofelianieto29.wordpress.com bloga ere sortu dute eta bertatik aterea da ondorengo parrafoa:
“Hamar pertsona, hiru familia ezinegonez bizi dira, 1957tik bizi diren etxebizitza nola bota nahi dieten ikusita. Hiru belaunaldi hazi dira Tetuan auzoan eta Madrilgo Udalak etxea, bizitza eta ametsak eraitsi nahi dizkie. Arrazoia? Sei metro koadro. Hau da etxebizitzak espaloiaren diseinuan leku hartzen duen gainazala eta plan urbanistiko berrian aurrikusia dagoena. Etxe bat botako dute espaloia zabaltzeko. Gutxi axola zaie egun kalean ederki ibil daitekeela, edo familiak espaloian gainjartzen den zatia eraistea proposatu izana. Maparen gainean, espaloi bat egon behar duen lekuan, hiru familia bizi dira. Etxea eraitsi behar da eta punto”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks