4.000 haur indigena hil ziren eskolan Kanadan, asimilazio prozesu kriminal baten ondorioz
Kanadako Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordearen ondorioen arabera, 4.000 bat haur hil ziren jatorrizko herrien asimilazio prozesuan. Herri indigenak, Metiak eta Inuitak zurien bizimodura asimilatzen saiatu ziren “eskola erresidentzialen” bitartez. Beren hizkuntza izan zen debekatu zieten lehen gauza.
Haurrak jo egiten zituzten, eta batzuk oheetara lotuta izan zituzten. Beste batzuei, beren hizkuntza hitz egiteagatik, orratzak sartzen zizkieten mingainean. Tortura horiek heriotza kopuru handiak ekarri zituzten, izan ere, ikasle kopuru altuegiak, janari ez osasungarria eta osasun zerbitzu gutxirekin zebiltzan. 1907an bertan, gobernu zentralaren ikertzaile medikua zen P. H. Brycek argitaratu zuen aurretik osasuntsuak ziren Kanadako haur aborigenen %24 hil egiten zela eskola erresidentzialetan.
Eskola hauek komunitate erlijiosoek kontrolatzen zituzten (katolikoak, anglikanoak, presbiterianoak eta baptistak). Kalkulatu dutenez, 1880.eko hamarkadatik 1996ra arte 150.000 haur pasa ziren bertatik. Kolonizatzaileek munduko beste leku askotan egin izan duten bezala, umeak beren familietatik bereizten zituzten denbora epe luzeetarako. Helburua beren hizkuntza, kultura eta ondare aborigen guztia galaraztea zen.
2008an ezarri zenetik testigantzak biltzen aritu ostean, Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordeak berretsi du eraso fisiko, sexual, emozional eta psikologikoak pairatu behar izan zituztela milaka haur indigenak. Eskola hauek aborigenei prestakuntza baxuagoa ematen zieten nahita, hauek nekazaritzara, industriara edo etxeko lanetara bideratzeko esku-lan merke gisa.
Musqueam Herriko buruzagi George Guerinen hitzak dira ondorengoak, Stolen from our Embrace liburuan jasoak:
Marie Baptiste monjak billarrekoak bezalako makil luze eta lodiak izaten zituen. Nire hizkuntzan mintzo nintzela entzuten zuenean, eskuak erakustarazten zizkidan eta makilarekin jo. Oraindik kolpeak eta orbainak dauzkat eskuetan. Eskularru bereziak erabili behar ditut hotzarekin eskuetan min handia izaten baitut. Jotzen ninduten bitartean negar ez egiteko esfortzun handiak egiten nituen, eta oraindik ere gai naiz nire sentimenduak itzaltzeko… eta zortea daukat. Nire adineko jende ugarik bere buruaz beste egin baitzuen edo heriotza biolentoak izan zituzten, edo alkoholak partida irabazi die. Eta ez zen nire belaunaldia bakarrik. Nire amonak ezin du eskolako garaiez hitz egin, 90 urteren bueltan dabilena, gogorregia izan baitzen bertan pairatu behar izan zuena.
Egiaren eta Berradiskidetasunaren Batzordea ikerketa lanean ari da eta espero dute 2015eko udaberrian aurkeztea azken txostena.
2008an Kanadako Gobernuak barkamen eskaera ofiziala egin zien Kanadako jatorrizko herriei. Parte batek onartu zuen eta egian oinarritutako harreman bat hasteko aukera zela pentsatzen dute, iraganeko zauriak sendatu aldera. Beste batzuek ordea, zera galdetzen dute:
Zer egingo du gobernu honek etorkizunean gure herriak laguntzeko? Izan ere, hainbat belaunalditan gertatu diren giza eskubideen urraketa sakonez ari gara hitz egiten: nire hizkuntza, nire kultura eta nire espiritualitatea. Badakit horiek nire haur eta haurren haurrei transmititu nahi dizkiedala. Beraz, zer jarriko dute gure esku? Horixe da nire galdera. Badakit hau gu guztion galdera dela.
Beverley Jacobs, Kanadako Jatorrizko Emakumeen Elkarteko lehendakaria, 2008ko ekainaren 11n.
Gaiarekin amaitzeko, Larrun aldizkari bat irakurgai duzue Egiaren eta Berradiskidetzaren Batzordeei buruz. Bertan munduan batzorde hauek egin izan duten lanaz errepasoa egin genuen, eta Euskal Herrirako halako batzorde batek izan behar lituzkeen ezaugarriez mintzatu ginen.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks