Greziako hedabide pribatuak larri, urteetako pribilegioen ostean
Grezia lurrikara baten erdian dago, baita herrialdeko panorama mediatikoa ere. Aurreko gobernuak ERT telebista publikoa itxi eta 2.500 langile kaleratu ostean, Troikaren interesak defendatzen dituzten hedabide pribatuen kontrolpean geratu zen espektro mediatikoa. Syrizako gobernuak ERT berrireki du ordea, eta honen audientzia aparra bezala igotzen ari denetik gauzak aldatu egin dira, eldiario.es-en irakurri dugunez. Esanguratsua da Grezian gertatzen ari dena.
Herrialde kapitalista guztietan gertatzen den legez, Grezian ere informazioa negozio bilakatu zenetik, zazpi familia handik kontrolatzen dituzte herrialdeko hedabide gehienak. Telebista greziarren, gobernuen eta Trokiaren arteko harreman oso emankorrak artikuluan adierazten den gisan, linbo legal batean egon dira urteetan hedabide pribatuak, 1989tik inongo zergarik ere ordaindu gabe eta gutxi batzuen interesak defendatuz.
Wikileaksek argitaratu zuen AEBek Grezian zuten enbaxadore Charles Riesek 2006an idatzitako kablea:
“Lehen begi kolpean, hedabide greziarrak estatubatuarren antzekoak dira, egunkari serio eta tabloideen arteko nahasketa bat, eskualdeko telebista eta nazionalak, prentsa askatasuna jasoa dago Konstituzioan… baina begirada sakonago batek erakusten du oligarkek kontrolatutako industria mediatikoa”.
Hedabide hauek Troikaren posizioak defendatu dituzte. Erabat zilegia izan arren, erreferendumaren astean “Bai”-aren aldeko kanpaina masiboa egin zuten, baina eztabaida erabat desorekatuak antolatzeaz gain, baietzak irabaziko zuela zioten erabat manipulatutako inkestak plazaratzera iritsi ziren. Hainbatek salatu zuten herrialdea pairatzen ari zen manipulazio orokorra, eta ondoren ezezkoak %61eko babesa lortu zuenean, ipurdi bistan geratu dira.
Pribilegioak amaitu dira
Syrizak jakinarazi du telebista hauei kobratuko diela azken urteetan frekuentziagatik ordaindu ez dituzten milioiak, eta honenbestez, dagoeneko estu zebiltzan kate asko hari batetik zintzilik geratu dira. Ez dutela ordainduko esan arren, hainbat kate pribatu kaleratzeak prestatzen ari da, hilabeteak dira soldatak ez dituztela ordaindu eta atzerriko berri emaileak Atenasera deitu dizute.
Ez da inongo kasualitatea Syrizak gobernura iritsi eta lehen neurrien artean, telebista publikoa berraktibatu izana, ikusirik bestela medio pribatuak –eta beraz herrialdeko oligarken interesak defendatuko zituzten– zirela egunerokoa masiboki kontatzen zutenak.
Telebista publikoak ere zailtasunak ditu soldatak ordaintzeko, baina joan den astean Alexis Tsiprasekin egindako elkarrizketan %30eko share-a lortu zuen, emaitza onak eta funtzio soziala izanik biziraupenerako duten kartarik baliotsuena.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks