Lander Arbelaitz
Hasiera » Estaturik gabeko nazioak » Espainiako eskuin muturra urduritzen, gaiztotzen eta antolatzen ari da
Ira13 0

Espainiako eskuin muturra urduritzen, gaiztotzen eta antolatzen ari da

Atalak: Estaturik gabeko nazioak, Herrialde Katalanak

Urduritasuna nagusitzen ari da Espainiako hainbat zirkulotan Kataluniako prozesu independentista hartzen ari den dimentsioagatik. Kontua eskuetatik joaten ari zaiela sentitzen dute askok. Horren adibide dira hainbat gertaera:

Intereconomia telebista kateak Katalunian paseatu hegazkina, ‘Espainia: Elkarrekin indartsuago” mezuarekin, anekdota hutsetik harago joan liteke.

Intereconomiaren hegazkina.

Intereconomiaren hegazkina.

Gaur irakurri dugu talde ultraeskuindar batzuk La España en Marcha LEM siglapean antolatzen ari direla. Falange, Nudo Patriota Español, Alianza Nacional, Movimiento Católico Español eta Democracia Nacional taldeek abuztuan manifestu hau idatzi dute. Gorputzean beldurra sartzeko modukoa da eta iraultza nazionalaren ordua iritsi dela diote.

Irailaren 11n bertan, arratsaldean Madrilen Generalitateak duen ordezkaritzari eraso egin zioten aurpegia agerian zuten ultraeskuindarrek. Poliziak 12 kide atxilotu zituen hurrengo egunean, eta hedabide batzuk argitaratu dutenez, atxilotu batzuek lotura estuak dituzte PPko organigraman oso altu kokatzen diren kideekin. Adibidez, Iñigo Pérez de Herrasti y Urquijo izeneko batek familia loturak ditu Defentsa ministroarekin, Europar Batasunerako Estatu idazkariarekin eta Inteligentzia zerbitzuetako goi kargu batekin. Euskal jatorrikoa behar duen honek egin izana du gose greba “Gobernua ETAren aurrean makurtzen” ari zela konbentzituta.

 

Espainia erantzunaren zain dago.

Espainia erantzunaren zain dago.

Espainiako sektore ultraeskuindarraren ahotsetako bat den ABC egunkaria aipatu urduritasunaren isla da. Atzo oso editorial gogorra zuzendu zioten Madrilgo Gobernuari, eta gaur ildo beretik zera esan diote Rajoyri azalean bertan: Espainia erantzunaren zain dago. Eskuin muturretik duen presioa ageriko egiten hasi da.

Jende multzo honek agintariei aurpegiratzen dio Kataluniako prozesuaren aurrean eraginkorra den ezer ez egitea. Horrekin lotuta, Espainiako Atzerri Ministro José Manuel García-Margallok argi eta garbi aitortu zuen atzo prentsaren aurrean: Independentzia eskatuz egindako Via Catalana “oso arrakastatsua izan da, deialdian, antolaketan, logistikan eta komunikazioan”. Horrez gain, aitortu du “ikaragarrizko kezka eta pena eragiten” diola gaiak. “Gobernuak kalea entzun behar du, baina ez da kalea politika egiten den lekua; elkarrizketa erakundeetara eraman behar da”.

Rajoy ere ez da oso lasai egongo. Krisi ekonomikoa kontrolatu ezin eta orain kataluniarrak hordagoa botatzeko prestatzen ari zaizkio. Ikaragarri ari da zaintzen Artur Masen bide orriaz esaten dituen hitzak, baina azken finean, Mas bera ere lupaz jarraitzen ari da kalera ateratzeko prest dagoen masa ikaragarria, eta hori Rajoyrentzat ere kaltegarria da. Horrez gain, arazo handia dauka: Espainiako Konstituzioa ukitu gabe konpondu nahi dute arazoa, nolabait Kataluniarekin abantaila ekonomiko batzuk negoziatuz. Baina horrela, 2014rako exijituko dioten kontsulta ukatzen duen bakoitzean Katalunian demokrazia ezaren ideia transmititzen du Espainiak, eta independentismoak berriz demokrazia eta zilegitasuna irabazten du.

Ez daukate irteera errazik Moncloan. Ikusi beharko da eskuin muturreko sektoreak nola jokatuko duen Espainia zatiezina hausteko aukera errealak mahai gainean jartzen direnean.

Iruzkinik ez

Trackbacks/Pingbacks

  1. Katalunia guziz leial ilezkorra | Angelu itsua - […] egin da, Rajoyren aholkulari banintz, Mási beste gutun bat bidaltzea gomendatuko nioke, oraingoan hain bogan jarri den kutsu belikoz…

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Lander Arbelaitz

Donostia, 1985. Argiako kazetaria, aldizkariko azalen arduraduna eta politika lantaldeko kidea.

Kategoriak

  • Adierazpen askatasuna
  • Aktibismoa sarean
  • Alaskako herriak
  • Altermundialismoa
  • Amazighak
  • Amazoniako herriak
  • Aosta Harana
  • Arapahoak
  • Askapena
  • AskeGunea
  • AskeGunea Ondarroa
  • Asturies
  • Attawapiskat
  • Australiako jatorrizko herriak
  • Azawad
  • Bitxikeriak
  • Borroka teknikak
  • Bretainia
  • COVID-19 testuinguruan
  • Desobedientzia zibila
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuak ongi etorri
  • Eskozia
  • Eskozian idatzitakoak
  • Estaturik gabeko nazioak
  • Euskal Herria
  • Feminismoa
  • Frantziaren menpeko Polynesia
  • Gaeliko irlandarra
  • Gales
  • Galizia
  • Gatazka armatuak
  • Guaraniak
  • Hedabideak
  • Hegoafrika
  • Hegoafrikatik idatzitakoak
  • Herri Harresia Iruñea
  • Herri mugimenduak
  • Herrialde Katalanak
  • Historia
  • Hizkuntzen aldeko borrokak
  • Info7 kolaborazioak
  • Inuitak
  • Iritzia
  • Irlanda Iparraldea
  • Irlanda iparraldean idatzitakoak
  • Jatorrizko herriak
  • Kanadako indigenak
  • Komunikazioa
  • Komunikazioa politika da
  • Kortsika
  • Kurdistan
  • Liburuak
  • Maia herria
  • Memoria
  • Mendebaldeko Sahara
  • Okzitania
  • Palestina
  • Quebec
  • Saapmi
  • Sailkatu gabea
  • Sardinia
  • Sare sozialak
  • Street Art
  • Tatariarrak
  • Tirol
  • Turismo masiboaren aurka
  • Txeieneak
  • Txetxenia
  • Uncategorized
  • Veneto
  • Wallmapu
  • Wikipedia
  • Zapatistak
  • Zientzia eta teknologia

Nabigatu euskaraz

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA