Donostiako AskeGunearen 24 orduko jarraipena
[Eguneraketa: AskeGunea, Gara eta Argiako irudiak nahasiz Axier Lopezek egindako bideo honek ongi laburbiltzen du Donostian gertatuta. Azpian etengabeko jarraipen xehetua]
9:00 Ehunka pertsona pilatuta daude Donostiako Boulevarda inguratzen. Jendeak errepidea moztu du furgonetak atera ez daitezen. Ertzaintzak beste bide batetik eraman ditu eta tentsioa asko igo da.
8:00 Ertzaintza gogor ari da kondenatutako kideengana heltzeko lanean. Behin harresitik ateratzean eskumuturrak bihurritzen dizkiete askori. 20 minutuko bideoa grabatu dut eta bertan ikus daiteke kondenatuengana nola heltzen diren. “Auziperatuak, maite zaituztegu!” oihuak harresiko kideen artetik.
7:35 Hemen bigarren bideo bat barnetik grabatuta.
7:25 Hau da harresiaren barnetik ikusten dena.
7:15 Ertzaintzako hainbat agente bortizkeria (kolpeak, zapalduak, ileetatik tiratzea…) erabiltzen ari dira era baketsuan erresistitzen ari diren herritarren aurka. Harresiaren barnera sartu naiz eta bertatik grabatuak dira ondorengo bideoak.
7:00 Hau da AskeGunearen egoera operazioa hasi eta ordubetera.
6:45 Geroz eta erresistentzia handiagoa jartzen ari dira harresiko kideak, eta hauek ateratzen ari diren ertzainak ere gero eta bortitzago ari dira.
6:35 200dik gora ertzainek harresia inguratuta daukate eta jendea banaka-banaka ateratzen ari dira kondentuenganako bidea egin nahian.
6:30 Ari dira agenteak harresiko kideak banaka-banaka ateratzen. Bitartean oihu eta aldarrikapen artean eusten dio jendeak. Ondorengo bideoan “Eusko Gudariak” abesten.
6:25. Kazetariok Boulevardeko kioskoan sartu gaitu ertzaintzak eta ez digute bertatik ateratzen uzten. Hau onartezina da. Halako neurriak bakarrik har daitezke gertaerak oso biolentoak direnean eta kazetarion integritate fisikoa arriskuan dagoenean, edo poliziaren lana oztopatzeko arriskua dagoenean. Ez da kasua.
6:20. Kazetari txartela agerian nuen arren, Ertzaintzak eraso egin dit eta mugikorra kentzen saiatu da. Lurrera bota naute hainbaten artean, eta ondoren, mugikorra zapaltzen ari zen ertzain bat. Lurrera bota eta hau hartzea lortu dudanean bideo hau grabatu dut nahi gabe mugikorrarekin. [Eguneraketa: AskeGuneko komunikazio taldeko kideek erasoa hainbat angelutatik grabatu eta sareratu dute].
6:00. Ertzaintzen burua atxiloketak egiten hasiko zela adierazten eta harresia tinko aldarrikapenak egiten.
5:45. Sirena hotsa. Jendeak ziztu bizian harresia sortu du.
02:45 Jende asko lo dago. Beste asko esna. Hainbat talde perimetroa zaintzeaz arduratzen ari dira, ertzaintzaren furgonetak pasatzen ikusiz gero abisua pasatzeko. 800-900 bat pertsona daude hemen.
00:30 Hau da AskeGunearen egoera orain.
00:00 Kanping dendak muntatu dituzte lehen aldiz AskeGunean. Jendetza handia dago. 2.500 bat diotenez. Asko lotara joan dira, beste asko esna daude. Alkoholik ez edateko esan dute mikrofonotik, egoera kontrolpean edukitzea garrantzitsua dela.
[^^Hemendik gora ostirala, apirilak 19^^]
23:50 AskeGunearen etxe batetik ikusita.
23:30 Hedabide ugari AskeGunean gaua pasatzeko prest.
23:00 Beñat Apalategi bertan bildu den jendetzari argibideak eman dizkio. Horrenbeste jende biltzea inondik ere ez zutela espero adierazi du. Ingurua txukundu eta lotarako prestatuko dute gunea. Ohikoa baino perimetro zabala prestatuko dute lotarako. Jendeari ixiltasuna eskatu diote, ez baitaki inork noiz etorriko den Ertzaintza. Jendeak deskantsatu behar duela adierazi dute mikrofonotik. “Burua hotz”, aldarrikatzen du.
“Gure erantzuna desobedientzia da. Ez diegu utziko gazteak eramaten, horrelako herri batekin posible da. Aupa zuek! Ikaragarriak zarete! Gora euskal gazteria!”, esanez amaitu du Apalategik. Hunkituta dago, malkoei eutsi ezinik.
22:15 Lotarako izena eman behar da jende guztiarentzat lekua dagoela ziurtatzeko. Dagoeneko 800dik gorak eman dute izena. Bilbotik autobusa atera da Donostiara. Nekeaz gain, irribarreak dira nagusi hemen.
22:00 Antolakuntzatik diotenez, 2.000 bat pertsona daude Boulevardean.
20:30 Kondenatuek hitza hartu dute. Gaua bertan pasako dutela adierazi dute. Bideo honetan Oier Lorenteren hitzak. Animoak bero daude eta “jo ta ke, irabazi arte!” oihuak entzuten dira AskeGunean.
20:00 Geroz eta jende gehiago dago AskeGunean. Sare sozialetan jendea Donostiara datorrela adierazten ari da oraindik, eta domino efektu antzeko zerbait gertatzen ari da.
19:00 Eguneroko kontzentrazioa. Ez da sekula horrenbeste jende egon AskeGunean kontzentrazioan. Jendea etorri eta etorri ari da.
18:20 AskeGuneko kideek diote ziurrenik gaur etorriko dela Ertzaintza, Espainiar estatuko hedabideetako kazetariak etorri dira arratsaldean. “Hauek ez dira alperrik etortzen”, diote.
18:00 Nazioarteko hedabide ugari ari dira AskeGunearen jarraipena egiten. Adibidez, Russia Today hedabidearen albiste agentziak atzo grabatu genuen bideoa jarri du webgunean eta Aske Guneko kideei deitu diote esanez kamera bat bidali nahi dutela.
17:45 Jexux Mari Irazu etorri da eta streaming bidez ikusi ahal izango da AskeGunea hainbat orduz. Jendea bere aletxoa jartzen ari da hemen.
17:30. Musika dago jarrita.
17:00etatik 17:30etara Aurore Martin eta Anaiz Funosas etorri dira Auroreren herri harresiaren esperientzia azaltzera. Bertako gazteei babesa eman diete.
16:00 – 17:00-ak arte musika egon da.
15:40 Aniak lagundu du giroa lasaitzen bere kantuekin.
15:20 Azkenean ez da ezer ere gertatu. Zurrumurruak nekearen ondorio dira. Musika jarri dute berriz ere giroa lasaitu asmoz, nahiz eta kostako den. Zabaldu dutenez gauean egin lezakete saiakera, eta hori baliatuz, Aske Gunetik deialdi nazionala egin dute Donostiara etortzeko. Twitter bidez jendea Donostiara ateratzen ari dela jakinarazten ari dira.
Deialdi nazionala #AskeGunea -ra joateko, atxiloketak gauean izan daitezke! Herri oso baten gainetik pasa beharko dira! ANIMO! #Basque8
— Herriak Aske (@HerriakAske) 2013 apirila 18
Une hau irudikatzen duen Ikor Kotxen argazkia.
15:10 Hemen jendea hunkituta dago, kasua balitz ere, elkar agurtzen. Nekea oso nabarmena da eta bart bi-hiru ordu egin ditu lo jendearen gehiengoak. Horrek zurrumurruak erraz zabaltzea dakar.
15:00. Zabaldu da hainbat hedabidek esan dutela atxiloketak berehalakoak zirela. Mikrofonotik protokolorako deitu dute eta Aske Guneko jende guztia karpan bildu da. “Desobedientziaz erantzungo diegu! Ez ditu lege injustuak onartuko! Tamainaz erantzungo diegu! Garaipena gurea da!”, aldarrikatu dute beste hainbat gauzaren artean. Goiko bideo honetan ikusten da jendea karparen barruan.
