Torturapean sinatutakoagatik 22 urteko kurdua exekutatu nahi dute Iranen
Torturapean ateratako deklarazioagatik Saman Naseem izeneko kurdua exekutatuko dute ostegunean Iranen. Herrialde hartan ilegalizatuta dagoen PJAK alderdi kurduko kide izatea egozten diote, eta 17 urte zituela Irango Iraultzaren Guardiako kide bat hil izana sinatu zuen. Gerora, 97 egunez torturatu zutela salatu du, eta autoinkulpazioak erabat ukatu ditu egun 22 urte dituen auzipetuak.
Nire exkuzioaren zain, gutun bat Ekialdeko Kurdistandik gutunean Naseemek ondorengoak salatu ditu: Beso eta hanketatik zintzilik izan zutela ordu luzez, ez ziotela lo egiten utzi, bere senideak ere atxilotuta zeudela esan ziotela eta hil egingo zutela. Besteren artean dio, “bizitzaren eta heriotzaren artean” zegoen unean sinatu zuela autoinkulpazioa. Bere familiak salatu du eskuko azkazalak kendu zizkiotela.
Epailearen aurrean autoinkulpazioak ukatu zituen, esanez soilik airera egin zuela tiro eta ez zekiela zer zegoen idatzita torturapean sinatzera behartu zutenean. Saman Naseemi ez zioten abokaturik izaten utzi ikerketa hasi zenean.
Giza eskubideen aldeko erakundeak Irango Ayatolah den Ali Khameneiri exekuzioa geratzeko eskatzen ari dira, tartean Aliance for Kurdish Rights eta Amnesty International.
Twitterren #SaveSaman and #SamanNaseem traolak erabiltzen ari dira, baita @khamenei_ir Khameineiren erabiltzaileari mezuak bidaltzen ere.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks