Euskaldunon miseriak, edo papurrak
Bai, badakigu, publizitate instituzionalaren banaketa horrela –Jaurlaritzan, Gipuzkoako Aldundian, Arabakoan eta Donostiako Udalean– egin da urteetan, politikoki hautatutako hedabide gutxi batzuek –irizpideez galdetzean sekula erantzun garbirik ez– dozenaka milaka euro jasotzen dituzte urtero eta besteentzat papurrak. Dauzkagun azken datuak Donostiako Udalekoak dira, ia milioi erdi bat euro banatu zizkieten iaz gaztelaniazko hedabideei eta euskarazkoei kontrara, 32.000 euro (poltsaren %6,43).
[Oharra: diru kopuru hauetan ez daude babesletza eta kontratu txikien bidez banatzen dituzten diruak sartuta, beste dozenaka milaka euro asko; eta beraz, instituzioak interpelatzean publizitate instituzionalari buruzko datuak eskatzeko, “publizitate instituzionalak, babesletzak eta kontratu txikiak” eskatu behar zaizkie, bestela, adibidez, San Sebastian Gastronomika gisako ekitaldiak antolatzeagatik medio jakin batzuek jasotzen duten dirua kontaketatik kanpo geratzen da].
EH Bilduren ekimenez, Elkarrekin Podemosekin egoera salatu dute. Inaxio Esnaola kazetariak jaso ditu eztabaidaren nondik norakoak Irutxuloko Hitzan. Oposizioak proposatu du, bi komunitate linguistiko bizi direnez hirian –batzuk erdarazko hedabideekin informatzen dira eta besteak euskarazkoekin–, eta Udalak komunikazio ofizialak bi komunitateei egin behar dizkienez, dirua erdi eta erdi inbertitu beharko lukeela Udalak gaztelaniazko eta euskarazko hedabideetan.
Eskaera oso potentea da, hain gaude urruti egoera horretatik, imajinatzen ere zaila dela gai hau jarraitzen dugunontzat. Aldaketa erradikala litzateke hedabideen panoraman neurri hori hartzea lekuan leku instituzioek. Bere garaian, informazio burujabetzari buruzko erreportajean aipatu nuen antzeko hipotesi batek –banaketa justua izateak– lekarkeen iraultza. Hedabide nagusienek krak egingo lukete –asko ekonomikoki oso gaizki daude, ikus bestela Deiako azken greba–, eta hedabide txikiontzat –euskarazkoontzat– izugarrizko bultzada litzateke. Milioika euro jasotzen dituzte gaur egun El Correo eta El Diario Vasco gisako egunkariek publizitate instituzional gisa. Herri honetan boterea nola banatzen den ikusita, ia ezinezkoa iruditzen zait, baina bai norabidea markatzen duen utopia bat.
Ez gara inozoak. Bagenekien ezinezkoa zela hori onartzea Donostian eta batez ere, badakigu udal gobernuak ez duela atzera egiten ezerekin. Are gutxiago oposizioaren aurrean. Politikaren miseriak.
Euskara zinegotzia izan behar zen?
Halere, nabarmendu nahi nuke, mingarria iruditu zaidala Donostiako Euskara Zinegotzia izatea (Jon Insausti, EAJ) egungo banaketa injustua defendatu duena. Politikak aldatu nahi ez badira, beste norbaitek egin zezakeen besteren artean euskarafoboak ere badiren politika hauen defentsa. Gainera, Insaustik eztabaidaren muinari uko egin dio eta ihes egiten saiatu da esanez euskarazko hedabideei diru-laguntzak ematen zaizkiela. Askoz gutxiago, euskararen legeak behartuta –besterik ez genuen falta, Donostiako Udalak diruz ez laguntzea Irutxuloko Hitza–, eta gainera erdarazko hedabideen diru-laguntzak sekula aipatu gabe. Eta gainera, diru-laguntzak eta publizitate instituzionala bi gai ezberdin dira, ezin da tranpa onartu.
Banaketa injustuaz hitz bat ere ez du esan Insaustik. Euskarazko medioak horrela baztertzea ez zaiola injustua iruditzen pentsatu behar dugu? Sentsibilitate gutxi euskaraz bizitzen saiatzen garen donostiar guztiokiko.
EXTRA: Gaiarekin lotuta ARGIAn egin genituen bi azal.
Eskandalu hutsa da. Eskerrik asko gaiaz informatzeagatik
Lotsagarria!!!