12:30 – 13:30 Deskontrol taldeak kontzertua hasiko du kioskoan. Euria ari du. Gazte giroa nagusi AskeGunean.
12:15 Mezuak iristen hasi dira furgoneta ugari ikusi dituztela Donostiara bidean. Eta tentsioa mantentzeko dei egin duten arren, lasaitasuna ere eskatu dute.
12:00 Kontzentrazioa.
11:00 eta 12:00ak artean paroa egin dute Donostiako ikastetxe eta lanbide heziketako eskoletan eta harresietan hurbildu dira Aske Gunera.
11:15 Nazioarteko hedabideetara deitzen ari dira komunikazio taldeko kideak, AskeGunean gertatzen ari dena lehen eskutik kontatzeko. Hainbat dira albistea jaso duten hedabideak. Sona izaten haste ari da gaia. AskeGuneko jendea oso haserre dago EiTB gaiari ematen ari zaion tratamenduagatik eta “zentsura” aipatzen dute.
11:00 Bart gertatuaren kronika igo dute komunikazio taldeko kideek webgunera. Bertan dagoen jendeari hau itzultzen laguntzeko eskatu dute eta hainbat izan dira kioskora igo direnak. Oraingoz gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez jartzeko lanean ari dira.
09:00 Gosaldu ostean, jendea martxan jarri da eta lotarako erabili den lekua garbitu, txukundu eta egunerako prestatu dute denen artean.
08:00 Gosaria banatu dute. Jendea nekatuta dago bart Ertzaintzak egin zuen bigarren bisitaren ondorioz.
07:00. Jendea esnatzen ari da. Euria ari du. Ehunka pertsona daude Donostiako Boulevardean.
04:00. Berriro etorri dira Ertzaintzaren bi furgoneta eta auto bat. Sirena jo dute eta jende guztia, gehiena lo zegoena, berriz antolatu da herri harresi forman. Autoak joan direnean berriz ere poza zabaldu da eutsi izanagatik, baina baita kezka ere, gauean gehiagotan esnatuz gero, goizaldean jendea nekatuta egongo delako. Bigarren herri harresiaren bideoa.
02:00. Jendea lotara joan da. Tentsio handia bizitu du jendeak gaur, baina irribarreak dira nagusi hemen.
00:25 Oier Lorente eta Aitor Olaizolaren adierazpenak bi bideo hauetan grabatu genituen.
00:30 Hemen herri harresiaren argazki bat.
00:15 Ertzaintza etorri da eta herri harresia sortu dute. Bideoan ikus daiteke osorik.
[^^Hemendik gora osteguna, apirilak 18^^]
23:00 Iñigo Urkullu elkarrizketatu dute ETB1en eta internet bidez jendea ea ertzaintza bidaliko ote duen galdetzeko eskatzen ibili da. Xabier Usabiaga aurkezleak galdetu dio eta Urkulluk finean baietz esan du, ertzaintza bidaliko dutela. Hemen kortea.
22:15. Animoak oso altu daude Askegunean. Gaur jada 400dik gorak eman dute bertan lo egiteko izena, eta oraindik jende askok ez du eman. EAJri egindako eskaerak gaiari beste buelta bat eman diola sentitzen du hemen jende askok.
21:00. ETBko albistegian ez dute AskeGunea aipatu.
Oraintxe bukatu da @eitbcomberriak eta benetan lotsagarria @askegunea ri buruzko inungo aipamenik ez egin izana #eajezbidaliertzaintza
— Aitor Larburu (@Larburu) 2013 apirila 18
20:45. Twitterren #EAJezbidaliertzaintza etiketa erabiltzen ari da internauta asko. Horren adibide hainbat txio.
