Lander Arbelaitz
Hasiera » Euskal Herria » Espainiako Gobernuak “ez du inolako konpromisorik torturaren aurka” Amnesty Internationalen iritziz
Ots26 0

Espainiako Gobernuak “ez du inolako konpromisorik torturaren aurka” Amnesty Internationalen iritziz

Atalak: Euskal Herria, Memoria

Paco Etxeberria azalpenak ematen, atzean Joxe Arregi eta Unai Romanoren argazkiak dituela.

Paco Etxeberria azalpenak ematen, atzean Joxe Arregi eta Unai Romanoren argazkiak dituela.

Torturaren iragana eta oraina Espainiako estatuan, gaitz honen aurkako babes eraginkorrak. Gai horren bueltan aritu dira asteazkenean Donostiako Koldo Mitxelenan lau eragile: Argituz elkartea, Tortura prebenitzeko eta salatzeko koordinakundea, Amnesty International eta Paco Etxeberria forentsea. Moderatzaile lanetan Mariano Ferrer kazetari beteranoa aritu da mukuru beteta egon den aretoan.

“Tortura ezaguna da Euskal Herrian, baina nahikoa ezagutzen al dugu? Ezagutzen al ditugu delitu honen tamainak, ondorioak, berau aplikatzeko tekniken eboluzioa, eta estatuen hipokresia guztia?”. Galdera zorrotzekin ireki du Ferrerrek saioa.

Funtzionario publiko batek giza sufrimendua eragitea, bai fisikoa edo psikologikoa. Kontzeptu horiek dira torturaren definizioaren ardatz Tortura prebenitzeko eta salatzeko koordinakundearentzat. Estatu-mailako plataforma hau praktika honen aurka eta giza eskubideen alde diharduten 50 erakundetik gorak osatzen dute. Carlos Hernandez ordezkariak orain gutxi Espainiako Estatuan egin duten ikerketaren emaitzak azaldu ditu: 10 urtean 6.621 pertsona torturatu zenbatu dituzte: egunero bi. Nabarmendu dute gutxieneko kopurua dela hori, askorengana ez direla heldu.

Zientifikoki erakutsi dute Euskal Herrian torturatu dela

Andrés Krakenbergerrek Argituz elkartearen izenean, salaketen sinesgarritasuna izan du ikergai. Istanbulgo protokoloa erabiliz, modu zientifikoan ikertu dituzte 45 tortura salaketa eta ondorioa garbia da: Euskal Herrian torturatu egin da.

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko psikologo, psikiatra, ikerlari eta mediku forentseak aritu ziren elkarlanean. Protokoloak agintzen dituenak baino neurri gehiago hartu zituzten. 45 kasuak grabatu eta bina aldiz ikertu. Behin baino gehiagotan nabarmendu zuen Krakenbergerrek prozesua blindatu nahi izan zutela, inork ez ziezaien aurpegiratu euskal herritarrak zirenez emaitza interesatua zenik.

Ondorioa: ikertu zituzten 45 kasuen %53k “erabateko sendotasuna” zuen, %31 “oso sendoa” zen, eta %16 “sendoa”. Bat bera ere ez zuten “funtsik gabe” multzoan sailkatu. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Komisarioaren oniritzia duen protokoloa da Istanbulgoa, nazioartean gai hau jorratzeko erabiltzen den tresna.

Krakenberger erdian Madrilen prentsaurrekoa ematen, adieraziz zientifikoki frogatu zutela Euskal Herrian torturatu zela. (Arg: Periodismo Humano)

Krakenberger erdian Madrilen prentsaurrekoa ematen, adieraziz zientifikoki frogatu zutela Euskal Herrian torturatu zela. (Arg: Periodismo Humano)

Euskal Herriko bortxa politikoa medio, Estatuko hainbat aparatutatik zabaldu izan den mezua gogorarazi du Krakenbergerrek: ETAk beti torturak salatzeko irizpideak ematen dituela alegia. Horregatik erabaki zuten kontua argitu egin behar zela. NBEko giza eskubideen goi komisarioak “txosten bikaina” egin zutela adierazi zien. Nazioartean torturaren aurka lan egiten duen IRCT taldeak ere bai.

Krakenbergerri Ferrerrek mihitik tira egin dio galdetuz ea nolakoa izan zen Madrilen txostena aurkeztu zuteneko esperientzia, ea hedabideen aldetik zein izan zen jarrera. “Ez dut ezer ulertzen”, adierazi du. Behin froga zientifikoak eskuetan eta nazioarteko eragileen oniritzia edukita, harrigarria iruditzen zaio El País, El Mundo, ABC, La Razón, TVE eta beste hedabide nagusi espainiarrek albisteak aipatu ere egin ez izana.

Torturarekin amaitzeko neurriak mahai-gainean

AI torturaren aurkako kanpainan murgilduta dago.

AI torturaren aurkako kanpainan murgilduta dago.

Amnesty Internationaleko Virginia Álvarezek adierazi du torturarekin amaitu nahi duen erakunde batek hiru gauza egin behar dituela: Batetik, tortura gaitzetsi. Bigarrenik, torturaren aurkako legediak landu eta ezarri. Eta hirugarrenik, agenteak formatu eta biktimei erreparazioa eman.

Hala ere, ez da batere baikor azaldu Espainiako Estatuko desmartxarekin. “Espainiako Gobernuan ez dago inongo konpromisorik torturaren aurka”. Torturaren definizioa bera, Espainiako legedian ez dela nazioarteko estandarretan bezala jasoa, eta horrez gain, inkomunikazioak tortura ahalbidetzen duela adierazi du.

“Ongi ez ikertzeak tortura sustatzea dakar. Epaileen kasuan egoera eskandalagarriak bizitu ditugu. Adibidez, Portu eta Sarasolaren kasua lotsagarria da”, adierazi du AI-ko kideak. Kezkatuta agertu da epaile eta fiskalen paperarekin. Estatuak askotan kontra-salaketa sartzen dio torturak salatzen dituenari, eta hori onartezin ikusten du.

Urte eta erdian 3.587 tortura kasu jaso dituzte Euskal Herrian

Paco Etxeberria izan zen hitza hartzen azkena. Forentse honek azken hiru hamarkadatan tortura bertatik-bertara ezagutu du. Hitzaldia indartsu hasi du, adieraziz torturari buruz hitz egitea erraza dela atzerriko kasuei buruz aritzean. Euskal Herrian praktika honen nondik-norakoak salatu dituztenak, ordea, kriminalizatu egin dituztela gogorarazi du: “Eva Forest adibidez”. Euskal Herriko tortura argazkiak erakusten joan da hitzaldi osoan, baita bideoz grabatutako testigantza bat ere.

Torturak hor jarraitzen duela adierazi du, baina bere ustez argi dago metodologiak aurrera egin duela, berau markarik utzi gabe egiteko. Unai Romanoren kasua erakutsi du, eta adierazi, ia hil egin zela gasteiztarra. Etxeberriak haserre aipatu du forentse eta epaile askok “gaizki egiten dute beren lana”.

Ferrerrek galdetu dio ea zergatik ukatzen ote duten beti tortura batzuek, nahiz eta “bihotza apurtzeko moduko” testigantzak entzun, epaile batzuek kasu. “Beti dena muntaia dela esaten duten horiek, sakonean pentsatzen dute tortura merezi zutela, baina ezin dute horrela esan, eta ez dutela sinisten esaten dute”, erantzuna Etxeberriak.

Etxeberriak adierazi du biktimak berdindu egiten direla eskubide berak dituztelako. “Estatu honek ez ditu berdin tratatzen, baina guk hala tratatu behar ditugu”. Biktimek aitortza behar dutela nabarmendu nahi izan du.

Galderen tartean, torturatua izan zela aipatu zuen ahots hauskorrez Roberto Lopez de Etxezarretak. ELAko eta EAko kidea, Pasaiako alkate izan zen. “Hori sufritu egiten da, eta gorde. Eta gehienez, intimitatean ateratzen duzu; nik orain gutxi esan dut torturatu egin nindutela”. Koldo Izagirreren Luzuriaga. Hogeita bost lekukotasun liburuaren harira kontatu zuen.

Paco Etxeberriak Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren barruan, urte eta erdian 3.587 tortura kasu dokumentatu dituztela gogorarazi du, eta oraindik testigantzak biltzen ari direla gogorarazi. “Ez dadila kontatu gabe geratu”.

Paco Etxeberria forentsea eta Jonan Fernandez Jaurlaritzako kidea, ikerketaren emaitzak aurkezten. (Arg: Irekia)

Paco Etxeberria forentsea eta Jonan Fernandez Jaurlaritzako kidea, ikerketaren emaitzak aurkezten. (Arg: Irekia)

Iruzkinik ez

Trackbacks/Pingbacks

  1. #28akEreLibre hamar puntutan | Lander Arbelaitz - […] Torturarena arazo larria da Espainian. Amnesty Internationalek beraren ustez ere “Espainiako Estatuak ez du inolako konpromisorik torturaren aurka”. Baina…

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Lander Arbelaitz

Donostia, 1985. Argiako kazetaria, aldizkariko azalen arduraduna eta politika lantaldeko kidea.

Kategoriak

  • Adierazpen askatasuna
  • Aktibismoa sarean
  • Alaskako herriak
  • Altermundialismoa
  • Amazighak
  • Amazoniako herriak
  • Aosta Harana
  • Arapahoak
  • Askapena
  • AskeGunea
  • AskeGunea Ondarroa
  • Asturies
  • Attawapiskat
  • Australiako jatorrizko herriak
  • Azawad
  • Bitxikeriak
  • Borroka teknikak
  • Bretainia
  • COVID-19 testuinguruan
  • Desobedientzia zibila
  • Ekonomia
  • Errefuxiatuak ongi etorri
  • Eskozia
  • Eskozian idatzitakoak
  • Estaturik gabeko nazioak
  • Euskal Herria
  • Feminismoa
  • Frantziaren menpeko Polynesia
  • Gaeliko irlandarra
  • Gales
  • Galizia
  • Gatazka armatuak
  • Guaraniak
  • Hedabideak
  • Hegoafrika
  • Hegoafrikatik idatzitakoak
  • Herri Harresia Iruñea
  • Herri mugimenduak
  • Herrialde Katalanak
  • Historia
  • Hizkuntzen aldeko borrokak
  • Info7 kolaborazioak
  • Inuitak
  • Iritzia
  • Irlanda Iparraldea
  • Irlanda iparraldean idatzitakoak
  • Jatorrizko herriak
  • Kanadako indigenak
  • Komunikazioa
  • Komunikazioa politika da
  • Kortsika
  • Kurdistan
  • Liburuak
  • Maia herria
  • Memoria
  • Mendebaldeko Sahara
  • Okzitania
  • Palestina
  • Quebec
  • Saapmi
  • Sailkatu gabea
  • Sardinia
  • Sare sozialak
  • Street Art
  • Tatariarrak
  • Tirol
  • Turismo masiboaren aurka
  • Txeieneak
  • Txetxenia
  • Uncategorized
  • Veneto
  • Wallmapu
  • Wikipedia
  • Zapatistak
  • Zientzia eta teknologia

Nabigatu euskaraz

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA