Iruñeko herri harresia, desobedientziaren bide zaila
Espainiako Poliziak 12 orduz atzeratu behar izan du Luis Goñiren atxiloketa, Segiko kide izatea leporatuta sei urtez kartzelara zigortua. Iruñeko Alde Zaharrean izan da Barañaingo gaztea, kalean, Espainiako Justiziari desafio eginez. Azkenean astelehen goizaldeko 01:30ean, operazio azkar eta erasokor batean atxilotu dute 200 bat pertsonak osatutako herri harresiak babestua zuela. Hainbat pertsona zauritu dituzte borrakadaka. Unean bertan behintzat sentsazio gazi-gozoa utzi du harresiko kide askoren artean.
Luis Goñi urriak 13 igandearekin, 14:30ean agertu da Iruñeko Nabarreria plazan. Bertan ehunka pertsona zituen zain. Aurretik Desobedientziaren Martxan milaka pertsonak hartu dute parte eta ahoz aho zabaldu da hitzorduaren berri. Jendeak berehala egin du tokia plazan eta harresia defentsarako osatu dute, kateekin eskumuturrak lotzea barne. “Ez gaituzue geldituko!” edo “euskal gazteria aurrera!” oihuak entzun dira indartsu besteren artean. Tentsioa handia izan da, polizia etortzean zer gertatuko zen inork ez baitzekien. Baina Espainiako Gobernuaren Nafarroako delegatu Carmen Albak iragarritakoaren kontrara polizia ez da etorri, eta une horretara arte dena oso planifikatua bazegoen ere, horrek antolatzaileen eskemak erabat hautsi ditu. Ez dago B planik egoera honetarako.
Eta orain zer? Galdera hori egiten diote kide askok elkarri orduak aurrera egin ahala lurrean eserita zeudela. Azkenean, 20:30ean, mikrofonotik azaldu dutenez, hainbat aukera aztertu ostean, bertan lo egiteko erabaki dute eta jendeari bertan geratzeko dei egin diote. AskeGunea izendatu dute plaza. Jendea lanean jarri dute, janaria, propaganda, azpiegitura… hasi da martxan jartzen Nabarreria plaza.
Euskal Herriko leku ugaritako jendea lotarako zakurik gabe joan da ordea Iruñera. Horrek ekarri du orduak aurrera zihoazen heinean jendea etxera itzultzen joatea. 200 bat izan dira urriko igande hotz batean Nabarreria plazan lo egitea erabaki dutenak. Poliziak joak izateko aukera handiak dituztela jakin arren bertan geratzea erabaki dute.
Azkenean, azalpenak entzun eta operazioaren entsegu bat egin ostean, lotarako prestatu dira. Batzuk berriketan ari dira, besteak erdi lo. Tentsioa nabari da. Gehiengoak uste du gauean joango dela Polizia plaza desalojatzera. Alde Zaharreko bost puntutan prestatu dituzte zaintza txandak eta 01:25 bueltan hauetako batek abisua pasa du, badator Polizia. Sirena jo dute eta kide guztiak prestatu beren posizioak hartzeko. Elkartasunez iturriaren bueltan eseri dira harresiko kideak Luis Goñi bera erdian zutik dela.
“Eutsi gogor ez askatu”, “Euskal gazteria aurrera”, “Jo ta ke, irabazi arte”, “Herri harresia aurrera!” eta “Ez gaituzue geldituko” bezalako oihuek hartu dute plaza.
Operazioa azkarra eta tentsio handikoa izan da. Agenteak Goñiren aurrean dauden guztiak arrastaka bortitz ateratzen ari dira, baina jendeak gogor eusten dio elkarri eta begietan eta sudurzuloetan hatzak sartzen hasi dira. Operazioaren erdian hainbat agente borrakadaka hasi dira lurrean eserita dagoen jendearen aurka. Burua odoletan lauzpabost pertsona zauritu dituzte, eta gutxienez bi pertsona ospitalera bidali dituzte.
5 minutu iraun ditu operazioak eta sartutako leku beretik atera dira. Amorrua handia da eta jendearen erantzuna oso duina izan da. Kolpeak jaso arren desobedientzia zibil baketsuaren planteamentua erabat barneratu da herri harresien estrategian. Autokontrol kolektibo handia izan da.
Lurraldeen arteko ezberdintasunak ezberdintasun eta Iruñean halako ekimena 10 orduz aurrera ateratzea lortu arren, Donostian eta Ondarroan ez bezala, harresiko kideek ez dute “Gaur guk irabazi dugu” oihukatu. Ez unean bertan behintzat. Izango dute denborarik aztertzeko zer gertatu den eta hurrengo herri harresietarako ikasgaiak ateratzeko. AskeGunearen leku hartzea ongi aterako zela aurreikuspen falta eta maniobratzeko geldotasuna izan litezke horietako bi.
Dena den, antolatzaileek lorpen garrantzitsuak eskuratu dituzte: Jendearen konpromisoa bideratzea, arreta mediatikoa bereganatzea –Espainiako estatu mailan #FreeGoñi eta #HerriHarresia Trending Topic izatea Twitterren arratsaldean eta gauean, hedabide nagusi guzti-guztietan artikuluak– eta atxiloketen uneak eta poliziaren jarduna baldintzatzea.
Desobedientzia zibilaren estrategiarekin urratsak ematen jarraitzen du herri harresiak. Eta atxiloketak agintzen ari denari geroz eta gehiago kostatzen ari zaio hauek aurrera eramatea.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Lander Arbelaitzen gogoeta #HerriHarresia | Muybastos - […] WEBGUNEA: http://www.argia.eus/blogak/lander-arbelaitz/2013/10/14/iruneko-herri-harresia-desobedientziaren-bid… […]
Analisian ere kontuan hartzekoak, nafar baten ikuspegitik:
Esan bezala, lurraldeak ez dira berdinak. Atzo bertan geuden nafar gehienon sentsazioa, 1:00ak arte han egotea ikaragarria zela zen. Inork ez genuen ulertzen, Iruñea eta bertako polizia ezagututa. Garaipena da hori ere.
Poliziaren jarrera. Bai ertzaintza eta bai nazionalak bortizki aritu ziren eta dira, baina aldea ere badago. Harresian zegoen jende kopurua ikusita, jarrera lasaiago batez ere ez zitzaien Ondarrun edo Donostin bezainbeste kostatuko Luisengana iristea. Hala ere ez, borrakadak, ostikoak, pilotakadak airera, horzkadak… Badirudi gelditu diren irudiak ez zaizkiela batere axola.
Bai Donostin eta bai Ondarrun, egunak aurrera joateak indarra eman dio Askeguneari. Iruñean gau bat bera ere ez dute pasatzen utzi, errotik moztu dute.
Ikasteko asko uzten digu, bai: Nola egin herri harresia, ingurua hain “zaila” denean? Formula berberak balio du? Polizia edozein unetan etor daiteke, baina badaezpada ere beti egitaraua luzera begira antolatua, jendea animatu eta gogotsu mantentzeko. Neke aurpegiak ziren nagusi atzo 1:00etan.
Bukatzeko. Baliteke begirada Ondarrun edo Donostin jarriz gero, zapore gazi-gozoa izatea. Baina Iruñeako errealitatea ezagututa, pozik eta oso harro egoteko modukoa da atzokoa.