Maputxe herriari barkamena eskatu dio Txileko Estatuak, jarrera erabat aldatuta
Txileko lehen ministro berria indartsu hasi da, Michelle Bachelet. Hauteskundeak irabazi eta biharamunean Maputxe herriari barkamena eskatu dio, Estatuaren ordezkari hautatu berriaren bitartez:
“Maputxe herriari barkamena eskatzera nator Txileko Estatuak bere lurrak ostu zizkiolako; eta baita ere urrutitik etorritako kolono eta beren ondorengoei ere, gure herrialdean beren bizitza eraiki dutenak, Txileko estatuak aproposa ez zen lurralde batera ekarri zituelako une desegoki batean (…) Hau konpontzeko bidea ez da pertsonen heriotza. Denen heriotzak egiten dit min. Ez dut desenkontru historiko honen kulpaz gure eremu honetan hildako gehiagorik nahi”.
Ez zen hor geratu, eta lege antiterrorista berriz ez dutela erabiliko adierazi zien estatuko fiskalei: Biolentzia ezin da arazo sozialak konpontzeko motorea izan. Horrez gain, gatazka politikoaren sustraietara jo zuen, publikoki egin duen lehen agerraldian.
“Eskualdean arazo bat dugu eta gure elkarbizitzan eragiten du. Estatua lurralde honetara orain 130 urte iritsi zenean dauzka sustraiak. (…) Estatua modu txarrean iritsi zen hona: maputxe herriari lurrak eta ondasunak kendu zizkion. Hor daukate oinarria egungo oker guztiek. Aracaunía izeneko zonaldea gizarte zatitu bat gisa jaio zen. Estatua okertu egin zen eta akatsak egin zituen, orain arte inongo erreparaziorik izan ez dutenak”.
Huenchumilla Jaramillo izeneko intendente edo ordezkari politikoak, aitaren partetik jatorri maputxea du. Bachelet presidenteak hautatu du maputxeen afera jorra dezan. Herri honen ordezkariak hartu ditu egoitzan, kargua hartu eta lehen egunean. HispanTV-ren bideo honetan ikus daitekeenez, oso pozik atera ziren ordezkariok.
https://www.youtube.com/watch?v=9dbjDgbl7RsBi herrion arteko gatazka politikoa konpontzeko aukera paregabea dutela nabarmentzen dute askok. Horietako bat da Pedro Cayuqueo kazetari maputxea, “Solo por ser indios” liburu gomendagarriaren egilea. Cayuqueo oso kritikoa da Txileko estatuak herri honekiko izan duen jarrerarekin. Huenchumilla, yes we can, bere azken zutabetik hartua da ondorengo pasartea:
“Bere hitzak ekintza politiko zehatzetan islatuko ote dira? Zenbateraino izango du mugimendu askatasuna Santiagorekiko? Eta gatazka txiletar-maputxearekiko oso begirada partzial, eta ia ezin erremediatuzko era baldarrak darabiltzan Barne Ministerioarekiko? Inkognita galanta da. Denborak bakarrik esango du. Edo aurre egin beharko dion lehen kamioi erreak. Edo bere agintaldiko lehen hildakoak, gaitzesteaz gain, fiskalei ikertzeko agindu beharko diena. Izan ere, ez baita larrosa lorategi bat izango Huenchumillak datozen hilabeteetan jorratu beharko duen bidea. (…) Intendente jauna, orain edo sekula ez. Historia egiteko aukera muturren aurrean daukazu”.
Arduradun txiletar honek kargua hartzeko unean estatuko sektore eskuindarrei eta estatuko fiskalei ere mezua bidali zien: “moderazioz jardun”. “Eurek egia bilatu behar dute beren ikerketetan, baina Estatu zentzuarekin, justiziari ekarpenak eginez, baita bake sozialari ere (…) Ongi egingo lukete ixilik egongo balira”.
Sutan daude herrialdeko sektore eskuindarrak. Ikusiko dugu hitzetatik ekintzetara igarotzeko unean, nolako bilakaera izango duen gatazka honek. Oraingoz, aldaketarako pauso bat behintzat eman dute aurrera.
Informazio gehiago:
Mapuexpress gunean intendenteari Giza Eskubideak errespeta ditzan eskaera, proiektu industrialen aurrean.
Aupa Lander.
Besterik gabe, pozten naiz Bachelet iritsi eta zuzenean argi utzi dituelako detaile batzuk (zer gutxiago). Hala ere, iruditzen zait diskurso populista xamarra dela, izan ere oso modan dago azken hamarkadan-edo mapuche herriaren alde egitea txilen, eskuindarra izanda ere. Ikusiko dugu benetan egiten duen edo hitzetan bakarrik geratzen den, Espainian bezala, Chilen ere ez baitakit nik ezkertiar politikariak esaten duten bezain ezkertiar ote diren.
Txiletar gehienek diote mapuche jatorria dutela, danimarkarrek vikingoena dutela dioten antzera.
Segi lanean, earki ai zea ta.