.@iurkullu Ertzainak bidaliko dituzu euskal gazte errugabeak atxilotzera? #euskadigaldezka #EAJezbidaliertzaintza #askegunea
— Igor Elortza Aranoa (@ielortza) 2013 apirila 17
Nik ere eskatzen diot @eajpnv_eu-ri #HerriHarresira batzeko eta Ertzainik ez bidaltzeko! #askegunea #eajezbidaliertzaintza
— Aiora (@probatxoa) 2013 apirila 17
#EAJezbidaliErtzaintza #EAJezbidaliErtzaintza #EAJezbidaliErtzaintza #EAJezbidaliErtzaintza #EAJezbidaliErtzaintza #EAJezbidaliErtzaintza
— TheklanEH (@theklaneh) 2013 apirila 17
20:20. EAJri herri harresiaren parte izateko eskua luzatu diote Aske Gunetik eta “Madrildik agindutak lege injustuak betetzera Ertzaintza ez bidaltzeko” eskatu diote. Hemen testua osorik eta azpian bideoa.
18:30 Ubeda anaiak etorri dira kantatzera. Jon Benito ere aritu da beraiekin errezitatzen. Hemen kantu bat.
18:15 Argazki hau asko zabaltzen ari da sare sozialetan. Bostok argazki agentziak igo du Facebookera.
17:50. Arratsalde osoan zehar ikasleak biharko konpromiso egunerako pankartak egiten aritu dira.
17:00. Marrazki tailera “0 urtetik 100da piko urtera bitarteko jendearentzat”, aurkezpena egin duenak esan duenez.
16:15. Kontxita Beitiak ikastolen sorrera eta desobedientzia zibilaren inguruko hitzaldia eman du. Karpa txikia bete da. Eta aldi berean, lehen sorospen ikastaroa eman dute egunero AskeGunean dabiltzan hiru medikuk.
15:30. Bakarlari bat izan da kioskotik giroa jartzen. 45 minutuz aritu da.
14:30. Bazkaria janari ekologikoarekin lan egiten duten Gipuzkoako hainbat koperatibak prestatu dute.
13:30. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea etorri da “La Maza y la cantera” liburua aurkeztera. Horrez gain, Askapenak antolatuta, Saharari buruzko dokumental bat proiektatu dute eta gaiari buruz aritu dira. Hemen Aske Guneko hainbat argazki.
12:30. LABeko Ainhoa Etxaide etorri da eta ESK, STEILAS eta LABen izenean gazteei babesa eman diote. Nabarmendu duenez, sindikatuak beti eskubide zibilen aldeko lana egin dute eta horregatik babesa ematera etorri nahi izan dute. Hemen bideoa:
12:10. Bart Euskal Herriko leku ugaritatik etorri da jendea AskeGunera. Gaurko Bizkaiatik jendea espero dute, eta jendeari dei egiten ari dira bertaratzeko.
12:00. LABeko 150 bat kide etorri dira AskeGunera beren babesa adieraztera.
11:30. Komunikazio lantaldea kanpoko hedabideetara deiak egiten ari da, webgunean jarri duten informazioa (5 hizkuntzatara bolondresek itzulia, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez) eta bideoak zabaltzen hasteko.
11:00. “Zapalduen antzerkia” oraintxe bertan AskeGuneko kioskoaren atzean. Karpan berrz jendea eserita berriketan eta gosaltzen. Antzerkiarekin, polizia etortzen denerako erresistentzia teknikak ere landu nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek. Hemen bideoa:
10:20. Goizean jendea esnatzen.
Apirilak 17, asteazkena. 10:00. Bi bideo hauetan ikus daiteke zein zen giroa lehen arratsa pasa behar zuten herritarren artean.
Blog honetan Donostiako Aske Gunearen zuzeneko jarraipena egingo dugu. Laburpen gisa, joan den asteartetik Aske Gunea antolatu zenetik, egunero ehunka pertsona zortzi zigortuak babesten ari dira. Atzo arte etxeetara joaten ziren herritarrak zutabeak antolatu eta zortzi gazteak babestuta Aske Gunera eramateko. Egun osoa bertan igaro ostean, 20:30ean etxeetara eramaten zituzten.
Astelehen goizean gazteak atxilotzeko agindua eman zuten, eta ordutik, planteamentua 24 ordutara zabaltzea erabaki dute. Bart egin dute lehen aldiz lo Donostiako Boulevardean eta antolatzaileen arabera, 400 bat pertsona izan dira lo-zakuetan gaua pasa dutenak.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks