12 urteko haur palestinarra, bere senideak eta soldadu israeldarra gatazkaren sinbolo gisa
Haur palestinarra atxilotu nahi du soldadu israeldarrak. Umeak 12 urte ditu. Soldaduak dio harriak botatzen ikusi duela. Haurrak ezetz, gezurra dela. Mendi harritsuan korrika doaz biak, kamera atzetik dena grabatzen. Besoan igeltsoa du gazteak. Metraileta handi bat militarrak. Bideoan, une batez, urrunean Israel eraikitzen ari den kolonia ilegal bat ikus daiteke, etxe zuri-zuriekin. Azkenean lortu du soldaduak harrapatzea negarrez ari den haurra eta nolabait lurraren kontra geldiarazi nahi du. Haurraren ama heldu da lehenik eta haurra askatu nahi du. Nolabait atxilotuta eramaten saiatzen da, baina ezin ditu arma eta haurra batera eraman. Izeba eta arreba datoz ondoren, esku hutsik, armaturik dagoen militarrari haurra eskuetatik kendu nahi diote. Batek buruan kolpeak ematen dizkio aska dezan. 13 urteko arrebak eskuan hozka. Izeba atzetik tiraka dauka. Geroz eta jende gehiago dator. Oihuak etengabeak dira. Buruberokia kentzen diote soldaduari. Geroz eta urduriago dagoen militarrari haurra eskuetatik kentzea lortzen dute. Militarrak beste pertsona bati kolpe bat eman eta gas granada bat botatzen du. Badoa. Haurra bertan geratzen da.
Israelgo hedabideentzat soldadua biktima da. Israelgo kultura ministroa (!) ikaragarri haserretu da irudiak ikustean. Militarrak emakumeen aurka tiro egin behar zuela uste du.
Bideoa ikusteko aukera helbide honetan:
https://www.youtube.com/watch?v=RTY2Gb2WY2U