Desagertzeko zorian dauden hainbat herri zoragarri
Liburu baten aitzakian, munduan sakabanatuta bizi diren hainbat kulturari errepaso txiki bat egingo diogu. XXI. mendera beren ohitura eta bizimodua mantenduz iritsi diren hainbat triburen argazkiak atera ditu Jimmy Nelson argazkilariak. Before they pass away izeneko liburuan argitaratu ditu, euskaraz Desagertu aurretik itzul genezakeena Argazkiak benetan ederrak dira, herrion dotorezia eta edertasuna nabarmenduz erretratatu baititu.
Bere webgunetik hartuta hainbat argazki paratuko ditut, ez herri guztienak, bakoitzaren informazio apur batekin. Argazki gehiago ikusteko gogoz dagoenak webgunera jo dezake.
Has dezagun beraz bidaia.
Holi herria
Papua Berriko herritarrak uharteetara orain 45.000 urte heldu zirela kalkulatzen da. Egun 3 milioitik gora oihanean bizi dira eta komunitate hauetako batzuk beren arteko gatazketan bizi dira mendeetan zehar.
“Tribuek lurragatik, zerriengatik eta emakumeengatik borrokatzen dute” dio Nelsonek herri honi buruzko kapituluan. Etsaia inpresionatzeko esfortzu handia egiten dutela agerikoa da eta triburik handiena Huli izenekoa da. Beren aurpegiak horiz, gorriz eta zuriz margotzen dituzte. Wikipediaren arabera 150.000 bat dira.
“Jakinduria zurrumurrua besterik ez da muskulura iristen ez den bitartean”
Mustang herria
Lo-ren erreinu zaharra da egungo Mustang herria. Erlijioz, kulturaz eta historiaz Tibetekin lotuta dago, baina egun Nepalgo estatuko parte da. 1991 arte Mustangen ez zegoen baimenduta kanpokoak sartzea. Wikipedian irakur daitekeenez, Txinaren eragina geroz eta handiagoa da herri honen eguneroko bizitzan.
Lo herriko kideen tradiziok budismoarekin oso lotuta daude. Nelsonek dioenez gehiengoak oraindik sinesten du Lurra laua dela. Oso erlijiosoak dira, eta errezo eta festibalek beren bizitzaren parte handi bat hartzen dute. Monastegi ikusgarriak dituzte.
“Errudunak altuago hitz egin ohi du”
Vanuatu herria
Vanuatu estatuak dituen 85 uharteetara gizakia k.a.. 500 urtean iritsi zen, gutxi gora behera zientzialariek diotenez. Papua Ginea Berritik joandako nabigatzaileak izan ziren irlak kolonizatu zituzten lehenak. Ordutik beste migrazioak ere izan dira mendeetan zehar. Egun, jendea bizi den uharte bakoitzak bere hizkuntza, ohitura eta tradizioak ditu.
Vanuatuar askok uste dute aberastasuna zeremonien bitartez lor daitekeela. Dantza beren kulturaren parte garrantzitsua da eta Tanna uhartean egiten dute Toka festibala da beren ekitaldirik garrantzitsuenetakoa, non tribuen arteko laguntasuna eta batasuna sinbolizatzen duten.
“Neskatila bat osin zuhaitzaren adaxka bezalakoa da, edonon landatzen duzula ere, hazi egingo da”
Maori herria
Mendeetan Zeelanda Berrian beren bizimodua egin ostean, Maoriek beren jendartea eraiki dute beren hizkuntza, mitologia eta artearekin. 18. mendean europar kolonialisten iritsierak eragin ikaragarria izan zuen herri honen bizimoduan. Kultura anglosaxoiak ezarri dizkien estereotipoei aurre egin eta herri gisa bizirauteko prest da herri borrokalari hau.
Wikipediaren arabera 650.000 bat bizi dira Zeelanda Berrian, eta beste milaka batzuk osatutako diaspora daukate.
“Nire hizkuntza nire esnatzea da, nire hizkuntza nire arimara leiho bat da”
Tsaatan herria
Mongolian bizi diren elur-orein zaintzaile hauek milaka urte daramatzate herrialdearen eremu zabaletan bizitza nomada egiten. Egun 44 familia bakarrik geratzen dira eta geroz eta orain gutxiago izateak beren etorkizuna ere kolokan jartzen du. Wikipediako datuen arabera, 280 bat kide geratzen dira guztira.
Tsaatanek animaliengandik lortzen dute beren bizimodua egiteko behar duten ia guztia: esnea, hezurrak tresnak egiteko, eta animaliak berak garraiorako. Ez dituzte oreinak haragitarako erabiltzen. Horrek tribu hau oreinen zaintzatik bizi diren komunitateen artean oso berezi egiten du.
“Ez balego oreinik, gu ez ginateke existituko”
Himba herria
Himba Namibiako herri zaharretako bat da, guda eta lehorteen aurrean beren bizimoduari eustea lortu duena. Beren antolaketa tribalak munduko ingurugiro gogorrenetako batean bizitzen laguntzen die. Wikipediaren arabera, 20.000 eta 50.000 kide bizi dira Namibia eta Angolan banatuta.
Herritar bakoitza bi klanetako kide da, bata amaren partetik eta bestea aitarenetik. Tribuko helduenak dira egunerokoan arauak ezartzeaz arduratzen direnak.
“Ganadua zaintzen hasi aurretik, hasi jendea zaintzen”
Nenet herria
Nenet herria elur oreinen heztetik bizi da, Siberian dagoen Yaman penintsulan atzera eta aurrera bizi dira, neguan -50ºC eta udan 35ºC artean biziz. Urtero 1000 km-tik gora egiten dituzte. Wikipedian irakur daitekeenez, 44.000 bat dira.
Penintsulan petroleo eta gas erretserbak topatu izanak herri honen bizimodua arriskuan jarri du, eta Soviet arotik haur guztiak eskola errusiarretara joatera behartuta daude, non guztia errusieraz ikasten duten.
“Ez baduzu odol epela edaten eta haragi freskoa jaten, tundran hiltzera kondenatuta zaude”
Samburu herria
Samburu herria Kenya iparraldean bizi da. Herri nomada da eta 5-6 astean behin lekuz mugitzen dira, ganaduak jana topa dezan. Egileak dioenez, herri independentea eta parekidea da, Masaai herria baino askoz ere tradizionalagoa sinesmenetan.
Ez dago animalia basatien lurraldean oinez ibiltzea bezain zirraragarria den ezer. Ikusten ez badituzu ere, badakizu hor daudela.
Liburua nola eskuratu
Blog honetan aipatutakoez gain, beste hainbat herritako argazkiak ere bildu ditu liburuan. Erosi nahi duenak, hemen du lotura. Edizio “normalak” 128 euro balio ditu, eta benetan dirudun eta kapritxozaleentzat XXL edizio bat ere atera dute. Liburu honek 6.500€ (!!) balio ditu.
Liburua erosi gabe argazkilari honen ibilerak gertuagotik ezagutu nahi dituenak, Amsterdamen TEDek antolatutako hitzaldia ikus dezake, ingelesez.
Epa Lander:
Wikipedian sartuta ez dirudi Mustang “herri” lez hartu ahal dugunik. Herriak tibetarra (Mustangeko jatorrizko herritarrak), thakaliarra eta gurunga lirateke, Mustang izeneko erreinuan batera bizi zirenak. errege-jauntxo baten botere politikopean.
Jimmy Nelson argazkilari aparta da, baina ematen du ez daukala oso argi zer den herri bat (tibetarra), zer estatu, eskualde edo erreinu bat (Mustang) eta zer adibidez bizimodu bat (gauchoak). Izan ere gauchoak sartzen ditu desagertzeko zorian dauden jatorrizko herri edo tribuen baitan! Nahiko sarrera xelebrea, bai horixe!
Hortaz gain, eta bere abilezia artistikoari batere balorerik kendu gabe, iruditzen zait gutxienez zalantzazkoa dela dena kontra duten herri hauek “kontsumo produktu” bihurtzea, are gehiago euretako batzuk “gure zibilizazioaren” kontaktutik nahita ihesi dabiltzanean. Beraz haien atzetik ibili eta kameren aurrean “biluzik” agertaraztea, haiekin gero negozio ederra egiteko, ba ez zait batere zilegia iruditzen.
Galdera bat paratzearren: irabaziko duen dirutik bueltatuko da zeozer argazkietan ateratzen diren jende horiengana (edo gutxienez haien eskubideen alde egiten duten Survival bezalako erakundeengana)? Eskatu zien baimenik egingo dueña egiteko? Azaldu zien euren argazkiekin 6.000 eurotako liburua salduko duela? Bazekiten dirua irabazteko tresna izango zirela?
Hortaz gain, herri bat, edozein herri, bere horretan dagoen bezala “gorde” eta “gauza” bihurtu nahi izatea, kakotxen artean jartzeko modukoa da ere. Izan ere, guk (mendebaldetarrok) moldatu/moldatzen baditugu gure herriak guk nahi/ahal izan dugun erara, haiek ere izango dute aldatu eta nahi/uzten diegun eran aldatzeko eskubiderik ezta?
Galdera hauek Jimmy Nelson jaunak uste dut ez dituela egin, eta egin baditu ez ditu komunikatzen ezta zabaltzen bere obrarekin batera, ziuraski horrek salmentari kalte egingo diolakoan… hobe indigenak “trofeotxo” lez erakutsi eta kitto.
Beste barik, burutazio batzuk baino ez.
ongizan!!
Kaixo Mustang, eskerrik asko zure iruzkinagatik.
Egia esan zuk aipatzen duzun kasua, Mustang-ena, ez dut oso ongi ezagutzen, baina bai, badirudi tibetar herriaren parte direla.
Bestetik, eztabaida sakona proposatzen duzu. Niri munduko kultura aniztasuna modu errespetagarri batean planteatzen duen edozein ekimen ongi iruditzen zait, eta iruditzen zait Jimmy Nelsonek lan ikaragarria egin duela horretan (akatsak akats). Egin zuen bidai bakoitzarekin ordubeteko telebista saio bana ere egin zuen eta herriokiko tratua oso fina iruditu zitzaidan.
Gerora, liburua 130€tan saltzea eta beste edizioa 6.000€? Ba zer esango dizut, nik ez dudala 6.000€tan erosiko…
Eta diruarena, kazetaritza/fotokazetaritza klaseetan izaten genuen eztabaida klasikoa berreskuratu duzu. Norbaiti kriston argazkia ateratzen badiozu eta argazki horrekin dirutza irabaziko baduzu, diruaren parte bat eman behar diozu? Bakoitzak bere erantzuna du… Onena, zuk diozun bezala, Nelson jaunari berari galdetzea izango da!
Ongi izan eta beste bat arte!