Iphone, Android edo Blackberryak, kontrol sozialerako tresna bikainak
“Biztanleria oso baten gaineko masa kontrola ez da errealitate hutsa, 25 herrialdetan garatzen ari den industria sekretua baizik.”Honela hasten du Julian Assangek bere azken erasoa Wikileaks webgunean. Atzo espioitza teknologikoari buruzko filtrazioen lehen parte bat kaleratu zuten, eta bertan, jende askoren susmoei dokumentu eta datuak jarri dizkiote.
Nahiko begibistakoa da sakelako telefono inteligente hauek une honetan bertan non zauden mapa batean erakusteko gai badira, bazela urte batzuk zu non zinen jakiteko teknologia garatua zela, nahiz eta zuri zure mugikorrak ez bistaratu halakorik. Eta hori, hasiera besterik ez litzateke.
Halere, publikatu dituzten filtrazioek agerian uzten dutena iPhone, Blackberry eta Androidek bidal ditzaketen koordenadetatik askoz harago doala kontua. Webgunean azaldu dutenez, hau lehen partea da, eta beste argitalpen batzuk egingo dituzte gai ilun honen gainean argi gehixeago botatzeko. Filtrazio hauetan atera diren bi datu komentatuko ditut, axaletik:
– Zure mugikorra itzalita egon arren, non zauden seinaleak bidaltzen ditu. Zenbait enpresak mugikor horrek entzuten duen edozer soinu deszifratu eta horren atzean zein pertsona dagoen identifikatzeko teknologia garatu dute, hala nola, SS8 enpresak AEBetan, Hacking Team-ek Italian eta Vupen izeneko batek Frantzian.– 2011ko urtarrilean, AEBetako Segurtasun Nazionaleko Agentziak Utah-ko desertuan 1,5 bilioi dolarreko kostua izango duen eraikinaren lanak hasi ditu, etxe barneko eta nazioarteko milioika eta milioika terabyte informazio gordetzeko betirako.
Azken hamar urteetan, masa era indiskriminatu batean kontrolatzea arau bilakatu da. VASTech bezalako inteligentzia konpainiek era etengabe batean eta nazio oso bateko telefono mugikorrak grabatzeko teknologia saltzen dute. Beste batzuek telefono mugikor horien kokapena grabatzen dute, 50 metroko erradiora hurbiltzeko gaitasunarekin. Beste sistema batzuk herrialde oso bateko Facebookeko erabiltzaileak edo smartphonen jabeak infektatzen dituzte, herritarrak inteligentziaren merkatu bilakatuz.
Wikileaksek azaltzen duenez, 2001eko Dorre Bikien erasoaz geroztik biderkatu egin da antzeko teknologian inbertitzen den dirutza, eta egun, urtero “bilioika dolar” xahutzen da honetan.
Datuok gainetik begiratu hutsarekin, argi geratzen da gehienbat oposizio politikoa kontrolatu eta jarraitzeko erabiltzen den teknologia dela hau. AEB, Txina, Iran, India, Libano, Arabia Saudi, eta abarrean disidenteak jarraitzeko erabiltzen omen dute. Mapa bat ere kaleratu dute ondorengo praktikak non egiten diren zehaztuz: Interneten irakurketa, sakelako telefonoen kontrola, birus trojano bidez ordenagailuaren kontrola, audio analisia, sms-en irakurketa eta GPS bidezko kontrola. Aipatu mapan ikus daitekeenez, Frantziako estatuak praktika guztiak erabiltzen ditu. Halere, hori bezain harrigarria egin zait, Espainiako estatuan halako praktika guztietatik soilik audio analisia egiten dutela dioela mapa honek, hau da, adibideekin argitzearren, ez dutela telefonorik kontrolatzen, edo bestela, SMSrik irakurtzen. Nik pertsonalki ez dut halakorik sinesten, beste argitalpenen batean edo aterako dutela sinestu nahi dut.
Eta pentsatzen jarrita, zein da Frantziako eta Espainiako disidentzia, gobernu ezberdinetako kideek kontrolpean izan nahi luketena, elkarri halako teknikak erabiltzen arazorik gabe utziko lioketena, zein jende dago susmagarrien zerrendaren goi postuetan? Bingo. Espainian lehen postuan ez bada, lehen postuetan egoteko ohore ustela dugu. Eta Frantzian ere…
Eguneroko bizitzan eragiten digun beste kontu batera etorriz, duela bost urte ingurutik, merkaturatu diren ia ordenagailu eramangarri guztiek pantailaren gainean webcam bat daukate, nahiz eta orokorrean honen erabilera oso oso murritza izan. Orain hilabete batzuk izan dira zenbait eskandalu “hacker batzuek” jendeari kamera hauetatik irudiak lapurtu izan dizkietelako. Ez da informazio osorik heltzen, baina printzak behintzat badira. Wikileakseko txibatazo hauek diotenez, webcametik zuzeneko irudiak eskuratzeko teknologia garatua dago, erabiltzailearen baimenik gabe harekin konektatzeko. Hackerrak hau egiteko gai badira, nola ez dira ba izango edozein aitzakia antiterroristaren aterkipean lanean ari diren poliziak? Eta noski, ez da kameraren ondoko argi gorritxoa pizten.
Alegia, zeharo kontrolatuta gaudela esatea, ez da inongo astakeria, ezta berria ere.
Eta zer egin dezakegu halako egoera baten aurrean? Teknologiari uko egin? Zaila iruditzen zait, ezinezkoa ez esatearren.
Teknikoki gaiari buelta ematea oso konplikatua litzatekeela jakinda, gure eguneroko jardueretan zentzu komuna erabiliz, erraztasunik behintzat ez genuke eman beharko.
Duela urtebete inguru entzun nion lagun bati berak paper puska bat jartzen zuela beti bere pantailako webcamaren gainean, inork ez zezan zelatatu. Harrituta utzi ninduen, ez bainintzen sekula hartan pentsatzen jarri. Baina egia esan, neurri txiki eta eraginkor bat besterik ez da, autoan zoazenean segurtasun uhala jartzea bezala.
Eta ez, nik ere, zuk bezala, ez dut ezer txarrik egiten ordenagailutik eta ez dut inongo atentatu terroristaren planorik nire ordenagailuan. Alde horretatik oso lasai nago. Baina hala ere, jar zaitez pentsatzen, hau irakurtzen ari zaren unean bertan norbait zuri begira egotea, ez al zaizu larria iruditzen?
Eguneraketa (18:30). Lagun batek Twitter bidez lotura hau bidali dit. Bertan azaltzen da nola Android, iPhone eta Blackberryek ken ezin dezakezun aplikazio bat duten zure ekintza guztiak jarraitzen.
artikulu ona lander, beti bezain fin. nahiko argia da esan duzuna, baina ondo etortzen da askotan gogoraraztea. ondo segi
Iruditzen zait gauden unean ezinezkoa dela erdibidean mantentzea. Edo zelatatua izatearen arriskua guztiz onartzen duzu edo teknologia guztiei egiten diezu uko. Erdibideko proposamena? Firefox-eko Tor aplikazioa.
Benetan beldurgarria! Nik ere post-itaren parte itsasgarriarena erabiltzen nuen hastapenean, baina pixkanaka-pixkanaka teknologiari nire bizitzaren ateak ireki dizkiot, tresna berriak erosi, erabili eta hastapeneko beldur horiek ahaztu. Nahiz eta susmagarria izan, zure blogeko post honek beldurra ematen dit! Esan duzun bezala legez kanpoko ezer egiten ez badugu ere, momentu guztietako espiatze horrek izua ematen du!
Badirudi Orwell-ek arrazoia zeukala!
Uste nuen beti egongo zela horretaz babesteko bide paraleloak irekiko zituen dizidentzia teknologiko edo indormatiko bat! Baina gero eta duda gehiago dut!
Zer egin behar da? Teknologia berri hauek utzi eta atzera begira bizi? Edo arazo horiei aurrez-aurre ez begiratu eta aurrera egin! Erdi biderik posible al da?
Nire Iphone zelataritik,
Joseba
Egia ote? Ez nau gehiegi harritzen egia esan
oso ona @larbelaitz -en artikulua Iphone, Android edo Blackberry bat duzu? Ba izorratuta zaude!
iPhonean Carrier IQ famatua iOS 5 bertsiotik kendua dutela dio Applek http://allthingsd.com/20111201/apple-we-stopped-supporting-carrieriq-with-ios-5/ Beharbada beste SW bat darama 😉
Interesgarria
Ai ama! Eta ni komunean!
Ez da hain sakon bilatu behar. Kontrol sistema agerikoak ohikoagoak dira, eta gure baimen osoarekin.
Ona artikulua! Batzuek, baina, ez dute horren beharrik euren bizitzak FBen iragartzen ari baitira…