Kortxoenea eraiste bidean da eta bi atxilotu dituzten egunaren kronika
Atea mailukada batekin hautsita, 07:15ean hasi da eguna Donostiako Kortxoenea gaztetxean. Aurpegiak estalita, metalezko zilindroak eskuan eta oihuka, eraikinean sartu dira dozena bat pertsona. “Denak kanpora! Denak kanpora! Ez ukitu ezer!” garrasika eta minutu gutxian kolpe eta bultzakada artean, hiru kideak kanpora atera dituzte hauek ARGIAri kontatu diotenez. Ondoren, aurpegia estalita zuten pertsona hauek korrika ihes egin dutela salatu dute.
Okupazioa era publikoan egin zutenetik 72 ordu aspaldi igaroak zirenez, abokatuek gogoratu dute jendea bertatik ateratzeko epaitegi baten agindua behar zuela eraikuntza enpresak. Orain hilabete eta erdi eraikina eraisten saiatu zirenetik, egitarau kultural oparoaz gain, erresistentzia txandak antolatu zituen asanbladak. 24 orduz jendea zegoen bertan.
Behin eraikina hustuta eta Udalak eskatzen zituen hesiak jarrita, bi hondeamakinarekin bere garaian Kortxo fabrika izandako eraikina botatzen hasi dira.
“Gu atzeko aldetik eraikinaren teilatura igo gara, baina berehala etorri dira segurtasun pribatuko agenteak. Alteratuta zeuden. Gutako bat nabarmen kolpatu dute eta hainbaten artean bultzaka ibili ostean, modu bortitzean eskuburdinak jarri dizkiote”.
Une hori bideoz grabatu du bizilagun batek. Eskuburdinak jarrita teilatutik ezin zuela jaitsi argudiatuta, Ertzainak joan dira azkenean eta hauek jaitsi dituzte hiru lagunak.
Gaua bertan pasa duten eta kolpeka atera dituzten gazteek salaketa jarri dute langileen eta eraikuntza enpresaren aurka. “Ez sinestekoa izan da, ‘matoiak’ ziren, mertzenarioak, gu izutu eta kolpeka atera gaituzte aurpegia estalita. Bertan zeuden jabeak eta beren aginduetara zeuden”, adierazi dute. Nor izan den ez badakite ere, kaxan zituzten 120 euro ere lapurtu dizkietela salatu dute.
Errepide mozketa eta bi atxilotu
Sare sozialen bidez azkar zabaldu da eraisketaren berria eta jendeari bertaratzeko dei egin diote. Kanpoan 80 bat lagun zeuden 11:00 bueltarako. “Kortxoenea bizirik”, “Eneko Goia, diruaren morroia” eta antzeko oihuak bota dituzte goiz osoan zehar, Ertzaintzak eraikina zaintzen zuen bitartean. Goiz osoan zehar hondeamakinak gelditu gabe aritu dira.
Protesta moduan, ondoan dagoen Ategorrietako bidegurutzea moztu dute gazteek. Lurrean eseri dira 60 bat pertsona. Ilara handiak osatu dira bi zentzuetan eta azkenean 20 bat agente hurbildu dira. Bideoetan ikus daitekeen moduan, tentsio une handiak bizi izan dira, eta bi pertsona atxilotuta eraman dituzte. Hainbat lagun zauritu dituzte agenteek, borrakada eta ukabilkadaka.
Epaileak asteazkenean hartuko ditu bi atxilotuak, eta beraz, komisaldegian igaro beharko dute gaua.
Donostiako Udalak oharra atera du adieraziz eraikuntza enpresaren eskumena dela “lehengo udal gobernuak onartutako aldaketen ondorioz, eraikinaren jabeak hirigintza-ekintza hasteko eskubidea” duela. Udaleko bi teknikari bertan zirela eta baldintzak betetzen zirela ikusita, ” eraisteak zuen etenaldia kendu du eta enpresaren arduradunei jakinarazi diete”.
Horrez gain, udaletik adierazi dute Kortxoeneako ordezkaritza batekin bilerak egin izan dituztela. “Momentuz ez da irtenbiderik aurkitu, baina Udal gobernua prest dago irtenbideak biltzen jarraitzeko”. Azkenik, adierazi dute Donostiako Udalak Kortxoenearen erabiltzaileen beharrak ezagutzen dituela eta kontuan izango dituela beste aukerak bilatzeko orduan. “Eta zehatzago esanda, behar horiek beste hainbat talde eta elkarteren eskaerekin batera kontuan hartuko dira”.
Bost urte bete berri dituen gaztetxea eraitsi dute. Gazteek adierazi dute Udalarekin elkarrizketetan ari direla, eta Grosen dagoen Cemoria 20 eraikina eskatzen dutela. EH Bilduk ere publiko egin du Udal gobernuari Zemoria 20 eraikina proposatu ziola Kortxoeneako proiektuarekin jarraitzeko. Erantzunik ez zutela jaso salatu dute.
Babes zabala
Manifestazioa deitu dute 19:00etan Kortxoeneatik abiatuta. Sare sozialetan gaztetxearen aldeko mezuak sareratzen ari dira herritar eta kultur eragile ugari, Berri Txarrak edo Fermin Muguruza bi aipatzearren. Donostia2016 fundazioak Kortxoenearen eraistea “fundazioaren jarduera eremutik at” dagoela esatera mugatu da eta DSS2016-ren balioei jarraiki espero dutela irtenbideak bilatzeko elkarrizketa irekiak emankorrak izateau. Tabakalerako kideak harago joan dira. “Kultur eredu ezberdinak hiri batentzat aberasgarri direla eta osagarri behar dutela uste dugu” adierazi dute. Bartzelonan ere kontzentrazioa deitu dute elkartasunez CP3Llirisen, Vila de Gracian 21:00ean.
Eguneraketa 23:00:
Ehunka pertsona bildu dira Donostiako manifestazioan. Eraikina bota arren proiektuarekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute. Bihar 11:00etan prentsaurrekoa egingo dutela adierazi dute. Egunero Katalunia plazan kontzentrazioak egingo dituztela jakinarazi dute, eta hurrengo larunbaterako manifestazioa deitu dute.
Bi atxilotuak azkenean gaur pasa dira epailearen aurretik eta aske utzi dituzte 21:00ak bueltan. Manifestazioaren ondoren jendea epaitegi aurrera joan da hauek askatzean babesa adieraztera.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Donostiaren elitizazioa azeleratzen ari da | Borroka Garaia da! - […] eraitsi egingo dute, orain urte erdi pasatxo auzo berean Kortxoenea gaztetxea eraitsi zuten bezala, hemen ere etxeak egiteko igerileku…
Aupa Lander.
Irakurri dudan kronikarik zintzoena. Egunean zehar oso informazio nahasia eman zen hedabide guztietan. Hau da zintzoena.
Ez dakit nola ez den inon azpimarratzen matoien kontua. Titularretan behar luke. Oso grabea da horrelako DELITU SORTA hain erraz egin daitekeela ikustea. Hurrengo okupazioetan gauza bera egin dezakete Udaltzainen, Ertzaintzaren eta Udalaren babesarekin.