Eskoziako artxipelagoek eskumen gehiago nahi dute, erreferendumeko emaitza edozein dela ere
Eskoziako independentzia prozesuan gertatzen dena gertatzen dela Orkadak, Shetlandak eta Kanpoko Hebridak uharteetako gobernu lokalek estatus politiko berezia eskatu dute. Uharteek jarrera neutrala hartu dute erreferendumaren aurrean eta Our Islands – Our Future kanpaina abiatu dute.
Hiru artxipelagoetako kontseiluek Eskoziako eta Britainia Handiko gobernuei eskatu diete aurrez adieraz dezatela zein izango diren uharteetako biztanleek izango dituzten onurak.
Joan den hilabetean kanpaina arrakastatsua abiatu genuen eta pozik esan dezakegu aurrera goazela. Gure komunitateetan interes handia sortzeaz gain, Eskoziako gobernu lokalen babesa lortzen ari gara, gure demokrazia lokal berezituarekin atxikimendua onartzen dutenak.
“Azken finean hiru batzarrak eskatzen ari direna eskumen eta baliabide gehiago dira”, diote Nationalia webgunean. Eskaera hau orain hilabete idatzi zuten hiru uharteetako ordezkariek. Urpeko baliabideen kontrola, uharteen urruntasunagatik ordain ekonomikoak, estatus politiko bereziaren aitortza –baita Europar Batasunean ere–, eta kultura gaeliko eta nordikoaren sustapena eskatzen dute.
Uharteetako gobernuek adierazi dute, datorren irailean Orkadetako konferentzia bateratua egingo dutela kanpainako “hurrengo pausoak” erabakitzeko. Gogoratu behar da, Eskozia iparraldean urpean dauden petrolio erreserbak uharte hauetatik gertu daudela.
Uhartedietako hiru kontseiluak administrazio independenteek gobernatzen dituzte eta egungo alderdi politikoen jokotik at kokatzen dira kontseilari gehienak. Horiek dira kanpaina abiatu dutenak. Eskozia eta Britainia Handia independentziaren jokoan erabat sartuta daudenez, eskaerak egiteko une egokitzat jo dute.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa datorren astean Shetland uharteetara joango da gaia jorratzera. Bitartean, Eskoziako Gobernuko bozeramaileak zera adierazi du The Scotsman egunkarian jaso dutenez: “Independentziak uharteetako komunitateentzat aukera berriak irekitzen ditu, gainontzeko herrialde osoarekin batera, eta hiru kontseiluekin elkar ulertzeko gogoz gaude”.
Britainia Handiko Gobernuak adierazi du uharteen botere banaketa Eskoziako Gobernuaren ardura dela.
Bitxikeria gisa, Boston Globe gunean fotoerreportaje bikaina ikus daiteke Shetland uharteetan urtero egiten duten Vikingoen festaz.
Hau da, enkantea jarri dutela martxan, ezta?
Aukera hobeak ematen dizkien herrialdeak hartuko ditu beraien botoak…
Aupa Andoni! Ba badirudi… halere ezin uka momentu ona hautatu dutela beren eskaerak mahai gainean jartzeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den…