Yihadismoz mozorrotu digute terrorismoaren definizio berria
Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren ostean, Europan bromak amaitu zirela komentatzen zigun Gorka Bereziartuak ARGIAn. Askatasun murrizketak usaintzen ziren Europan. Gorpuak bero zirela antolatu zuten goi bilera antiterroristan hamarnaka barne ministro bildu ziren. Emaitzak ikusten hasi gara.
Frantzian Vallsek martxorako iragarri ditu neurriak. Espainiako estatuan, 15 egun nahikoak izan dituzte PPk eta PSOEk jokaldia gauzatzeko. Otsaila hasi dugunerako onartuta. Itxura guztien arabera, parte handi batean behintzat aurretik prest zeukaten askatasun murrizketa sortari Yihadismoaren aurkako ituna deitu diote. Gaur yihadista dena, bihar beste edozer izango da. Txantxa gutxi Euskal Herrian sobera ezagutzen ditugun praktika hauekin. Hemen irakur daiteke PDFan osorik.
“Mendebaldeko kultura deitzen dioten horretako Zigor Koderik gogorrena izango du Espainiako estatuak”. Titular gordina atera diote Rebelion gunean Endika Zulueta abokatu madrildarrarekin egindako elkarrizketari. Bizi osorako kartzela zigorra paperean legeztatu dute. Zer izango da hurrena, heriotza zigorra?
Espainiako Zigor Kodearen erreformak “desordena publikoak” edo “zenbait jabegoren aurkako” protestak delitu terrorista gisa finkatu ditu. “Botere publikoak ekintza bat egitera behartu nahi badira edo aurrera eraman nahi zuten ekintza bat aurrera eraman ezinean geratzen badira” berdin. Terrorista. Edo errazago oraindik: “Bake publikoa larriki alteratuz gero”: Terrorista. Etxe kaleratzeak geratzeko saiakerak, herri harresien gisako protesta baketsuak, azpiegitura handien aurkako sabotaia ekintzak edo polizia operazio bati buruzko txioak idaztea terrorismoa izan daitezke aurrerantzean. Delitu informatikoak ekintza terroristak izango dira “nazioarteko erakunde baten funtzionamendua larriki” desorekatzen badute. Gobernuak yihadista edo terrorista izendatzen dituen webguneak bisitatzen dituena terrorista izango da.
Horrez gain, Alberto Pradillak Garan seinalatu duenez, Guardia Zibilak 2013an sustatu zuen euskal irakasleen aurkako betoa ere sartu dute itun berrian. UPNren sinadura ere ateratzen da itun berriaren azalean. Terrorismoagatik zigortuak izan diren pertsonak ezingo dira hezkuntzan aritu, nahiz eta beren zigorra beteak izan.
Orain artekoa gutxi ez, eta zentsurak ere badu bere lekua legedi berrian. Oraindik kontrola ezin dezaketen sare sozialen eremuari kolpeak emateko eskumen gehiago eman dizkiote beren buruari. “Izen ona zikintzea, gutxiespena edo umiliazioa”-ren zigorra urte batetik hiru urtera igo dute, honela, kartzelara bidali ahal izango dute jendea aurrekaririk ez badute ere. Zer da izen ona zikintzea, gutxiespen edo umiliazioa? Zein dira biktimak? Preso bat ateratzen denean #BatGutxiago gogoratzea, adibidez, norbaiti eraso egitea al da? Beste baten mezua bertxiotzea delitua da? Baina ez al ziren adierazpen askatasunaren izenean manifestatu Parisen? Kazetariontzat ere garai zailak, inor ez da ausartu atentatuaren bertsio ofiziala zalantzan jartzen. #JeSuisHypocrite gu ere.
Isildu ezin gaituztenez, autozentsura bultzatzen dute. Beraiek bezala pentsatzen ez dugunok terroristak gara. Terrorismo hitz beldurgarriaren itzala luzatu eta lausotu dute, herritarron askatasunaren aurka doazen geroz eta lege gogorragoen aurka protesta egin nahi dutenak beldurtu asmoz.
2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean Patriot Act delakoa jarri zuten indarrean AEBetako herritarrak espiatzeko. Parisko atentatuen ondoren iritsi da Shock Doktrinaren bidez sartu nahi diguten lehen gola. Legegintzaldi osoan jasandako murrizketa eta Mozal Legeekin lapikoa bor-borka ari bazen, sua indartu dute.
Pilota gure teilatuan da. Nola erantzun honi? Gaur bertan herritar mordo batek beste etxe kaleratze bat gelditu du Madrilen.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks