Galdera desbideratuak artaldea zuzentzeko
Frente Atleticoko neonaziek beste pertsona bat hil dute. Galiziarra izan da oraingoan. Aitor Zabaleta labankadaz hil zutela 16 urte bete dira. Sinets genezake kirol-afera soila dela. Edo ez.
Azkar sartu dira ohiko hedabide nagusiak herritarrak hunkituta dauden une hauetan artaldearen norabidea markatzera. Partidua bertan behera uzten saiatu da Liga, jakinarazi digu Marcak. Partidua bertan behera utzi behar al zuen LFPk?, galdetu digute inkesta interaktiboetan zertaz pentsatu behar dugun erabakitzen dutenek. Jardunaldi osoa utzi behar al da bertan behera? ausartagoek. Sare sozialetan jendea honi buruz ari da eztabaidan.
“Distrakzioa: Informazio hutsalekin jendearen arreta desbideratu, audientzia ez dadila kezkatu gai garrantzitsuekin”, dio Chomskyk idatzitako manipulazioaren 10 arauetako batek.
Eta testuingurua zein da? Eskuin muturreko taldeak ugalduz doaz Espainian, Nicolas Txikiz ari diren hedabideek esaten ez badigute ere. Eta eskuin muturrak funtzio zehatza dauka egungo sisteman: beldurra hedatuz bestelako gizarte bat eraiki nahi dutenak desaktibatzea. Egungo kapitalaren interes berak. Kanpotik garbiago ikusi ohi denez, hor da Grezia adibidez, begirau nahi dionarentzat.
Galdera proposamen bat behin hona iritsita: Talde faxistak onartu behar al ditu estatuak? Zer erantzungo/eskatuko luke jendeak?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks