John Holloway: “Kapitalismoaren eskematik at sortutako zirrikituetan sakondu behar dugu”
John Holloway elkarrizketatu dute eldiario.es gunean. 2002an argitaratu zuen “Change the World without taking the power” liburuak eztabaida dexente sortu zuen. Egoera aldatzeko, ez du sinesten Estatu mailan botere instituzionala eskuratzea denik gakoa, baizik eta gizarte kapitalistaren aurkako eguneroko ekintza txikietan du esperantza. Antiboterea deitzen die. Joan den uztailean, Urola Kostako Hitzak ongi jaso duenez, Azkoitiako Bagaudia taldeak soziologo eta filosofo irlandarraren Kapitalaren aurka eta haratago. Eztabaida ireki bati buruzko gogoetak liburuaren mamia euskaratu eta editatu du.
Ostegunean Donostiara datorren Amador Fernández-Savaterrek elkarrizketa egin dio, San Jeronimo kaleko Udal Liburutegian berarekin solasteko aukera izango da 19:00etan hasita. Hollowayrekin egindako elkarrizketatik hainbat pasarte dauzkazu ondoren.
Boterea hartzea eta aldaketa soziala
Elementu zentrala lana da, soldatapeko lan gisa ulertutako beharra. Hau da, besterentzat egindako lana, abstraktua.
Bestelako ideiekin lanean ari diren mugimendu asko topa ditzakegu azken 20 edo 30 urteetan: giza jarduera soldatapeko lanetik bereizteko aukera, gauzak beste modu batera egiteko zirrikituak irekiz, gauza erabilgarriak, beharrezkoak eta merezi dutenak iruditzen zaizkigunak eginez, mozkin edo irabaziaren logikan sartzen ez diren ekintzak aurrera eramanez.
Zirrikitu hauek espazialak izan daitezke (bestelako harreman sozialak eragiten dituzten lekuak), tenporalak (“ekitaldi honetan gauzak beste era batean egingo ditugu, elkarrekin gauden bitartean beste mundu baterako leihoak irekiko ditugu”) edo ekintza zehatzekin harremana dutenak (merkatu logika ez darabiltenak urarekin, softwarearekin, hezkuntzarekin eta abar, edo kooperatibetan adibidez). Mundua eta gutako bakoitza, halako zirrikituz betea dago.
Besterentzat egindako lanari, parte ez zaren horri uko egiteak, lan horrek sortzen dituen egitura instituzionalei, antolaketazkoei eta pentsamentuzkoei kritika egitea da aldi berean.
Kontraesankorra da gure esperientzia kapitalismoan. Biktimak gara, eta aldi berean, ez gara. Langile gisa gure baldintzak hobetzea bilatzen dugu eta baita harago joatea ere, beste modu batean bizitzea. Batetik, argi dago gure lan indarra saldu behar dugula bizirauteko. Baina, bestetik, gutako bakoitzak lanaren eredu kapitalistan sartzen ez diren ametsak, jarrerak eta proiektuak dauzkagu. Atzo bezala gaur, bi mugimendu horien arteko harremanean pentsatzea da zaila.
Nola elkar osatu beheko mugimenduak gobernu erakundeekin?
Gauzak ezin dira hain erraz ezkondu. Goitik baliteke jendearen bizi-baldintzak hobetzea, baina ez dut uste kapitalismoarekin hautsi daitekeenik eta beste errealitate bat eraiki. Eta zinez uste dut kapitalismoaren baitan ez dagoela epe luzerako soluziorik humanitate guztiarentzat.
Nik uste zirrikituak sakontzearen eskeman pentsatu behar dugula soluzioa.
Gure mugimenduak beste mundu baten jaiotza izatea da alternatiba bakarra. Zirrikituak eraikitzen joan behar dugu eta hauek ezagutzeko, indartzeko, zabaltzeko, elkar komunikatzeko moduak garatu.
Bi perspektiben arteko harremana aurrerantzean?
Aitortu behar dugu ez daukagula indar nahikorik kapitalismoa deusteztatzeko. Eta indarra diodanean esan nahi dut soldatapeko lanaren menpe ez dauden bizitzeko moduak eraikitzea. Esan ahal izatea: “Bost axola zait lana eduki edo ez, lanik ez badut, interesatzen zaizkidan beste gauza batzuetan jardun ahal izango dut eta duintasunez bizitzeko adina babes daukat”. Oraintxe bertan ez da kasua. Agian hori eraiki behar dugu.
Gaur egun bankuen aurkako haserrea mundu osoan zabaltzen ari da, baina iruditzen zait ez direla bankuak arazoa, baizik eta diruaren existentzia harreman sozial gisa. Nola pentsatu haserrea diruaren aurka? Harreman sozial ez monetizatuak eraikiz, ez merkantilizatuak.
Jende asko dago horretan ari dena, nahi duelako, sinesten duelako edo behar duelako, nahiz eta egunkarietan ez agertu. Jende asko ari da beste komunitate motak eraikiz, beste sozialitate moduak, teknologia pentsatzeko beste erak eta beste bizitza bat sortzeko giza gaitasunekin lanean.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks