Euskalgintza eraldatzailea, den-dena irabazteko
Jakitun baldin bagara euskararen normalizazioan 30 urte atzera egiteko arriskuan gaudela, galde genezake ea instituzio publikoek zergatik ez duten sentitzen presio eraginkorrik hizkuntza politikan salto kualitatiborik emateko. Euskaraldiaren bultzatzaile gisa, adibidez, Eusko Jaurlaritzak lehen edizioaren hasieran hitz eman ostean 2019an erakunde gisa konpromisoak hartuko zituela (Ikusi lotura honetan, 8. orrian, 4. puntuan), ETB2, Osakidetza, Ertzaintza edo Hezkuntza sailak bere gain dituen instituzioak euskararen biziberritzearen ardura berriz ere herritarren gainean jarri du lotsagorritu gabe.
Euskaraldia amaitu zela bi hilabete inguru pasa direla, zilegi da esatea ariketa ez zela bereziki ongi hasi: hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenaren bezperan, euskara doan ikasteko eskubidearen aurka bozkatu zuen EAJk Eusko Legebiltzarrean, PSE, PP eta Voxekin batera. Izugarrizko muturrekoa milaka euskaltzalerentzat eta oso esanguratsua Jaurlaritzari Euskaraldian zentralitatea eman dion euskara elkarteen Topagunearen isiltasuna afera honetan. Zubigintzaren ajeak?
Egoera honetan, nabarmena da hizkuntza politikak erabakitzen dituztenekiko independentea den subjektu euskaltzalea indartzea eta herriz herri antolatzea egiteke dagoen lana dela. Sumatzen dira mugimenduak edo bide berri horretan ekarpena egiteko gogoak, izan zenbait gaztek Gaztealdiaren bidez euskaraz bizitzeko hautu politikoa aldarrikatzean, edo zapalkuntza bistaratu asmoz erasoen pedagogia egiteko sortutako Euskaldunok Planto ekimenean. Norabide horretan, ezkerretik eta independentismotik euskalgintza berrasmatzeko Plaza Hutsa gogoeta oso emankorra suertatzen ari da. Abiapuntua zorrotza da: nola elikatu elkar euskarak eta burujabetza prozesuak? Eta hauxe Sorturen tesia: jauzi bat behar da hizkuntza politikan eta euskalgintzak herri mugimendu gisa arnasberritzeko bide berriak behar ditu.
Euskal Herriko eragilerik potenteena den eta gizartean aldaketarik sakonena eragiten ari den mugimendu feministak urteak daramatza bidea erakusten euskalgintzari, gizonez beteriko sektore euskaltzale ugarik entzungor egin arren: hizkuntz zapalkuntzaren kontzientzia politikoa landu, euskaldunen ahalduntzea bilatu, erasoen aurrean autodefentsa praktikatu, botere harremanak eta pribilegioak bistarazi, mugimendua herriz herri josi eta kalera atera, beste borrokekin zubiak eraiki, etengabeko analisi politikoa landu, bizitza eta zaintzak erdigunean jarri… eta horrekin guztiarekin batera, teoriek lur hartzen duten borroka konkretuak aukeratu.
Azken puntu honi dagokionez, ezin aipatu gabe utzi euskara doan ikasteko eskubide unibertsalaren aldeko borroka estrategikoa eta potentzial handikoa dela. Sektore sozial ugari inplikatzeko ematen duen aukeragatik–euskaltzale militanteak eta euskaltegietako ikasle eta irakasleak, adibidez–, baita klase eta genero irakurketa begibistakoak egin daitezkeelako edo tokian toki borrokatzeko aukera ematen duelako ere, udaletako diru-laguntzen harira. Baina batez ere, euskara ikastea doan behar duelako utopia marrazteaz gain, leku askotan lor daiteke eta jende askoren bizitzak goitik behera alda ditzakeelako.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Ze beldur ematen didan! • ZUZEU - […] Soziolinguistika Albistariaren 92. zenbakiak gogorarazi dit Naizen urtarrilaren 14ko berria: “Euskalgintza arnasberritzeaz gogoeta egingo da Sorturen Plaza Hutsa jardunaldian”.…
Eskerrik asko artikuluagatik eta horrwla bustitzeagatik. Ni ere aspertuta nago hainbeste marketingekin eta jaurlaritzak dena erosia diela dirudi. Horrela ez goaz inora.