Maliko Gobernuak guda deklaratu die berriz ere errebelde tuaregei, Frantziaren laguntzarekin
Gutxienez zortzi hildako izan dira Maliko armada eta gehienbat tuaregek osatzen duten MNLAren arteko borroketan, Kidal izeneko herrian (ikusi mapan non dagoen). Maliko lehen ministroak Azawadera egindako bisita batek lehertu du aurretik ere bero zegoen gatazka. Iturri tuaregetan irakur daiteke lehen ministroaren aurkako manifestazio baketsua egin zutela tuaregek, eta soldadu maliarrek haien aurka tiro egin zutela, azkenean MNLA berari ere eraso eginez. Azawaden Askatasunaren Aldeko Mugimendu Nazionalak (MNLA sigla frantsesetan) dio, erantzun egin zuela eta “guda presoak” dauzkala. Maliko lehen ministro Moussa Marak adierazi du bere herrialdea berriz ere “gudan” dagoela MNLAren aurka.
Honela kontatu dute gertaera Toumast Press tuaregen informazio gunean:
“Maliko lehen ministroak Kidalera iragarri zuen bisita. Gizarte zibilak enegarren probokaziotzak hartu zuen, bere herrialdeak 8 hilabete baitaramatza bake prozesua blokeatzen. Herritarrak erasotzen jarraitzen duen autoritate maliarraren probokazio honek eragin zuen ostiralean ehunka manifestari baketsuk Maliri dioten arbuioa garrasika adieraztea. (…) Manifestazioa tiroka dispertsatu ostean, MNLAk herrian dituen posizio militarrei eraso egin zien Malik. MNLAk eraso horren aurrean erantzun egin zuen eta hainbat soldadu maliarrek bizitza galdu. (…) Kaos honen erdian, Maliko lehen ministroa Nazio Batuen eremura eraman zuten”.
Maliko hedabideen artean ere, batzuek argitaratu dute ez dela ideia ona izan Lehen Ministroak Kidal bisitatzea, tentsio politikoa hain agerikoa denean.
Frantziak uranioa ustiatzen du eremu horretan eta asteartean bere armadako 30 kide Kidalera bidali ditu Maliko armadari laguntzera, Malikahere gunean irakurri dugunez. ARGIAren azalean “Inperialismoak uranioa bereganatzen jarraitzen du” titularra zeraman zenbakian, Pello Zubiriak honela laburbildu zuen uranioaren afera Mali-Azawad: gerra inperiala etxe atarian daukagu erreportajean:
Pariseko diplomazian garrantzia berezia izan dute beti kolonia ohiok eta nekez dago hauetan mugimendu politikorik Hexagonoaren kontrolpetik ihes egindakorik (…) Industria nuklearrean munduko txapeldun nahi duen Parisek asko dauka jokoan Niger eta Malin, uranio hornitzaile nagusiak horietan dauzkalako Areva enpresa multinazional publikoak.
Informazio gehiago:
Orain urtebete idatzi genuen gatazka honi buruz: Azawadeko tuaregek ez dute desarmatzeko asmorik, Afrika Mendebaldeko estatuek eskatutakoaren aurka.
Eta argia.eus/Azawad kanalean herrialde honi buruz argitaratu dugun guztia kontsulta daiteke.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks